
96. zk., 2025eko maiatzaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2220
22/2025 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Kudeaketa Klinikoko Unitateburua-1 lanpostu bat izendapen askez betetzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan.
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Kudeaketa Klinikoko Unitateburua-1 lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz 2024ko ekainaren 13ko Europako Parlamentuko eta Kontseiluko gizakietan aplikatzeko giza jatorrizko substantzien kalitatezko eta segurtasunezko arauei buruzko 2024/1938 (EU) Erregelamenduko 50. artikuluarekin, zeinaren bidez 2002/98/CE eta 2004/23/CE Zuzentarauak indargabetzen baitira (ekainaren 17ko BOE), eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea A1 lanbide-taldean.
b) Medikuntzako lizentzia eta Hematologiako espezialitatearen titulua edukitzea.
c) Gutxienez 4 urteko lan-esperientza izatea hemoterapian eta transfusio-zentroetan.
d) Hizkuntza-eskakizuna: 2. hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-datarik gabe).
e) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.
2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.
a) Antolaketarako eta talde-lanerako gaitasuna.
b) Prestakuntza eta esperientzia izatea kudeaketa sanitarioan.
c) Prozesu asistentzialen eta horiei esleitutako antolakuntza-prozesuen kudeaketari eta hobekuntzari buruzko memoria-proiektua. Proiektuak kontuan hartu beharko ditu TGEEZren 2025-2028 Plan Estrategikoan ezarritako lehentasunezko helburuak eta jarduera-ildoak.
Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Labeaga auzoa, 46 A, 48960 Galdakao). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Interesdunek Bizkaiko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Labeaga auzoa, 46 A, 48960 Galdakao), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua
– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
– Kudeaketari buruzko memoria-proiektua.
Osakidetzaren Curriculum Vitae aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko. Zuzendari-gerentea edo haren ordezkoa izango da batzordeburua, eta honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea: uneko Kudeaketa Klinikoko Unitatearen burua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Hematologiako zerbitzuburu bat eta idazkaria.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango zaie.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta emango dira gauzatutako eginbide osagarriak (hala badagokio) eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Galdakao, 2025eko maiatzaren 15a.
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari-gerentea,
ROBERTO IBARRETXE ALTUBE.
RSS