Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

96. zk., 2025eko maiatzaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2214

107/2025 DEKRETUA, maiatzaren 20koa, Ekonomia Gaietarako Batzordea sortzeko dena.

Oraingo legegintzaldiaren hasierak eta sail-egitura berriak –Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak eratua (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena)– Ogasun eta Finantza Sailaren eginkizunen artean ezarri du «Jaurlaritzaren politika ekonomikoa koordinatzea», eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren eginkizunen artean, berriz, «Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoa eta estrategikoa koordinatzea».

Ekonomiaren egungo egoera eta sektore emergenteek ekonomian duten eragina direla eta, Jaurlaritzak eskura dituen tresna guztiak antolatu behar ditu euskal ekonomiarako estrategikoak diren sektoreak bultzatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko.

Horiek horrela, eta politika publikoek XIII. legegintzaldiko gobernu-programa betetzen lagundu behar dutenez, egoki da Ekonomia Gaietarako Batzorde bat sortzea, ardura hauek har ditzan, Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren koordinazioaren barruan: ekonomiaren bilakaeraren jarraipena, azterketa eta kontrola, aurreikuspen ekonomikoak eta politika publikoen ebaluazioa, Euskal Autonomia Erkidegoan zuzeneko eragina duten heinean.

Horregatik, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko maiatzaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Sortzea.

1.– Ekonomia Gaietarako Batzordea sortzen da, sailen arteko kide anitzeko organo gisa, eta Jaurlaritzaren ekintza ekonomikoaren jarraipena eta azterketa egiteaz eta sailen arteko elkarlanaz arduratuko da, euskal ekonomiaren sektore estrategikoak bultzatuko dituzten politika publikoak bermatzeko.

2.– Organo hau finantzen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita geratzen da.

2. artikulua.– Eginkizunak.

Ekonomia Gaietarako Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Jaurlaritzak onartu behar dituen plan, programa eta jarduketa garrantzitsuenen oinarrizko alderdi ekonomiko eta estrategikoak koordinatzea.

b) Plangintza ekonomikoaren prozesuaren koordinazioa eta jarraipena, eta Jaurlaritzarentzat garrantzitsuak diren plan ekonomikoen aldez aurreko onarpena.

c) Politika publikoak elkarrekin planifikatzeko eta koordinatzeko metodo eta tresna berriak koordinatzea eta, hala badagokio, proposatzea, bai eta politika horien ebaluazioa normalizatzekoak ere, kalitatea eta etengabeko hobekuntza areagotzeko Jaurlaritzaren ekintzaren diseinuan, plangintzan eta ebaluazioan.

d) Ekonomiaren egoeraren eta bilakaeraren balorazioa, bai eta koiuntura ekonomikoarena eta aurreikuspen ekonomikoena ere. Balorazio hori aurreikuspen ekonomikoak argitaratu aurretik egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei eragiten dienean, batez ere jarraibide ekonomikoak lantzeari dagokionez, bai eta Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 29.1 artikuluan aipatzen den Finantzen Euskal Kontseiluaren bilkura prestatu aurretik ere.

e) Ekonomiaren arloan indarrean dagoen araudiak esleitzen dizkion gai guztiak aztertzea, eta horiei buruzko txostenak, proposamenak eta ebazpenak ematea.

f) Jaurlaritzak eskuordetu diezazkiokeen gainerakoak, eta Jaurlaritzak berak edo Jaurlaritzako edozein kidek aurkezten dizkionak, aztertu eta txostena egin dezan.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Ekonomia Gaietarako Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Batzordeburua: finantzen arloan eskumena duen sailburua.

b) Lau batzordekide hauek:

1. Ekonomiaren arloan eskumena duen sailburua.

2. Industriaren arloan eskumena duen sailburua.

3. Nekazaritzaren arloan eskumena duen sailburua.

4. Merkataritzaren arloan eskumena duen sailburua.

c) Idazkaria: finantzen arloan eskumena duen saileko goi-karguduna edo behin-behineko langilea, batzordeburuak izendatua. Hitza izango du bileretan, baina botorik ez.

2.– Absentzia, kargua hutsik egotea edo gaixotasuna gertatuz gero, beste pertsona batzuek ordezkatu ahal izango dituzte batzordekideak. Batzordekideek izendatuko dituzte ordezkariak, idazkaritzari horren berri emanda aldez aurretik.

3.– Aztertu beharreko gaiek hala gomendatzen dutenean, batzordeburuak batzordekide ez direnei dei egin ahal izango die egiten diren bileretara joan daitezen.

4. artikulua.– Funtzionamendu-araubidea.

1.– Batzordeak bere barne-funtzionamendurako arauak eta bileren araubidea finkatuko ditu, batzordeburuak proposatuta, eta bi batzordekidek edo gehiagok eskatzen dutenean edo batzordeburuak egoki irizten dionean bilduko da.

2.– Batzordeak jorratu beharreko gaien edo bete beharreko eginkizunen interesak, konplexutasunak edo eskakizun teknikoek hala eskatzen dutenean, lantaldeak sortu ahal izango dira gai zehatzetarako, eta Administrazioko goi-kargudunek edo behin-behineko langileek ere parte hartu ahal izango dute horietan.

3.– Ekonomia Gaietarako Batzordearen funtzionamendu-gastuak finantzen arloan eskumena duen Sailaren aurrekontu-kredituen konturakoak izango dira.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko maiatzaren 20an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala