
93. zk., 2025eko maiatzaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (295 KB - 29 orri.)
- EPUB (144 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2137
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 6koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2025eko ekitaldian ikus-entzunezko produkziorako dirulaguntzak emateko deialdia egin eta arautzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari (aurrerantzean, Saila) dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapen eta hedapenari dagozkien egitekoak eta jardun-arloak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio egiteko horiek Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari.
Ondorio horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egokitzat jo du eskura dituen sustatze-bitartekoak erabiltzea. Erabilitako bitartekoen artean, dirulaguntzak emateko lehiaketen deialdi publikoak daude.
Ikus-entzunezkoen sektoreak gaur egungo gizartean hartzen ari den garrantzia eta bere jardueraren garapenak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eta ekonomia aberasten laguntzen duela kontuan hartuta, ikus-entzunezkoen sektorean aurkeztutako proiektuetan oinarritutako deialdi berri bat martxan jartzen da orain. Deialdi honen bidez ikus-entzunezko lanak ekoiztea sustatuko da (zinemarako fikziozko film luzeak, zinemarako animaziozko film luzeak, sortze-dokumentalak, film laburrak eta euskarazko serieak).
Deialdi honen helburu nagusia da, Euskadiko kulturaren ikuspegitik, ikus-entzunezko azpiegitura garrantzitsu eta beharrezkoa indartzea eta sendotzen laguntzea.
Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2025eko Dirulaguntzen Urteko Planean sartu da. Plan hori Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen. Sail horren webgunean argitaratuta: PES 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa.// PAS 2025, 2026, 2027, 2028: Urteko Dirulaguntza Planak.– Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus), eta euskal kulturaren sorkuntza eta ekoizpena indartzeko helburu estrategikoaren barruan dago.
Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta barne-merkatuarekin bateragarria da Tratatuaren 107. artikuluaren 3. paragrafoari jarraiki, aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 54. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen baititu.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Agindu honen xedea da 2025eko ekitaldian zehar ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta horretarako baldintzak ezartzea.
2.– Deialdi honetan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoa, guztira, zortzi milioi zortziehun eta hogeita zortzi mila (8.828.000) eurokoa da.
2. artikulua.– Laguntza-modalitateak.
1.– Laguntza-modalitateak honako hauek dira:
a) Film luzeen produkziorako laguntzak, agindu honen II. kapituluan ezartzen diren baldintzetan. Modalitate hau, era berean, azpimodalitate hauetan banatzen da:
1.– Zinemarako fikziozko film luzeak produzitzeko laguntzak.
2.– Zinemarako animaziozko film luzeak produzitzeko laguntzak.
3.– Sortze-dokumentaleko film luzeak produzitzeko laguntzak.
b) Film laburren produkziorako laguntzak, agindu honen III. kapituluan ezartzen diren baldintzetan.
c) Euskarazko serieen produkziorako laguntzak, agindu honen IV. kapituluan ezartzen diren baldintzetan.
2.– Laguntza modalitate hauetatik guztietatik kanpo geratuko dira, berariaz, ikus-entzunezko proiektu hauek:
a) Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematen dituzten enpresek zuzenean ekoizten dituztenak.
b) Funtsean publizitate-edukia dutenak, propagandakoak eta albistegiak.
c) Edukiaren arabera X kalifikatu daitezkeenak.
d) Jabetza intelektualeko eskubideen lagapenari buruzko araudia edo lan-baldintzei buruzko araudi eta/edo hitzarmen sektorialak urratzen dituztenak edo errespetatzen ez dituztenak.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren arabera, film luzearen produkzio-kostuak diruz laguntzeko modukoak dira, film baten kostuaren aintzatespena eta pertsona edo erakunde ekoizlearen inbertsioa arautzen dituen abenduaren 18ko ECD/2784/2015 Aginduaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, eta, betiere, hirugarren batzuekin kontratatzea badakar, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, dituen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago eskaintza horiek egin, eman edo hornitzen dituen nahikoa erakunderik, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
4. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko baldintzak.
1.– Film luzeak, film laburrak eta euskarazko serieak produzitzeko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean kokatutako pertsona fisiko edo juridiko independenteek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) establezimendu iraunkor bat badute laguntza emanez gero. Baldintza hau ez zaie aplikatuko pertsona fisikoei film laburrak ekoizteko modalitatean.
Pertsona fisiko edo juridiko batek establezimendu iraunkor baten bidez jarduten duen zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluan xedatutakoa beteko da. Gainera, EAEko establezimendu iraunkor horrek jarduera bereizgarria eta kudeaketa bereizia izan beharko du onuradunak Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide batean izan ditzakeen gainerako establezimenduetatik.
Film laburrak produzitzeko modalitatean, eta pertsona fisikoen kasuan, horiek adinez nagusi izan beharko dute eskabideak aurkezteko azken egunean, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak izan beharko dute, edo agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egon beharko dute, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.
2.– Interes Ekonomikoko Elkarteek, baldin eta, Merkataritza Erregistroan duten inskripzioaren arabera, helburu soziala ekoizpen-jarduerak egitea badute, laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, eta, horretarako, izaera independentea duten produkzio-etxeen parekoak izango dira. Interes Ekonomikoko Elkartea osatzen duten ekoizle ez-independenteek ezin izango dute izan, ez zuzenean ez zeharka, beren kapital sozialaren % 20 baino gehiago, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4.n).1.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
19.2.1 eta 39.2 artikuluetan aurreikusitako eskatzailearen kaudimen ekonomikoaren eta ibilbidearen balorazioa eskabidearekin batera izendatzen den Interes Ekonomikoko Elkartea osatzen duen enpresa ekoizle independenteari buruzkoa izango da.
3.– Pertsona fisiko edo juridiko independentetzat hartuko da Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) letrako definizioan hala jasota dagoena.
4.– Laguntza hauek eskuratzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek modalitate bakoitzean jasotzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ez dute Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako inguruabar eta debekurik izango.
5.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluko h) puntuaren arabera, ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun edo lege honetan araututako erakunde laguntzaile izan lege honen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin ebazpen irmo baten bidez zigortutako pertsona fisiko edo juridikoak. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri dutela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
6.– Ezin izango dira onuradun izan otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten pertsona fisiko edo juridikoak (4/2023 Legea, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa).
7.– Ezin izango dira onuradun izan berreskuratzeko agindu baten mende dauden pertsonak fisiko edo juridikoak, Europako Batzordeak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin jasangarria dela, ezta krisian dauden enpresak ere, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-dirulaguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (AO, C249, 2014-07-31).
8.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren ordainketak egunean izan behar dira, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz. Agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan aipatutako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Pertsona fisikoek bitarteko elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan (https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean), EAEko erregistro osagarrietan (herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoak, xedapen indargabetzaile bakarrean jasotakoak), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide bat, presentziala edo elektronikoa, erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan erabili behar denik, eta edozein unetan alda daiteke, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide hauetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127232 zinemarako fikziozko film luzeetarako.
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127233 zinemarako animaziozko film luzeetarako.
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127234 sortze-dokumentaleko film luzeetarako.
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127235 film laburretarako.
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127236 euskarazko serietarako.
Eskabidearen ondoko izapideak bitarteko elektronikoak erabiliz hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskaren Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
6.– Eskabidearekin batera, 7. eta 8. artikuluetan dirulaguntzaren modalitate bakoitzerako adierazitako agiri guztiak aurkeztu beharko dira.
Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek, erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa– edonolakoa dela ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira halakoak eskatzen direnean, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.
b) Bestelako dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal bada.
7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen agiriak ez aurkezteko. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du. Hala ere, pertsona fisiko eskatzaileak berariaz egin dezake kontsulta horren aurka, eta, kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
8.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
9.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzea.
6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
7. artikulua.– Betekizunen akreditazioa eta aurkeztu beharreko agiriak.
Film luzeak, film laburrak eta euskarazko serieak produzitzeko modalitateetarako dirulaguntzak eskatzearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1.– Eskatzaileari dagokionez:
a) Identitateari buruzko datuak: eskaera sinatzen duenaren identitatearen egiaztagiria.
Film laburrak produzitzeko modalitaterako, gainera, laguntza-agindua argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dela egiaztatzen duen erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da, eskatzailea pertsona fisikoa bada.
Administrazio publikoak esleituta dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenak alde batera utzi gabe, eskatzaileak, pertsona fisikoa bada, berariaz aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak datu horiek lortu edo egiaztatzeari.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek/erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du deialdi honen organo kudeatzaileak, haien baimenik behar izan gabe, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz. Agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan aipatutako betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoa da. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da dirulaguntza ematen den unean eta ordainketak egiten diren unean. Hala ere, eskatzaile pertsona fisikoa denean, uko egin ahal izango du, modu arrazoituan; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.
c) Pertsona juridikoak izanez gero: administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak eskaeran zein erregistrotan dagoen inskribaturik azalduz gero, ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentaziorik.
Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena.
d) Eskatzailea ekonomia-intereseko taldea bada, taldea osatzen duten entitateak zehazten duen adierazpena eta, horrez gain, taldearen konpromisoa. Konpromiso honen bidez bermatuko da taldea osatzen duten produktore ez-independenteek kapital sozialaren % 20 baino gehiago ez dutela izango produkzio prozesuak irauten duen bitartean.
2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:
a) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpen eta haien zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus.
b) Proiektuaren memoria edo dosierra, honako hauek jasoko dituena:
1.– Ikus-entzunezko proiektuaren jatorrizko bertsio osoa.
2.– Proiektuaren iraupen orokorra eta, euskarazko serieen kasuan, kapitulu bakoitzaren iraupena.
3.– Generoa eta xede duen publikoa.
4.– Berrikuntzak edo ekoizpen-teknologiak, batez ere animazioko ikus-entzunezkoen kasuan.
c) Gidoiaren sinopsia.
Animazioaren kasuan, biblia grafikoa erantsiko da (storyboarda, pertsonaien diseinua, iturriak eta beste ikus-elementu garrantzitsu batzuk).
d) Gidoia.
Euskarazko serieak produzitzeko laguntzetarako, kapitulu guztietako gidoia eskatuko da. Halakorik ez badago, lehenengo kapituluaren gidoia eta gainerakoen gidoiaren sinopsia edo eskaleta eskatuko dira.
e) Gidoiaren gaineko eta, hala badagokio, lehendik dagoen obraren gaineko jabetza intelektualaren eskubideak dituela egiaztatzen duen agiria, edo, halakorik ezean, gidoilari edo gidoilariekin egindako kontratu baten bidez, kontraprestazioaren zenbatekoa jasotzen duena. Euskarazko serieen kasuan, eskubide horiek kapitulu guztien gainekoak izan beharko dute.
f) Aurrekontu, partidaka zehaztua.
Euskarazko serieen kasuan, atal bakoitzerako kontratatzen diren zuzendaritza- eta gidoi-profesionalen kostua partida independenteetan jasoko da.
g) Produkzio-plana. Bertan, filmaketaren egutegia (errodajearen hasiera eta amaiera) eta kokalekuak adieraziko dira, baita produkzioari lotutako beste alderdi batzuk ere. Agindu hau argitaratzen den urtean hasitako errodajeak onartuko dira.
Animazioaren kasuan, filmaketaren hasieratzat hartuko da marrazkietako mugimenduaren hasiera-data, eta filmaketaren amaieratzat, berriz, irudiaren produkzio-prozesua eta postprodukzio-prozesua amaitzen den unea, nahasketa-prozesuaren aurretik.
Ekoizpen-plan hau, ez da eskatuko film laburrak produzitzeko modalitaterako.
h) Finantzaketa-plana, eskabidean ezarritako eredua jarraituz. Finantzaketa-planarekin batera, ikus-entzunezko produkziora bideratutako berezko eta kanpoko baliabideen egiaztagiriak aurkeztuko dira.
Animazioaren kasuan (bai film luzeetan, zein film laburretan eta serietan), baliabide propiotzat onartuko da inbentariagarriak amortizatzea, hau da, enpresa ekoizle eskatzailearen ekipoak, material teknikoa, ekipamenduak, programa informatikoak, aplikazio teknologikoak edo inbentariatu daitezkeen beste ondasun batzuk erabiltzea, betiere proiektuan horien erabilera justifikatzen bada, enpresaren kontabilitatean amortizazio gisa islatzen direnen bikoitza den zenbatekoan. Egikaritutako gastuan oinarritu behar da, eta egiaztatu ahal izan behar da.
i) Fitxa teknikoa eta artistikoa, zerga-egoitza Euskadin duten artisten, teknikarien eta profesionalen parte-hartzea zehaztuz.
j) Zuzendariaren eta gidoilariaren historia profesionala. Euskarazko serieak produzitzeko laguntzen kasuan, non zuzendaritzan eta gidoian pertsona bat baino gehiago egon daitekeen lekuan, kapitulu bakoitzeko pertsona arduradunen historia aurkeztuko da, baita bibliarena ere.
k) Proiektuan proposatu den zuzendariaren idatzizko onarpena.
Dokumentu hau, ez da eskatuko film laburrak produzitzeko modalitaterako.
l) Merkaturatzeko eta banaketarako plan zehaztua.
Dokumentu hau, ez da eskatuko film laburrak ekoizteko modalitaterako.
m) Kontratuaren jatorrizkoa edo azken bertsioan digitalki sinatutako koprodukzio-kontratuak; nazioarteko koprodukzioen kasuan, gainera, ICAAk (Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua) edo eskumena duen organo autonomikoak onartutako koprodukzio-proiektuaren ebazpena eskatuko da.
Euskarazko serieen modalitatean, ez da ebazpen hori aurkeztu beharko.
Bi dokumentuetan, jaso beharko da zein den koproduktore bakoitzaren ekarpena, zein den ikus-entzunezko produktuaren gaineko titulartasun-ehunekoa, eta zein den enpresa koproduktore bakoitzak egin beharreko gastuaren ehunekoa.
n) Enpresa ekoizlearen azken bost urteotako historia profesionala eta datozen bi urteotako ekoizpen-aurreikuspenak, eskabidean ezarritako eredua jarraituz.
Interes Ekonomikoko Elkarteen kasuan, administratzaile kargua duen enpresa bazkide nagusiaren historia baino ez da aurkeztuko. Bat baino gehiago egonez gero, elkartearen esku utziko da hautaketa.
Enpresa sortu berrien kasuan, kontuan hartuko da ekoizpena egiten duen pertsona fisikoaren historia. Pertsona fisiko horrek kapital sozialean parte hartu beharko du gutxienez % 10ean, edo ekoizpen exekutibo gisa parte hartu beharko du komertzialki estreinatutako azken bi proiektuetan. Enpresa sortu berritzat joko da agindu hau argitaratu baino 4 urte lehenagoko eraketa-data duena.
Estatuko edo nazioarteko koprodukzioen kasuan, enpresa horien ibilbidea.
Dokumentu hau, ez da eskatuko film laburrak produzitzeko modalitaterako.
o) Jasangarritasun-plana, ezarri beharreko ekintzak eta ingurumen-inpaktua eta karbono-aztarna neurtzeko sistema jasoko dituena.
p) EAEn edo beste herrialde batzuetan jarduten duen ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematen dituen erakunde baten behin betiko kontratua, aurrekontratua edo konpromiso-gutuna, non jasoko baitira ekarpen ekonomikoen zenbatekoa eta partaidetza-ehunekoa titulartasunaren kontzeptuan, betiere % 40tik beherakoa.
Kontratu, aurrekontratu edo konpromiso-gutun hauek euskarazko serieak produzitzeko modalitaterako eskatuko dira soil-soilik.
q) Pilotua, edo animaziozko serieen kasuan, lehen kapituluko proiektuaren lagin esanguratsua.
Lagin hau, euskarazko serieak produzitzeko modalitaterako eskatuko da soil-soilik.
8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da honako baldintza hauek betetzen direla:
a) Ekoizle independenteak direla, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) letran xedatutakoaren arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan establezimendu iraunkorra duela, edo, laguntza emanez gero, EAEn establezimendu iraunkorra irekitzeko konpromisoa hartuko duela.
c) Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, ez dutela enpresa-deslokalizaziorik egingo, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.
d) Erakundeak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.
e) Behartuta egonez gero, Estatuko araudiaren araberako berdintasun-plan bat duela. 50 langile baino gehiagoko enpresek sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta borroka-neurriak ezarri izana.
f) Enpresa eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (2014-07-31ko AO, C249).
g) Eskatzailea ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren.
h) Eskabidean eta, hala badagokio, beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak adierazi.
i) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.
j) Era berean, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritakoak.
9. artikulua.– Egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada eskabidea izapidetzeko onartzeko behar den dokumenturen bat falta dela, haietan akats formalak daudela edo baloratzeko alegatu den dokumentazioan hutsak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Bitarteko elektronikoak erabiltzera behartua dagoen norbaitek bide presentziala erabiliz aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.
10. artikulua.– Dirulaguntza emateko prozedura.
1.– Deialdi hau ebatziko da, agindu honen 2. artikuluan jasotako modalitate eta azpi-modalitate bakoitzean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitako lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez.
2.– Diruz lagunduko dira, modalitate bakoitzerako ezarritako mugen arabera, balorazio-fasean puntuaziorik onena lortzen duten proiektuak, puntuazio-ordenaren arabera eta dagokion modalitaterako diru-izendapena agortu arte.
3.– Film luzeak ekoizteko modalitatearen barruan, proposamen faltagatik edo balorazio-fasean eska daitekeen gutxieneko puntuazioa ez gainditzeagatik, azpimodalitateren batera bideratutako zuzkidura agortzen ez bada, dagokion Balorazio Batzordeak sobera dagoen zenbatekoa bideratuko du ebazteke dauden beste azpimodalitate batzuetako proiektuak finantzatzera, baldin eta diruz lagundu gabekotzat proposatutakoen artean baloraziorik onena lortu badute, dagokion azpimodalitate finantzatzeko zenbatekoa agortu delako.
4.– Laguntza jaso dezakeen azken proiektua ezin bada diruz lagundu, diru-kopuru nahikorik ez dagoelako, esleitu daitekeen zenbateko ekonomikoak proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu baino ez da diruz lagunduko.
5.– Nolanahi ere, proiektuek modalitate bakoitzerako ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu beharko dute.
6.– Laguntzen deialdi honetan, gehienez 2 proiektu lagundu ahal izango dira eskatzaile bakoitzeko, hiru modalitateetako bakoitzean (film luzeak, film laburrak eta euskarazko serieak).
11. artikulua.– Balorazio-batzordeak.
1.– Aurkezten diren eskabideak ebaluatzeko eta baloratzeko, hiru balorazio-batzorde eratuko dira:
a) Film luzeak produzitzeko modalitatearen balorazio-batzordea.
b) Film laburrak produzitzeko modalitatearen balorazio-batzordea.
c) Euskarazko serieak produzitzeko modalitatearen Balorazio Batzordea.
2.– Batzordeetako kideak hauek izango dira:
a) Batzordeburua: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria; hura falta denean, batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.
b) Hiru edo lau aditu-profesional, Kulturako sailburuordeak izendatuak eta aztertu beharko dituzten laguntza-modalitatearekin zerikusia dutenak.
c) Batzordeetako idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik. Idazkariari dagokio batzordearen jokabidearen legezkotasun formalaz eta materialaz arduratzea.
3.– Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordeen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.
4.– Balorazio-batzorde horietarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean ez daudela; konfidentzialtasuna bermatu dela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabili, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
5.– Balorazio-batzordeak osatzerakoan, 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan ezarritakoa beteko da.
6.– Balorazio-batzordeen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesdunek errekusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
7.– Batzorde horiek, eskabideak laguntza-modalitate bakoitzerako ezarritako esleipen-irizpideen arabera ebaluatu ondoren, modalitate horietako bakoitzari dagozkion txostenak egingo dituzte, eta ebaluazioen emaitzak jasoko dituzte.
Txosten horietan, dirulaguntza ematea bidezkotzat jotzen den eskatzaileak eta ezestea egokitzat jotzen den eskatzaileak jasotzeaz gain, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak betez, deialdian finkatutako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik baietsi ezin diren eta ukatu behar diren eskabide guztien zerrenda ordenatua jaso ahal izango da, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adierazita. Kasu horretan, azkenean onuradun den pertsona edo erakunderen batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza eman duen organoak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, hurrengo eskatzaileari edo eskatzaileei dirulaguntza ematea, puntuazioaren arabera, betiere onuradunetako batek uko eginez gero ukatutako eskabide bati gutxienez erantzuteko adinako kreditua liberatu bada.
8.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.
9.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak, kasuan kasuko espedienteak eta Balorazio Batzordearen txostenak ikusita, modalitate bakoitzaren behin betiko ebazpen-proposamenak egingo ditu.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren intentsitatea.
Laguntza publikoen zenbateko osoa ezingo da diruz laguntzeko moduko kostuen % 50 baino gehiago izan, salbu Europar Batasuneko estatu batek baino gehiagok finantzatutako mugaz haraindiko produkzioa bada, eta Batasuneko estatu bat baino gehiagoko produktoreak baditu. Horrelakoetan, laguntza publikoen zenbateko osoa diruz laguntzeko moduko kostuen % 60 izan daiteke. Ikus-entzunezko lan zailak muga horien aplikaziotik salbuesten dira. Ikus-entzunezko lan zailtzat zeintzuk jotzen diren eta horien mugak zeintzuk diren jakiteko, Zinemaren abenduaren 28ko 55/2007 Legea garatzen duen abenduaren 4ko 1084/2015 Errege Dekretuaren 21.2 artikuluan ezarritakoa beteko da.
13. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako mugei kalterik egin gabe, deialdian honetan aurreikusitako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8.3 artikuluan ezarritakora egokitu beharko dira, eta bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen laguntzekin, baldin eta horren ondorioz gainfinantzaketa sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik gertatzen bada edo laguntzaren intentsitatea gainditzen bada, emandako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
14. artikulua.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta errekurtsoak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedurak Kultura sailburuordeak ebatziko ditu, Kultura Sustatzeko zuzendariak egindako ebazpen-proposamenak ikusita.
Kulturako sailburuordeak laguntza-modalitate eta -azpimota bakoitzerako hartutako ebazpen horiek zehaztuko dute eskatutako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea. Lehenengo ebazpenen kasuan, onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, urteka banakatuta. Ukatutakoen kasuan, eskatzaileen nortasuna edo izen soziala jasoko da, bai eta ukatzeko arrazoiak ere.
Era berean, deialdi honetako modalitate edo azpi-modalitate bakoitzerako ezarritako kreditua agortzeagatik ukatutakoei dagokienez, ordezkapenen zerrenda bat jaso ahal izango dute, bertan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adierazita, onuradunetako batek emandako dirulaguntzari uko egiten badio edo ez-betetze motaren bat egiten badu.
2.– Ebazpen horiek banan-banan jakinaraziko zaizkie pertsona edo erakunde interesdunei, agindu hau indarrean sartzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
3.– Ebazpen horiek ez die amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako epea amaitu eta prozeduraren ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunak legitimatu egingo dira dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertzeko, 3. paragrafoan adierazitako gora jotzeko errekurtsoa jartzeari dagokionez.
15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona/erakunde onuradunek berariaz ez badute onartzen, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea.
c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea.
e) Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea Estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jaso diren.
f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako lanen hasierako kredituei dagozkien informazio, publizitate, sustapen eta izenburu guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan lanak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko, berariaz eta argi ikusteko moduan. Halaber, «Basque Audiovisual» markaren zabalpena publikoarentzat era irakurgarri batean egingo da. Adierazpen hori Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektuaren gainerako sustatzaileekiko egindako ekarpenaren proportzioan egingo da, logoa goiburuan, kreditu-tituluetan edo kartoi bakarrean txertatuz.
g) Argitaratutako promozio-material guztien ale bat Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzan aurkeztea.
h) Produkzioaren jatorrizko bertsioa euskaraz denean filmaren emanaldi guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko zinema-areto komertzialetan, zinema-jaialdietan edo ikus-entzunezko jaialdietan hizkuntza horretan izan beharko dira, azpitituluak edozein hizkuntzatan direlarik.
i) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.
j) Agindu honetan laguntza-modalitate bakoitzerako ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta dirulaguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere.
k) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako gainerakoak.
16. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek aldi berean emandako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, edo, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Agindu honetan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Hasieran aurkeztutakoa baino aurrekontu-egikaritze txikiagoa onartuko da, eta, betiere, azken horren % 70 baino handiagoa; baina, kasu horietan, proportzionalki murriztuko da emandako laguntza, ezarritako gehieneko laguntza-ehunekoak gainditzen badira. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak egokitzeko.
17. artikulua.– Dirulaguntza itzultzeko arrazoiak.
1.– Dirulaguntza Itzulketa-kasuak izango dira:
a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Hala badagokio, dirulaguntzaren modifikazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.
d) Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.
e) Laguntza emateko kontuan hartu den aurrekontuaren % 70etik beherako justifikazioa.
f) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluko a, c, d, e eta f letretan jasotako edozein arrazoi.
2.– Egoera horietakoren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36 eta 40 artikuluetan aurreikusitako moduan eta bertan ezarritakoa betez.
3.– Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 40.1 artikuluan ezartzen duenez, itzulketa-prozedura hasteko erabakiak automatikoki etengo ditu ukitutako dirulaguntzari dagozkion ordaintzeke dauden zenbatekoen igorpenak, eta, gainera, 34. artikuluan (ordainketak atxikitzea), kautelazko neurri gisa, Administrazioak berak emandako beste dirulaguntza batzuetatik eratorritako ordaintzeke dauden zenbatekoen ordainketa-aginduak etetea ahalbidetuko du, betiere itzulketa-espedientea hasteko proposamenak edo ebazpenak finkatutako zenbatekoa eta ordura arte sortutako berandutze-interesak gainditu gabe.
18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen babesaren arloko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Zure datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Kultura- eta sormen-eremurako laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Kulturaren eta sormenaren sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misioa betetzeko beharrezko tratamendua (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duena).
Hartzaileak: arlo horretan eskumena duten administrazio publikoak.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu:
www.euskadi.eus/klausula-informatiboak/web01-sedepd/es/transparencia/024300-capa2-es.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
II. KAPITULUA
FILM LUZEEN PRODUKZIORAKO DIRULAGUNTZAK
19. artikulua.– Laguntzen xedea.
1.– Ikus-entzunezkoen film luzeen produkziorako laguntzen xedea jarraian zehazten diren produkzio-azpimodalitateak izango dira. Laguntza hauei zuzendutako zuzkidura bost milioi eta laurehun mila (5.400.000,00) eurokoa da, azpimodalitate bakoitzean finkatzen denaren arabera banatua.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen filmatzen hasi diren lanek ezin izango dute laguntza hauek jaso, sorkuntzako film luze dokumentalen kasuan izan ezik. Kasu horretan, filmaketa ezin izango da amaitu agindu honetako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.
3.– Diruz lagunduko diren film luzeen produkzio-azpimodalitateak honako hauek dira:
a) Zinemarako fikziozko film luzeen produkzioa, kapitulu honetako I. atalean ezartzen diren baldintzetan.
b) Zinemarako animaziozko film luzeen produkzioa, II. ataleko baldintzetan.
c) Sortze-dokumentaleko film luzeen produkzioa, III. ataleko baldintzetan.
20. artikulua.– Gogoeta orokorrak laguntzen mugen inguruan.
1.– Laguntza banaka eskatzen duten pertsonen edo erakundeen kasuan, emandako gehieneko laguntzak muga hauek izango ditu:
a) Ez du gaindituko produkzioaren aurrekontu osoaren % 20. Muga hori % 30ekoa izango da jatorrizko hizkuntza euskara duten film luzeen kasuan.
b) Ez du produktorearen inbertsioa gaindituko.
Goian aipatutako ondorioetarako, produktoreen inbertsiotzat joko dugu produktoreak berak bere baliabide propioen bidez nahiz itzul daitezkeen kanpo-baliabideen bidez ekarritako kopurua eta film luzea ustiatzeko eskubide-lagapen gisa lortutakoa. Inoiz ez dira produktorearen inbertsiotzat joko jasotako dirulaguntzak, ezta edozein izaeratakoak diren eta itzul ezin daitezkeen ekarpenak ere, baldin eta telebista-zerbitzu publikoak zuzenean nahiz zeharka kudeatzen duen edozein administrazio, erakunde edo enpresa publikok egiten baditu.
Enpresa eskatzaileak edo koprodukzio-enpresa independenteetako edozeinek formalizatutako kontratuetan, aurrekontratuetan edo konpromiso-gutunetan, ustiapen-eskubideak edo merchandising-eskubideak aurretiaz eskuratzeko kontratuetan, ekarpen ekonomikoa argi eta garbi jaso beharko da.
Halaber, pertsona fisiko edo juridikoen ordainsarien kapitalizazioen zenbatekoak jasotzen dituzten konpromisoak onartuko dira, baldin eta enpresa ekoizleek kontratu bat formalizatu badute, aurrekontu osoaren % 15eko gehieneko mugarekin.
2.– Koprodukzioei dagokienez, eskatzaileak ikus-entzunezko produkzioaren % 20ko titulartasuna izan beharko du gutxienez.
Eskatzailearen titulartasun-kuota aldatzen bada, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, gehienez ere hamabost eguneko epean, dagokion akordioa egiten denetik aurrera.
Agindu honetako 4. artikuluaren arabera onuradun izan daitezkeen pertsona edo erakunde ekoizleak bat baino gehiago badira koprodukzioan, horietako bakoitzaren partaidetzaren batura zenbatuko da.
Koproduzitutako proiektu horietan, emandako gehieneko laguntzak ez du produkzioaren aurrekontuaren % 20 gaindituko. Muga hori % 30ekoa izango da jatorrizko hizkuntza euskara duten film luzeen kasuan.
Goian aipatutako ondorio hauetarako, inbertsiotzat joko dugu produktoreak berak baliabide propioen bidez nahiz itzul daitezkeen kanpo-baliabideen bidez ekarritako kopurua eta, frogatutako proiektuaren titulartasuneko ehunekoaren arabera, film luzea ustiatzeko eskubide-lagapen gisa lortutako kopurutik dagokion zatia. Inoiz e dira produktorearen inbertsiotzat joko jasotako dirulaguntzak, ezta edozein izaeratakoak diren eta itzul ezin daitezkeen ekarpenak ere, baldin eta telebista-zerbitzu publikoak zuzenean nahiz zeharka kudeatzen duen edozein administrazio, erakunde edo enpresa publikok egiten baditu.
3.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dauden auditoreek akreditatuko dituzte film luzearen kostua, produktoreek egindako ekarpenak eta horiek produkzioan duten titulartasunaren kuotak, bai eta 24.2 artikuluan ezartzen den betebeharraren betetzeari buruzko egiaztagiria ere, filmaren gastuak berrikusteko kontu-ikuskatze bereziaren bidez. Txosten horretan, auditoreak honako hauek azaldu beharko ditu: bere iritzia enpresa onuradunak egindako inbertsioen inguruan; horien balorazioa eta kontabilizazioa, oro har aplikatzen diren kontabilitate-irizpideetan oinarrituta; eta, azkenik, inbertsioa finantzatzeko onuradunak jaso dituen gainerako laguntza edota dirulaguntzei buruzko berariazko iritzia. Kontu-ikuskatzeak zehaztu beharko du, partiden araberako banakatzearen bidez, zein gastu-maila dagokien Euskadin zerga-egoitza duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanei.
21. artikulua.– Balorazio- eta hautapen-irizpideak.
Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta, jarraian aipatzen den baremoaren arabera, ondoren zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu:
1.– Lehen fasea (90 puntu):
a) Proiektuaren finantzaketa: gehienez 30 puntu, proiektuak aurrekontu osoarekiko izango dituen finantza-baliabideen ehunekoaren arabera esleituko direnak. Baliabide horiek justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: laguntzak edo dirulaguntzak jasotzeko eskubidea egiaztatzeko agiriak; hirugarrenekin izenpetutako ustiapen-kontratuak (eskubideak lagatzeko kontratuak, koprodukzio- eta banaketa-kontratuak); banku-abal bidez edo elkarren bermerako sozietate baten abal bidez bermatutako baliabide propioak; eta film luzearen aurrekontuaren % 15erainoko kapitalizazioak, aurkeztutako proiektuan parte hartzeagatik ordainsari osoa edo zati bat kapitalizatzen duen pertsonak sinatuta.
Koprodukzio-kontratuetan, laguntzak edo dirulaguntzak jasotzeko eskubidearen egiaztagiriak erantsi beharko dira, bai eta ustiapen-kontratuak edo koproduktoreen banku-egiaztagiriak ere.
Puntuak proportzionalki esleituko dira, finantzaketa-ehuneko altuena duen eskatzaileak puntu gehien izango dituela kontuan hartuta, betiere finantzaketaren % 60ko mugarekin.
b) Nazioarteko koprodukzioa: 5 puntu.
c) Garatu beharreko gidoiaren kalitatea, originaltasuna eta bideragarritasuna, gehienez 40 puntu, irizpide hauen arabera emanak: kalitatea 15 puntu, originaltasuna 15 puntu eta bideragarritasuna 10 puntu.
d) Proposamenak duen izaera berritzailea eta balio artistikoko ekimena, gehienez 4 puntu.
e) Banaketa eta marketin estrategia, gehienez 10 puntu.
f) Jasangarritasun-plana, ezarri beharreko ekintzak eta ingurumen-inpaktua eta karbono-aztarna neurtzeko sistema jasotzen dituena, gehienez puntu 1.
Proiektuaren finantzaketaren balorazioan gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten eskabideak, gidoiaren balorazioan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituztenak edo lehenengo balorazio-fase honetan gutxienez 45 puntu lortzen ez dituztenak deialditik kanpo geratuko dira eta ez dira bigarren fasean baloratuko.
2.– Bigarren fasea (60 puntu):
a) Eskatzailearen ekonomia-kaudimena eta haren ibilbidea eta beraren taldearena: 5 punturaino, irizpide hauen arabera emanak: azken bost urteetan egindako eta estreinatutako film luzeek zinemaldietan lortutako hautaketa eta sariak (2 punturaino), enpresaren antzinatasuna (puntu bateraino), finantza-erakundeen txostena (puntu 1) eta azken hiru urteetako Gizarte Segurantzako kotizazioaren bolumena (puntu 1).
b) Filmaketa Euskadin egitea: 5 punturaino. Hauek esleitzeko, guztira filmaketak iraungo duen denboratik Euskadin filmatzen diren egunak hartuko dira kontuan. Dena den, filmaketa edonon eginda ere, eskatzaileak produkzio aurrekontuaren % 50era arte gastatu ahalko du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo.
c) Euskadin egindako gastua: 5 punturaino. Zerga-egoitza Euskadin duten pertsonek eta enpresek eskaintzen dituzten sormenezko baliabideak eta baliabide artistiko eta teknikoak kontratatzean egiten den inbertsioaren ehunekoa kontuan hartuta esleituko dira; nazioarteko koprodukzioen kasuan, proiektuaren aurrekontuaren Espainiako zatiarekiko kalkulatuko da ehuneko hori. Ehuneko hori aurrekontuaren % 32 edo hortik gorakoa izango da, eta koprodukzioa denean koprodukzioaren parte-hartzearen % 32 edo hortik gorakoa izango da. Puntuak proportzionalki esleitzeko, kontuan hartuko da lurraldetasun portzentaje handiena egiaztatzen duen eskatzailea, horrela aurrekontu osoaren % 80 aurkezten duenak puntuazio maximoa lortuko du.
d) Zerga-egoitza Euskadin duten talde tekniko eta artistikoen parte-hartzea: 15 punturaino, baremo honen arabera esleituko dira:
(Ikus .PDF)
e) Zuzendariaren, gidoilariaren eta produktore eragilearen historia profesionala, gehienez 5 punturaino.
f) Emakumearen parte-hartzea (gehienez 10 puntu). Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan bakarrik puntuatuko da, eta honela esleituko dira: emakumeak zuzendaritza-lanetan parte hartzeagatik: 3 puntu; gidoilari aritzeagatik; 2 puntu; produktore eragile aritzeagatik: 2 puntu; eta 3 puntu emango dira honako postu hauek betetzen dituzten profesional guztien % 40ra iristen denean gutxienez: musikaren konposizioa, argazki-zuzendaritza, arte-zuzendaritza, muntaketa-buruzagitza, zuzeneko soinu-buruzagitza, soinua muntatzeko zuzendaritza, nahasketa arduraduna, produkzio zuzendaritza, efektu berezi fisikoen zuzendaritza, ikusizko efektu berezien zuzendaritza.
g) Zuzendari hasiberria: 2 puntu, zuzendariaren lehenengo edo bigarren film luzea denean.
h) Proiektuaren ibilbidea: 3 punturaino, irizpide hauen arabera emanak: Eusko Jaurlaritzaren aurreko deialdiko honako modalitate hauetako batean dirulaguntzaren bat lortu izan badu: gidoien sorkuntza, puntu bat, edota proiektuen garapena, puntu bat, eta koprodukzio- edo garapen-foroetan parte hartzea, puntu bat.
i) Filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz filmatzea, gehienez 10 puntu.
Bigarren balorazio-fase honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskabideak ezin izango dira kontuan hartu proposamena eta ordezkapena egiteko.
22 artikulua.– Behin betiko agiriak.
1.– Laguntza eman zaiela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, pertsona edo erakunde onuradunek sei hilabeteko epea izango dute, gehienez, proiektuari dagozkion honako agiri hauek aurkezteko:
a) Behin betiko aurrekontua eta ordainketak egiteko egutegia.
b) Proiektuak guztizko kostuei aurre egiteko finantzaketaren % 50 duela egiaztatzea.
c) Beste laguntza edota dirulaguntza batzuk lortu diren edo ez diren adierazten duen formularioa beteta.
d) Koprodukzioko kontratuak, sinatuak eta indarrean daudenak (hala badagokio).
e) Filma ustiatzeko eskubideen kontratuak, sinatuak eta indarrean daudenak.
f) Produkzio-etxeak produkzioak irauten duen denboran bertako pertsonalari Gizarte Segurantzan alta emango izango duela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
2.– Finantzaketa-plana egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Telebista-kateekin edo banaketa-elkarteekin kontratuak, sinatuak eta indarrean daudenak (hala badagokio).
b) Onuradunak finantzaketa-planean bildutako funts propioak, banku-abal baten bitartez bermatuta edo elkar bermatzeko sozietate batek abala emanda.
c) Filma finantzatzeko onuradunak jasotako bestelako laguntzen edo dirulaguntzen egiaztapena.
d) Produkzioaren kostua ordaintzeko diru-sarrerak ekar ditzaketen beste finantzabide batzuk.
3.– Aurreko paragrafoetan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, Kultura sailburuordearen ebazpen bidez ordaindutako zenbatekoa itzultzeko prozedura izapidetuko da, eta ebazpen horretan erabakiko da itzulitako zenbatekoa gehi proiektu horretarako ordaintzeke dagoen zuzkidura Balorazio Batzordeko hautatuen zerrendako hurrengo proiektuari esleitzea.
23. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.
1.– Zuzendaritza kudeatzaileak Ogasun eta Finantza Sailean izapidetuko du laguntzen ordainketa; izapidetzea honela egingo da:
a) Lehen ordainketa % 21,5ekoa izango da, laguntza ematen den unean eta 15.1 artikuluan adierazitako epea igaro eta laguntzari berariaz uko egin ez bazaio.
b) % 45, 22. artikuluan deskribatutako proiektuaren behin betiko dokumentazioa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean jasotzean, betiere 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen.
c) % 19, filmaketaren amaieraren jakinarazpena edo story board-aren amaieraren jakinarazpena jasotzen dutenean animazioko film luzeetan, eta beti 2027ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
d) % 14,5, betiere 2028ko urtarrilaren 1etik aurrera, baina urte horretako azaroaren 30a baino lehen, honako dokumentu hauek jasotzean:
– Euskadiko Filmategia Fundazioaren ziurtagiria, filmaren kopia utzi dela egiaztatzen duena, 24.5 artikuluan adierazi bezala.
– ISAN Erregistroaren Iberoamerikako Agentzian (ARIBSAN) ISAN erregistroa esleitzeko izapideak bete direla egiaztatzen duen agiria.
– Filmaren kostuari, produktoreek egindako ekarpenei eta produkzioaren titulartasun-kuotei buruzko kontu-ikuskatzea, bai eta Euskadiko giza eta enpresa-baliabideetan portzentajea betetzeari buruzko egiaztagiria ere, eskabidearekin batera aurkeztutako agirietan aipatutakoaren arabera. Film luze zinematografikoak, animaziozkoak eta fikziozkoak, ekoizteko azpimodalitateetan, egiaztatu beharko da auditoretza-txostenean jasotako filmaren kostuaren % 5, gutxienez, kopietarako, publizitaterako eta sustapenerako gastuak kendu ondoren, bai eta finantza-erakundeekin egindako maileguen interes pasiboei eta negoziazio-gastuei dagozkienak ere, kopietarako, publizitaterako eta sustapenerako erabiltzen direla, gastu horri ekoiztetxeak eutsi dion edo banatzaileak aurreratu duen kontuan hartu gabe.
– Beste laguntza eta/edo dirulaguntza batzuk lortu diren ala ez azaltzen duen inprimakia.
Agiri horiek aurkeztuko dira bide presentziala zein bide elektronikoa erabiliz pertsona fisikoak direnean, eta bide elektronikoa erabiliz soilik pertsona juridikoak edo entitateak direnean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.
2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.
3.– Laguntza ordaintzeko, laguntzaren onuradun den pertsona edo erakundea ez badago erregistratuta edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
24. artikulua.– Betebeharrak.
Aginduaren 15. artikuluan jasotako betebeharrei kalterik egin gabe produkzio-etxe onuradunak baldintza hauek betetzeko konpromisoa hartuko du:
1.– Laguntza jakinarazi eta hurrengo egunetik bi urteko epean errodajeari ekitea. Epe hori luzatu ahal izango da behar bezala justifikatutako arrazoiren batengatik. Betebehar horrek ez die eragiten animazioko film luze zinematografikoei.
2.– Onuradunak ikus-entzunezko produkzioaren aurrekontuaren % 32, gutxienez, erabili beharko du Euskadiko Autonomia Erkidegoan zerga-egoitza duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 32 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko produkzioan duen partaidetza-kuotari.
3.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari jakinaraztea filmaketaren hasiera-data eta amaiera-data.
4.– Produkzioa gehienez hiru urteko epean amaitzea, laguntza eman dela jakinarazten denetik zenbatzen hasita, animaziozko produkzioen kasuan izan ezik, horietan gehieneko epea lau urtekoa izango baita.
5.– Egiaztatzea Euskadiko Filmategia Fundazioan honako hauek gordailutu direla: laborategiko filmaren kopia berri bat, baldintza ezin hobeetan, zinema-aretoetan estreinatzeko pausuan eta formatuan, ekoizpenaren jatorrizko bertsioan; obraren kopia bat, estreinatutako bertsio komertzial bakoitzeko; elkarrizketen zerrenda jatorrizko bertsioan eta bikoizketa-hizkuntza bakoitzean; sei gida, sei kartel, eta sei argazki, eta Euskadiko film-ondarea kontserbatu eta zabaltzeko interesgarria izan daitekeen eta inola ere komertzialki erabiliko ez den obra sustatzeko beste edozein dokumentazio.
Nolanahi ere, obren gordailuak lehen erakustaldi publikoa egin eta 30 egun igaro baino lehen egingo dira.
6.– Filmaren kostuari, produktoreek egindako ekarpenei eta produkzioaren titulartasun-kuotei buruzko kontu-ikuskatzea aurkeztea, bai eta Euskadiko giza eta enpresa baliabideetan portzentajea betetzeari buruzko egiaztagiria ere, eskabidearekin batera aurkeztutako agirietan aipatutakoaren arabera.
I. ATALA
ZINEMARAKO FIKZIOZKO FILM LUZEEN PRODUKZIORAKO LAGUNTZAK
25. artikulua.– Laguntzaren xede diren jarduerak.
Laguntzen azpimodalitate honetan edozein hizkuntzatako zinemarako fikziozko film luzeak egitea bultzatuko da.
Ondorio horietarako, zinemarako fikziozko film luzea da ikus-entzunezko obra bat, hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan merkataritza-ustiapena egiteko dena.
26. artikulua.– Laguntzen muga.
1.– Guztira, hiru milioi eta berrehun mila (3.200.000,00) euro bideratu dira laguntza-azpimodalitate honetara. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez milioi bat eta zazpiehun mila (1.700.000) euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatutako proiektuetarako, baldin eta proiektu horiek lehen eta bigarren balorazio-faseetan agindu honen 21. artikuluan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzen badute.
Jatorrizko hizkuntza euskara duten proiektuetarako bermatutako aurrekontu-zuzkidura agortzen ez bada, dirulaguntza lortzeko puntuazio nahikoa duten proiekturik ez dagoelako, gainerako kredituak, lehenik eta behin, film luzeen beste azpimodalitate batzuetako euskarazko produkziorako zuzkidura handituko du, eta, ondoren, azpimodalitate honetako beste hizkuntza batzuetarako zuzkidura. Erabaki hau, Balorazio Batzordeak proposatuko dio organo kudeatzaileari.
2.– Nolanahi ere, fikziozko film luzeen produkziorako eman daitekeen laguntzaren zenbatekoa ez da hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000,00) euro baino gehiagokoa izango, jatorrizko hizkuntza euskara duten ekoizpenen kasuan izan ezik; kasu horretan, zenbateko hori seiehun mila (600.000,00) eurokoa izan daiteke.
II. ATALA
ZINEMARAKO ANIMAZIOZKO FILM LUZEEN PRODUKZIORAKO LAGUNTZAK
27. artikulua.– Laguntzaren xede diren jarduerak.
Laguntza azpimodalitate honetan edozein hizkuntzatan dauden eta zinemarako diren animaziozko film luzeak egitea sustatuko da.
Ondorio horietarako, animaziozko zinemarako film luzea da animaziozko ikus-entzunezko obra bat, hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan merkataritza-ustiapena egiteko dena.
28. artikulua.– Laguntzen muga.
1.– Guztira, miloi bat eta bostehun mila (1.500.000,00) euro bideratu dira laguntza-azpimodalitate honetara. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez zortziehun mila (800.000) euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatutako proiektuetarako, baldin eta proiektu horiek lehen eta bigarren balorazio-faseetan agindu honen 21. artikuluan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzen badute.
Jatorrizko hizkuntza euskara duten proiektuetarako bermatutako aurrekontu-zuzkidura agortzen ez bada, dirulaguntza lortzeko puntuazio nahikoa duten proiekturik ez dagoelako, gainerako kredituak, lehenik eta behin, film luzeen beste azpimodalitate batzuetako euskarazko produkziorako zuzkidura handituko du, eta, ondoren, azpimodalitate honetako beste hizkuntza batzuetarako zuzkidura. Erabaki hau, Balorazio Batzordeak proposatuko dio organo kudeatzaileari.
2.– Nolanahi ere, deialdi honen babesean helburu bererako eman daitezkeen laguntzen zenbatekoa ezin izango da hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000,00) eurotik gorakoa izan, jatorrizko hizkuntza euskara duten ekoizpenen kasuan izan ezik; kasu horretan, zenbateko hori seiehun mila (600.000,00) eurokoa izan daiteke.
III. ATALA
SORTZE-DOKUMENTALEKO FILM LUZEEN PRODUKZIORAKO LAGUNTZAK
29. artikulua.– Laguntzaren xede diren jarduerak.
Laguntza azpimodalitate honetan edozein hizkuntzatan dauden sortze-dokumentaleko film luzeak egitea sustatuko da.
Ondorio horretarako, honako hauek izango dira sortze-dokumentaleko film luzeak: errealitatetik hartutako gaia duten proiektuak; lanak originala izan behar du eta gai zehatz bati buruzko ikerketa edo azterlana, gutxienez merkataritza-ordubeteko iraupena dutenak eta zinema edota telebistarako direnak.
30. artikulua.– Laguntzen muga.
1.– Guztira, zazpiehun mila (700.000,00) euro bideratu dira laguntza-azpimodalitate honetara. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta gutxienez hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000,00) euro gordeko dira jatorriz euskaraz filmatutako proiektuetarako, baldin eta proiektu horiek lehen eta bigarren balorazio-faseetan agindu honen 21. artikuluan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzen badute.
Jatorrizko hizkuntza euskara duten proiektuetarako bermatutako aurrekontu-zuzkidura agortzen ez bada, dirulaguntza lortzeko puntuazio nahikoa duten proiekturik ez dagoelako, gainerako kredituak, lehenik eta behin, film luzeen beste azpimodalitate batzuetako euskarazko produkziorako zuzkidura handituko du, eta, ondoren, azpimodalitate honetako beste hizkuntza batzuetarako zuzkidura. Erabaki hau, Balorazio Batzordeak proposatuko dio organo kudeatzaileari.
2.– Nolanahi ere, sortze-dokumentaleko film luzeen produkziorako eman daitekeen laguntzaren zenbatekoa ez da laurogei mila (80.000,00) eurotik gorakoa izan, jatorrizko hizkuntza euskara duten ekoizpenen kasuan izan ezik; kasu horretan, zenbatekoa ehun mila (100.000,00) euro artekoa izan daiteke.
III. KAPITULUA
FILM LABURREN PRODUKZIORAKO LAGUNTZAK
31. artikulua.– Laguntzaren xede diren jarduerak.
1.– Laguntza-modalitate honetan edozein hizkuntzatan dauden eta zinemarako diren film laburrak egitea sustatuko da.
Horretarako, film laburtzat edozein euskarritan egindako filmak hartuko dira, iraupena 60 minutukoa baino gutxiagokoa dutenak.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen filmatzen hasi diren proiektuek ezin izango dute laguntza hau jaso.
32. artikulua.– Laguntzen muga.
1.– Guztira, laurehun eta hogeita zortzi mila (428.000,00) euro bideratuko dira laguntza modalitate honetara. Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan filmatutako proiektuen arteko aurrekontu-banaketa bermatuko da, eta berrehun eta hogei mila (220.000,00) euro gordeko dira, gutxienez, jatorriz euskaraz filmatuak izanik, agindu honen 33.2 artikuluan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortu badute.
2.– Proiektu jakin batera bideratutako zenbatekoak ezin izango du, inola ere, filmaren gastuen aurrekontuaren % 60 gainditu, ezta hogei mila (20.000,00) euroko gehieneko zenbatekoa ere. Jatorrizko hizkuntza euskara duten produkzioen kasuan, muga horiek handitu egingo dira; horrela, proiektu jakin bati zuzendutako kopuruaren mugak ezin izango du inolaz ere filmaren gastuen aurrekontuaren % 70 gainditu, ezta berrogei mila (40.000,00) euroko gehieneko zenbatekoa ere.
3.– Laguntza koprodukzio baterako eskatzen denean, kontratuaren jatorrizkoa edo azken bertsioan digitalki sinatutako koprodukzio-kontratuak aurkeztu beharko dira, eta pertsona edo erakunde eskatzaileak ikus-entzunezko ekoizpenaren % 20ko partaidetza izan beharko du gutxienez. 4. artikuluaren arabera onuradun izan daitezkeen ekoizleak bat baino gehiago badira koprodukzioan, horietako bakoitzaren partaidetzaren batura zenbatuko da.
33. artikulua.– Balorazio- eta hautapen-irizpideak.
1.– Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu:
a) Proiektuaren interes orokorra (10 puntu), bereziki ekimen artistiko berriak eskaintzeko ematen dituen aukerak eta Euskadik edota bertako biztanleek bizi duten errealitate kultural, sozial edo linguistikoarekin, nahiz beste arlo batekoarekin, duen erlazioa baloratuz.
b) Produkzio-proiektuaren balorazioa (30 puntu). Bereziki honako hauek izango dira kontuan:
– Aurrekontuaren eta finantzaketa-planaren egokitasuna (10 puntu).
– Inplikatzen diren enpresako baliabideak eta giza baliabideak (10 puntu): produkzio-etxe, zuzendari eta gidoilariaren curriculuma. Produkzio-etxeen, zuzendarien eta gidoilarien historian, aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.
– Film laburraren garapena Euskal Autonomia Erkidegoan (10 puntu). Dena den, filmaketa edonon eginda ere, eskatzaileak produkzio aurrekontuaren % 50era arte gastatu ahalko du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo.
c) Autofinantzaketa- edo finantzaketa pribatuaren maila (10 puntu), bereziki produkzio-etxe eskatzailearen enpresa-arriskua kontuan hartuta eta, koprodukzioei dagokienez, baita euskal produkzio- etxeen partaidetza-ehunekoaren maila ere.
d) Zinematografikoki garatu beharreko gidoiaren kalitatea (20 puntu).
e) Zerga-egoitza Euskadin duten artista, teknikari eta profesionalek ikus-entzunezko sorkuntzaren ekoizpenean edo garapenean parte hartzea (gehienez 9 puntu, honela esleituko direnak: zuzendaria: 2 puntu; gidoilaria: puntu 1; argazki-zuzendaria: puntu 1; ekoizle exekutiboa: puntu 1; produkzio-zuzendaria: puntu 1; arte-zuzendaria: puntu 1; muntaketa eta edizioa: puntu 1; aktore protagonistak: puntu 1).
f) Filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz filmatzea (gehienez 10 puntu).
g) Emakumearen parte-hartzea (gehienez 10 puntu). Parte-hartze esklusiboa duten kasuetan bakarrik puntuatuko da, puntu hauekin: emakumeak zuzendaritza-lanetan parte hartzeagatik: 3 puntu; gidoigintza-lanetan: 2 puntu; ekoizpen exekutiboan: 2 puntu; argazki-zuzendaritzan: 2 puntu; eta musika-konposizioan: puntu 1).
h) Jasangarritasun-plana, ezarri beharreko ekintzak eta ingurumen-inpaktua eta karbono-aztarna neurtzeko sistema jasoko dituena (puntu bateraino).
2.– Balorazio-baremoaren 50 puntu, gutxienez, lortzen ez duten eskabideak ez dira kontuan hartuko, ez proposamen gisa, ezta ordezko gisa ere.
34. artikulua.– Film laburra egiteko epea.
Onuradunak 2026ko abenduaren 31 arte izango du deialdi honetan ezartzen diren betebeharrak betetzeko.
35. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.
1.– Film laburrak egiteko emandako laguntza honela ordainduko da
a) Lehen ordainketa % 53,5ekoa izango da, laguntza ematen den unean, eta 15.1 artikuluan adierazitako epea igaro eta laguntzari berariaz uko egin ez bazaio.
b) % 35, produkzio-etxeak filmaketa hasi dela egiaztatzen duenean eta beti 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.
c) Gainerako kopurua (% 11,5) ere 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, agiri hauek jaso ondoren:
– Euskadiko Filmategia Fundazioan filmaren kopia berri bat utzi dela frogatzen duen egiaztapena, baldintza ezin hobeetan, zinema-aretoetan estreinatzeko urratsean eta formatuan, ekoizpenaren jatorrizko bertsioan, estreinatutako bertsio komertzial bakoitzeko, elkarrizketa-zerrenda, jatorrizko bertsioan eta bikoizketa-hizkuntza bakoitzean, sei gida, sei kartel eta sei argazki, eta Euskadiko film-ondarea kontserbatu eta zabaltzeko interesgarri izan daitekeen obra sustatzeko beste edozein dokumentazio, inoiz ere merkataritza-erabilerarako izango ez dena.
Nolanahi ere, obren gordailuak lehen erakustaldi publikoa egin eta hurrengo 30 egunak baino lehen egingo dira.
– Proiektua garatzeak dakartzan gastuei buruzko txostena euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera eta egin diren gastuak behar bezala frogatzen dituzten jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuen bitartez eta ordainketa egiaztatzen duten agirien bitartez. Hau frogatzeko beste bide bat ICAAk (Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua) edo finantza-auditoretzak onetsitako kostu-ziurtagiria aurkeztea da.
– Beste laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
– ISAN Erregistroaren Iberoamerikako Agentzian (ARIBSAN) ISAN erregistroa esleitzeko izapideak bete direla egiaztatzen duen agiria.
Agiri horiek aurkeztuko dira bide presentziala erabiliz zein bide elektronikoa pertsona fisikoak direnean, eta bide elektronikoa erabiliz soilik pertsona juridikoak edo entitateak direnean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.
2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.
3.– Laguntza ordaintzeko, laguntzaren onuradun den pertsona edo erakundea ez badago erregistratuta edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
36. artikulua.– Betebeharrak.
Agindu honen 15. artikuluan adierazitako betebeharrak betetzeaz gain, ekoizpen-etxe onuradunak konpromisoa hartzen du filmaketaren hasiera eta amaiera data Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari jakinarazteko.
IV. KAPITULUA
EUSKARAZKO SERIEEN PRODUKZIORAKO LAGUNTZAK
37. artikulua.– Laguntzaren xede diren jarduerak.
1.– Laguntza-modalitate honen barruan, jatorrizko bertsioan, euskara hutsez, ikus-entzunezko serieen lehen denboraldia ekoizteko laguntzak emango dira; lagundutako proiektu hauetan nahitaez EAEn eta/edo Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan jarduten duen ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematen dituen erakunde batek gutxienez parte hartu beharko du.
Modalitate honetan, ikuspegi formal eta tekniko batetik, kalitate handiko eta nazioarteko bokazio argiko ikus-entzunezko serieen ekoizpena sustatuko da, eta bereziki baloratuko dira ekimen artistikoak eta horiek Euskadiren eta/edo bertako herritarren errealizazio kultural eta sozialarekin duten lotura.
2.– Horretarako, ikus-entzunezko lan seriatutzat edo serietan egindakotzat joko dira honako hauek:
– Argumentu-ildo edo gai komun bati jarraikiz, amaiera jakin bat izan behar dute, eta ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematen dituen erakunde batek emititzeko izan behar dute.
– Gutxienez 4 kapitulu izatea. Animazio-serieen kasuan, gutxieneko hori 10 kapitulukoa izango da.
– Gutxienez 160 minutuko iraupena izango du. Animazio-serieen kasuan, iraupen hori 100 minutukoa izango da gutxienez.
– Gutxienez milioi bat eta bostehun mila (1.500.000) euroko aurrekontua izatea, eta gainera, aurrekontuaren % 40 bermatuta egotea dirulaguntzaren eskaera aurkeztean.
3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen filmatzen hasi diren serieak ezin izango dute laguntza hau jaso.
38. artikulua.– Laguntzen mugei buruzko gogoeta orokorrak.
1.– Guztira, hiru milioi (3.000.000,00) euro bideratuko dira modalitate honetara.
2.– Emandako gehieneko laguntzak muga hauek izango ditu:
– Ez du gaindituko seriearen gastuen aurrekontuaren % 40.
– Gehienez ere, zortziehun mila (800.000,00) euro fikziozko eta animaziozko serieetarako, eta laurehun (400.000,00) euro serie dokumentaletarako, emango dira.
3.– Goian adierazitako ondorioetarako, ekoizpen-aurrekontutzat hartuko da pertsona edo erakunde ekoizle bakoitzak baliabide propioak, kanpoko baliabide itzulgarriak eta serieen ustiapen-eskubideen lagapen gisa egiaztatutako proiektuaren titulartasun-ehunekoaren arabera emandako zenbatekoa.
Enpresa eskatzaileak edo koprodukzio-enpresa independenteetako edozeinek formalizatutako kontratuetan, aurrekontratuetan edo konpromiso-gutunetan, ustiapen-eskubideak edo merchandising-eskubideak aurretiaz eskuratzeko kontratuetan, ekarpen ekonomikoa argi eta garbi jaso beharko da.
Halaber, pertsona fisiko edo juridikoen ordainsarien edo ordainsarien kapitalizazioen zenbatekoak jasotzen dituzten konpromisoak onartuko dira, baldin eta enpresa ekoizleek kontratu bat formalizatu badute, aurrekontu osoaren % 15eko gehieneko mugarekin.
4.– Laguntza koprodukzio baterako eskatzen bada, kontratuaren jatorrizkoa edo azken bertsioan digitalki sinatutako koprodukzio-kontratuak aurkeztu beharko dira, eta pertsona edo erakunde eskatzaileak ikus-entzunezko ekoizpenaren % 20ko partaidetza izan beharko du gutxienez. 4. artikuluaren arabera onuradun izan daitezkeen ekoizleak bat baino gehiago badira koprodukzioan, horietako bakoitzaren partaidetzaren batura zenbatuko da.
Pertsona edo erakunde eskatzailearen titulartasun-kuota aldatzen bada, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio, gehienez ere hamabost eguneko epean, dagokion akordioa egiten denetik aurrera.
Euskarazko serieen kostua, pertsona edo erakunde ekoizleen ekarpen efektiboak, ekoizpenarekiko titulartasun-kuotak eta 24.2 artikuluan ezarritako betebeharra betetzen direla egiaztatzeko, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dauden auditoreek pelikularen gastuak berrikusteko auditoretza-txosten berezi bat egin beharko dute. Txosten horretan, pertsona edo erakunde onuradunak egindako inbertsioei buruz auditoreak duen iritzi teknikoa jaso beharko da, bai eta behar bezala baloratu eta kontabilizatu ere, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera, bai eta onuradunak inbertsioa finantzatzeko jasotako gainerako laguntzei eta/edo dirulaguntzei buruzko berariazko iritzia ere. Auditoriak egiaztatu beharko du, partiden arabera banakatuta, zerga-egoitza Euskadin duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanei dagokien gastu-maila.
39. artikulua.– Balorazio- eta hautapen-irizpideak.
1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertu eta zehaztutako alderdi guztiak ebaluatuko ditu, honako baremo honen arabera:
a) Proiektuaren interes artistikoa eta kulturala (45 puntu, gehienez). Horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan:
– Zuzendaritzaren ibilbidea (gehienez 6 puntu) eta gidoilariarena (gehienez 4 puntu). Aurretik egindako serie-ekoizpenak hartuko dira bereziki kontuan, eta egindako proiektu-kopurua, jendearen aurrean lortutako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan adierazitako kritikak baloratuko dira.
– Gidoiaren kalitatea (gehienez 20 puntu). Gidoiak ikuspegi berritzailetik duen interesa (gehienez 5 puntu), elkarrizketen eta narrazioaren kalitatea (gehienez 10 puntu) eta tokikotik istorio unibertsalak aurkezteko duen gaitasuna (gehienez 5 puntu) baloratuko dira.
– Proposamen formala eta sortzailea (gehienez 15 puntu). Produkzio-diseinua, pertsonaien biblia, ekipo teknikoa eta artistikoa, pertsonaien diseinua, gidoi ilustratua (storyboard), eta animazioaren kasurako garrantzitsuak diren ikusizko iturriak eta elementuak baloratuko dira.
b) Produkzio-proiektuaren balorazioa (44 puntu, gehienez), honako hauek bereziki kontuan hartuta:
– Aurrekontuaren eta finantzaketa-planaren egokitasuna (gehienez 10 puntu).
– Produkzio-etxearen ibilbidea eta kaudimena (gehienez 7 puntu).
– Dirulaguntza eskatu gabe proiektuan parte hartzen duten gainerako koprodukzio-etxe independenteen ibilbidea eta kaudimena (gehienez 2 puntu).
– Inbertsioa Euskal Autonomia Erkidegoan (10 puntu, gehienez). Egoitza Euskadin duten edo EBko beste estatu kide batekoak diren eta establezimendu iraunkorra Euskadin duten pertsona fisiko edo juridikoentzako kontratazioetan aurreikusitako gastua baloratuko da. Ehunekoa ikus-entzunezko ekoizpenaren aurrekontuaren % 60 edo gehiago denean, gehieneko puntuazioa lortuko du.
– Egoitza Euskadin duen edo Europar Batasuneko estatu bateko kide den enpresak Euskadin establezimendu iraunkorra duen proiektuaren autofinantzaketa-maila edo partaidetza ekonomikoaren maila (gehienez 5 puntu).
– Eskualde- edo estatu-mailako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematen dituzten erakundeen parte-hartze ekonomikoa, bai eta banaketa-konpromisoak ere (gehienez 5 puntu). Ildo horretan, puntuaziorik altuena lortuko du nazioko edo eskualdeko oihartzuna duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematen dituzten bi erakunderen parte-hartzea egiaztatzen duenak.
– Nazioarteko merkatuetara proiektatzeko gaitasuna. Nazioarteko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetako enpresei egindako aurresalmentak eta salmentak baloratuko dira (gehienez 2 puntu).
– Proiektuaren ibilbidea (gehienez 2 puntu). Horretarako, kontuan hartuko da ikus-entzunezko proiektuak laguntza jaso duela Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik egindako deialdietan, honako modalitate hauetako batean: proiektuak sortzea puntu 1, eta serieak garatzea puntu 1.
– Lanaren % 100aren titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-enpresa independente batena bada (puntu 1, gehienez).
c) Emakumearen parte-hartzea: gehienez 10 puntu. Honela esleituko dira: emakumeak zuzendaritza-lanetan parte hartzea: 3 puntu; gidoia: 2 puntu; ekoizpen exekutiboa: 2 puntu; eta 3 puntu emango dira gutxienez honako postu hauetan diharduten profesionalen % 40ra iristen badira: musikaren konposizioa, argazki-zuzendaritza, pertsonaien eta funtsen diseinua, arte-zuzendaritza, muntaketa-burutza, zuzeneko soinu-burutza, soinu-muntaketaren zuzendaritza, nahasketen arduraduna, produkzio-zuzendaritza, efektu berezi fisikoen zuzendaritza, efektu berezi bisualen zuzendaritza. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa denean baino ez du puntuatuko.
Puntuak kapitulu bakoitzeko esleituko dira, eta lortutako puntu guztiak aurkeztutako kapitulu kopuruaren artean banatuko dira.
d) Jasangarritasun-plana, ezarri beharreko ekintzak eta ingurumen-inpaktua eta karbono-aztarna neurtzeko sistema jasoko dituena (puntu 1 gehienez).
2.– Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten eskabideak ezin izango dira kontuan hartu proposamena eta ordezkapena egiteko.
40. artikulua.– Euskarazko seriea egiteko epea.
Pertsona edo erakunde onuradunak, dirulaguntza jakinarazi eta hurrengo egunetik 2027ko azaroaren 30era arteko epea izango du euskarazko seriea egiteko.
41. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.
1.– Euskarazko serieak ekoizteko emandako laguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehen ordainketa % 30,5ekoa izango da, eta laguntza ematen den unean egingo da, betiere 15.1 artikuluan adierazitako epea igaro eta laguntzari berariaz uko egin ez bazaio.
b) Bigarren ordainketa % 50ekoa izango da, baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak seriearen lehen kapitulua filmatzen hasi dela egiaztatzen badu, betiere 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.
c) Azkenik, % 19,5 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko, honako agiri hauek jasotzen direnean:
– Praktikaldiko hitzarmena edo kontratua, agindu honen 42.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
– Euskadiko Filmategia Fundazioan honako hauek gordailutu izanaren egiaztapena: kopia bat, produkzioko jatorrizko bertsioan, estreinatutako bertsio komertzial bakoitzeko, baldintza egokietan; elkarrizketa-zerrenda, jatorrizko bertsioan eta bikoizketako hizkuntza bakoitzean; sei gida, sei kartel eta sei argazki; eta Euskadiko film-ondarea kontserbatu eta zabaltzeko interesgarria den obra sustatzeko beste edozein dokumentazio, merkataritza-erabilerarako inola ere erabiliko ez dena.
Nolanahi ere, Euskadiko Filmategiak eta Zineuskadi elkarteak baimena izango dute minisaila euskal zinematografia sustatzeko jardueretan erabiltzeko.
– Auditoretza-txostena, honako hauek egiaztatzen dituena: euskarazko seriearen ekoizpenaren kostuak, ekoizleen ekarpen eraginkorrak, ikus-entzunezko obrarekiko titulartasun-kuotak, hartutako konpromisoak eta hura finantzatzeko erabili dituen finantzaketa-iturriak, bai eta laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan adierazitako Euskadiko enpresa- eta giza baliabideen guztizko ehunekoa betetzen dela ere.
– Beste laguntza publiko batzuen erantzukizunpeko adierazpena.
– Diruz lagundutako obra ekoizteko hartutako iraunkortasun-neurriei buruzko txostena edo hori egiaztatzen duen ziurtagiria.
– ISAN Erregistroa esleitzeko izapideak ISAN Erregistroaren Iberoamerikako Agentzian (ARIBSAN) bete izanaren egiaztapena.
Dokumentazio hori aurrez aurre edo modu elektronikoan aurkeztu beharko da, nire karpetatik (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), pertsona fisikoen kasuan. Pertsona juridikoen edo erakundeen kasuan, elektronikoki aurkeztu beharko da, aipatutako helbide elektronikoaren bidez.
2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudiaren arabera legozkiokeenak.
3.– Laguntza ordaintzeko, laguntzaren onuradun den pertsona edo erakundea ez badago erregistratuta edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
42. artikulua.– Betebeharrak.
Agindu honen 15. artikuluan adierazitako betebeharrak betetzeaz gain, onuradunek honako konpromiso hauek hartzen dituzte:
– Ikus-entzunezko seriearen jatorrizko bertsioa (euskaraz esklusiboki) erabiltzea jaialdi, sari eta ikus-entzunezko erakusketetan parte hartzen duenean. Animazio-serieen kasuan, euskarazko jatorrizko bertsioa ere erabili beharko dute, edo euskarazko azpitituluak, baldin eta telesailak ahozkotasunik ez badu.
– EAEko ikus-entzunezko ikasketa-zentroetako ikasle edo graduatu berriren bat sartu beharko da errodajean, praktika-erregimenean, honako espezialitate hauetan: gidoia, zuzendaritza, animazio-zuzendaritza, produkzioa, pertsonaien diseinua eta argazki-, animazio- edo muntaketa-zuzendaritzako funtsak.
– Filmaketaren hasiera eta amaiera Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 6a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS