Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2025eko maiatzaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2156

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 16koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, «Joxe Mari Korta» saria arautu eta 2025eko deialdia egiten duena.

Agindu honen xedea da goraipatzea eta publikoki aintzatestea enpresa arloa hobetzeko ahaleginean bizitza osoa erantzukizun handiko arduretan edo zuzendaritza zereginetan eman duten pertsona fisikoen jarduera profesionala, nahiz eta egun, adinak edo halabeharrak eraginda, lanari guztiz edo zati batean utzita egon.

Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da «Joxe Mari Korta» saria arautzea eta 2025eko deialdia egitea. Sariaren helburua da goraipatzea eta publikoki aintzatestea enpresa arloa hobetzeko ahaleginean bizitza osoa erantzukizun handiko arduretan edo zuzendaritza zereginetan eman duten pertsona fisikoen jarduera profesionala, nahiz eta egun, adinak edo halabeharrak eraginda, lanari guztiz edo zati batean utzita egon.

2. artikulua.– Sariaren ezaugarriak.

Joxe Mari Korta sari bakarra emango da urtero, eta bereizgarri, aintzatespen edo aipamen publiko bat izango da. Sariaren onuradunak bere lanbide arloko inprimakietan erabili ahal izango du, bai eta bere establezimenduetan erakusgai ipini ere.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako sariaren onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoren baten ekintzaile, zuzendari edo kudeatzaile diren pertsona fisikoak, baldin eta beren lana ekimenaren eta enpresa-hobekuntzaren alde egiteagatik nabarmendu badira.

4. artikulua.– Prozedura hastea.

Agindu honetan araututako saria urtero iragarriko da deialdi publikoaren bidez eta publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango da. Deialdia industria-arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez egingo da, eta eskabideak aurkezteko epea eta lekuak zehaztuko ditu.

5. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1.– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako edozein enpresa-elkartek, merkataritza-korporaziok edo elkargo profesionalek, Ibai Korta Zearretak edo hark berariaz izendatzen duen pertsonak eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresa guztiek aurkeztu ahal izango dituzte sarirako hautagaiak.

2.– Sarirako hautagaitza bakoitzarekin batera, proposatutako hautagaiak enpresaren garapenaren arloan egindako ekarpena egiaztatzen duen dokumentazioa ere bidali beharko da.

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, industriaren arloko eskumena duen sailburuaren deialdi-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Sariaren kudeaketa.

Industriaren arloko eskumena duen saileko Kabinete Zuzendaritzari dagokio deialdi honen ondoriozko kudeaketa burutzea.

7. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da; hauek osatuko dute:

Lehendakaria:

Industriaren arloko eskumena duen sailburua edo hark berariaz eskuordetutako pertsona.

Epaimahaikideak:

– Industriaren arloko eskumena duen saileko lau ordezkari.

– Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioaren ordezkari bat.

– Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren ordezkari bat.

– Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartearen ordezkari bat.

– SEA Arabako Enpresak taldearen ordezkari bat.

– Ibai Korta Zearreta jauna edo hark berariaz eskuordetutako pertsona.

Idazkaria:

Idazkari-lanak industriaren arloko eskumena duen saileko ordezkari batek egingo ditu, sail horretako sailburuak izendatuta. Ordezkariak hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Idazkariak egiten diren jardueren eta hartzen diren erabakien akta egingo du. Aktan, saria nork irabazi duen arrazoitzen duen irizpena jasoko da.

3.– Epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketek eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritakoa izango dute arau.

4.– Epaimahaiaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da.

5.– Epaimahaiaren osaera erabakia hartu baino lehen emango da argitara, industriaren arloko eskumena duen sailburuaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

8. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sarirako nor proposatu erabakitzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Hautagaia luzaro eta urte askotako inplikazioz aritu izana enpresa arloan.

b) Hautagaiak enpresa arloko balioak garatzen, enpresak sortzen eta jarduera eta lanpostu berriak sortzen egin duen lana garrantzi handikoa izatea, eta hautagaiak ikerketa, berrikuntza edo ekoizpenaren arloan nahiz kudeaketa, banaketa edo merkaturatzearen arloan egin duen ekarpen pertsonalak berezko garrantzia izatea.

c) Emakumeak izatea hautagai, emakume enpresaburuen lana ikusarazteko eta aitortzeko.

d) Hautagai bat baino gehiago egonez gero, lehentasuna izango dute zaharragoak direnek eta ordura arte goraipamen publikorik jaso ez dutenek edo, lan bikaina eginagatik ere, gizartean nabarmendu gabe aritu direnek.

9. artikulua.– Sariaren epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen arrazoitua egingo du.

2.– Epaimahai kalifikatzailearen proposamena ikusi ostean, industriaren arloko eskumena duen sailburuak ebazpena emango du, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta, gehienez ere, hiru hilabeteko epean. Saria emateko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Saria eman gabe uztea erabaki daiteke, epaimahaien iritziz proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen.

10. artikulua.– Aintzatespen publikoa.

Aintzatespen publikoaren ekitaldia industriaren arloko eskumena duen sailburuak deitutako ekitaldi publiko batean egingo da.

LEHENENGOA XEDAPEN GEHIGARRIA

Saria jasotzeko eskubidea galdutzat joko da dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalak izanez gero, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat izanez gero, sexuan oinarritutako diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Joxe Mari Korta Sariaren 2025eko deialdia egiten da.

2.– Hautagaitzak eta nahitaezko gainerako dokumentazioa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Kabinete Zuzendaritzara bidali behar dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein bide erabiliz.

3.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira «Joxe Mari Korta» sariak arautzen dituen Industria eta Berrikuntzako sailburuaren 2009ko uztailaren 29ko Agindua eta «Joxe Mari Korta» sariak arautzen dituen agindu hori aldatzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 20ko Agindua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako xedapenak izango dira aplikagarriak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek administrazio bidea agortzen du, eta beronen aurka interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 16a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala