
93. zk., 2025eko maiatzaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (169 KB - 6 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2142
EBAZPENA, 2024ko abenduaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amurrioko (Araba) Ugartebetxi 7an indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2024ko urriaren 24an, Amurrioko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza zenaren aurrean (gaur egun Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza da) eskabide bat aurkeztu zuen, Ugartebetxi 7an indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien, 2024ko azaroaren 19an, ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean dago horren emaitza. Era berean, Amurrioko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ugartebetxi 7an indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana), abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Amurrioko (Araba) Ugartebetxi 7an indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten den bezala:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziaren helburu nagusia da AC15 Ugarte eremuko 12. poligonoaren 83. katastro-lurzatian indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzea, egungo «A4 bizitegi-azpizona – Bizitegi-lurzati tradizionala» kalifikazioaren ordez, «A3 bizitegi-azpizona – Dentsitate txikiko eraikinetarako bizitegi-lurzatia, AC Ugarte eremuko a3.1 bizitegi-azpizona» kalifikazioa emateko, eraikigarritasuna eta esleitutako gehieneko etxebizitza kopurua ezertan aldatu gabe.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75,3. artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.
b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: ez da hauteman bateraezintasun aipagarririk hierarkiako goragoko plangintzarekin.
c) Plana egokia den edo ez ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzeko: Planak lurzati baten hiri-berroneratzea osatzen du, eta kontserbazio-egoera eskasa duen eraikin bat ordeztu.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, afekzio-eremuan egiten diren jarduketak eta jarduerak honako arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez egiten direnean: kultura-ondarearen babesa, hondakinen kudeaketa, isurketak, lurzoruaren babesa, urak, kutsadura akustikoa, ingurumena eta segurtasuna eta osasuna, besteak beste.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeria ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Plan Berezian aipatzen den jarduketa-esparrua 02 12 0083 00 0003 0001 AT katastro-erreferentzia duen lurzatia da, Amurrio udalerrian, Landako kalearen hegoaldean, Mintegi eta Ugartebetxi kaleen kantoian (Ugartebetxi kalean, zehazki) Hiri-lurzatiak 1.424,29 m2 ditu, eta eraikin bakarra: trasteleku bat, 35,28 m2-koa.
Amurrioko AC15 Ugarte eremuko 12. poligonoaren 83. katastro-lurzatiak 1.454,26 m2-ko azalera du, jabeek lagatako altxatze topografikoaren arabera; alegia, katastroan aitortzen dena baino zertxobait handiagoa, eta angeluzuzena da. Eremuak % 2,5eko pendiza du iparraldetik hegoalderako norabidean. Ipar-ekialdean Mintegi kalearekin egiten du muga; hegoaldean, Ugartebetxi kalearekin; hego-ekialdean, 81. lurzatiarekin; eta hego-mendebaldean, 84. lurzatiarekin.
Aztergai den eremua hiri-lurzorua da, eta ingurunea erabat urbanizatuta dago. Gaur egun, orube huts bat da; ekialdean baratze gune bat dago, 240 m2 ingurukoa, eta tresna-etxolatxo bat (lehen aipatu den trastelekua), 35,28 m2-koa. Oruberako ibilgailu-sarbidetik iparrera, 300 m2-ko zuhaizti bat dago.
Plana aplikatuz gero, obra fasean gertatuko dira ingurumen-efektu azpimarragarrienak, eta gehienbat bateragarriak dira, baldin eta proposatzen diren babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira. Hauek dira:
– Emisioak: obra fasean, gehienbat hautsa eta partikulak, lur-mugimenduen eta kamioien joan-etorrien ondorioz; funtzionamendu fasean, inguru urbanizatu baten berezko emisioak.
– Erasana lurzoruari (okupazioa; zirkulazioa eta mugikortasuna; hondakinak sortzea eta istripuzko isuriak; funtzionamendu fasean, inguru urbanizatu batek berez eragiten duena).
– Erasana lurgaineko eta lurpeko urari, obra fasean.
– Erasana landarediari eta habitatei (landaredia eta paisaia). Biodibertsitateak erasan moderatua pairatuko du, hizpide den eremuko landare-geruza aldaraziko denez.
– Erasana biztanleriari obra fasean, makineria astunaren joan-etorriak eta lur-mugimenduak direla eta.
Erasan akustikoari dagokionez, lurzatiak bizitegi-erabilerakoak izanik (a motakoak), kalitate akustikoko helburuen muga hauek aplikatu behar dira: 65 dB(A) goizez eta arratsaldez, 55 dB(A) gauez (egungo hirigintza-garapena kontuan hartuta).
Azterlan akustikoaren arabera, garapenaren ondoriozko zarata-mapak eta fatxadako esposizio mailak goizez, arratsaldez eta gauez aztertuta, egiaztatu da ez direla gainditzen lurzatiko KAHak.
Laburbilduz, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak, proposatutako jarduketak eta Plan honekin sortzen diren inpaktuak, uste da ondorioak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere kultura-ondarearen babesari, lurzoruaren babesari, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta baldin eta Plana garatzeko obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den azalera baino gehiago hartu gabe.
Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurriak eta ingurumen-dokumentu estrategikoak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitakoari jarraikiz.
3.– Ebazpen honetan, Amurrioko Ugartebetxi 7an indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Plana onartzearen ondorioz, bereziki neurri hauek zehaztu behar dira, besteak beste, bai obren faseari dagokionez, bai funtzionamendu faseari dagokionez, eta garatzen diren plan edo proiektuetan aplikatzekoak dira:
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak obra faserako:
Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko; bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan, garraio-lanetan eta abar, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Uren kalitatearen gaineko eragin negatiboa murrizteko neurriak.
Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek azaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete behar dira Planaren ondoriozko obrak egiteko:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu jasota, gutxienez: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, obrako materialak aldi batean pilatzeko guneak, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako metatzeko eremuak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza eta Eraispen Hondakinen Ekoizpena eta Kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu behar dira.
Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Eguraldi txarra dagoenean (euriteak edo haize gogorrak), ahal dela, ez da garraiatuko obrako materialik. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-egoera egokienean garraiatu behar da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikularik barreia ez dadin atmosferara.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
Plan Bereziaren garapenak lurzoruan izan ditzakeen eraginak minimizatzeko, lurzoruaren iragazkortasuna errazten duten eta drainatze jasangarriko teknikak erabiliz iragazketa-ahalmena handitzen duten irtenbideak erabiltzea.
– Obrengatik eragindako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz eragindako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
– Ahal den neurrian, irizpide bioklimatikoak eta energia-efizientziakoak hartuko dira kontuan eraikinak eraikitzean.
– Hauekin lotuta dauden ekonomia zirkularreko neurriak sartzea: obran landare-lurra kudeatzea eta berrerabiltzea; materialen kontsumoaren inpaktua minimizatzea (lurren balantzea/oreka eta abar), eta material jasangarriak, birziklagarriak eta jatorri naturalekoak erabiltzea.
– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (hemen argitaratuak: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
– Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Halaber, klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Amurrioko (Araba) Ugartebetxi 7an indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amurrioko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Amurrioko (Araba) Ugartebetxi 7an indarrean den plangintzaren antolamendu xehatua aldatzeko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, hala badagokio, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS