
96. zk., 2025eko maiatzaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 3 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2224
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 8koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, batetik, bertan deseginda uzteko Añana, Lagrán eta Harana udalerriek idazkari-lanpostua elkarrekin mantentzeko eratu zuten elkartea; bestetik, beste bi elkarte eratzeko helburu horrexetarako: bat, Lagrán eta Harana udalerrien artean (eta lanpostua gisa horretara sailkaturik geratuko da), eta, bestea, Kuartango eta Añana udalerrien elkartea (eta lanpostua gisa horretara sailkaturik geratuko da).
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2021eko otsailaren 17ko ebazpen baten bidez, Añana, Lagrán eta Haranako udalerrien artean elkarte bat osatu zuten, elkarrekin ordaintzeko idazkariaren lanpostua, bakarra hirurentzat. Lanpostu horiek Estatuko gaikuntza duten funtzionarioentzat daude gordeta (2021eko martxoaren 4ko EHAA, 46. zk.).
Handik denbora batera, elkarte hori desegiteko prozedura abiaraztea erabaki zuten. Hiru korporazioek erabaki zuten gauza bera, bakoitzak bere osoko bilkuran: Añanako Udalean, 2024ko azaroaren 8an; Lagrángo Udalean, 2024ko azaroaren 19an; eta, Haranako Udalean, 2024ko azaroaren 21ean.
Bestalde, Lagrángo eta Haranako udalek alde batetik, eta Kuartango eta Añanako udalek bestetik, onartu zuten idazkaritza-lanpostua batera ordaintzeko elkarte bana eratzeko prozedurari hasiera ematea. Erabakia osoko bilkuran hartu zuten: Lagrángo eta Haranako Udalek, 2024ko azaroaren 19an eta 21ean; eta, Kuartango eta Añanako udalek, 2024ko abenduaren 9an eta 2024ko azaroaren 15ean: Lagrán-Harana eta Kuartango-Añana. Estatutuak ere onartu zituzten, osoko bilkurako erabaki bidez: Lagrángo eta Haranako Udalek, 2024ko azaroaren 19an eta 21ean, hurrenez hurren; eta, Kuartangoko eta Añanako udalek, berriz, 2024ko azaroaren 15ean eta abenduaren 9an, hurrenez hurren.
Begira dezagun Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean, 92 bis artikuluan (apirilaren 2ko 7/1985 Legea), eta ikusiko dugu arau orokorra ez dela hori, han aurreikusten baita toki-erakunde guztietan behar dela lanpostu bat eduki idazkaritza-lanak egiteko, fede publikoa eta nahitaezko lege-aholkularitza ematea barne; hortaz, toki-erakundeak elkar hartzea Idazkaritzako lanpostua batera ordaintzeko salbuespena da arau orokor horren barruan. Hala ere, begira dezagun Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen Errege Dekretuan, 9. artikuluan (martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua), eta ikusiko dugu baietz, nahikoa lanik edo baliabiderik ez duten toki-erakundeek badutela aukera elkarrekin eta elkarte baten bidez eusteko Idazkaritzako lanpostuari.
Aipatu behar da martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 9. artikulu horrek ezartzen duela elkartze horiek nahibadakoak eta borondatezkoa direla (zerbitzu edo baliabide urriko toki erakundeek elkartze batean bilduta ordaindu ahal izango dute idazkariaren lanpostua), eta Autonomia Erkidegoaren esku dagoen interes publikoaren kontrola, aurrean aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2000ko uztailaren 24ko epaian ezartzen den bezala, ez dela mugatzen Estatuko gaikuntza duten funtzionarioentzako gordetako lanpostua sortu beharra badagoenez finkatzera, arau orokorra udalerri bakoitzean horrelako lanpostu bat egotea baita, gutxienez, eta toki erakundeak elkartzea salbuespena; aitzitik, aztertu behar da udalerrien baliabide ekonomikoak edo ematen dituzten zerbitzuak arau orokorraren aplikaziotik salbu geratzeko behar bezain urriak diren ala ez.
Horrenbestez, argi dago eratutako elkartzeak desegiteko izapideak eta elkartze berria eratzeko izapideak aldi berean egin daitezkeela, tartean hutsunerik utzi gabe, inork ez baitu hori nahi eta, gainera, administrazio publikoen jardunaren eraginkortasunaren printzipioaren kontrakoa baita.
Beraz, prozeduraren izapideak martxoaren 128/2018 Errege Dekretuak 9. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz egin dira, kontuan hartuz urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, 11. artikuluan arautzen duena (hau da, zuzendaritza honek eskumena daukala prozedura honen instrukzioa egiteko eta ebazpena emateko), bai eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 54. artikuluan eta hurrengoetan ezartzen duena ere.
Hala, prozeduraren instrukzio-fasean, txostena eskatu zitzaion Arabako Foru Aldundiari, eta, hark eskaeren aldeko iritzia adierazi zuen, bai egungo Añana, Lagrán eta Harana Elkartea desegitearen alde; bai bi elkarte berri eratzearen alde: Lagrán eta Harana udalerrien elkartea; eta Kuartango eta Añana udalerrien elkartea.
Azkenik, kontuan edukita bai udalerri horietako biztanleriak bai udal horiek kudeatzen dituzten aurrekontuak, elkarte berrietako Idazkaritzak hirugarren mailako gisa sailkatu behar dira, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak 8. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.
Azaldutakoa dela bide, eta bat etorriz martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 8. eta 9. artikuluekin, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluarekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Bertan deseginda uztea Añana, Lagrán eta Haranako udalek idazkari-lanpostu bakarra hiruren artean ordaintzeko eratutako elkartea.
2. artikulua.– Lagrán eta Haranako udalen artean elkarte bat osatzea, bien artean ordaintzeko idazkari bakar baten lanpostua.
3. artikulua.– Kuartango eta Añanako udalen artean elkarte bat osatzea, bien artean ordaintzeko idazkari bakar baten lanpostua.
4. artikulua.– Lagrán eta Haranako udalerriek eta Kuartango eta Añanako udalerriek osatu dituzten elkarteetako idazkaritzak hirugarren mailako gisara sailkatzea.
5. artikulua.– Lagrán eta Harana udalerrien arteko elkartearen burutza Lagrángo udalerrian izango da.
6. artikulua.– Kuartango eta Añana udalerrien arteko elkartearen burutza Kuartango udalerrian egongo da.
7. artikulua.– Lanpostuak betetzeko sistema lehiaketa izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 8a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
LORETO OSA OCÓN.
RSS