
93. zk., 2025eko maiatzaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (145 KB - 4 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
2131
2/2025 LEGEA, maiatzaren 8koa, Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala sortzen duena.
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala sortzeko maiatzaren 8ko 2/2025 Legea.
ZIOEN AZALPENA
Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari lanbide-elkargoen eta tituludun lanbideetan aritzearen arloan, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa errespetatuta. Horren arabera eman zen tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea, profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituluen Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren bidez garatuta.
Azaroaren 21eko 18/1997 Legeak 23. artikuluan ezartzen duenez, elkargoaren antolaketa lege hori indarrean sartzen denean horrelakorik ez duten lanbideetara soilik heda daiteke, baldin eta lanbide horiek unibertsitateko titulazioa behar badute eta interes publikoko arrazoiak badaude. Lege horren 29. artikuluan zehazten denez, elkargo profesional berriak sortzeko, Eusko Legebiltzarraren legea beharko da, profesional interesdunek eskatuta, behar besteko ordezkaritzaz eta behar bezala egiaztatuta.
Kriminologiako ikasketak uztailaren 4ko 858/2003 Errege Dekretuaren bidez ofizialdu ziren lehen aldiz. Dekretu horrek Kriminologiako Lizentziadunaren unibertsitate-titulu ofiziala eta titulu hori lortzeko ikasketa-planen jarraibide orokorrak ezartzen ditu. Ondoren, indargabetutako urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezarri zuen, eta unibertsitateei eman zien eman beharreko tituluak sortzeko eta proposatzeko ardura. Euskal Autonomia Erkidegoan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak Kriminologiako Gradua ematen du, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko ekainaren 23ko Aginduaren bidez ofizialdua. Agindu horren bidez, baimena ematen da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean graduko ikasketa ofizialak ezartzeko, eta Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Estatuko Erregistroan inskribatuta dago, 2501473 kodearekin.
Hala, kriminologiako profesionalak prestatzeko titulazio ofizialak daudela egiaztatuta badago ere, titulazio horiek ez dira ezinbesteko baldintza lanbidean jarduteko, orain arte ez baitu legegile eskudunak arautu.
Berariazko erregulazio eza dela eta, autonomia-erkidego batzuek mota bereko erakunde korporatiboen sorrera sustatzea erabaki dute, beren lurralde-eremuetan interes publikoa dagoela aintzat hartuz: ikus 2/2013 Legea, uztailaren 4koa, Valentziako Erkidegoko Kriminologoen Elkargo Ofiziala Sortzekoa; 6/2015 Legea, martxoaren 13koa, Asturiasko Printzerrikoa, Kriminologoen Elkargo Profesionala sortzekoa; 50/2017 Dekretua, maiatzaren 23koa, Kataluniako Kriminologoen Elkargoa sortzekoa; 5/2017 Legea, apirilaren 27koa, Madrilgo Erkidegoko Kriminologoen Elkargo Profesionala sortzekoa; 5/2018 Legea, maiatzaren 28koa, Murtziako Erregioko Kriminologoen Elkargo Profesionala sortzekoa.
Elkargoa sortzeko eskaera Euskadiko Kriminologiako Profesionalen eta Ikasleen Elkarteak aurkeztu zuen. Elkargoa sortzeko aukera arautzailearen oinarria hauxe da: kriminologiako profesionalen artean dagoen kohesio falta konpontzea, hainbat erakunde publikotan eta antolatutako kolektibotan sakabanatuta baitaude. Horrek Euskal Autonomia Erkidegoan kriminalitatea aztertzeko helburuak aberastea eta kriminologiako tituludun pertsonen interesak hobeto defendatzea ekarriko luke, haien jarduna koordinatuz.
Zuzenbide konparatibo autonomikoan dauden aurrekariak alde batera utzita, profesionalen elkargoei buruzko euskal legeak, aurreratu den bezala, modu bereizezinean lotzen dio erakunde berrien sorrera interes publikoko arrazoien konkurrentziari. Ildo horretan, lanbidearen arabera eskumena duten sailek positiboki baloratu dute elkargo profesionala sortzeko aukera eta komenigarritasuna, ezinbesteko interes publikoaren ikuspegitik, elkargokideek lanbidearen jardunean kalitatea bermatzeko tresna gisa, eta kontrol eta jarduketa deontologiko hobeak gizarte-gatazkaren fenomenoa aztertzeari aplikatutako zerbitzu profesionalak emateko. Era berean, elkargoaren existentziak elkargokide diren kriminologoei lagunduko lieke kolektibo profesional gisa dituzten eskubideak hobeto defendatzen eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babesten, elkargokideek ematen dituzten zerbitzuei dagokienez.
Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, elkargo profesionalen, segurtasunaren eta justiziaren arloan eskumena duten sailburuen proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko abenduaren 23an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, lege honen bidez Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala sortzen da.
1. artikulua.– Xedea eta izaera.
1.– Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala izeneko elkargo profesionala sortzen da, zuzenbide publikoko korporazio gisa, nortasun juridiko propioarekin eta gaitasun osoarekin bere helburuak eta berezko dituen eginkizun guztiak betetzeko.
2.– Elkargoak nortasun juridikoa izango du lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, eta jarduteko gaitasun osoa bere gobernu-organoak eratzen direnetik.
3.– Elkargoak ez du izango lanbidearen ordezkaritza instituzional esklusiboa, inskripzioaren borondatezko izaerarekin bat etorriz. Lanbidean jarduteko arauak onartu ahal izango ditu, elkargokideetara mugatzen badira, eta arau horiek behar bezala betetzen direla zaindu. Are gehiago, diziplina-ahalak ere erabili ahal izango ditu, arauak hausten dituena elkargotik kanporatzera eraman dezaketenak. Gainera, elkargo profesionalen berezko eginkizunak beteko dituzte, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko legeko 24. artikuluan jasotakoak, baldin eta inskripzioaren borondatezko izaerarekin bateragarriak badira.
2. artikulua.– Lurralde-eremua.
Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofizialaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.
3. artikulua.– Eremu pertsonala.
Hala eskatzen duten eta unibertsitate-titulu hauetakoren bat duten profesionalak Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofizialean sartu ahal izango dira, beren borondatez:
a) Kriminologiako lizentziatura, uztailaren 4ko 858/2003 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera lortua, zeina Kriminologiako Lizentziadunaren unibertsitate-titulu ofiziala eta hura lortzeko ikasketa-planen jarraibide orokorrak ezartzen baititu, edo agintaritza eskudunak behar bezala homologatutako titulu baliokidea.
b) Kriminologiako gradua, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera lortua, edo agintaritza eskudunak behar bezala homologatutako titulu baliokidea.
4. artikulua.– Administrazioekiko harremanak.
Bere helburu instituzional edo korporatiboak betetzeko, Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofizialak harremanak izango ditu lanbide-elkargoen arloan eskumena duen sailarekin eta, lanbidearen berezko edukiei dagokienez, segurtasunaren arloan eskumena duen sailarekin eta justiziaren arloan eskumena duen sailarekin, bai eta bere lanbide-jardueretarako beharrezkoak diren erakunde publiko edo pribatu guztiekin ere.
5. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofiziala profesionalen elkargoei buruzko legediak eta haren estatutuek arautuko dute, baina horrek ez du eragotziko barne-antolaketarako eta -funtzionamendurako erregelamendua ezartzea.
2.– Estatutuek profesionalen elkargoei buruzko legeak zehazten dituen gaiak arautuko dituzte, eta estatutuak egin, onartu eta aldatzerakoan, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak bete beharko dira.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kudeaketa Batzordea.
1.– Kudeaketa-batzorde bat eratuko da, Kriminologiako Profesional eta Ikasleen Euskadiko Elkarteko zuzendaritza-batzordeko kideek osatua. Presidenteak batzordearen lanak antolatu eta bultzatuko ditu, eta boto erabakigarria izango du.
2.– Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
a) Elkargo profesionalaren lehenengo estatutuak idaztea, lege hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
b) Elkargokide bihurtzeko epea irekitzea eta agintzea.
c) Elkargoaren osoko bilkuraren deia egitea.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Elkargokide bihurtzeko epea.
1.– Elkargoaren estatutuak argitaratu eta hiru hilabeteko epean, Kudeaketa Batzordeak elkargokide bihurtzeko bederatzi hilabeteko epea irekiko du, lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten profesional guztiak Colegio Oficial de Criminología de Euskadi-Kriminologiaren Euskadiko Elkargo Ofizialean sartu ahal izateko. Horretarako, eskakizun horiek betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.– Interesdunak elkargokide bihurtzea errazteko, Kudeaketa Batzordeak iragarki bat argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietako bitan, gutxienez, epe horren iraupenari eta elkargoko kide bihurtzeko moduari buruz.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Osoko bilkuraren deialdia.
1.– Elkargokide bihurtzeko epea irekitzen denetik bederatzi hilabete igaro ondoren, Kudeaketa Batzordeak lanbide-elkargoaren osoko bilkurarako deialdia egingo du, batzar orokor eratzailea egiteko. Batzar eratzailearen eginkizunak honako hauek izango dira:
a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onartzea.
b) Elkargoko organoetan dagozkien karguak bete behar dituzten pertsonak hautatzea.
2.– Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3.– Behin betiko estatutuak onartu ondoren, elkargoaren batzar eratzailearen aktaren ziurtagiriarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan elkargo profesionalen arloan eskumena duen organoari bidali beharko zaizkio, horien legezkotasunari buruzko irizpena eman dezan, eta erregistroan inskriba dadin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
4.– Bai elkargoaren estatutuak egitean, bai gobernu-organoko kideak hautatzean, kontuan hartu beharko da, elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa den aldetik, bi sexuek ordezkaritza orekatua izatea botere publikoetako gobernu-organoetan eta elkargoko organoetan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 13a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
RSS