Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2025eko maiatzaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2146

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako prestakuntza-jardueretarako deialdia egiten baita, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Ikasiz Hezi 2025-2026 Planaren barruan.

Etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, eta hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere bai. Halaber, irakasleen prestakuntzak eredu pedagogikoen etengabeko hobekuntzaren oinarria izan behar du, euskal hezkuntza-sistema osoaren ekitatean nahiz kalitatean aurrera egin eta bikaintasuna lortzeko.

Irakasleentzako prestakuntza-programak erronka bikoitza du. Alde batetik, irakasleek beren funtzioei dagozkien erantzukizunak baldintza onenetan bete ahal izateko konpetentzia-profila eskuratzen laguntzea. Eta, bestetik, irakasle bakoitzaren konpetentzia profesionalaren hobekuntzak, egunerokoan, ikastetxearen esparru guztietan eragitea, bereziki, ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, hezkuntza-etapa bakoitzeko irteera-profilean definitutako gaitasunak lortu ahal izateko.

Hori kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak unibertsitatez kanpoko irakasleen urteko prestakuntza-plana egin du. Planaren helburua da irakasleei beren konpetentzia profesionala garatzera bideratutako prestakuntza-proposamenak eskaintzea, arreta berezia jarriz prestakuntza horrek, egunerokoan, ikastetxean egiten den lanean izan behar duen irismenean, hezkuntza-komunitate osoaren onerako izan dadin eta, oro har, ikasleen garapen integrala bultza dezan. Plan horren diseinuan, irakasleen iradokizunak eta balorazioak ere kontuan hartu dira.

Hori dela eta, Hezkuntza Sailak konpromisoa eta erantzukizuna eskatzen die prestakuntzan parte hartuko duten irakasleei, eskuratutako ezagutzek eragina izan dezaten ikasgeletako jardueretan eta inpaktua sor dezaten ikastetxean; hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetu dadin.

Prestakuntza-jarduerak egiteko, Hezkuntza Sailak bere baliabideez gain, kanpoko entitateen laguntza izango du. Entitate horiek kontratazio-prozedura bidez jasoko dute 2025-2026 ikasturtean, Ikasiz Hezi planaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako banakako ikastaroak emateko esleipena.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Ikasiz Hezi 2025-2026 Planaren barruan, prestakuntza-jarduerak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleek jarraitu beharreko prozedura ezartzea: eskaera egiteko modua, parte hartzeko bete beharreko baldintzak eta parte-hartzaileak aukeratzeko prozedura.

2. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak.

2025-2026 ikasturterako prestakuntza-jardueren zerrenda Hezkuntza Sailaren webgunean kontsultatu ahalko dute irakasleek, 2025eko maiatzaren 12tik aurrera. Prestakuntza-jarduera bakoitzak deskribapen-fitxa bat du, Hezigunean kontsulta daitekeena, eta fitxa bakoitzak informazio hau jasotzen du:

– Ikastaroaren izena, kodea eta entitate arduraduna; zeinek emango duen; ordu kopurua; plaza kopurua; ikastaroaren hasiera- eta amaiera-datak; non emango den eta zer ordutegi izango duen.

– Irakasleen eta ikasleen konpetentziak.

– Hartzaileak eta prestakuntza-jarduera bakoitzaren berariazko betekizunak, onartzeko nahitaez bete behar direnak.

– Programa xehatua: helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluazioa.

– Emateko modalitatea eta jardueraren zereginak edo faseak, jarraian zehazten denaren arabera:

D: jarduera aurrez aurre eta eskola-orduetatik kanpo ematea.

H: jarduera online ematea.

G: txosten edo memoria bat egitea.

F: ikasgelan praktika bat egitea.

Ikastaro guztietan dago aurreikusita ikasgelako praktika bat egitea edo txosten edo memoria bat idaztea jarduerari buruz.

3. artikulua.– Hartzaileak.

1.– Honako hauek izan daitezke partaide prestakuntza-jardueretan:

a) Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, publikoetan edo itunpekoetan, lan egiten duten eta jardunean dauden irakasleak. Lehenengo postuan egongo dira lehentasun-hurrenkeran.

b) Hezkuntza laguntza-zerbitzuetako langileak, Irale ikastegietakoak eta Itsuen Baliabidetegietako langileak, Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko langileak, hizkuntza-eskola ofizialetakoak eta Hezkuntza Ikuskaritzakoak. Bigarren postuan egongo dira lehentasun-hurrenkeran, salbu eta jarduera berariaz zerbitzu horietako langileentzat bada, edo jardueran plazak gordeta badaude zerbitzu horietako langileentzat.

c) Lanbide Heziketako langileek prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute. Hirugarren postuan egongo dira lehentasun-hurrenkeran.

2.– Hezkuntza Bereziko langile lan-kontratudunek hezkuntza-premia bereziei buruzko jardueretan parte hartu ahalko dute, jarduera horietarako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3.– Ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan Haur Hezkuntzan (0-3 urteko zikloa) lan egiten duten irakasleek ziklo horretarako jardueretan parte hartuko dute, prestakuntza-jarduera horietan parte hartzeko zehazten diren baldintzen arabera.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza Saileko aplikazioan, Hezigunea atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.

2.– Prestakuntza-jarduera batzuetan parte hartzeko beharrezkoa baldin bada titulu jakin bat edukitzea atzerriko hizkuntzen arloan edo zeinu-hizkuntzaren arloan, ofizioz egiaztatuko da titulazio edo ziurtagiri hori egon badagoela eskatzailearen espedientean, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

3.– «Bideetako arriskuen prebentzioa ikasgelan. II. maila» prestakuntza-jardueran eskaera egitean, ofizioz egiaztatuko da eskatzaileak «Bideetako arriskuen prebentzioa ikasgelan. I. maila» prestakuntza-jardueraren ziurtagiria lortu duela, eta egon badagoela bere espedientean, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

4.– Eskatzen den titulazioa edo ziurtagiria, 2. eta 3. apartatuetan aipatzen dena, Hezkuntza Saileko langileen erregistroan aurkeztuta egon beharko da eskaera aurkezteko epea amaitzean, aintzat hartua izateko. Eskatutako titulazioa edo ziurtagiria ez aurkeztea erreklamazio epean zuzendu ahal izango da: 2025eko ekainaren 7tik 20ra lehen eskaera-epean, eta urriaren 2tik 15era bigarren eskaera-epean.

5.– Nahi adina prestakuntza-jarduera eska daiteke, eta eskabidean horien arteko lehentasun-hurrenkera ezarriko da, eskolak emateko aldi bakoitzerako. Dena den, ikastaroa zer garaitan ematen den, garai horretako jarduera multzoa osatzen duten jardueren artetik bakar batean onartuko da eskatzailea; salbu eta artikulu honen 6. eta 7. apartatuetan ezarritako egoeretakoren gertatzen bada.

6.– Prestakuntza-jarduera bat eskatu dutenen artean, bateraezintasun-arrazoiengatik kanpoan geratzen direnek (talde bereko beste jarduera batean onartuta egoteagatik), ikastaroan sartzea eskatu ahalko dute, baldin eta plaza hutsak geratzen badira deialdiaren behin betiko ebazpena argitaratu ondoren. Eskabidea onartzeko, justifikatu egin beharko da talde bereko jarduerak bateragarriak direla; hau da, jardueren egunak eta ordutegiak ez datozela bat.

7.– Eskatu ez dituzten ikastaroetan, hutsik geratu diren plazak bete nahi dituztenek aurkeztu ahal izango dute eskabidea, deialdia behin betiko ebatzi ondoren. Ikastaroen eskaera telematikoki egingo da, Hezigunea atarian.

8.– Artikulu honetako 6. eta 7. apartatuetan aipatutako eskabideak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera onartuko dira, hutsik dauden plazak agortu arte. Kasu horietan eskaerak Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaizkio Hezigunea atariaren bidez.

5. artikulua.– Eskaera egiteko epeak.

Eskaerak egiteko bi epe izango dira. Epe bakoitzean, epe horri dagozkion prestakuntza-jardueretarako soilik aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

a) Lehen eskaera-epea:

– 2025eko uztailean, abuztuan, irailean eta urrian hasten diren jarduerak.

– Eskaera egiteko epea: 2025eko maiatzaren 21etik ekainaren 4ra bitarte, biak barne.

b) Bigarren eskaera-epea:

– 2025eko azarotik 2026ko ekainera bitartean egiten diren jarduerak.

– Eskaera egiteko epea: 2025eko irailaren 12tik 26ra bitarte, biak barne.

6. artikulua.– Parte-hartzaileak aukeratzea.

1.– Ikastaroan sartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideak, artikulu honen 4. apartatuan jasotako kanporatze-arrazoiren bat ez daukaten heinean, eranskinean ezarritako baremoen arabera baloratuko dira. Atzerriko hizkuntzen jakintza-mailaren egiaztagiria eskatzen duten hizkuntzen prestakuntza-jarduerei dagokienez, titulazio hori kontuan hartzeko eta eskatzaileak jardueran parte hartu ahal izateko, egiaztagiri hori interesdunaren espedientean egon beharko da jasota, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.

2.– Puntuazio-berdinketa badago, 3. artikuluko lehentasun-ordena aplikatu ondoren, eskatzaileak zerbitzuan eman duen denborari erreparatuko zaio.

3.– Prestakuntza-jardueraren batean onartuak izan eta gero arrazoirik gabe huts egiteagatik Prest_Gara 2023-2024ko eta 2024-2025eko deialdietan zigortuak izan diren eskatzaileek deialdi honetako prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaera egin ahalko dute, baina, 0 puntu egokituko zaizkie aukeraketa-prozeduran, bat etorrita Hezkuntzako sailburuaren 2023ko apirilaren 27ko Aginduaren 8.3 artikuluarekin (agindu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako deialdia egiten da, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2023-2024 Planaren barruan) eta bat etorrita, halaber, Hezkuntzako sailburuaren 2024ko maiatzaren 13ko Aginduaren 8.3 artikuluarekin (agindu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako deialdia egiten da, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2024-2025 Planaren barruan).

4.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaerak, aukeraketa-prozeduratik baztertuta geratuko dira honako kasu hauetan:

– Eskaerak ez badu edo baditu betetzen jardueran parte hartzeko beharrezko diren baldintzetako bat edo batzuk; besteak beste, prestakuntza-jarduera batzuetan eskatzen diren ziurtagiriak edo hizkuntza-tituluak izatea. Baldintza horiek dagokion prestakuntza-jardueraren deskribapen-fitxan jasoko dira.

– Eskatzaileak eskatutako ikastaroan adierazita dagoen hizkuntza-maila baino goragoko mailako ziurtagiria edo maila badu atzerriko hizkuntzan, baldin eta ikastaroaren fitxan jasotzen bada baztertua izateko arrazoi izango dela baldintza hori.

5.– Baldintzak ez betetzeagatik eskaera baztertu bada, eskatzaileek hamar eguneko epea izango dute, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, baldintzak betetzen dituztela argudiatzeko eta dagokion ikastaroko baldintza betetzen dutela egiaztatzen duen ziurtagiria edo hizkuntza-titulazioa aurkezteko, baztertu ez ditzaten artikulu honetako 4. apartatuan zehaztutako arrazoiengatik. Baldintza hori egiaztatzeko, aipatutakoa agindu honen 4.4 artikuluan jasotako prozedura bera jarraitu beharko da.

7. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendariak izen-ematea behin-behinean ebatziko du, eta Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da ebazpena; horren ondoren, parte-hartzaile bakoitzak bere eskaeraren egoera ikusi ahal izango du Hezigunea atarian. Aipatutako ebazpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, eta honako hauek atxikiko zaizkio:

– Egingo den prestakuntza-jarduera bakoitzaren behin-behineko zerrenda, Hezigunea atarian, eskaera bakoitzaren egoera adieraziko duena (onartua, erreserban eta baztertua, baztertzeko arrazoia aipatuta); eskaera egin dutenek atari horretan ikusi ahalko dute beren egoera.

– Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin-behineko zerrenda, Hezkuntza Sailaren webgunean, ebazpenaren leku berean.

Ikastaroetara onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak 2025eko ekainaren 6an argitaratuko dira, lehen eskaera-eperako, eta, 2025eko urriaren 1ean, berriz, bigarren eskaera-eperako.

2.– Interesdunek, alegazioak egin edo parte hartzeari uko egin nahi izanez gero, 2025eko ekainaren 20ra arte izango dute, lehen eskaera-eperako, eta 2025eko urriaren 15era arte, bigarren eskaera-eperako.

3.– Behin alegazioak egiteko epea amaituta, Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendariak behin betiko ebatziko du izen-ematea. Ebazpen hori Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da, eta parte-hartzaile bakoitzak bere eskaeraren egoera ikusi ahal izango du Hezigunea atarian. Behin betiko ebazpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, eta honako hauek atxikiko zaizkio:

– Jardueraren araberako zerrenda nahiz eskatzailearen araberakoa, non adieraziko baita eskatzaileak zein egoeretan dauden eskatutako jarduera bakoitzean:

a) Onartua: ikastaroan plaza izatea.

b) Erreserban: ikastaroan parte hartzeko baldintzak bete arren, lehentasun-maila berarekin, esleitutako azken plazadunak baino puntuazio txikiagoa izateagatik plaza ez lortzea.

c) Baztertua: deialdiko edo ikastaroan parte hartzeko baldintzak ez betetzeagatik, edo aldi horretan bertan beste ikastaro baterako onartuak izateagatik bateraezintasun-egoeragatik ikastarotik kanpo geratzea. Honako hauek dira baztertzeko arrazoien kodeak:

C: langilea jardunean ez aritzea.

I: bateraezintasuna beste ikastaro batekin (garai berean emango den beste jarduera baterako onartua izateagatik).

K: ez da betetzen prestakuntza-jardueran parte hartzeko baldintza zehatz bat.

L: ikastaroa ezeztatu egin da.

H: eskatzaileak uko egin dio.

T: atzerriko hizkuntzarekin lotuta, ez da betetzen atzerriko hizkuntzan eskatzen den maila egiaztatzeko baldintza.

– Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda, Hezkuntza Sailaren webgunean, ebazpenaren leku berean.

Bertan behera geratu diren prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda, onartutako eskaeren gutxieneko ratioa ez betetzeagatik (gutxienez 6 plaza, hizkuntza-ikastaroetan, eta gutxienez 8 plaza, gainerako ikastaroetan). Hori ere, Hezkuntza Sailaren atarian, ebazpenaren leku berean.

4.– Behin betiko ebazpenaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, ebazpena Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratu eta hilabeteko epean, Egoitza Elektronikoan eskuragarri dagoen Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan bertan.

5.– Deialdi honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko, hiru hilabeteko epea dago, gehienez ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ez bada ebazpenik jakinarazi, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dio betebeharra.

8. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Prestakuntza-jardueran parte hartzeak parte-hartzaileak behartzen ditu eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko, eta ikastetxean eta ikasgelan egiten duten eguneroko lanean aplikatzeko, konpromisoa eta ardura hartzera. Hortaz, atzerriko hizkuntzetan espezialistak ez diren irakasleek atzerriko hizkuntzetako prestakuntza jasotzean beren asmoa izan beharko da arloko edukiak hirugarren hizkuntza batean emateko behar den gaikuntza lortzea.

2.– Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, arrazoi justifikatuak badaude soilik onartuko da prestakuntza-jardueran parte hartzeari uko egitea; adibidez, aldi baterako ezintasun-egoeretan edo ustekabeko lan-egoeraren kasuan. Uko egiteko jakinarazpena Hezigunea atariaren bidez bidali beharko da, prestakuntza-jarduera hasi aurretik; uko egitea justifikatzen duen gertaera jazo ondoren, ahal bezain laster, eta, hala badagokio, uko egite eskaerari hori justifikatzeko dokumentua erantsi beharko zaio.

3.– Onartutakoek justifikaziorik gabe uko egiten badute edo prestakuntza-jardueraren saioetara agertzen ez badira (8.8 artikuluan ezarritako mugen baitan) zigorra jasoko dute; hau da, hurrengo bi edizioetan (2026-2027 eta 2027-2028) 0 puntu izango dituzte Ikasiz Hezi planaren barruan antolatutako prestakuntza jardueren, izen-emate eskaeren, baremazioetan. Eta justifikatu gabeko uko-egitetzat hartuko da aurrez jakinarazi gabe eta inolako arrazoirik frogatu gabe saioetara ez agertzea.

4.– Onartuek uko egiten badute edo saioetara agertzen ez badira, hutsik geratzen diren plazak betetzeko erreserba-zerrendako pertsonengana joko da, horiek zerrendan duten hurrenkeraren arabera; parte hartzeko aukera beraiek jakinarazpenetarako zehaztutako posta elektronikoa erabilita eskainiko zaie. Oro har, ez dira hutsik dauden plazak beteko, behin prestakuntza-jardueraren bigarren saioa eman ondoren. Nolanahi ere, salbuespenak egin daitezke, baldin eta jarduerak iraupen luzea badu, ez bada aurrez aurreko prestakuntza, edo salbuespena egitea baimen dezaketen beste baldintza batzuk tarteko.

5.– Atzerriko hizkuntzekin lotutako prestakuntza-jardueretan, hasi aurretik, entitate arduradunak hasierako ebaluazio-proba bat egin ahal izango die onartutako pertsonei. Eskatzailearen maila ez badator bat ikastaroaren hasierako diseinuarekin, erakundeak Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio. Eta entzunaldi-izapidea egin ondoren, plaza hori erreserban dagoen beste eskatzaile batek betetzea erabaki ahal izango da.

6.– Parte-hartzaileei ez zaie inolako diru-kopururik ordainduko lekualdatze-gastuengatik edo Ikasiz Hezi planeko prestakuntza-jardueretan parte hartzearekin lotutako inolako kontzepturengatik.

7.– Parte-hartzaileak behartuta daude onartuak izan diren prestakuntza-jardueran programatutako fase eta zeregin guztiak gauzatzera, bai eta 2. artikuluan aipatutako ikasgelako praktika edo txostena edo memoria egitera ere. Era berean, ikastaroa amaitu ondoren eta 2026ko uztailaren 31 baino lehen, Hezigunea atarian horretarako ezarriko den prestakuntza-jardueraren inkesta bete beharko dute. Bestela, parte-hartzailea ez da gai izango, eta prestakuntza-jarduera ez zaio ziurtatuko.

8.– Gai izateko, prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenek, gutxienez, jarduera-orduen % 80ra joan behar dute (modalitate presentziala edo mistoa dutenean), zeregin guztiak egin beharko dituzte, proiektu, txosten edo memoria bat entregatu beharko dute, eta balorazio-fitxa bete beharko dute, hala ezarrita baldin badago. Prestakuntza-jardueretan parte hartu duenak hura gaindituz gero, hala jasoko da Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntzaren jardueren datu-basean. Gai izan badira, irakasleek ziurtagiria ikusi eta inprimatu ahal izango dute, Hezigunea atariaren prestakuntza-atalean sartuta; gai ez badira, berriz, ez dute inolako ziurtagiririk lortuko, onartuak izan diren prestakuntza-jardueran.

9. artikulua.– Prestakuntza-jardueren jarraipena.

Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari dagokio prestakuntza-jardueren jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, behar diren jarraibideak eman ditzake, eta Berritzegune edo Hezkuntzarako Laguntzeko Zentroen laguntza eska dezake.

10. artikulua.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak «Irakasleen Prestakuntza» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

Arduraduna: Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Irakasleak prestatzeko jarduerak. Irakasleen hizkuntza-gaikuntza, IRALE programa. EAEko unibertsitatez kanpoko irakasleen prestakuntza hobetzeko jardueretan parte hartzea (Ikasiz Hezi Plana). Jardueren jarraipena.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa zaio tratamenduaren arduradunari, interes publikoaren izenean edo botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko.

Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk. Euskaltegiak, buletina, HABE.

Eskubideak: Datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala