
93. zk., 2025eko maiatzaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (153 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2149
EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 12koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024rako «Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuen Estrategia» laguntza-programaren oinarri arautzaileak aldatzen dituena, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta.
2024ko abuztuaren 9an, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak 2024rako Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzeko, argitaratzeko eta deialdia egiteko ebazpena egin zuen, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta.
Argitaratu zenetik, eskaeren bolumena handia izan da; izan ere, programaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan adimen artifizialean oinarritutako zerbitzuak eta/edo soluzio komertzialak aplikatzeko proiektuak babestea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Horretarako, datuaren kudeaketa estrategikorako proiektuak ere babesten ditu, adimen artifizialean oinarritutako soluzioak ezartzeko prozesua azkartzeko.
Halaber, adierazi behar da programa erakundearen 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta gardentasunaren atarian argitaratu zen.
Horregatik, programari esleitutako baliabide ekonomikoak handitu eta eskaerak aurkezteko epea luzatuko du, aurrekontuaren aukeren barruan.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ontzat ematea 2024ko Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programako oinarri arautzaileen 3. artikuluko 1. atalaren aldaketa, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta. Honela geldituko da idatzita:
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2024an eta 2025ean laguntza-programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 6.025.417 eurokoak dira, eta SPRI–Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024rako eta 2025erako aurrekontu orokorretan sartuta daude.
Adierazitako hornikuntza ekonomikoa Europako Suspertze Tresnatik eratorritako baliabide finantzarioen bidez finantzatzen da («Next Generation EU»), Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko (EB) 2021/241 Araudiak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bitartez.
Bigarrena.– Ontzat ematea 2024ko Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programako oinarri arautzaileen 10. artikuluaren aldaketa, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta. Honela geldituko da idatzita:
10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2025eko irailaren 30ean bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2025eko irailaren 30eko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).
Laguntza-eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagun daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko dira. Hala ere, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaeren izapideak onartuko dira.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea 2024ko Adimen Artifizial Aplikatua eta Datuaren Estrategia laguntza-programaren oinarri arautzaileak aldatzeko ebazpen hau, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, Europar Batasuneko NextGenerationEU funtsek finantzatuta.
Laugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bilbao, 2025eko maiatzaren 12a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
RSS