
94. zk., 2025eko maiatzaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (107 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2168
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 6koa, Farmaziako zuzendariarena, Arrietako udalerrian (Bizkaia) botikina sortzeko baimena emateko prozedurari hasiera ematen diona.
Kontuan hartzen da Arrietako udalerrian botikin bat instalatzeko eskaera egin duela Udalak, aurrekari hauek oinarri hartuta:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariaren 2020ko apirilaren 22ko Ebazpenaren bidez, Arrietako udalerriko (Bizkaia) botikina aldi baterako ixteko baimena eman zen, Guillermo Francisco Díaz Enparantza Gil botikinaren arduradunak botikinari uko egin ziolako 2020ko apirilaren 3an, otsailaren 21eko 26/2023 Dekretuaren 19.1 artikuluaren arabera (26/2023 Dekretua, otsailaren 21ekoa, botikategien baimentze-prozedurari, baldintzei eta funtzionamendu-araubideari buruzkoa).
Bigarrena.– Ebazpen horren bidez, Farmazia Zuzendaritzak Arrietako Udalari jakinarazi zion instalazioa izaten jarraitzea egokia dela, eta, beraz, Udalak botikina instalatzeko prozedura berrabiarazteko interesa izango balu, berariaz eskatu beharko lukeela eta arlo honetako araudian ezartzen diren agiriak aurkeztu eta zehaztapenak bete beharko lituzkeela.
Hirugarrena.– Arrietako Udalak 2025eko martxoaren 5ean egindako ohiko Osoko Bilkuran aho batez onartu zuen botikin bat jartzeko eskaera egitea, udalerriak ez duelako farmazia-bulegorik.
Eskaera horrekin batera, agiri batzuk aurkeztu ziren, eta 2025eko apirilaren 11n osatu.
Laugarrena.– Arrietako udalerria, 2019ko ekainaren 21eko Aginduaren arabera (farmazia-eskualdeen sailkapena eta horietako bakoitzean sartzen diren udalerriak ematen dira argitara), Mungia izeneko C motako farmazia-eskualdean dago, eta udalerri hauek hartzen ditu: Mungia, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe eta Meñaka.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Botikinen prozedura ezartzen duen otsailaren 21eko 26/2023 Dekretuaren 6.1 eta 11.3 artikuluetan eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, Farmazia Zuzendaritzari dagokio eskabidea ebaztea.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako den ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 25.1 artikuluak ezartzen duenez, farmazia-arreta egokirik ez duten 800 biztanletik beherako udalerrietan, botikinaren bidez bete daiteke behar hori.
Ildo horretan, otsailaren 21eko 26/2023 Dekretua botikategien baimentze-prozedurari, baldintzei eta funtzionamendu-araubideari buruzkoa da.
Hirugarrena.– Dekretu horren 11.5 artikuluak ezartzen du, botikin bat instalatzea egokia dela behin betiko erabakitzen bada, erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik bakarrik alda daitekeela, hau da, udalerrian farmazia-bulego bat ireki delako edo botikina jartzea gomendatzen zuten arrazoiak desagertu direlako.
Laugarrena.– Farmazia-bulegorik ez duten udalerriei dagokienez, berriz, 26/2023 Dekretuaren 2.2 artikuluak ezartzen du botikin hori farmazia-eskualde bereko farmazia-bulego bati atxikiko zaiola.
Bosgarrena.– Azkenik, 26/2023 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, botikin bat instalatzearen egoki izateak ez du esan nahi berez sortuko denik; izan ere, Mungia farmazia-eskualdeko Arrietako udalerrian botikina baimentzeko prozedura hasi beharko da.
Horregatik guztiagatik, aipatutako manuak eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Udalerri horretan botikina sortzeko baimena emateko prozedura hasteko agintzea.
Bigarrena.– Mungia farmazia-eskualdeko farmazia-bulegoen farmazialari titular guztiei jakinaraztea botikina sortzeko baimen-eskaera aurkez dezaketela, hala nahi badute. Deialdi honek ezaugarri hauek edukiko ditu:
Instalazioaren udalerria: Arrieta (Bizkaia).
Farmazia-eskualdea: C motakoa, Mungia izenekoa; Mungia, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe eta Meñaka udalerriak hartzen ditu.
Lokala: Libao auzoa, 16, Arrieta.
Beharrezko dokumentazioa: otsailaren 21eko 26/2023 Dekretuaren 12.3 artikuluan aurreikusitakoa.
Hirugarrena.– Botikina sortzeko baimen-eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 6a.
Farmaziako zuzendaria,
JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.
RSS