
93. zk., 2025eko maiatzaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (124 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2140
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 12koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren kontratazio-mahairen osaera.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren kontratazio-mahaia eratu beharra dago berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren sailak berregituratu direlako, zeinak Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren babesean berregituratu baitira (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu), eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila ere egituratu delako, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluak kontratazio-mahaien egitura zehazten du. Artikulu horretan eta aplikatzekoak diren arau-xedapenetan araututakoa kontuan hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, hau
XEDATZEN DUGU:
1. artikulua.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren kontratazio-organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du adjudikazio ireki, mugatu eta negoziatu publizitatedunen prozeduretarako. Mahai horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu. Kontratazio-organoak izendatuko ditu kontratazio-mahaiko kideak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko ordezkaria izan ezik, eta kide hauek izango ditu:
a) Lehendakaria: Zerbitzu Zuzendaritzako Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako arduraduna izango da kontratazio-mahaiko lehendakaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, saileko Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketako teknikari batek ordeztuko du.
b) Kideak:
– Kontratazioa eskatu duen zuzendaritzako ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua; aholkularitza teknikoa emango dio kontratazio-organoari.
– Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat, bulegoko titularrak izendatua.
– Estrategia Digitalaren Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendaritza horretako titularrak izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak kudeatzeko eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan aurreikusitako kasuetarako.
– Aukeran, eta kontratazio-organoak eskatzen badu, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari izango den kide bat, zuzendaritza horretako titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.
c) Idazkaria, kidea eta aholkulari juridikoa: Zerbitzu Zuzendaritzako kontratazioaren arloko pertsona bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko teknikarien goi-mailako kidegoko eskala juridikokoa, zeina mahaiaren aholkulari juridikoa eta idazkaria izango baita; hitza eta boto-eskubidea izango ditu. Lanpostu hori hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Zerbitzu Zuzendaritzako kontratazioaren arloko profil bereko beste pertsona batek ordeztuko du.
2. artikulua.– Nolanahi ere, osaera eta kideak nor diren kontratuaren administrazio-klausula partikularren agirian jasoko dira, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzailearen profilean argitaratuko da agiria, kontratatzeko gaitasuna eta kaudimen- edo sailkapen-baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa kalifikatzeko egin behar den bilera baino hamar egun lehenago, gutxienez.
3. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera osatutako kontratazio-mahaiak eskumena izango du kide anitzeko organo horien esku-hartzea nahitaezkoa ez den esleipen-prozeduretan esku hartzeko, baldin eta dagokion kontratazio-organoak hala erabakitzen badu.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 12a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS