
98. zk., 2025eko maiatzaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 4 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
2274
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 19koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita lanpostu hau izendapen askeko sistemaren bidez hornitzeko deialdia: goi-kargudunaren idazkaria; kodea, 520010; dotazioa,194.
«Goi-kargudunaren idazkari» lanpostu bat (520010 kodea, 194 dotazioa) hutsik dagoenez Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzan, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Enplegu Publikoko Zuzendaritzak aldeko txostena eman duenez, agindu honen eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askeko sistema erabiliz hornitzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko Administrazio Orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, lanpostu-zerrendan (LPZ) ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, egoera hauetan daudenak izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, lanera itzuli ahal izateko eskatzen den gutxieneko denbora igaro ez bada.
Bigarrena.– Eskabideak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabideak.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: Funtzio Publikoa-Eusko Jaurlatiza-Euskadi.eus.
Gainerako izangaiek erregistro elektronikoaren bidez bidaliko dituzte eskabideak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Agindu honen eranskinean ageri da LPZk zer baldintza eskatzen duen Goi-Kargudunaren idazkariaren lanpostua hornitzeko (520010 kodea, 194 dotazioa).
Parte hartzeko eskabideari «curriculum vitaea» erantsiko zaio, eta hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta sektore publikoan, edo, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntza-gaitasunak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta, agerian uzteko moduko irizten dien bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko Administrazio Orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioei ongi egokitzen zaiela bermatzeko, deialdia egin duen organoari aukera ematen zaio izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezingo dira jabetu esleitutako lanpostuaz.
Laugarrena.– Ebazpena.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren agindu bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Lanpostuaren adjudikaziodunak esleipen-aginduan ezarri den datan jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren baldintzak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzi Epaitegian, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 19a.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
ERANSKINA
LANPOSTUAREN DATUAK
– Deitutako lanpostua: Goi-kargudunaren idazkaria.
– Kodea: 520010.
– Dotazioa: 194.
– Eskalak: EGC101 Administrarien Eskala; EGC201 Administrari Laguntzaileen Eskala.
– Lanpostu-mailako osagarria: 18.
– Berariazko osagarria: VI-A.
– Kokapena: Zerbitzu Zentralak.
– Herria: Vitoria-Gasteiz.
– Hizkuntza-eskakizuna: 2.
– Derrigortasun-data: 2017-03-31.
RSS