Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2025eko maiatzaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2144

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 22koa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Euskal Haizie SLU enpresak Gueñes, Zalla, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskizko udal-mugarteetan (Bizkaia) Artzentales-Sopuerta parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria zenak 2022ko azaroaren 7an emandako ebazpenaren bidez, Euskal Haizie SLk Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla, Balmaseda, Turtzioz eta Gueñesko udalerrietan (Bizkaiko lurralde historikoan) sustatutako «Artzentales-Sopuerta» parke eolikoa egiteko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua formulatu zen.

2023ko urriaren 20an, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zituen Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñesko udal-mugarteetan (guztiak Bizkaiko lurralde historikoan) «Artzentales-Sopuerta parke eolikoa eta haren ebakuazio-azpiegiturak» egiteko proiektua eta horren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitezen. Izapide horri dagokion iragarkia 2023ko urriaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (205. zk.) eta 2023ko urriaren 30eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (208. zk.) argitaratu zen. Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, organo substantiboak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Halaber, jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.

2024ko martxoaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza zenak Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren eskaera jaso zuen, Euskal Haizie SLUk Gueñes, Zalla, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskizko udal-mugarteetan (Bizkaia) Artzentales-Sopuerta parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.

Espedienteko dokumentazioaren azterketa formala egin ondoren, aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko bi errekerimendu bidali zizkion ingurumen-organoak organo substantiboari, 2024ko martxoaren 21ean lehena, eta apirilaren 18an bigarrena, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko epea eten zela jakinarazi zuen.

2024ko martxoaren 26an eta uztailaren 2an eta 11n, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak dokumentazio osagarria erantsi zuen.

Espedienteko dokumentazioaren azterketa formala egin ondoren, plangintza hidrologikoaren, jabari publiko hidraulikoaren eta uren kalitatearen arloan eskumenak dituen organoaren nahitaezko txostena bidaltzeko errekerimendua bidali zion ingurumen-organoak organo substantiboari 2024ko irailaren 10ean, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko epea eten zela jakinarazi zuen.

Eskaerak, osatu ondoren, honako agiri hauek jasotzen ditu:

– Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren oinarrizko proiektua. 2023ko abuztua.

– Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren ingurumen-inpaktuaren azterketa. 2023ko abuztua. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarria. 2023ko urria.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazioaldia, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).

– Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza (kontsultatu diren administrazio publikoetako organismoen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari buruz egindako gogoetak).

Espedientean jasotako dokumentazioa aztertu ondoren, egiaztatu da agiri horien artean dagoela Bizkaiko Foru Aldundiaren txostena, eta txosten horretan berariaz aipatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikulua.

Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2025eko urtarrilaren 22ko ebazpen bidez, jarduketa osagarri bat egitea erabaki zen: txosten bat, egiaztatzeko foru-organoek Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluan xedatutakoaren arabera emandako txostenak organo honentzat lotesleak diren ala ez, ingurumen-ebaluazioaren arloan dituen eskumenak baliatzeari dagokionez.

Era berean, erabaki zen etetea Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera ebazteko epea, aurreko apartatuan adierazitako txostena lortu bitartean.

2025eko martxoaren 10ean, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Uraren Euskal Agentziaren txostena erantsi zion espedienteari.

«Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluarekin bat etorriz egindako txostenak lotesleak izateari edo ez izateari buruzko lege-iritzia» izeneko dokumentua jaso ondoren, Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2025eko apirilaren 3ko Ebazpenaren bidez amaitutzat eman ziren jarduketa osagarriak, eta erabaki zen etena kentzea Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren proiekturako egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera ebazteko epeari.

Era berean, erabaki zen sustatzaileari (Euskal Haizie SL) zazpi eguneko epea ematea, Eusko Jaurlaritzako Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak 2025eko martxoaren 12an emandako txostenari buruz egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

Entzunaldi horretan Euskal Haizie SLk ez du alegaziorik aurkeztu jarduketa osagarriaren emaitzari dagokionez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, helburua da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumenaren ebaluazio-prozedura bete beharko dute Legearen II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek. Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren proiektua arau horren II.D eranskineko D.3 taldeko 3.j) epigrafean dago sartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta aukera eman die eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei prozeduran parte hartzeko.

Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planak honako hau dio 6. artikuluko 1. apartatuan, «Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa» izenekoan:

«Baldin eta plan, programa edo proiektu batek zuzeneko edo zeharkako eragina izan badezake Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan edo ugatzaren edo sai zuriaren eremu kritikoetan eta, bakarka edo beste batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezake espezie horien babesean eta haiek lehengoratzeko aukeretan, lurralde historiko bakoitzean Baterako Kudeaketa Plana aplikatzeko eskumena duen sailak txosten bat egingo du nahitaez, ebaluatzeko nolako eragina izango duen plan, programa edo proiektuak Kudeaketa Planaren helburuetan. Txostena loteslea izango da».

Horretarako, espedientean jasota dago Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostena. Honako hau dio:

«Txosten hau Bizkaiko Foru Aldundiaren 83/2015 Foru Dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritako nahitaezko txosten loteslea da (83/2015 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onartzen duena), Artzentales-Sopuertako parke eolikoaren proiektuari dagokiona».

«Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari dagokionez, Natura Ondarearen Zerbitzuak jakinarazi du, parke eolikoaren aerosorgailuak sai zuriarentzat kritikoak diren 3 eremuren inguruan kokatzeak zuzeneko eragin negatibo eta onartezina izango duela Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota dagoen eta habitat-aldaketekiko kaltebera den espezie horretan. Beraz, erasan hori inpaktu kritikotzat hartu behar da, ezin daitekeena zuzendu obran zehar edo parke eolikoaren funtzionamendualdian zehar har litezkeen neurrien bidez, ez eta konpentsazio-neurri alternatiboak ezarriz konpentsatu ere».

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Haizie SLU enpresak Gueñes, Zalla, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskizko udal-mugarteetan (Bizkaia) Artzentales-Sopuerta parke eolikoa egiteko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren kontrako txostena ematea, jarraian egindako azterketarekin bat etorriz, eta azaltzen diren alderdi eta arrazoiengatik:

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean eginda dago, eta jarduketa hauek biltzen ditu:

– Artzentales-Sopuerta parke eolikoa eta haren sarbideak eta lurpeko erdi-tentsioko azpiegitura elektrikoa (30 kV).

– Artzentales-Sopuerta transformazio-azpiestazio elektriko jasotzailea (30 kV/66 kV).

– Transformazio-azpiestazio elektrikotik Gueñesko transformazio-azpiestazio elektriko murriztaileraino (66 kV/30 kV) doan aireko ebakuazio-linea. Luzera: 17.729 m guztira, airetik oso-osorik.

– Gueñesko transformazio-azpiestazio elektriko murriztailea (66 kV/30 kV).

– La Jarako (Gueñes) azpiestazioarekin konexioa lurpean, guztira 466 metroko luzerarekin.

Proiektuaren kokapena eta deskribapena:

Proiektuaren sustatzailea Euskal Haizie SL da.

Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da.

Proiektuaren xedea da Artzentales-Sopuerta parke eolikoa eta haren ebakuazio-azpiegitura eraikitzea Gueñes, Zalla, Sopuerta, Artzentales, Galdames eta Muskizko udal-mugarteetan (Bizkaia), Kantabriako Autonomia Erkidegoaren mugan. Parkeak 49,6 MW-eko potentzia instalatua du eta 8 aerosorgailu ditu (6,2 MW-eko potentziakoa bakoitza), inguru menditsu batean, Torrelaseta tontorraren eta Mello mendiaren arteko lerrokaduran.

Parkearen diseinuak 8 aerosorgailu ditu, ARTZ-01, ARTZ -02, ARTZ -03, ARTZ -04, ARTZ -05, ARTZ -06, ARTZ -07 eta ARTZ -08 izenekoak; horietako bakoitzak 6,2 MW-eko potentzia du, eta 9 km inguruko luzera duen lerroa osatzen dute. Aerosorgailuak bi lerrokaduratan jarrita daude, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskizko udal-mugarteetan. Lau aerosorgailuz osaturiko lehen lerrokadura Alen eta Biroleo mendien inguruan dago, itsas mailatik 480 metro (ARTZ-04) eta 794 metrora (ARTZ-01) arteko kotetan. Beste 4 aerosorgailu dituen bigarren lerrokadura El Tojo, Mello eta Rebollinar mendien inguruan dago, itsas mailatik 350 metro (ARTZ-08) eta 600 metrora (ARTZ-06) arteko kotetan, gutxi gorabehera. Urtean 133 GWh-ko ekoizpen garbia izatea aurreikusten da.

Proiektuan sartzen dira, sarbideez eta barne-bideez gain, parkeari lotutako azpiegiturak ere. Parkeak sortutako elektrizitatea 30 kV-eko lurpeko zirkuituen bidez eroaten da, aerosorgailuak Artzentales-Sopuerta transformazio-azpiestazioarekin (jasotzailea) lotzen dituen bidearen paraleloan; azken hori ARTZ-03 eta ARTZ-04 aerosorgailuen artean dago, 500 m inguruko altitudean. Artzentales-Sopuerta azpiestazio transformatzailean (jasotzailea) tentsioa 66 kV-era jasotzen da, eta 66 kV-eko linea elektriko bat abiatzen da, 17.729 m luzekoa; airetik doa tarte osoan eta 52 euskarri ditu. Linea hori 66/30 kV-eko tentsioa murrizteko azpiestazioan amaitzen da, Gueñesko udal-mugartean; tentsioa 30 kV-era murrizten da, eta La Jara azpiestaziora konektatzen da 466 m luzeko lurpeko linea baten bidez, udalerri berean. Instalazioa bertan konektatzen da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren sarera.

Parkea eraikitzeak erasan atzeraezina izango du 11,3 ha inguruko azaleran (zimenduak, plataformak, barne-bideak eta sarbideak).

Hurrengo taulan jasotzen dira aerosorgailuen UTM koordenatuak.

(Ikus .PDF)

UTM koordenatuak ETRS89, 30N eremua.

Laburbilduz, parke eolikoak honako osagai eta jarduketa hauek eskatzen ditu:

– Aerosorgailuak:

6,2 MW-eko potentziako, 115 metroko abatz-altuerako eta hiru palako 170 metroko diametroko errotorea dituen SG170 aerosorgailu modeloa hautatu da. Ekortze-eremua 22.698 m2 da. Aerosorgailuen arteko distantzia 520 m eta 3.359 m artekoa da.

– Zimenduak eta muntatze-plataformak:

Aerosorgailu bakoitzak oinarri zirkularreko hormigoi armatuzko zimendu bat egitea eskatuko du, 24,90 metroko diametrokoa eta 3 metroko ertzekoa, eta 6,4 metroko diametroko idulkia.

Gainera, dorre bakoitzaren ondoan, hainbat lan-eremuz osatutako plataforma horizontal bat egokituko da, ekipoak altxatzeko behar den garabia edo garabiak kokatu ahal izateko. Plataformen definizioa tarteak eta palak Just In Time egitean oinarritzen da; aerosorgailutik gertu biltegiratuko diren osagaiak (abatza, kaxa eta potentzia-trena) zimenduaren gainean bilduko dira zuzenean.

– Aldi batean biltzeko eremua:

Osagaiak biltzeko plataforma bat jarriko da. 8.000 m2 inguruko aldi baterako okupazioa izango du. Belar-sastrakak kendu, eta nibelatu egingo da. Gutxi gorabeherako biltegiratze-edukiera palek eta dorre zatiek behar dutena izango da. Plataforma ARTZ-08 aerosorgailura sartzeko bidean dago.

– Obra-kanpamentua:

2.000 m2 inguruko zabalgunea egin nahi da ARTZ-05 aerosorgailuaren ondoan, aldi baterako edukiontziak instalatzeko, langileei eta enpresei zerbitzuak errazte aldera. Obrak amaitu ondoren, eremu hori lehengoratzea aurreikusten da.

– Kamioientzako biraketa-eremua:

Muntatze-kamioiek biratu ahal izateko plataforma bat egin nahi da parkearen hegoaldean, ARTZ-01 posiziotik gertu. Sastrakak kenduko dira; beraz, haren eraikuntza-profila osagaiak garraiatzeko erabiltzen diren parkeko bideenaren berdina da.

– Sarbideak eta barne-bideak:

Proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako deskribapenaren arabera, Artzentales-Sopuerta parke eolikorako sarbidea egiteko, lehendik dauden bideak –egokitu egin behar dira– erabiliko dira ahal den guztian. Hainbat aukera aurreikusten dira: sarbide bat Las Muñecaseko mendatetik abiatzen da, eta beste bat Santelices Industrialdetik (Muskizko udal-mugartean), parkearen ipar-ekialdeko eremuraino, zehazki ARTZ-08 aerosorgailuraino, eta handik gainerakoarekin lotzen da, trazaduraren zatirik handienean lehendik dauden bideen bidez. Parkerako sarbideek 6 metroko zabalera izan behar dute gutxienez. Bihurguneen zabalguneak hartu beharko dira kontuan garraioak igarotzeko, aerosorgailuaren osagai bakoitza garraiatzeko ezarri diren gutxieneko kurbadura-erradioekin bat etorriz.

Artzentales-Sopuerta azpiestazio jasotzailera parkeko barne-bideetatik sartzen da. Gueñesko azpiestazio murriztaileari dagokionez, BI-3621 errepidetik sartzen da, lehendik dagoen Jarako azpiestaziora joateko sarbidetik aurrera eginda, azpiestazioa dagoen lurzatira iritsi arte.

– Erdi-tentsioko sarea:

Aerosorgailuak azpiestazio jasotzailearekin konektatzeko 3 zirkuitu proiektatu dira: lehenengoak 4.416 metroko luzera du, eta ARTZ-01 eta 02 aerosorgailuak azpiestazio jasotzailearekin konektatzen ditu; bigarrenak (3.575 m) ARTZ-03, 04 eta 05 aerosorgailuak azpiestazio jasotzailearekin lotzen ditu; eta hirugarrenak, 2.019 m luzekoak, ARTZ-06, 07 eta 08 aerosorgailuak lotzen ditu azpiestazio jasotzailearekin.

– Artzentales-Sopuerta azpiestazio jasotzailea:

Transformazio-azpiestazioa Sopuertako udal-mugartean proiektatuta dago, ARTZ-03 eta ARTZ-04 aerosorgailuen artean, 500 m inguruko kotan. Artzentales-Sopuerta parke eolikotik datorren erdi-tentsioko linearen sarrera (30 kV) lurpean egiten da. 66 kV-eko goi-tentsioko zirkuituen irteera airez egiten da. Azpiestazioak 2.540 m2-ko azalera hartzea aurreikusten da, eta perimetro-itxitura izango du.

– Energia ebakuatzeko linea elektrikoa eta konexio-puntua:

Azpiestazio jasotzailetik energia eroaten da 66 kV-eko aireko linea elektriko baten bidez. Proiektatutako linea elektrikoa Sopuerta, Artzentales, Zalla eta Gueñes udal-mugarteetatik igarotzen da. 17.729 metroko luzera du, eta 52 euskarri ditu guztira. Ebakuazio-linearen ia trazadura osoa % 20tik gorako maldak dituzten eremuetatik igarotzen da, eta, beraz, sarbideak egokitzeko eta pistak irekitzeko lur-mugimendu handiak egin behar dira, are gehiago linearen luzera kontuan hartuta. 20 metroko segurtasun-kale bat aurreikusi da linea osoan zehar.

Linea hori Gueñesko udal-mugartean dagoen 66/30 kV azpiestazio murriztailean amaitzen da. Estazioak 1.582 m2-ko azalera du. Han 30 kV-era murrizten da tentsioa, eta 466 metro inguruko luzerako lurpeko linea baten bidez konektatzen da lehendik dagoen «La Jara» azpiestaziora; izan ere, instalazioa bertan konektatzen da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren sarera. Bi azpiestazioak lotzeko lurpeko linea Gueñesko udal-mugartetik igarotzen da oso-osorik, hiri-lurzatietatik.

– Exekuzio-epea:

Parke eolikoaren exekuzio-epe osoa 12 hilabetekoa izango dela aurreikusten da.

Proiektuaren inguruneko ingurumen-elementu nabarmenak:

Eusko Jaurlaritzaren garai hartako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Haize-energiaren eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» izeneko azterketaren arabera, eta kontuan hartuta geoEuskadi atarian dagoen kartografia, aurreikusitako aerosorgailuak, funtsean, mota horretako azpiegiturak instalatzeko sentikortasun handieneko eta handiko eremuetan daude, abifaunari eta kiropteroei eragin diezaieketen eremuetan kokatzen direlako, eta, puntualki, flora-espezie babestuak, Batasunaren intereseko lehentasunezko habitatak eta paisaia-balio handiko eremuak dituzten eremuetan eragiten dutelako. Ebakuazio-linea elektrikoa airekoa da eta sentikortasun handiko eremuak zeharkatzen ditu, hegaztientzat eta kiropteroentzat interesgarriak direlako (lehentasunezko babeslekuak daude); gailurreko eremuetan kokatuta dauden euskarriak eta Armañón KBEtik hurbilen daudenak sentikortasun handieneko eremuetan daude, adierazitako ingurumen-alderdi berdinengatik.

2.1.– Biodibertsitatea: fauna eta flora.

Parke eolikoa instalatzeko proiektatu den eremua interes handiko eremutzat jotzen da abifaunaren ikuspuntutik. Energia-instalazioa kokatzea proiektatzen den lerrokadura ia osoa «422 Kostaldeko Ekialdeko Mendia» IBA (Important Bird Area) gisa dago sailkatuta; 8 aerosorgailuetatik 6 (ARTZ-01etik ARTZ-06ra) eta ebakuazio-linearen zati bat IBA horren barruan proiektatuta daude, eta ARTZ-07 eta 08 aerosorgailuak, berriz, eremu horren inguruan egongo lirateke. Artzentales-Sopuertako kokalekua inguruan habia egiten duten hegazti harrapari bikote askoren bizi- eta elikadura-eremua da.

Batasunaren interesekoak diren EAEko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planarekin bat etorriz (Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretuaren bidez onartua) –Planak I. eranskinean deskribatutako hegaztiei egiten die erreferentzia: ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus) eta sai arrea (Gyps fulvus)–, Enkarterriko eskualdean sai zuriaren etzauntza handi bat dago; ehun ale inguru daude (otsailetik urrira), eta egunero dozenaka kilometroko joan-etorriak egiten dituzte beren behar biologikoak asetzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak plan horri buruz egindako txostenak emandako informazioa kontuan hartuta, parkerako proposatutako kokapena sai zuriarentzat kritikoak diren 3 eremuren inguruan dago, 10 km-ko perimetroan. Sai zuriak garrantzi eta dentsitate gehien duen Iberiar penintsulako eremuetako bat da, eta, beraz, nazioartean garrantzi handia du espezie hori kontserbatzeko. Era berean, parke eolikoaren inguruan interes bereziko 3 eremu eta nekrofagoen elikadurarako babes-eremuak daude identifikaturik:

– ES2130002 Ordunte, ARTZ-01 aerosorgailutik 7 km inguru hego-mendebaldera eta energia ebakuatzeko lineatik 5 km mendebaldera.

– ES2130001 Armañón, ARTZ-01 eta ART-02 aerosorgailuetatik eta ebakuazio-linearen lehen euskarrietatik 4 km mendebaldera.

– Meatzaldea, 5., 6. eta 7. aerosorgailuetatik 4 km hego-ekialdera.

Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planean adierazten denez (12.4 artikulua), hegaztiek aerosorgailuen eta energia ebakuatzeko lineen kontra talka egiteko arriskurik ez izateko, ahal dela, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan eta, bereziki, ugatzaren edo sai zuriaren eremu kritikoen 10 km-ko inguruan ez da instalatuko zentral eolikorik.

Sai arreari buruz emandako informazioari jarraikiz («interes bereziko» espeziea da Fauna eta Floraren Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan), proiektuaren inguruan koloniak eta hainbat etzauntza daude; zehazki, hiru umatze-kolonia daude Peñalban (3-4 bikote), Jorriosen (15-18 bikote) eta Cuadron (5-11 bikote), eta habia bat Alengo meategietan eta beste bi pareko ibarbidean. Gainera, 12 bikote inguruko kolonia bat dago Cerredo mendian, bi bikoteko beste bat La Granjan, eta bikote bat Pico de la Cruzen (Kantabria). Espezie horien habiak ere linearen inguruan daude, batez ere lehen zatian eta La Herrera inguruan. Beraz, proiektuko parke eolikoaren inguruan daude Bizkaiko sai arreen habien % 13,8.

Alen mendiaren gandorra (ARTZ-01 eta ARTZ-02) bi arau hauetan identifikatutako eremuetan dago: 1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, abifauna goi-tentsioko linea elektrikoekin talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituena, goi-tentsioko aireko linea elektrikoei aplikatu beharreko arau teknikoak ezartzeko xedea duena, abifaunaren elektrokuzio- eta talka-arriskuak murrizteko xedez; eta 2016ko maiatzaren 6ko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen diren, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen diren, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoekin ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira.

Kiropteroei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako plana (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatua, oraindik onartzeko dagoena) dokumentu teknikoarekin bat etorriz, ARTZ-01 eta 02 aerosorgailuetatik 2,5 km mendebaldera Siete Puertas Meategiko lehentasunezko babeslekua dago. Meategi horretan Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus hipposiderus, Rhinolophus euryale, Miniopterus schreibersii eta Myotis emarginatus espezieak daude, guztiak ere Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan babes-mailaren bat dutenak; Rhinolophus euryale nabarmendu beharko litzateke, galzorian izaki, eta, aipatutako Planaren arabera, gaur egun espezie horren 3 ugaltze-kolonia bakarrik daudenez EAEn, horietatik bi Enkarterrin. Siete Puertas meategiko babesleku hori hibernazio, udaberrirako trantsizio eta hazkuntzako babesleku gisa identifikatu da. Bestalde, proposatutako ebakuazio-linearen mendebaldean, 1,5 km ingurura, kiropteroen lehentasunezko beste babesleku bat dago: Balmasedako San Severino eliza, Rhinolophus ferrumequinum, Rhinolophus euryale eta Myotis emarginatus espezieen umatze-babesleku gisa identifikatua.

Bestalde, aireko ebakuazio-linea elektrikoaren erdiko eta amaierako tartean bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) interes bereziko eremuak diren zenbait ur-ibilgu daude, espezie horren Bizkaiko kudeaketa-planean xedatutakoaren arabera. Espezie hori «galzorian» dagoen espezie gisa katalogatuta dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan.

Intereseko landare-formazioei dagokienez, eta betiere sustatzaileak emandako datuen arabera, parkeko elementuek Batasunaren intereseko habitaten (BIH) 37.713 m2 hartzen dituzte; horietatik 13.904 m2 Nardusen formazio belarkaren 6230 BIHari dagozkie, eta beste 508 m2 Castanea sativa basoen 9260 BIHari. Bestalde, aireko ebakuazio-lineak (alde bakoitzean 20 metroko zerrenda bat duela kontuan hartuta) 112.901 m2 hartzen ditu, eta horietako asko belar- eta sastrakadi-habitatak dira. Hala ere, 4.039 m2 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako ibar-basoen BIHan daude, eta 4.211 m2 Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezieetako basoen 9340 BIHan.

Flora mehatxatuari dagokionez, ARTZ-01 lehengoratze-eremu batetik 88 metrora dago, eta Daphne cneorum flora-espeziearen kontserbazio-eremutik 505 metrora, Alen mendiaren tontorrean eta mendebaldeko hegalean; Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan «galzorian» katalogatuta dagoen espeziea da.

2.2.– Gune babestuak, korridore ekologikoak eta naturaren ikuspegitik interesa duten bestelako guneak.

Artzentales-Sopuerta parke eolikoa eta hari loturiko instalazioak EAEko naturagune babestuen saretik kanpo daude. Kokalekutik hurbilen dauden naturagune babestuak honako hauek dira:

– Armañon KBEa (ES2130001), zeina, era berean, EAEko azpiegitura berdearen sareko biodibertsitatearen erreserba eta naturagunea den. ARTZ-01 eta ARTZ-02 aerosorgailuetatik 4 km mendebaldera dago.

– Barbadungo itsasadarra KBEa (ES2130003). EAEko azpiegitura berdearen sareko biodibertsitate-erreserba da, eraginpeko eremuaren iparraldeko mugan dagoena, ARTZ-08 aerosorgailutik 3 km ingurura.

– Agüera ibaia KBEa (ES1300012- Kantabria). Proiektuaren esparruan, mendebaldean, ARTZ-01 eta ARTZ-02 aerosorgailuetatik 4 km ingurura, ibai horren 2 km inguruko zati bat igarotzen da.

– Ordunte KBEa (ES2130002). EAEko azpiegitura berdearen sareko biodibertsitate-erreserba da eta proposatutako ebakuazio-linea elektrikotik 5 km mendebaldera dago, eta ARTZ-01 aerosorgailutik 7 km ingurura.

Bestalde, parkeko elementu batzuk EAEko lurralde-antolamenduaren gidalerroen arabera definitutako Azpiegitura Berdea osatzen duten elementuetatik gertu daude:

– Proiektuaren eremua, ARTZ-01 eta ARTZ-02 aerosorgailuen eremua eta ebakuazio-linearen zati bat Gorobel-Armañón korridore ekologikoan daude. Korridoreak Alen mendiaren gailur-lerroa zeharkatzen du eta EAEko Azpiegitura Berdearen Sarean dago.

– EAEko Azpiegitura Berdearen Sareko Río Mayor-Las Tobas-Akirtza biodibertsitate-erreserba ARTZ-07 eta ARTZ-06 aerosorgailuetatik 2 km ekialdera dago.

– Barbadungo itsasadarreko, Pobeñako paduretako eta Arena hondartzako biodibertsitate-erreserba ARTZ-08 aerosorgailutik 3 km ipar-ekialdera dago.

– Meatzaldeko Paisaia Natural Babestua ere EAEko Azpiegitura Berdearen Sareko biodibertsitate-erreserba gisa sartuta dago. ARTZ-05 06 eta 07 aerosorgailuetatik 4,5 km ingurura dago hego-ekialdera.

– Barbadun eta Cadagua ibaien bilbe urdina ere gurutzatzen du ebakuazio-lineak, EAEko Azpiegitura Berdearen Sarean daudenak.

2.3.– Geomorfologia eta paisaia.

Paisaiari dagokionez, proiektuaren eremuan Balmaseda-Zallako LPPko Paisaia Interes Bereziko hamahiru eremu daude. Proiektua horietako zortzitan gainezarri nahi da:

– Ibaietako errekastoak:

• Cadagua ibaia.

• Kolitza-Barbadun ibaia.

– Balio naturala duten eremuak:

• Herrerako haizpitartea.

• Mello mendiaren gailurra.

– Balio kulturala duten eremuak:

• Meatzaritza guneak.

• Meatzaritza-ingurua.

• Galtzada erromatarra.

– Balio naturala eta kulturala duten eremuak:

• Ventoso-Betaio-Alen gailurrak.

2.4.– Hidrologia eta hidrogeologia.

Hidrologiari dagokionez, hainbat dira parke eolikoaren instalazioetatik igarotzen diren ibaiak eta errekak, edo ebakuazio-linea elektrikoak eta, batzuetan, parkearen sarbideek zeharkatzen dituztenak. Horiek guztiak bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremu gisa katalogatuta daude, «galzorian» dagoen espeziea.

Gainera, proiektuaren eremuan hainbat iturburu, lurrazaleko ur-bilketa eta zundaketa daude, hainbat erabileratara bideratuta daudenak (hiri-hornidura, ureztapena, industria, etab.). Hezeguneei dagokienez, Barbadungo itsasadarra dago (EAEko Hezeguneen LPSko II. taldea), eta III. taldean jasotako hezegune hauek (antolatzeko eta arautzeko tresnarik ez duten hezeguneak):

• Barbadungo itsasadarra (A1B1).

• Montellanoko urmaela (DB15).

• Catalina putzu-meatzea (DB14).

• Gerente putzua (DB8).

Hezeguneei dagokienez, adierazi behar da Barbadun ibaiaren arroan zehar gaur egun ustiatzen ez diren antzinako burdin-meategien aztarnak daudela; horiek hainbat urmael eta ur-forma utzi dituzte, arestian zerrendatutakoak, adibidez.

2.5.– Kultura-ondarea.

Kultura-ondareari dagokionez, parke eolikoa ezarriko den eremua historiaurreko, Erdi Aroko eta gaur egungo kultura-ondare aberatsa eta askotarikoa duen eremua da. Alengo estazio megalitikoa nabarmendu behar da (ARTZ-03 eta 02 aerosorgailuen eremua). Estazio hori Bizkaiko Lurralde Historikoko estazio megalitikoen monumentu-multzoaren barruan dago, eta Euskal Kultura Ondareko babes bereziko kultura ondasuna da. Estazio honen berezitasuna da etena dela; izan ere, monumentu megalitikoen hainbat kontzentrazio-eremuk osatzen dute, Kantabriako eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuetan barrena. Era berean, inguru horretan meatze- eta metalurgia-iraganeko (mendiko burdinolak) aztarna arkeologiko ugari daude (Erdi Arotik hasita), baita aro modernoko meatze-barrutiak eta horien garraio-azpiegiturak ere (Alengo meatze-barrutia, Castro-Alen trenbidearen trazadura eta eraikin osagarriak), eta Jarako dorretxea, XVI. mendeko eraikina, monumentu-kategoriako kultura-ondasun izendatua, babes ertainekoa, izen bereko azpiestaziotik gertu.

Azkenik, adierazi behar da ia proiektu guztiak onura publikoko mendiei eragiten diela. Zehazki, parke eoliko osoa eta transformazio-azpiestazio elektriko jasotzailea onura publikoko mendietan daude, baita ebakuazio-lineako euskarri guztiak ere, honako hauek izan ezik: 6., 35., 47., 48., 50., 51. eta 52. euskarriak.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza, laburbilduta.

Ebazpen honen eranskinean laburbiltzen da 2023ko apirilean hasitako jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Espedientean jasota daude sustatzaileak alegazioei erantzuteko aurkeztutako dokumentuak, baita eragindako administrazio publikoen txostena nola kontuan hartu diren deskribatzen duten dokumentuak ere.

Espedienteari erantsitako txostenen arabera, Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren proiektua eta ebakuazio-linea elektrikoa onartezinak dira ingurumenaren ikuspegitik; izan ere, sai zuria (espezie mehatxatua) bizi den lurraldeetan dago zati handi batean, eta beste espezie batzuen fluxu handia dago; espezie horietako batzuk ere katalogatuta daude (miru gorria, sai arrea, belatz handia, etab.), eta horien kontserbazio-egoera arriskuan jar daiteke parke eolikoa instalatuz gero.

Jasotako txostenen artean, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren nahitaezko txosten loteslea dago, Euskal Autonomia Erkidegoko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluari dagokiona. Jarraian, txosten horren arrazoi eta ondorio nagusiak azaltzen dira:

Txosten hau Bizkaiko Foru Aldundiaren 83/2015 Foru Dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritako nahitaezko txosten loteslea da (83/2015 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onartzen duena), Artzentales-Sopuertako parke eolikoaren proiektuari dagokiona.

Proiektuak proposatutako parke eolikoaren kokapena ez da bateragarria Eusko Jaurlaritzak babestutako Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planarekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren 83/2015 Foru Dekretuaren bidez onartua (83/2015 Foru Dekretua, ekainaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onartzen duena).

Aerosorgailuetarako proposatutako kokapena sai zuriarentzat kritikoak diren 3 eremuren inguruan dago, 10 km-ko perimetroan, eta 422 zenbakiko IBAren barruan (hegaztiak kontserbatzeko eremu garrantzitsua). Sai zuriaren dentsitate handieneko eremuetako bat da Iberiar penintsulan, hots, garrantzitsuenetako bat, arestian aipatutako etzauntza barne, eta, beraz, nazioartean garrantzi handia du espeziea kontserbatzeko. Gainera, erasan larria ekarriko lioke Neophron percnopterus espezieari. Beraz, ondoriozta daiteke proiektuak kalte egin diezaiokeela espeziearen kontserbazio-egoerari, nabarmen murriztuko bailitzateke haren banaketa-eremua, habiak egiteko tokiak bertan behera utzi eta lurraldeak galtzearen ondorioz.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari dagokionez, Natura Ondarearen Zerbitzuak jakinarazi du, parke eolikoaren aerosorgailuak sai zuriarentzat kritikoak diren 3 eremuren inguruan kokatzeak zuzeneko eragin negatibo eta onartezina izango duela Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota dagoen eta habitat-aldaketekiko kaltebera den espezie horretan. Beraz, erasan hori inpaktu kritikotzat hartu behar da, ezin daitekeena zuzendu obran zehar edo parke eolikoaren funtzionamendualdian zehar har litezkeen neurrien bidez, ez eta konpentsazio-neurri alternatiboak ezarriz konpentsatu ere.

Espezie mehatxatuen kudeaketan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuak Bizkaiko Industriako lurralde-ordezkariari jakinarazten dio biodibertsitatearen babesa ez dela bateragarria Artzentales-Sopuerta parke eolikoaren eta ebakuazio-azpiegituraren proiektuaren aurreko administrazio-baimena ematearekin, parkearen sustatzaileek ez baitute bermatzen ingurumena babesteko baldintzak behar bezala beteko direnik (24/2013 Legearen 53.4.b) artikulua); izan ere «proiektu horrek kalte onartezinak eragingo lizkioke Neophron percnopterus espeziari, eta kontuan hartu behar da zer mehatxu-maila duen, eta, beraz, ez da bateragarria sai zuria babestearekin, haren kontserbazio-egoerak okerrera egingo lukeelako».

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bizkaiko Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzari eta Euskal Haizie SLU sustatzaileari.

Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Adieraztea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ezingo dela errekurtsorik jarri, baina kontuan hartuta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta bide judizialean errekurtsoak jar daitezkeela.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 22a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

ERANSKINA
Jendaurreko informazioaren eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza.
(Ikus .PDF)

Jendaurreko informazio eta kontsulta aldietan, partikularren kontsultei eta alegazioei erantzuten dien 20 txosten jaso dira.


Azterketa dokumentala