
97. zk., 2025eko maiatzaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (209 KB - 17 orri.)
- EPUB (190 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2249
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 5ekoa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Tzauxiber SL enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta argitaratzea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2024ko abenduaren 9an, goian aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan (hitzarmen hori 2024ko azaroaren 20an sinatu zuten negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak).
Bigarrena.– 2025eko urtarrilaren 28an eta martxoaren 27an, zuzenketa-errekerimenduak egin dira. Errekerimenduak 2025eko martxoaren 11n eta apirilaren 24an bete dira, hurrenez hurren.
Hirugarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek hitzarmena erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Lehenengoa.– Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila sortu zuen 2. artikuluan, eta, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, sail horrek lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritu behar du, besteak beste.
Sail horren barruan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzak du eskumena, 232/2024 Dekretuaren 13.1.i) artikuluaren arabera (232/2024 Dekretua, azaroaren 5ekoa, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroa zuzentzeko eta kudeatzeko.
Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu beharreko funtsezko araudia honako hauetan dago jasota: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, Laneko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroari eta Gordailuari buruzkoa, eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroari eta Gordailuari buruzkoa.
Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera sinatu da.
Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak; eta, beraz, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko lan-hitzarmenak eta -akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Akordioa Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan
inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Hitzarmena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 5a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARIA VICTORIA PORTUGAL LLORENTE.
I. KAPITULUA
1. artikulua.– Eremu funtzionala, pertsonala eta lurraldekoa.
Hitzarmen honetan arautzen diren edukiek, berau indarrean jartzen denetik aurrera, Tzauxiber SL enpresaren lan-harremanak arautzen dituzte, Arabako, Donostiako eta Bergarako lantokietan, bertako langile guztiekin. Beraz, aipatu lantokira atxikitako langile guztiei eragingo die.
Lan-harremana duten langile guztiei aplikatuko zaie, beren kategoria profesionala edozein izanda ere. Errespetatu egingo dira, banaka, osotasunean eta urteko zenbaketan hartuta hitzarmen honetan ezarritako lan-baldintzak baino hobeak diren baldintzak edo kontzeptuak.
Hiru lantokietako langileen ordezkari guztiekin hitzartu da akordioa.
2. artikulua.– Indarraldia, iraupena eta salaketa.
Hitzarmen hau argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2026ko abenduaren 31n utziko dio indarrean egoteari. Ondore ekonomikoak, berriz, manu bakoitzean ezarritako datatik aurrera aplikatuko dira.
Hitzarmen hau urtez urte luzatu ahal izango da isilbidez, alderdietako batek salatzen ez badu. Epemuga edo edozein luzapen baino hilabete lehenago, gutxienez, egin beharko da salaketa.
Berariaz adosten da, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmena salatu eta itundutako iraupena amaitutakoan, bai eta haren luzapenetako edozein amaitutakoan ere, hitzarmenak indarrean jarraituko duela, legedi aplikagarriaren arabera, bestelako aplikazio-aldirik edo indarraldirik ezarrita duten gai zehatzak izan ezik.
3. artikulua.– Hitzarmen honetan hitzartutako baldintzak ez aplikatzea.
Alderdien asmoa hitzarmen honetan itundutako edukia osorik betetzea da. Ondorioz, alderdiek itundutako lan-baldintzak ez aplikatzea erabaki ahalko dute, salbuespenezko mekanismo moduan, soilik arrazoi ekonomiko, tekniko, antolaketako edo ekoizpeneko larriek hala justifikatzen badute.
Hala ere, enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batez aplikatu nahi ez badu (arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak direla eta), horren berri eman beharko dio batzorde paritarioari, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan zehaztutako kontsultaldia hasi baino 15 egun lehenago, gutxienez.
Kontsultaldian langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez bada eta lanbidearteko akordioetan gatazkak konpontzeko prozedura aplikagarrien bidez desadostasuna konpontzen ez bada (bi alderdiek espresuki hala egitea adosten badute soilik joko da arbitrajera).
4. artikulua.– Batzorde Paritarioa eta hitzarmen honen interpretazioa.
Batzorde Paritario bat eratzen da, Hitzarmena sinatzen duten aldeek osatuta, gehienez 6 kidekoa: 3 langileak ordezkatzeko eta 3 enpresa ordezkatzeko. Bi alderdietako batek bilera-eskaria egiten badu, gehienez 15 eguneko epean bildu beharko da batzordea.
Honako eskumen hauek izango ditu:
a) Hitzarmen kolektibo honetako arauak interpretatzea.
b) Hitzarmen honetan jasotako konpromisoak garatzea.
Esleitutako eskumenen ondorioz, Batzorde Paritarioa bilduko da edozein ordezkaritzaren heren batek (1/3) eskatzen duen guztietan. Batzordea elkartzeko, bilera egin baino gutxienez zazpi egun lehenago helarazi beharko da komunikazioa. Komunikazioarekin batera, beste idazki bat emango da, zer gai jorratuko den azaltzeko.
Batzorde Paritarioko sindikatu-ordezkaritza bakoitzak, eta berdin enpresa-ordezkaritzak, gehienez bi aholkulariren laguntza eduki ahal izango du; aholkulariek hitza izango dute, baina botorik ez. Edozein kidek izan dezake ordezkoa, baldin eta batzordeari aldez aurretik jakinarazi badio.
Batzorde Paritarioaren akordioek balioa izan dezaten, ordezkaritza bakoitzaren botoen % 51k berretsi beharko ditu. Batzorde Paritarioan desadostasunik sortuz gero, Lan Gatazkak Judizioz Kanpo Konpontzeari buruzko II. Akordioan (GEP II) arautzen diren bitartekaritza-prozeduren arabera ebatziko da (2000-04-04ko EHAA).
Batzorde Paritarioko kide titularrek ordaindutako baimena hartzeko eskubidea izango dute batzordea biltzen den egunetarako, eta enpresak ordainduko ditu lan horretan sortutako gastuak.
II. KAPITULUA
5. artikulua.– Antolatzeko ahalmena.
Enpresako Zuzendaritzak baino ez du lana antolatzeko eta funtzioak esleitzeko ahalmena, eta indarrean dagoen legeriaren arabera eman behar ditu kasu bakoitzari dagozkion arauak. Enpresako Zuzendaritzak beharrezko jotzen dituen arrazionalizazio-, informatizazio- eta modernizazio-sistema guztiak hartuko ditu, baita enpresaren aurrerapen teknikoa, ekonomikoa eta soziala ziurtatzeko lan-metodoak eta -prozedurak ere. Dena den, langileek lanbide-heziketa osatzeko eskubidea eta betebeharra dute, lanaren bidez eta ezaguerak eguneratzearen bidez.
6. artikulua.– Lanbide-taldeak.
Hitzarmen hau sinatu ondoren, hiru hilabeteko epean, aldeek konpromisoa hartu dute batzorde bat eratzeko, lanbide-sailkapenerako sistema berri bat azter dezan, talde profesionalak sortuz. Sailkapen profesionaleko batzorde horren osaera parekidea izango da, eta akordioa lortzea izango du xede.
III. KAPITULUA
7. artikulua.– Soldatak eta horien berrikuspena, kitapena eta atzerapenen ordainketa.
2021eko urtarrilaren 1ean indarrean dauden soldata-taulei honako igoera hauek aplikatuko zaizkie oinarrizko soldataren gainean:
KPI:
2022: % 3,50.
2023: % 5,40.
2024: % 5,1.
2025: ESTATUKO KPI + % 1.
2026: ESTATUKO KPI + % 1.
Hitzarmen honek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorio ekonomikoak. 2022ko urtarrilaren 1etik hitzarmen hau argitaratu bitarteko aldian zein hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko soldata-berrikuspena egin aurretik lan-harremana amaitzen zaien langileek eskubidea edukiko dute hitzarmenean ezarritako soldaten eta langileak bere lan-harremanaren aldian zehar jasotako soldaten zenbatekoen arteko diferentziak kobratzeko, atzerapen gisa.
Artikulu honen lehen paragrafoan aurreikusitako soldata-igoera aplikatuta sortzen den soldata-eguneraketa 2022ko urtarrilaren 1etiko atzera-eraginez ordainduko da, hitzarmen hau argitaratu eta hurrengo nominan.
Artikulu honetan itundutako igoerei dagokienez, langileak lehendik gozatzen duen beste edozein osagarrirekin % 100era arte xurgatzeko ahalmena adosten da, akordio hau indarrean den bitartean.
8. artikulua.– Lan nekagarri, toxiko eta arriskutsuagatiko plusa.
Enpresaren Zuzendaritzatik, edo langileek zein haien ordezkariek eskatuta, espedientea irekitzeko erabakia har daiteke, egoera zeharo nekagarri, toxiko edo arriskutsurik ote dagoen argitze aldera. Dagokion erakunde teknikoaren aholkua berehala eskatuko da baldintza horiek existitzen diren argitzeko.
Aholkularitzaren ondoren alderdi interesdunen artean adostasunik ez badago egoera zeharo nekagarri, toxiko edo arriskutsutzat jotzeari buruz, gatazkak ebazteko GEPen prozeduretara joko dute enpresak eta langileek.
Enpresaren instalazioen hobekuntzak edo beste edozein kausa dela-eta, baldintza zeharo nekagarri, toxiko edo arriskutsu horiek desagertzen badira, Enpresaren Zuzendaritzak, bidezkoa den aholkularitza teknikoaren ondoren, langileei edo horien legezko ordezkariei jakinaraziko die egoera berria. Alderdien artean egoera honen desagerpenari buruzko akordiorik lortzen ez bada, GEPeko gatazkak ebazteko prozeduren arabera ebatziko dira desadostasunak.
Egoera hauen eraginpeko langileei 2021, 2022, 2023, 2024, 2025 eta 2026an honako zenbateko hauek ordaindu beharko zaizkie benetan egindako lanagatik:
– 8,16 euro eguneko edo 1,01 euro orduko, aipatu inguruabarretako bat bakarrik gertatzen bada.
– 9,48 euro eguneko edo 1,173 euro orduko, aipatu inguruabarretako bi gertatzen badira.
– 10,90 euro eguneko edo 1,350 euro orduko, aipatu inguruabarretako hirurak gertatzen badira.
Benetan egindako lantzat joko dira langileek lan nekagarri, toxiko eta arriskutsuak egiten ari diren egunak eta orduak, aipatu zenbatekoak emateko eskubidea sortuz. Beraz, egoera horietan egon diren hilabeteetako nominetan ordaindu beharko zaie dagokien zenbatekoa.
9. artikulua.– Antzinatasuna.
Enpresako langileek aldizkako igoerak jasoko dituzte zerbitzuan emandako urte bakoitzeko. Zehatzago, bosturtekoak jasoko dituzte, langilea sailkatuta dagoen kategoriari dagokion oinarrizko soldataren % 3,00ko zenbatekoan (hitzarmen honen 6. artikuluari dagokionez). Langileak soldata edo ordainsaria kobratutako hilak edo egunak joko dira lan egindakotzat, bai betetako zerbitzuaren edo batzordeen, lizentzien, bajen, laneko istripuen edo gaixotasun komunaren ordainez.
Era berean, nahitaezko eszedentziaren denbora ondore horietarako zenbatuko da, baina ez, ordea, borondatezko eszedentzian egondako denbora, horren arrazoia zernahi izanda ere.
Bosturtekoa betetzen duen langilea hura bete eta hurrengo hiletik aurrera hasiko da kobratzen horri dagokion osagarria.
«Antzinatasunaren» kontzeptua ez da inola ere konpentsatu edo xurgatuko.
10. artikulua.– Aparteko haborokinak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek aparteko bi haborokin kobratuko dituzte urtean, honako egun hauetan:
– Uztailaren 15ean, 30 eguneko zenbatekoa.
– Abenduaren 5ean, 30 eguneko zenbatekoa.
Aparteko haborokinak oinarrizko soldata eta antzinatasuna kontuan hartuta ordainduko dira, ordainsari horiek jaso beharreko datan benetan lan egindako proportzioan, horietako bakoitza sortzen den urteko seihilekotan hainbanatuta.
11. artikulua.– Lanaldia, oporrak eta egun libreak.
Hitzarmenean aurreikusten diren baldintza ekonomikoak 1.708 lanorduko lanaldietarako direla ulertzen da, 2022., 2023., 2024., 2025. eta 2026. urteetako bakoitzerako.
Enpresak urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen planteatuko du laneko egutegia, eta langile guztiei haren berri emango die.
Langile bakoitzari urtean egun bat bere gauzetarako hartzeko eskubidea aitortzen zaio. Egun hori ordaindu egingo da eta, edonola ere, 1.708 orduko urteko lanaldiaren barruan benetan lan egindako denboratzat hartuko da.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtero egutegian ezartzen diren lanegunak hartu ahalko dituzte, langileen eta enpresariaren artean ados jarrita, hitzarmen honetan ezartzen denaren arabera.
Urteko oporraldi hori beti ordainduko da, oporrak zer egunetan hartu diren kontuan izan gabe, eta hitzarmen hau noiz izenpetu den begiratu gabe. Oporrak txandaka hartzen badira, txanda horiek txandakatu egingo dira, nahitaez.
Honako formula honen arabera ordainduko dira oporrak:
Oporrak hartzeko eta ordaintzeko eskubidea izango dute, elkarrekin adostuta, urte naturalaren barruan, hurrengo urteko lehen hiruhilekotik aurrera, aldi baterako ezintasun-egoeran egoteagatik ezarritako datan hartu ezin izan dituztenek edo lan-kargarekin lotutako arrazoiren batengatik urte naturalaren barruan hartu ezin izan dituztenek.
Langile bat bere oporraldian aldi baterako ezintasunean badago eta ezin baditu oporrak dagokion urte naturalean hartu, ezintasuna amaitu ondoren hartu ahal izango ditu, dena dela ezintasuna ekarri dion gorabehera eta iragandako aldia.
Oporraldian zehar aldi baterako ezinduta egonez gero, egun horiek ondoren hartu ahalko dira, ezintasuna amaitzean, indarreko legediaren arabera eta dokumentazio egokia aurkeztu ondoren.
12. artikulua.– Dietak eta kilometro-ordaina.
a) Enpresaren eta berariazko lanpostuaren beharrengatik beren lan-jarduera lantokitik kanpo egiten duten langileek joan-etorriengatiko plusa jasotzeko eskubidea izango dute. Plus hori 11,4 eurokoa izango da lanegun bakoitzeko, hitzarmen hau argitaratzen denetik aurrera. Une horretatik aurrera, plus hori urtez urte eguneratuko da, hitzarmen honen 7. artikuluan ezarritako ehunekoen arabera.
b) Enpresaren beharrak direla-eta, langileak bere ibilgailua enpresaren helburuetarako erabiltzea onartzen badu, kilometroak ordainduko zaizkio, honako hauen arabera:
2023: 0,36 euro/km.
2024: 0,38 euro/km.
2025: 0,39 euro/km.
2026: 0,39 euro/km.
Nolanahi ere, enpresak beharrezko bidesarien zenbatekoa ordainduko du, justifikatu ondoren.
13. artikulua.– Lan-kontratua eta froga-aldia.
Indarrean dauden xedapenei jarraikiz, langileak hartzen direnean, probaldian hartzen dira lehenik, laneko kontratuak horrela badio. Probaldi hori ez da ezein kasutan 6 hilabetetik gorakoa izango tituludunen kasuan, ez eta 3 hilabetetik gorakoa ere gainerako langileentzat. Prestakuntzarik gabeko langileek hilabeteko probaldia izango dute.
14. artikulua.– Laneko ezintasuna.
Lan-istripu edo lanbide-gaixotasun baten ondorioz ahalmen fisikoak edo intelektualak urrituta dituzten langileek lehentasuna izango dute enpresan euren egoerarako egokiagoak diren lanpostuak betetzeko, betiere enpresan lanposturen bat badago geratzen zaien gaitasun horrekin betetzeko.
Lan-istripuak (in itinere istripua barne) eragindako aldi baterako ezintasunaren kasuan, enpresak soldata garbiaren % 100eraino osatuko du, Gizarte Segurantzatik edo ugazaben mutualitatetik jasotzen dituen prestazioei dagokienez.
Gaixotasun arruntaren kasuan, indarreko legeriak une bakoitzean ezarritakoa beteko da; hala ere, kasu horietan, enpresak urteko 1. eta 2. bajako lehen bi egunak ordainduko ditu, oinarrizko soldata gehi soldata-osagarriak kontuan hartuta. Hala ere, ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31n, azken urteko absentismo-indizea berrikusiko da lantoki honetarako, eta kalkulua egiteko, aipatutako bulegoan absentismorik handiena eta txikiena duen pertsona kenduko da. Absentismoa % 7.5etik beherakoa bada, hurrengo urtean 1. eta 2. bajen hirugarren eguna ere ordainduko da.
15. artikulua.– Ordaindutako lizentziak.
Ordaindutako lizentzia hartzeko eskubidea izango du langileak, betiere, aldez aurretik jakinarazi badu eta arrazoiak azaldu baditu. Jarraian, langileek har ditzaketen ordaindutako lizentziak hartzeko arrazoiak eta iraupena azalduko ditugu:
a) Heriotza.
– Ezkontidea: 5 egun natural. Ezkontidearen, bizikidearen edo izatezko bikotekidearen heriotza: 5 egun natural; ez-ordaindutako 3 baimen-egun gehiago eskatu ahal izango dira.
– Odol-ahaidetasunezko gurasoak, seme-alabak eta neba-arrebak: 5 egun natural.
– Ezkontza bidezko gurasoak, seme-alabak eta neba-arrebak: 3 egun natural.
– Bilobak eta aitona-amonak: 3 egun natural.
Arrazoi hori dela-eta, langileak 200 km-tik 300 km-ra arteko joan-etorriren bat egin behar badu, egun bat gehiago. Bidaia 300 kilometrotik gorakoa baldin bada, bi egun gehiago.
Langilea bere ohiko bizilekutik edo lantokitik kanpo badago, heriotzak eragindako bidaia lanean ari den lekutik hildakoa bizi den tokira joatea eta atzera itzultzea izango da.
Izatezko bikoteei eta bizikidetza-unitateei ere ordaindutako lizentzia hori aitortuko zaie, artikulu honen azken paragrafoan ezarritako baldintzetan.
b) Gutxienez 24 orduko ospitaleratzea eskatzen duen gaixotasun edo istripu larria gertatuz gero, non eta ez diren erditze naturalak eta zesareak, ez baitute atal honetan jasotako lizentziaz gozatzeko eskubiderik. Kasu horretan, langileen estatutuan eta eskaera egitean indarrean dagoen legedian xedatutakoa aplikatuko da, aurretik dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren.
Arrazoi hori dela-eta, langileak 300 km-ra arteko joan-etorriren bat egin behar badu, bi egun gehiago.
Izatezko bikoteei eta bizikidetza-unitateei ere onartzen zaie ordaindutako lizentzia hau hartzeko eskubidea, aurreko paragrafoan ezartzen denarekin bat etorriz.
Dibertsitate funtzionala duten seme-alabak dituzten langileak: 4 egun natural seme-alaba horien kontsulta medikoa egitera joateko, betiere hori egiteko probintziatik atera beharra badago.
c) Ezkontidea eta odol bidezko seme-alabak eta gurasoak ospitale edo kliniketako larrialdietara joatea: egoera hori lanalditik kanpo gertatzen bada, eta bertako egonaldiak edo asistentzia medikoak lau ordu edo gehiago irauten badu, langileak hurrengo eguneko lanaldiaren hasieran lanaldi-erdia hartzeko eskubidea izango du, bi alderdiek bestelako akordioa lortu ezean. Gertakari hori lanaldiaren barnean izaten bada, behar duen denbora hartuko du langileak.
d) Aurreko paragrafoan aipatutako senideei ebakuntza kirurgikoagatik lagundu behar bazaie, behar bezala justifikatuta, eta ebakuntza horren ondorioz ospitalean 24 ordu baino gutxiago egon behar bada, ordaindutako lizentzia hori ebakuntza egiten den egun osoan hartuko da, salbu eta senideak zaintza behar badu etxean, eta betiere hala egiaztatzen duen mediku-ziurtagiria aurkezten badu. Kasu horretan, langileak 5 egun izango ditu gehienez. Izatezko bikoteei eta bizikidetza-unitateei ere onartzen zaie ordaindutako lizentzia hau, aurreko puntuan ezartzen denarekin bat etorriz.
e) Ezkontza.
– Langilea: 16 egun natural.
Oporrak eta ezkontzagatik jaso daitekeen lizentzia aldi berean gertatzen badira, bi aldiak batuko dira. Langile batek ezkontzeko asmoa badauka, urteko oporraldiak finkatu baino lehen jakinarazi behar dio enpresari.
– Odol-ahaidetasunezko edo ezkontzazko guraso, seme-alaba eta neba-arreben kasuan: egun natural bat.
Kasu zehatz horretan, izatezko bikoteei eta bizikidetza-unitateei ere aitortuko zaie ordaindutako lizentzia hau, aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan.
f) Jaiotza.
– Seme-alabena: jaiotzaren unean aplikagarria den legediaren arabera.
g) Nortasun-agiria. Behar adina denbora emango da horretarako, agiri publikoak egiten dituzten zentroen ordutegiak eta langilearen lanaldia bat datozenean, ordutegiek bat egiten duten ordu-tartean.
h) Gizarte Segurantzako espezialista baten kontsulta medikora joatea: Horretarako behar den denbora emango da kontsulta-ordutegia eta lan-ordutegia berdinak badira, eta medikuntza orokorreko medikuak kontsulta hori egitea agintzen badu. Edonola ere, aldez aurretik mediku-agindu horren egiaztagiria aurkeztu beharko dio langileak enpresaburuari eta, ondoren, arreta justifikatzen duen agiria.
Gainerako kasuetan, urtean 16 ordukoa izango da lizentzia, eta langileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio enpresaburuari mediku-asistentzia hori, eta mediku-arreta horren egiaztagiria aurkeztu beharko du. Langileak norberaren mediku-kontsultetarako 16 ordu horiek erabili ahal izango ditu, era berean frogagiria aurkeztuz, odolkidetasunezko edo ezkontzazko lehen mailako ahaideei medikuengana laguntzeko, adina, istripua edo gaixotasunen bat dela-eta haien kabuz moldatu ezin badira; baita seme-alabak pediatrarengana eramateko ere.
i) Ohiko bizilekua aldatzea: 1 egun natural.
j) Ezinbesteko betebehar publiko eta pertsonal bat betetzea, botoa ematea barne: Nahitaezkoa den denbora. Legezko edo hitzarmenezko arau batean aldi zehatza aipatzen bada, bertan absentziaren iraupenari eta beraren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatzen dena aplikatuko da. Betebehar horren ondorioz hiru hileko aldian lanorduen % 20 baino gehiago galtzen badira, enpresak langilea nahitaezko eszedentzian jarri ahal izango du. Langileak betebeharra betetzeagatik edo bere karguan jarduteagatik kalte-ordainik jasotzen badu, ordain horren zenbatekoa murriztuko zaio enpresan zor zaion soldatatik.
k) Sindikatu-eginkizunak egiteko edo langileen legezko ordezkaritza gauzatzeko, Langileen Estatutuan xedatutakoaren arabera.
l) Umea jaio aurreko azterketak egitea eta erditzea prestatzeko teknikak ikastea, azterketa eta saio horiek lanorduetan egin behar badira: Nahitaezkoa den denbora.
m) Seme-alaben edoskitzea: jaiotzaren unean aplikagarria den legediaren arabera.
16. artikulua.– Lanerako arropa.
Urtero, langile bakoitzari bi arropa sorta emango zaizkio (kamiseta eta praka). Horrez gain, sail bakoitzean beharrezkoak diren edo erabiltzen diren bestelako arropak ere eman ahalko zaizkie. Urte naturalaren seihileko bakoitzean emango dira arropa-sorta edo jantzi horiek.
Beren lanaren berezitasunen ondorioz laneko arropa narriatzen duten langileei ordezko bat emango zaie urte naturalaren bigarren lauhilekoan zehar, baldin eta hala eskatzen badute.
Laneko arropaz gain, langileek norbera babesteko ekipoak (NBE) jasoko dituzte, lanpostuaren arriskuen ebaluazioan identifikatu direnak; NBEak jarraitutasunez entregatuko zaizkie langileei, erabiltzen ari direnak hondatuta, erabilgaitz edo ez-eraginkor geratzen direnean.
17. artikulua.– Eszedentziak.
Langileen Estatutuan eta Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan xedatutakoa beteko da. Gehienez ere hilabete pasatu baino lehen erantzungo die enpresak eszedentzia-eskaerei.
Langileek gehienez 3 urteko eszedentzia hartzeko eskubidea izango dute norberak izandako edo adoptatutako seme edo alaba bakoitza zaintzeko, baita harreran hartutakoak zaintzeko ere (harrera iraunkorra zein adopzio aurrekoa). Epe hori umearen jaiotegunetik edo, hala badagokio, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik zenbatuko da.
Orobat, langileek eskubidea izango dute bi urtetik gorako iraupenik ez duen eszedentzia-aldirako, salbu eta negoziazio kolektiboan iraupen luzeagoa ezartzen denean, ezkontidea, izatezko bikotekidea edo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko ahaideak zaintzeaz arduratzeko, baita izatezko bikotekidearen odoleko senidea denean ere, ahaide horiek euren kontura baliatzeko gaitasunik ez badute, adinarengatik, istripuarengatik, gaixotasunarengatik zein desgaitasunarengatik, eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badute.
Artikulu honetan araututako eszedentzia langileen banakako eskubidea da. Hala ere, subjektu berak eraginda, enpresa bereko bi langilek edo gehiagok badute eskubide hori, enpresaburuak mugatu ahal izango du langileok aldi berean egikaritzea eskubide hori, justifikatutako arrazoiak baldin badaude, enpresaren antolaketan eta jardunbidean oinarrituta.
Beste eszedentzia bat hartzeko eskubidea ematen duen beste arrazoi bat badago, aurreko eszedentzia bukatutzat joko da, eta eszedentzia-aldi berria hasiko da.
Artikulu honetan ezarritakoaren arabera, antzinatasunerako zenbatuko da langilea eszedentzia-egoeran dagoen aldia.
Era berean, langileak lanbide-prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izango du, eta, bertan parte hartzeko deialdia enpresariak egin beharko dio, batez ere lanera itzultzen denean.
Lehenengo eta bigarren urtean, langileak bere lanpostua gordetzeko eskubidea izango du. Lehenengo urtetik aurrera, berriz, lanbide-talde bereko edo kategoria baliokide bateko lanpostu bat gordeko zaio.
18. artikulua.– Aparteko orduak.
Aparteko orduak egiteari buruz, honako hau ezartzen da:
1.– Aparteko ordurik ezingo da egin, artikulu honetako 2. puntuan ezarritako salbuespenezko kasuetan izan ezik.
2.– Salbuespenez bakarrik luzatu ahal izango da lanaldi arrunta, betiere honako egoera hauetakoren batean:
– Ezinbestean, hau da, istripuren bati edo ezohiko eta presazko kalteren bati aurrea hartu behar zaionean edo konpondu behar denean.
– Aurretik nahiko denboraz aurreikusi ezin diren arrazoiengatik, ohiko lanaldia luzatzea ezinbestekoa denean enpresak ohiko moduan funtzionatzeko.
Nolanahi ere, frogatu beharko da ezin zaiola langile berriekin aurre egin lan-gainkarga horri, arrazoi hauetako bat tarteko dela:
– Lan-denbora oso laburra izateagatik kontratazio berriak egitea bideragarria ez izatea.
– Behar den denborarako kontratazio berriak egitea ezinezkoa izatea.
Enplegurako zerbitzu publikoen lankidetza eskatu ondoren, zerbitzu horiek ez ematea enpresari dagokion lanposturako prestakuntza egokia duen langilerik.
3.– Bigarren puntuan aurreikusitako salbuespenezko egoeren babespean egiten diren aparteko orduak atseden-denborarekin konpentsatuko dira, bestelakorik adostu ezean, ordu eta erdi hartuta lanegunean lan egindako aparteko ordu bakoitzeko eta ordu eta berrogeita bost minutu igandean edo jaiegunean lan egindako aparteko ordu bakoitzeko.
Langileak zazpi egun lehenago jakinaraziko dio enpresari konpentsazio-atsedenaldia zein egunetan hartuko duen, eta hala hartuko du, enpresarentzat kalte larririk sortzen ez bada. Horrela bada, langileak modu berean jakinaraziko du konpentsazio-atsedenaldiaren behin betiko data.
Honako kasu hauetan soilik erabaki daiteke diruz konpentsatzea: ezinbesteko kasuetan, eta, 2.c) puntuan aurreikusten den kasua gertatzeagatik, atsedenez konpentsatzea ezinezkoa denean. Kasu horretan, orduak hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera ordainduko dira.
19. artikulua.– Erretiro partziala eta errelebo-kontratua.
Erretiro-plan partzial bat ezartzea adostu da. Hartara, hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea edukiko dute, beraiek hala erabakita, erretiro partziala hartzeko, aldi berean txandako kontratu bat eginda, erretiro partzialaren unean indarrean diren baldintzak, sartzeko betekizunak, eta prestazioak zehazteko arauak betez.
20. artikulua.– Enpresa batzordeko kideentzako eta ordezkari sindikalarentzako ordu-kreditua.
Enpresa-batzordeko kide bakoitzak 24 ordu edukiko ditu ordainduta hilean, bere karguko lanak egiteko; ordu horiek hartu aurretik jakinarazi egin beharko ditu, bai eta justifikatu ere.
Sindikatuek eskatutako prestakuntza-ikastaroetara edo biltzarretara joateko, eta urtean behin bakarrik, baldin eta deialdia 15 egun lehenago jakinarazten bazaio enpresaburuari, enpresa-batzordeko kide bakoitzak hil horretako orduak osatu ahal izango ditu, 30 ordura arte gehienez, eta soberako orduak hurrengo edo aurreko hilabeteko edo hilabeteetako ordu-kredituarekin konpentsatuko ditu. Horretarako, Langileen Estatutuaren gainetik dagoen ordu-kreditu osoa erabiliko da.
Sindikatu-sekzio bakoitzeko ordezkariak gehienez 10 ordu hartu ahal izango ditu hilean eginkizun sindikaletan jarduteko (ordu horiek ordainduko zaizkio). Horretarako, baina, ordezkari horren sindikatuaren afiliatu-kopuruak plantillaren % 20 behar du izan. Era berean, hilero metatu ahalko ditu, hala behar badu, bere sindikatu bereko enpresa-batzordeko kideen edo langileen ordezkarien gehiegizko orduak, horiek lagatzea erabakitzen badute. Metatze hori egin ahal izateko, beharrezkoa izango da kide horien sindikatuak berariaz hala adieraztea.
21. artikulua.– Lan-osasuna.
Langileen osasuna babestea da sinatu duten alderdien oinarrizko eta lehentasunezko xedea, eta haien ustez, hori lortzeko beharrezkoa da lantokietan prebentzio-ekintza ezartzea eta planifikatzea, arriskuen ebaluaziotik abiatuz, arrisku horiek jatorrian murriztea helburu duen prebentzio-ekintza, alegia; horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, dagoen egoera zuzentzeari zein enpresaren bilakaera teknikoari eta antolamenduzkoari dagokienez, lana pertsonari egokitzeko eta haren osasuna babesteko.
Planek honako hauek zehaztu beharko dituzte: ezbeharrak, lanbide-gaixotasunak eta lanean osasunari eragindako kalteak deuseztatzeko edo murrizteko behar diren neurri teknikoak eta antolamendukoak, eta laneko arriskuei jatorrian aurre egitea eta zabal daitezen saihestea, horretarako prebentzio-neurri egokienak erabiliz.
Langileen osasunari eta segurtasunari eragin diezaiekeen gai orori dagokionez, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta horrekin lotutako arauetan biltzen diren xedapenak aplikatuko dira.
Enpresaburuak prebentzio-gaiei buruzko beharrezko prestakuntza teoriko eta praktiko egokia eta nahikoa bermatu beharko dio langile bakoitzari, nola kontratatzen duenean –kontratu-mota eta horren iraupena edozein izanik ere–, hala lan-ekipoetan zein gauzatu beharreko funtzioetan aldaketak egiten direnean edo teknologia berriak ekartzen direnean. Ahal dela, prestakuntza lanaldiaren barruan egin beharko da.
31/1995 Legearekin bat etorriz, langileek prebentzio-ordezkariak hautatuko dituzte langileen ordezkarien artetik (enpresa-batzordea, langileen ordezkariak); ordezkari horiei lege horren bermeak aplikatuko zaizkie.
Laneko segurtasun eta osasuneko batzorde bat eratuko da 50 langile edo gehiago dituzten enpresetan edo lantokietan; alde batetik prebentzio-ordezkariek eta bestetik enpresaburuak edota haren ordezkariak (prebentzio-ordezkarien kopuru berean) osatuko dute batzordea. Batzordea hiru hilean behin batuko da, gutxienez, eta bertara joatea ez da kreditu sindikal moduan zenbatuko.
Enpresak beren egitekoak betetzeko behar dituzten bitartekoak eta prestakuntza emango dizkie prebentzio-ordezkariei. Horri begira, eta batez ere haien eginkizunen jardunerako eta prebentzio-prestakuntzarako ordu-kredituari dagokionez, 31/1995 Legeak 37. artikuluan xedatzen duena aplikatuko da.
22. artikulua.– Lan-istripuengatiko aseguru kolektiboa.
Enpresak lan-istripuetarako aseguru bat edukiko du langileentzat. Aseguruak honako hauek estaliko ditu:
– 30.000 euro, laneko istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako heriotzaren kasuan.
– 30.000 euro, laneko istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako ohiko lanbiderako ezintasun iraunkor osoaren kasuan.
– 30.000 euro, laneko istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako edozein lanerako ezintasun iraunkor absolutuaren kasuan.
– 30.000 euro, laneko istripuak edo laneko gaixotasunak eragindako baliaezintasun handiaren kasuan.
Estaldura horiek ezin dira metatu, eta elkarren artean bateraezinak dira. Lehen aipatutako ezintasun iraunkor osoaren, ezintasun iraunkor absolutuaren eta baliaezintasun handiaren kasuetan, gertaera eragilearen eguntzat laneko istripua gertatu zen eguna hartuko da ondorio guztietarako.
23. artikulua.– Prestakuntza.
Enpresa Zuzendaritzak eta Langileen Ordezkaritzak badakite beharrezkoa dela langile guztien prestakuntza sustatzea eta ahalik eta gehien erraztea.
Prestakuntza funtsezko elementua da enpresako langile guztien garapen profesionalean eta giza garapenean, eta, beraz, oinarrizkoa da enpresaren bilakaerarako ere. Hori guzti hori dela eta, enpresak langile guztien prestakuntza sustatuko du, honako arau hauei jarraikiz:
– Edozein prestakuntzaren berri 15 egun lehenago emango da, ahal bada.
– Enpresak ahalegina egingo du prestakuntza oro lanaldian eman dadin. Edonola ere, langileak erabaki ahalko du ea lanalditik kanpo ematen den prestakuntza jaso nahi duen ala ez.
– Hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera, baldin eta prestakuntza aurrez aurre ematen bada lanalditik kanpo, eta bezeroak ezarritako kontratazio-oinarrietan eskatzen diren akreditazioak eskuratzeko ezagutzak badira, langileek ordu erdi libre hartu ahalko dute benetan jasotako ikastordu bakoitzeko (gehienez ere 2,5 lanegun hartu ahalko dira). Denbora hori hartzeko data langileak aukeratuko du, eta gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko zaio saileko arduradunari. Azken horrek data hori errespetatuko du, zerbitzuaren garapen normala arriskuan jartzen duen gatazka saihestezin bat dagoenean salbu.
Bezeroek ezarritako kontratazio-oinarrietan eskatutako ezagutzak eta akreditazioak lortzera zuzendutako prestakuntza eta probak enpresak finantzatuko ditu, gehienez ere muga honekin; ezagutzak hartzen edo eguneratzen lagunduko duen prestakuntza ikastaro bat eta dagokion erakunde ziurtatzailearen aurrean azterketa egin ahal izateko matrikula bat.
Bezeroek ezarritako kontratazio-oinarrietan eskatutako akreditazioak lehen deskribatutako baldintzetan lortu ezin dituzten langileek beren bitarteko propioen bidez lortu beharko dituzte akreditazio horiek, aipatu bezeroek ezarritako epearen barruan.
24. artikulua: Zehapen araubidea.
Faltak eta zehapenak.
1.– Hitzarmen kolektibo honetan araututako enpresetan zerbitzuak ematen dituzten langileek eginiko faltak arintzat, astuntzat eta oso astuntzat kalifikatuko dira, duten garrantziaren, berriz egitearen eta asmoaren arabera, artikulu honetan eta aplikatzekoak diren laneko ordenamendu juridikoan indarrean dauden arauen arabera xedatutakoari jarraikiz.
a) Honako hauek hartzen dira falta arintzat:
– Hilabetean hiru puntualtasun-falta, arrazoi justifikaturik gabe.
– Arrazoi justifikatua izanik, aldez aurretik ez jakinaraztea lanera ez dela joango, baldin eta ez bada frogatzen hori ezinezkoa zela.
– Norberaren txukuntasunik eta garbitasunik eza.
– Bezeroak behar bezalako arretaz eta arduraz ez artatzea.
– Zerbitzuen funtzionamendu egokian eragina duten eztabaidak.
– Hilean egun batez lanera ez agertzea arrazoi justifikaturik gabe.
– Noizbehinkako mozkortzea.
b) Falta larriak izango dira:
– Bi egunetan lanera ez agertzea, justifikatu gabe.
– Gaixotasuna edo istripua simulatzea.
– Beste langile bat dagoen itxura egitea, haren fitxa, sinadura, txartela edo kontrol-baliabidea erabiliz.
– Lankideen armairuak eta arropak aldatzea, miatzea edo nahastea, horretarako baimenik gabe.
– Laneko diziplinaren aurka edo nagusiei zor zaien errespetuaren aurka jotzea.
– Hiruhileko berean falta arin bat baino gehiago egitea, puntualtasunarekin lotutakoak izan ezik, nahiz eta izaera desberdinekoak izan, zehapena tarteko dela.
– Justifikatutako arrazoirik gabe lana uztea.
– Laneko utzikeria, kalte larria eragiten duenean.
c) Hauek hartzen dira falta oso astuntzat:
– Hilabetean bi egunetan baino gehiagotan lanera ez etortzea, justifikaturiko arrazoirik gabe. Langilea atxilotzeagatik lanera ez etortzea ez da justifikatu gabeko arrazoitzat hartuko, betiere agintari eskudunek jarritako zehapen irmoa ez bada edo lanera bertaratu gabe lau egun baliodun igaro aurretik langilearen atxiloketaren berri eman bazaio Enpresa Zuzendaritzari. Nolanahi ere, enpresak ez ditu ordaindu beharko atxilotzearen ondorioz lanera huts egindako egunen soldatak.
– Emandako lanetan iruzur egitea, desleialtasunez edo konfiantza-abusuz jardutea.
– Zerbitzuan dagoen bitartean ebastea eta lapurtzea, dela gainerako langileei eta enpresari, dela enpresako lokaletako edo enpresatik kanpoko edozeini. Hitz-tarte honetan barne hartzen da langileen legezko ordezkaritzaren aurrean datuak faltsifikatzea, faltsukeria horiek onuren bat lortzea badute helburu maltzur gisa.
– Gaixoarena egin izana frogatzea; enpresako makina, aparatu, instalazio, eraikin, tresna eta sailak kaltetzea, txikitzea edo erabilezin bihurtzea; enpresatik kanpo egindako lapurretagatik, ebasketagatik, iruzurragatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik eskumena duten Justizia Auzitegiek langileari epaia eman izana, baldin eta horrek egilearenganako mesfidantza eragin badezake; norbere buruaren garbitasun eta txukuntasun falta etengabe eta ohikoa, lankideen kexa justifikatuak eragiten dituena; ohiko mozkorraldia edo toxikomania, lanean ondorio negatiboak baditu; enpresari lehia dakarkioten jarduera bereko lanetan aritzea, horretarako baimenik izan ezean; nagusiak, lankideak edo menpekoak hitzez edo ekintzaz gaizki tratatzea edo errespeturik eta begirunerik gabe tratatzea, halakotzat joko direlarik legez sexu-jazarpen gisa tipifikatutako jarrera sexistak eta legez tipifikatutako jazarpen moraleko jarrerak; ardurazko lanpostuetan lana uztea; hiruhileko berean falta astun bat baino gehiago egitea, izaera desberdinekoa izan arren, betiere zehapena jaso badute; eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 54. artikuluan ezarritako gainerakoak.
2.– Eginiko arau-hausteen astuntasunaren eta inguruabarren arabera, enpresek zehapen hauek ezarri ahal izango dituzte:
a) Falta arinak:
– Ahozko ohartarazpena.
– Idatzizko ohartarazpena.
– Egun bateko enplegua eta soldata etetea.
b) Falta astunak:
– Enplegua eta soldata etetea, egun batetik hamar egunera arte.
– Enpresako sailkapen profesionaleko sisteman goragoko kategoriara ezin igo izatea, urtebete baino gutxiagoko epean.
c) Oso falta astunak:
– Lanbide-kategoria aldi baterako edo behin betiko galtzea.
– Hamaika egunetik bi hilabetera bitartean enplegurik eta soldatarik gabe uztea.
– Enpresako sailkapen profesionaleko sisteman goragoko kategoriara igotzeko desgaikuntza ezartzea bi urtez edo behin betiko.
– Kaleratzea.
Aurreko zehapenak aplikatzeko, falta egin duenaren erantzukizun-maila, taldea eta lanbide-maila hartuko dira kontuan, baita faltak beste langileengan eta enpresan izan duen eragina ere.
3.– Enpresa Zuzendaritzak du zehapenak ezartzeko ahalmena. Falta astunei eta oso astunei dagozkien zehapenak langileen legezko ordezkariei jakinaraziko dizkie.
Beharrezkoa izango da espedientea bideratzea aukeratutako sindikatu-karguak betetzen dituzten langileei ezarritako zehapenen kasuan, baita indarrean dagoen legedian ezarritako kasuetan edo enpresak beharrezkotzat jotzen dituen beste kasu batzuetan ere. Espedientea sortzeko honako arau hauek beteko dira:
a) Enpresako burutzaren idatzizko agindu batekin hasiko da, instruktorea eta idazkaria izendatuta. Jarduketei hasiera emateko, deklarazioa hartuko zaie faltaren egileari eta lekukoei, eta ekartzen dituzten froga guztiak onartuko dira. Oso falta astuna denean, instruktoreak egoki baderitzo, Enpresa Zuzendaritzari proposatuko dio erruztatua enplegurik eta soldatarik gabe uztea espedientea bideratzen den bitartean, langileen legezko ordezkariei entzun eta gero.
b) Espedientea gehienez ere 20 eguneko epean izapidetuko da, baldin eta frogak –edozein motatakoak– ekarri behar ez badira espedientea ireki den udalerriaz bestelako leku batzuetatik. Bestela, ahalik eta ardurarik handienaz jardungo da, frogak espedienteari gehitu eta gero.
c) Emandako ebazpena idatziz jakinaraziko da, eta arrazoiak adieraziko dira; interesdunak bi ale sinatu behar ditu. Sinatzeari uko egiten badio, lekukoen aurrean egingo da jakinarazpena.
4.– Enpresak beren langileen lan-espedienteetan jaso ahalko ditu falta astun edo oso astunen zioz jartzen zaizkien zehapenak. Halaber, falta arinak behin baino gehiago egin diren jasoko du. Falten preskripzioa Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 60.2 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.
25. artikulua: Enpresak emandako informazioa.
Enpresak gutxienez hiru hilean behin emango dizkie langileen legezko ordezkariei honako datu hauek: enpresaren egoera orokorra, inbertsioak, negozioaren bilakaera, sektorearen egoera eta merkatu-aurreikuspenak. Enpresak eta langileen legezko ordezkaritzak idatzirik egin beharko dizkiote elkarri jakinarazpenak, eta testua sinatzen duenaren zigilua eta sinadura jaso beharko dituzte.
26. artikulua: Enplegua erregulatzeko espedienteen jakinarazpena.
Enpresek nahitaez jakinarazi beharko diete enpresa-batzordeari edo langileen delegatuei eta, halakorik badago, atal sindikaletako delegatuei, enplegu-erregulazioko espedienteen alde bakarreko formulazioa, Langileen Estatutuan eta aplikagarria den gainerako legerian ezarritako epe eta baldintzetan. Salbuespen gisa, enplegua erregulatzeko espediente baten inguruko eztabaidan eta izapideetan esku hartzen duten langileen legezko ordezkariek, Langileen Estatutuaren 68.e) artikuluan adierazitako ordu-kreditua agortuz gero, ordaindutako beste 5 ordu gehiago hartu ahal izango dituzte, hilean dagokienez gain, betiere enpresari egiaztatuta ordu horiek ordezkaritza-eginkizunak betetzeko erabiliko direla.
Ikusi soldata-taulak hurrengo orrietan.
RSS