
94. zk., 2025eko maiatzaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2166
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 12koa, Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez ebazten baita Villabona, Ibarra eta Tolosako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Hernani I eta Hernani II parke eolikoa jartzeko administrazio-baimena eskatzeko lehia-prozedura.
Espediente-zk.: 20-GEY-2025-00004
AURREKARIAK
1.– 2025eko urtarrilaren 27an, Premier Espf Ipaz Haizea SL enpresak aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Villabona, Ibarra eta Tolosako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Hernani I eta Hernani II parke eolikoa jartzeko proiekturako.
2.– Maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eskaera hori jendaurrean jarri zen, lehian beste eskabide batzuk aurkezteko aukera emateko, eta iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2025eko martxoaren 27an, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2025eko martxoaren 27an.
3.– Arauz aurreikusitako epean ez da lehiarako baimen-eskaera gehigarririk aurkeztu.
OINARRI JURIDIKOAK
1.– Energia elektrikoa ekoizteko parke eolikoak eraikitzeko, aurretiazko administrazio-baimena eskuratu behar dela ezartzen dute Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21. artikuluak, Energia elektrikoaren garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duen maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuak.
2.– Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Gipuzkoako lurralde-ordezkariak hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Premier Espf Ipaz Haizea SL enpresaren aurreproiektua hautatzea Villabona, Ibarra eta Tolosako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Hernani I eta Hernani II parke eolikoa jartzeko; izan ere, aurkeztu den bakarra izan da.
Bigarrena.– Sei hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Premier Espf Ipaz Haizea SL enpresak 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko du, aurretiazko administrazio-baimena izapidetzeko.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz, betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.
Donostia, 2025eko maiatzaren 12a.
Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,
ANTTON ARRIETA INSAUSTI.
RSS