Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2025eko maiatzaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2210

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Igeldoko kanpinaren eremua handitzeko eta antolatzeko lurzoru urbanizaezineko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko azaroaren 13an, Donostiako Udalak, aurreko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Donostiako Igeldoko kanpinaren eremua handitzeko eta antolatzeko lurzoru urbanizaezineko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2025eko urtarrilaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Astigarragako Udalari jakinarazi zitzaion prozedura hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Igeldoko kanpinaren eremua handitzeko eta antolatzeko lurzoru urbanizaezineko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren eremua Donostiako udalerriaren mendebaldean dago, Igeldo auzoaren ondoan. Lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago, eta 51.335 m2-ko azalera du, 9 azpieremutan banatuta.

Eremuan hainbat eraikin daude, hala nola eraikin nagusia, erabilera anitzeko eraikina, areto soziala, garbitegia, komunak, igerilekua, etab. Era berean, mobilhomeak jartzeko eremuak eta kanpatzeko guneak ditu. Azpiegiturei dagokienez, kanpinak azpiegitura hauek ditu: ur sanitarioa hornitzeko instalazioa, ur beltzen saneamendua, instalazio elektrikoa, argiztapena eta suteen aurkako babesa.

Plan Bereziaren xedea da Igeldoko kanpinaren eremua berriro mugatzea eta hirigintza-zehaztapenak antolatzea eta eguneratzea, garapen xehatuan, dauden erabilerak finkatzeko eta Planaren xede den eremuan erabilera berriak ezartzeko, Donostiako HAPOko zehaztapenekin bat etorriz. Helburu nagusia Igeldoko kanpinaren eraikigarritasunak, erabilerak eta gainerako antolamendu-parametroak antolatzea da.

Jarraian, azpieremu bakoitzerako Plan Bereziaren proposamenak laburbiltzen dira:

– 01 azpieremua. Sarbideko eraikinak: eremu finkatua, ez da aurreikusten eraikigarritasuna handitzea ekarriko duen berritze-jarduketarik. Azpieremuaren perimetroaren barruko eraikigarritasuna birbanatzeko aukera planteatzen da, antolamenduz kanpoko eta plangintzarekin bat ez datozen eremuak saihesteko.

– 02 azpieremua. Igerilekua: eremu honetarako aurreikusitako eraikigarritasuna egungoa baino % 10 baino handiagoa da, igerilekuaren instalazioak, zerbitzuak eta jarduerari lotutako beste zuzkidura batzuk barne hartuta. Gehikuntza horri esker, aukera egongo da jarduera etorkizunean eguneratzeko, beharrezkoa izanez gero.

– 03 azpiegitura. Mendebaldea: 23 mobilhome berri bideratzen dira, eta horrek sabai-eraikigarritasuna 782 m2 handitzea dakar. Halaber, aurrekoaz gain, Planak eraikigarritasuna gehienez % 15 handitzea aurreikusten du, mobilhomeen tipologietan izan daitezkeen aldaketei edo etorkizuneko eredu berrietara egokitzeari lotuta.

– 04 azpieremua. Erdigunea: eremu horretarako, 2 lagunentzako tokia izango duten beste 8 glamping denda bideratzen dira, eta 4 lagunentzako tokia izango duten beste 12 glamping denda gehiago. Eraikitzeko 550,80 m2 izatea aurreikusten da, eta beste % 15 handitzeko aukera izatea, mobilhomeen tipologietan izan daitezkeen aldaketei edo etorkizuneko eredu berrietara egokitzeari lotuta.

– 05 azpieremua. Hegoaldea: eremu horretan, gaur egun, zerbitzuei lotutako eraikin batzuk daude (komunak, portxea, barbakoa, biltegia), bai eta kanpatzeko gune bat ere (25 lurzati). Planak guztira 307,18 m2-ko (t) eraikigarritasuna aurreikusten du azpieremuan, eta % 15 handitzeko aukera, ekipamendu horien diseinu-beharretan gerta daitezkeen aldaketei lotuta.

– 06 azpieremua. Ipar-ekialdea: planak, guztira, 947,88 m2-ko (t) eraikigarritasuna aurreikusten du eremu horretan, eraikigarritasuna gehienez % 15 handitzeko aukera barne, ostatu hartzeko tipologietan (mobilhomeak) izan daitezkeen aldaketei edo etorkizuneko eredu berrietara egokitzeari lotuta.

– 07 azpieremua. Hego-ekialdea: 8 ostatu berri antolatu dira, 4 pertsonarentzako bakoitza. Azpieremuan aurreikusitako eraikigarritasuna 312,80 m2-koa da.

– 08 azpieremua. Ekialdea: gaur egun ez dago eraikinik, 29 lurzatiko kanpatze gunea da, eta etorkizunean ez da aurreikusten azpieremuan ostatu finkorik ezartzea.

– 09 azpieremua. Hegoaldea-hegoaldea: gaur egun ez dago eraikuntzarik azpieremuan; berdeguneetarako erreserbatutako espazio librea da, eta etorkizunean ez da aurreikusten azpieremuan ostatu finko edo mugikorrik jartzea.

Azpieremu bakoitzerako erabilera-programa taula honetan laburbiltzen da:

(Ikus .PDF)

1. taula: erabilera-programa. Iturria: Plan Berezia.

Aldez aurretik garatutako eta finkatutako eremua denez, ez da aurreikusten lurra egokitzeko obrarik, fabrika-obrarik edo lurrazala urbanizatzeko beste obrarik; jarduerari dagozkion mantentze-lanak baino ez dira aurreikusten.

Plan Berezian aurreikusitako eta zehaztutako erabilerak ezartzeko instalazio hauek behar dira: saneamendua, elektrizitatea eta ur beltzak.

Modulu prefabrikatuetako eta ekipamenduetako komun eta sukaldeen hustubide nagusirako, egungo saneamendu-sarea erabiliko da, egungo ponpaketa-ekipotik udal-saneamenduko sarerantz bultzatzen dena.

Ur-hornidurarako, kanpinak ur-hornidurako sare orokorrera konektatutako sare bat du.

Eremuaren barruko bide-sareak Iturrieta Berri baserriaren parean egiten du bat Mendizorrotz errepidearekin, zeinak Igeldo auzoa eta Orio lotzen baititu.

Plan Berezian proiektatutako antolamenduaren eta erabileren garapena zuzenean gauzatzekoa izango da, proposatutako antolamenduaren eraikuntza-obretarako eta urbanizazio-obra osagarrietarako lizentziak lortu ondoren.

Aztertutako aukerak.

Planak 3 aukera hartzen ditu kontuan: 0 aukera edo «ez esku-hartzea» eta bi antolamendu-aukera, 1. eta 2. aukerak izenekoak. 0 aukera baztertu egin da, arlo hauetan arazoak sortzen dituelako: hirigintza-legezkotasunaren arloan, bideragarritasun ekonomikoaren arloan eta jarduera indarreko araudi sektorialera egokitzearen arloan. 1. aukerak helburu bakarra du: dauden erabilerak arautzea eta lege-estaldurarik ez duten eraikinak legeztatzea. Baztertu egin da, kanpinaren mantentze ekonomikorako aukerak mugatuko lituzkeelako. Azkenik, 2. aukera aukeratu da, dauden erabilerak arautzeko eta lege-estaldurarik ez duten eraikinak legeztatzeko, eta, gainera, eraikigarritasuna handitzeko irizpideak proposatu dira, kanpinaren etorkizuneko beharrei erantzun ahal izateko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak lurzoru urbanizaezinean lurzati bat antolatzen du, Igeldoko kanpinaren eremua berriz mugatzeko eta hirigintza-zehaztapenak antolatzeko eta eguneratzeko, garapen xehatuan, dauden erabilerak finkatzeko eta Planaren xede den eremuan erabilera berriak ezartzeko, Donostiako HAPOko zehaztapenekin bat etorriz. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: iritzi zaio Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke Planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira. Ildo horretan, lurzatian dauden Quercus robur zuhaitz-masa autoktonoetan ez duela eraginik izango bermatu beharko da.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan Bereziaren eremua Donostiako udalerriaren mendebaldean dago, Igeldo auzotik 500 metro ingurura. 51.335 m2-ko azalera du eta lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago.

Eremua «Oriako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Eremuaren barruan hainbat ur-ibilgu identifikatu dira (Gaztandegi erreka eta Baldaberri erreka), baina proposatutako antolamenduak ez die eragiten. Plan Hidrologikoak Babestutako Eremuen Erregistroko elementuei dagokienez, eremua espezie mehatxatuen interes bereziko gunean dago, «Anfibioen babesa (hegoaldeko zuhaitz-igela) – 1610100318».

Hauxe da eremuko litologia: pitzadura bidezko iragazkortasun ertaineko kareharri ezpuruak eta kalkarenitak, eta porositate bidezko iragazkortasun handiko ale lodiko harri detritikoak. Lurzoruek ez dute balio agrologikorik. Era berean, EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren LPSak «basoa» eta «nekazaritza eta abeltzaintza: trantsizioko landa-paisaia» kategorietan sailkatzen ditu eremuko lurzoruak.

«Zumaia-Irun» lurpeko ur-masaren gainean dago, zeinak egoera global ona duen. Eremuak ez du lurpeko ur-sektorerik; hala ere, eremutik 500 m hegoaldera, gutxi gorabehera, masa horren «erdiguneko» sektorea dago. Eremua interes hidrogeologikoko eremu batean dago, baina eremu horretan akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia da.

EUNIS (geoEuskadi) habitataren kartografiaren arabera, eremua, gehienbat artifizializatuta dagoena, «parke handi eta lorategi apaingarri» gisa sailkatzen da, dauden baso-masak izan ezik, horiek «Quercus robur nagusi den baso azidofilo» gisa sailkatzen baitira. Aipatu behar da masek ez dutela erasanik pairatuko, Plan Bereziak «berdeguneetarako erreserbatutako espazio libre gisa» gisa integratzen baititu. Eremuan ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik.

Fauna mehatxatua kudeatzeko planen xede diren guneei dagokienez, Hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) Kudeaketa Plana onesten duen eta espezie hori babesteko arau osagarriak xedatzen dituen 1999ko azaroaren 10eko Foru Aginduak arautzen du (1999ko azaroaren 18ko GAO). Hala, eremua eta ingurunea hegoaldeko zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) babesgunean daude. Aipatutako kudeaketa-planeko inbentarioan jasotako enklabeak eremutik 100 m-ra baino gehiagora daudenez, Plan Bereziak ez dio eragiten hegoaldeko zuhaitz-igelaren banaketa-eremuari. Eremuan ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein eremu, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016ko maiatzaren 23ko EHAA, 96. zk.) izendatutakoak.

Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko lekurik, ez eta EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Planaren xede den lurzatian ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibai-uholdeak izateko arriskurik. Era berean, ez da hauteman lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziak eragindako arriskurik. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo Seveso III Zuzentaraua bete behar duten enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arriskurik. Zuhaitz-masek baso-suteak jasateko arrisku txikia dute. Higadurari gagozkiola, gaur egun artifizializatuta dauden lurzoruek muturreko higadura-prozesuak edo oso larriak dituzte, RUSLE kartografiaren arabera. Gainerako ingurunean ez dago higadura-prozesurik.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Planak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jasotzen du, eta horren arabera betetzen dira Igeldoko kanpinaren jardueraren muga-balioak goizez, arratsaldez eta gauez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak obra fasean sortutakoak izango dira, eremua birmoldatzeak eraginda. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, emisioak aireratzea, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Hori guztia dagoeneko garatuta dagoen eremu batean.

Funtzionamendu faseari dagokionez, ur- eta energia-kontsumoaren handitzearen ondoriozko inpaktuak espero dira, eta emisioak ugaritzea ere (isurketak eta hondakinak), proposatutako antolamenduaren ondorioz kanpinaren edukiera handituko da eta.

Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, Planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterako eta garrantzi gabeak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, bereziki, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako Igeldoko kanpinaren eremua handitzeko eta antolatzeko lurzoru urbanizaezineko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak Planean sartzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek ditugu:

Zuhaitz-masen afekzioarekin lotutako neurriak:

Planak berariaz adierazi beharko du 09 azpieremuan (hegoaldea - hegoaldea) dagoen zuhaitz-masa autoktonoa kontserbatzeko betebeharra, eta bertan ez da inolako jarduketarik onartuko.

Ondare historikoa babestearekin lotutako neurriak:

Igeldoko Estazio Megalitikoak Planaren eremua mugatzen du iparraldean, eta Planaren eremutik kanpo dago; nolanahi ere, haren babesa bermatzeko, ekainaren 24ko 137/2003 Dekretuan (Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko eta babes-araudia ezartzeko dena) 3. babes-eremuetarako ezarritakoa bete beharko da.

Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:

Planak esplizituki jasoko du oinarrizko proiektuak edo egikaritze-proiektuak «lehengoratze-proiektua» ere jaso behar duela, zeinak proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak bilduko dituen eta jarduketak gauzatzeko behar adinako xehetasun-maila izango duen, aurrekontua barne.

Espazio libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua izeneko dokumentuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo Cortaderia selloana.

Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori ezinezkoa bada, lehentasuna emango zaio lurren eta arroken soberakinak mailegu-lurrak behar dituen hurbileko obra batean balioesteari. Balioestea ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta haien kudeaketa lege-xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jarduerak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioesteko beste modu batzuk, balioespen energetikoa eta deuseztatzea barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balioestea.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokitu beharko da behin-behinean pilatzeko hondakin arriskutsuak, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarri beharko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak jarri beharko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak eta abar). Motaren arabera bereizi beharko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bateko eta besteko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereizi beharko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarri, nahasketok saihesteko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Istripuz isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak, bereziki, olio erabiliak, biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko; bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan, garraio-lanetan eta abar, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Egunez lan egingo da.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

– Horrek guztiak ez du kentzen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzea; hau da, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, hark zer neurri hartu behar diren erabaki dezan.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzerakoan kaltetzen diren eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, saihestu egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta sustatzaileak planteatutakoak hartzen badira eta aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Igeldoko kanpina (Donostia) handitzeko eta antolatzeko lurzoru urbanizaezineko Plan Bereziak» kalte esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako Igeldoko kanpinaren eremua handitzeko eta antolatzeko lurzoru urbanizaezineko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, hala badagokio, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala