
92. zk., 2025eko maiatzaren 19a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2111
AGINDUA, 2025eko maiatzaren 6koa, Hezkuntzako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko (Araba) «Gasteizko Haurreskola-Lakuabizkarra» partzuergoko haur-eskolaren baimena aldatzen duena, haur-hezkuntzako lehen zikloko bi unitateren erabilera aldatzeagatik.
Gasteizko udalerrian (Araba) dagoen «Gasteizko Haurreskola-Lakuabizkarra» partzuergoko haur-eskolaren titularra den Gasteizko Udalak eskatuta hasitako espedientea aztertu da (ikastetxearen kodeak: 010581 eta 01006964).
Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatzen duen dokumentazioa erantsi zaio, eta gai horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena egin dute.
Arau hauek hartu dira kontuan: Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa; Unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak aldatua); 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituen azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua (azken Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan); eta gai horretan aplikatzekoak diren indarreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gasteizko (Araba) udalerriko «Gasteizko Haurreskola-Lakuabizkarra» partzuergoko haur-eskolari (ikastetxe-kodeak: 010581 eta 01006964) baimena ematea haur-hezkuntzako lehen zikloko bi unitateren erabilera aldatzeko: gaur egun 1-2 urteko haurrentzat dira unitate horiek eta, aldaketaren ondorioz, 0-1 urteko haurrentzat izango dira. 2024-2025 ikasturtetik aurrera, ikastetxe hori Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatuko da, erregistro-datu hauekin:
Ikastetxearen kodeak: 010581 (EAE) eta 01006964 (unibertsala).
Izen generikoa: partzuergoko haur-eskola (PHE).
Izen espezifikoa: «Gasteizko Haurreskola-Lakuabizkarra».
Titularra: Gasteizko Udala.
Helbidea: Baiona 14.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Lurralde historikoa: Araba.
Baimendutako irakaskuntzak:
– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 7 unitate, honelako edukierakoak:
● 0-1 urteko haurrentzako 4 unitate, bakoitza 8 ikaspostutarako edukierarekin.
● 1-2 urteko haurrentzako 3 unitate, bakoitza 13 ikaspostutarako edukierarekin.
Bigarrena.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren hamahirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeak ezingo du erabili erregistroko inskripzioan agertzen den izena ez den beste izenik.
Hirugarrena.– Hezkuntza-administrazioari zuzendutako eskaera edo komunikazio guztietan, norberaren dokumentazioan eta ikastetxeari buruzko publizitatean, hori egiteko bidea edozein dela ere, ikastetxearen erakunde titularrak izen generikoa erabili beharko du, eta, ondoren, espezifikoa eta ikastetxearen kodea, erregistro-inskripzioan jasotako datuen arabera.
Halaber, Estatuz kanpoko ikastetxeen izenak eta publizitatea arautzen dituen otsailaren 13ko 401/1979 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa bete beharko du ikastetxearen publizitateak.
Laugarrena.– Ikastetxearen erakunde titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostu-kopuruari, ekipamenduari, titulazio akademikoari, irakasleen hizkuntza-eskakizunari eta indarrean dagoen eta aplikagarri den gainerako legeriari dagokienez, eta emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, ikastetxearen erregistro-daturen bat aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo litzateke.
Bosgarrena.– Era berean, ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazten diren higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxearen erakunde titularrari dagokio.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan jasotako baimena emateak ez du esan nahi, inola ere, hezkuntza-itunen edo dirulaguntzen deialdien bidez laguntzak lortu direnik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 6a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.
RSS