
92. zk., 2025eko maiatzaren 19a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (99 KB - 2 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
2118
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 12koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, ontzat emateko Aretxabaletako eta Eskoriatzako bake-epaitegietako idazkaritzek eta Leintz-Gatzagako Bake Epaitegiko idazkaritzak osatuta duten Aretxabaleta Elkartea handitzea.
Egungo legeriak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio bake-epaitegietako idazkaritzen elkarteak sustatu eta egiteko eskumena, Mugape eta Planta Judizialari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuaren V. kapituluan Bake Epaitegietako idazkaritzen elkarteak arautzen dira, eta 18. artikuluan eta hurrengoetan Bake Epaitegietako Idazkaritzen Elkarteak eratzeko bete beharreko baldintzak eta jarraitu beharreko prozedura jasotzen dira, baita dagoeneko eratuta dagoen Elkarte batean Idazkaritzak sartzekotan jarraitu beharreko baldintzak ere, aipatutako Dekretuaren 22.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz-Gatzagako udalek eskabide bat aurkeztu dute sail honetan, Aretxabaletako eta Eskoriatzako bake-epaitegietako idazkaritzek eta Leintz-Gatzagako Bake Epaitegiko Idazkaritzak osatutako elkartean sartzeko, eta, eskabidearekin batera, elkarte hori onartzeko nahitaezko agiriak aurkeztu dituzte.
Horrenbestez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, eta legezko manuak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Onespena ematea Aretxabaletako eta Eskoriatzako bake-epaitegietako idazkaritzek osatutako Aretxabaleta Elkartea handitzeko, Leintz-Gatzagako Bake Epaitegiko Idazkaritza ere sartuta. Aretxabaletako egoitza mantenduko du elkarteak.
2. artikulua.– Langileez hornitzea.
Aretxabaleta eta Eskoriatza udalerrietako Bake Epaitegietako Idazkaritzen Elkartea, gaur egun, Justizia Administrazioko langileek daramate; Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko pertsona batek (Elkarteko Bulego Judizialeko idazkaria da bera) eta Laguntza Judizialeko Kidegoko kide batek.
Leintz-Gatzagako udalerria elkartean sartzeak zenbateko lan-karga gehigarria ekarriko duen eta eman beharreko zerbitzuetan zer-nolako eragina izango duen aztertu ondoren, ez da beharrezko jotzen egungo langile-zuzkidura handitzea.
3. artikulua.– Funtzionamendu-araubidea.
1.– Gerora onartuko den funtzionamenduko eta barne-antolamenduko araubidea bete beharko du Elkarteak. Hala ere, behin-behinean, dagoen antolamendu-eskemari eustea proposatzen da, udalerriek aurkeztutako memorian jasotzen den bezala, hargatik eragotzi gabe Leintz-Gatzagako udalerrira joatea Justizia Administrazioko langileak egotea behar-beharrezkoa denean.
2.– Elkartea martxan jarri eta hiru hilabete igaro ondoren, Elkarteko Bulego Judizialeko idazkariak behin betiko lan-plana aurkeztuko dio Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, sailak erabaki dezan aurkeztutakoa onartu, ala hasieran proposatutakoa berretsi. Plan horretan, Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuaren 25. artikuluak dakarrena jasoko da.
3.– Araubide horretan gerora aldaketarik egin nahi izatekotan, aipatutako zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio aurrez, Justizia Sailburuordetzak onartu behar du-eta.
4. artikulua.– Elkartea martxan jartzea.
1.– Elkartea hilabeteko epean jarriko da jardunean, dagokion ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Justizia Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez zehaztuko da noiz hasiko den jardunean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Betearazteko neurriak eta jarraibideak.
Justizia Sailburuordetzari ahalmena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa betearazteko behar diren neurriak eta jarraibideak har ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 12a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS