Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2025eko maiatzaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
2231

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 22koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2025ean euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko irabazi-asmorik gabeko jarduerak euskararen eremu geografikotik kanpo garatzeko dirulaguntzak emateko prozedura arautzen duen deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.b) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Ildo horretatik, eta Etxepare Euskal Institutuaren ardurapekoak diren arloak kontuan hartuta, berariazko dirulaguntza deialdi publikoak egiten dira kultur arlo bakoitzaren baitan lehenetsitako jarduerak garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, jasotzen diren hainbat eskariren bitartez gauzatu nahi diren jarduerak, Etxepare Euskal Institutuaren eskumen-eremuetan sar daitezkeen arren, dirulaguntza deialdi hauetatik kanpo geratu ohi dira, hala nola euskal kultura tradizionalaren adierazpide diren hainbat jarduera, eta baita diziplina baten baitan sailkatzeko zailak diren beste kultur adierazpide berezi batzuk ere.

Honengatik guztiagatik, EEIren jarduteko eskuduntzekin bat etorriz, Institutuaren gainontzeko dirulaguntza deialdietatik at geratzen diren beste kultur adierazpide berezi batzuei erantzuna emateko, beharrezkoa ikusten da dirulaguntza deialdi honen prozedura ezarri eta argitaratzea.

Dirulaguntza hauek eta horiek emateko oinarrizko irizpideak Zuzendaritza Kontseiluak onartu zituen 2025eko martxoaren 19an, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2025erako Dirulaguntzen Urteko Planean sartuta daude, zeinak Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu baitziren (aipatutako sailaren webgunean argitaratuta daude: PES 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. // PAS 2025, 2026, 2027, 2028: Dirulaguntzen Urteko Planak.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila - Euskadi.eus) eta EAEtik kanpo euskara eta euskal kultura sustatzeko helburu estrategikoaren barruan daude.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Kultura sustatzeko eta hedatzeko irabazi-asmorik gabeko jarduera eta proiektuak 2025. urtean zehar euskararen eremu geografikotik kanpo burutzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.

2. artikulua.– Deialdiko modalitateak:

II. Kapitulua: Euskal Dantza eta Abesbatzak.

III. Kapitulua: Bestelako kultur jarduerak.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehieneko zenbateko orokorra berrogeita hamar mila (50.000) eurokoa izango da, honela banatuta:

a) Euskal Dantza eta Abesbatzen jarduerentzat: hogeita hamar mila (30.000) euro.

b) Bestelako kultur jarduerentzat: hogei mila (20.000) euro.

2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako dirulaguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Horretarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du.

4. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Honako deialdi honek finkatzen dituen dirulaguntzak bertan aipatzen diren jarduerak burutzeko asmoa duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuek jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskabidea aurkezten den egunerako errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo errolda euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izan beharko ditu eskatzaileak.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko, eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu eta bereizkeriaren ondorioak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen Testu Bateginaren 23. artikuluarekin (Testu Bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

4.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

Eskatzaileek edo onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela joko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein erakunderekin dirulaguntzak itzultzearekin loturiko zorrik ez badu epe exekutiboan.

Era berean, pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean dituztela joko da, baldin eta zorrak zatituta edo geroratuta eta bermatuta badaude edo, itzulketaren ebazpena aurkaratu izanagatik, zorra etetea erabakitzen bada.

5.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan eta 13. artikuluaren 1, 2, 3, 4 eta 5. ataletan aurreikusitakoa aplikatuko da.

6.– Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ez ezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira; Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen ekainaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako gainerako debekuen kalterik gabe.

5. artikulua.– Bazterketak.

Honako deialdi honetatik kanpo geratuko dira ondoko programak edo jarduerak:

1.– Xedeari begira.

a) Etxepare Euskal Institutuak ezarritako beste ebazpen berariazkoago baten bidez bideratu behar direnak:

1) Eskaerak aurkezteko epea itxita duen beste deialdiren batera biltzeko modua izango zuten programak edo jarduerak, baina eskatzaileak dagokion epean berariazko deialdi horien bitartez bideratu ez dituenak.

2) Euren izaeragatik edo xedeagatik Etxepare Euskal Institutuaren berariazko beste deialdi batera oker bildutako programak edo jarduerak deialdi honen barne hartu ahal izango dira, baldin eta deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea irekita badago eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horrelako kasuetan, Etxepare Euskal Institutuak hartuko du bere gain eskabideak deialdi honetara bideratzeko ardura, baita interesdunari jakinaraztekoa ere.

b) Politika, erlijio, giza zein kultura mailako efemerideak gogorarazteko egin ohi diren antzezpenak edo errepresentazio bizidunak, hala nola Erdi Aroko azokak eta antzekoak berregitea xede dutenak.

c) Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoak egitea xede dutenak.

d) Xedea gizarte ekintzarekin, ingurumenarekin, nekazaritzarekin eta, azkenik, bitxigintza, urregintza zein artisautzarekin zerikusia dutenak.

e) Hezkuntza arautuan eta unibertsitateetan antolaturiko programak, gradu amaierako edo master amaierako lanak, eskoletan/unibertsitateetan ematen diren konferentziak, ikerketa helburu duten bidaiak eta proiektuak.

f) Gastronomia, kirola eta turismoarekin zerikusia duten jarduerak.

g) Etxepare Euskal Institutuaren berariazko beste edozein deialditara biltzeko aukera egonda ere, horietatik kanpo geratu direnak.

2.– Aurrekontuari begira.

Aurkeztutako aurrekontuaren edozein zati inbertsioak egitera edo ibilgetu-elementuak finantzatzera bideratzen dutenak.

3.– Pertsona edo entitate eskatzaileari begira.

Honako entitate mota hauek aurkeztutakoak:

a) Merkataritza entitateek, baldin eta euren kapitalaren gehiengoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada.

b) Alderdi politikoek, hauteskunde-koalizioek, sindikatuek edo elkargo profesionalek, baita horiekiko lotura organikoa duten fundazioek eta elkarteek ere.

6. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.

Ebazpen honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 12. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere gutxieneko 50eko puntuazioa lortuta.

– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:

Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzeko bidaia gastuak: joan-etorria eta ostatua. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.

Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatuetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro; Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro.

b) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Furgoneta erabiliz gero, zero koma berrogeita bost (0,45) euro km-ko. Kilometro kopurua kalkulatzeko, dirulaguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren errolda edo sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.

c) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autopistako gastuak eta parking-a.

d) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.

– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

– Hori guztia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, 30. artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

7. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, eskatutako agiriak Administrazio batek egindakoak direnean, haien kontsulta eta ateratzea interesdunen aldetik baimendutzat edukiko da, prozeduran ez badute kontrakotasunik adierazten. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek dagokion Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, baita eskatutako beste edozein agiri ere.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen baitan, betebehar hauek egiaztatuko dira eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Aurreko hiru urteetan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

8. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.

1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza, 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 3. apartatuan adierazitako helbidean.

Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.

2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 3. apartatuan adierazitako helbidean. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoen kasuan, eskatzaileek aurrez aurre aurkeztu ahalko dituzte.

3.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:

Euskal Dantza eta Abesbatzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1045009

Bestelako Kultur Jarduerak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1045010

Eskaeraren ondoko izapideak gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz gero:

https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskabidean eta gainerako agirietan. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Identifikazio elektronikorako onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratutako bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

8.– Urteko jarduera guztietarako eskabide bakarra aurkeztuko du eskatzaile bakoitzak.

9.– Eskaera onartua izateko, dagokion proiektua burutuko dela egiaztatu ahal izateko, jarduera kulturala burutuko den lekuko erakunde ala aretoaren gonbidapen ofizial sinatuak, ziurtagiriak ala kontratu sinatuak aurkeztu beharko dira.

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela, aurretiazko ebazpen bidez.

2.– Eskabidea elektronikoki aurkeztera behartuta dagoen eskatzaile batek aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkezteko zuzenketa eskatuko zaio. Ondorio horietarako eskabidea aurkeztu duen eguntzat hartuko da zuzenketa egin den eguna.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da. Batzordea honela osatuko da:

a) Lehendakaria: EEIko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

b) Bokalak: EEIko zuzendariak izendaturiko 3-5 kide, kultur adituak diren gizon-emakumeen eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak; eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean.

12. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebaluazioaren emaitza jasotzen duen txosten bat egitea, bai eta txostena organo kudeatzaileari bidaltzea ere, esleipen-proposamena egin dezan.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:

a) Jardueraren ezaugarriak (20 puntu, gehienez).

b) Espazioaren ezaugarriak eta nazioarteko oihartzuna (20 puntu, gehienez).

c) Euskarak proiektuan duen lekua (10 puntu, gehienez).

d) Emakumeek proiektuan duten parte hartzea edo proiektuak gai edo eduki aldetik berdintasunaren alde egiten duen ekarpena (10 puntu, gehienez).

e) Eskatzailearen kultur ibilbidea: kurrikuluma, sariak, kritikak... (20 puntu, gehienez).

f) Proiektuak Etxepare Euskal Institutuaren helburuekin duen lerratze maila: euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (20 puntu, gehienez).

3.– Balorazioan 50 puntu lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– EEIko zuzendariari dagokio organo kudeatzaileak aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu eta esleipen-ebazpena ematea.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, deialdia argitara ematen duen ebazpenak ondorioak dituen egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek zilegi dute dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

14. artikulua.– Dirulaguntza onartzea.

Esleipen-ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdiaren xede diren dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte; besteak beste:

1.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2025. urtean burutzea.

2.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEIri edo «nire kudeaketak» helbidearen bitartez, izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

4.– Etxepare Euskal Institutuak egingo dituen egiaztatze-jarduketei men egitea, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei ere, jasotako dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitako jarduketak eta jasotako finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak onartzea.

5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Etxepare Institutuaren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea.

6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

16. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek 2025eko abenduaren 31ra arteko epean aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2026ko urtarrilaren 21era arte luzatu ahal izango da epea.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina 3, Donostia (20012), goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dituzte honako gunean: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek aurrez aurre ere aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.

4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 9.3 artikuluan adierazitako helbideetan.

5.– Dirulaguntzaren zuriketa egiteko modua justifikazio xinpletua izango da. Aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Gastuen justifikaziorako, aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

EEIk ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.

c) Diruz lagundutako gastuen zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua. Fakturen kopiak eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.

Etxepare Euskal Institutuak edozein momentutan eskatu ahal izango ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak.

d) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion eranskineko kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan-etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da.

e) Diruz lagundutako jarduera dela-eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, Etxepareren logoarekin.

f) Helburu berbererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela dioen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

g) Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 32. artikuluan aurreikusitakoa.

17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.

Zuriketan egiaztatutako gastu lagungarriak eskaerako aurrekontuan aurkeztutakoen % 60ra iristen ez badira, dirulaguntza osorik itzuli beharko da.

Ebazpen honetan dirulaguntza itzultzea agintzen bada, laguntza jasotzen denetik bi hilabeteko epea egongo da itzulketa egiteko.

2.– Ez betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa hartuko da kontuan.

3.– Salbuespen gisa, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian azaltzen diren hiru baldintzak aldi berean gertatzen badira:

a) Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15etik beherakoa izatea.

b) Esleitutako dirulaguntzak behin betikoz exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.

c) Gainfinantzaketarik ez gertatzea.

18. artikulua.– Ordainketa.

Ebazpen honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da, honako prozedurari jarraituz:

% 50 dirulaguntza onartzen den egunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

% 50 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio indarreko zerga araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.

Kasua bada, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori deialdi honetako 14. artikuluak dirulaguntza onartzeko ezartzen duen 15 eguneko epean aurkeztu behar da.

19. artikulua.– Ez betetzeak eta itzulketak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat deialdi honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Etxepare Euskal Institutuari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

II. KAPITULUA
EUSKAL DANTZA ETA ABESBATZAK

20. artikulua.– Diruz laguntzen diren jarduerak:

Irabazi asmorik gabeko elkarteek, euskararen eremu geografikotik kanpo Euskal Dantza talde eta Abesbatzen lana zabaltzeko, 2025eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 artean burutzen dituzten emanaldi eta jarduerak.

Beharrezkoa izango da eskaera elektronikoarekin batera ekitaldia antolatu duen erakunde edo areto antolatzailearen gonbidapen edo ziurtagiri sinatua aurkeztea.

21. artikulua.– Jaso ahal izango den gehieneko zenbatekoa honakoa izango da:

– 1.200 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: hiru mila (3.000) euro.

– 1.201 eta 5.000 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: bost mila (5.000) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietan burutzen diren ekintzetarako: zortzi mila (8.000) euro.

III. KAPITULUA
BESTELAKO KULTUR JARDUERAK

22. artikulua.– Diruz laguntzen diren jarduerak:

Pertsona fisikoek eta Irabazi asmorik gabeko bestelako elkarteek (Dantza talde edo abesbatza ez direnek) euskal kultura euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko, 2025eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 artean burutzen dituzten jarduerak.

Beharrezkoa izango da eskaera elektronikoarekin batera ekitaldia antolatu duen erakunde edo areto antolatzailearen gonbidapen edo ziurtagiri sinatua aurkeztea.

23. artikulua.– Kultur programa, jarduera edo emankizun baterako jaso ahal izango den gehieneko zenbatekoa honakoa izango da:

– 1.200 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: mila (1.000) euro.

– 1.201 eta 5.000 km arteko tokietan burutzen diren ekintzetarako: hiru mila (3.000) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietan burutzen diren ekintzetarako: bost mila (5.000) euro.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Sortutako premien estaldura % 100ekoa izango da, baina ehunekoa gainerako deialdietako soberakinen zenbateko erabilgarriaren araberakoa izango da. Hala badagokio, aldaketa hori EEIko zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko da, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2381 Erregelamenduan (EBAO 2831 zenb., 2023.12.15) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 300.000 euro baino gehiagokoa izango, aurreko hiru urteetan. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak aurreko hiru urteetan jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak tratamendurako jarduera honetan jaso eta tratatuko dira: Euskara eta euskal kultura sustatu eta hedatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute.

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

Hartzaileak:

– Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

– Foru-Ogasunak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Hurrengo web helbidean aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E-pdf

ID: 0573

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete interesatuek EEIko Zuzendaritza Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2025eko maiatzaren 22a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala