Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2025eko maiatzaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2109

49/2025 EBAZPENA, maiatzaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Gizakia Fundazioarekin sinatutako hitzarmena, Bilbon adikzioak artatzen dituen «Andén 1» izeneko zentro soziosanitarioa mantentzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizakia Fundazioarekin sinatutako hitzarmena, Bilbon adikzioak artatzen dituen «Andén 1» izeneko zentro soziosanitarioa mantentzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 12KO 49/2025 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA GIZAKIA FUNDAZIO ZIBILAREN ARTEKOA, BILBON ADIKZIOAK ARTATZEN DITUEN «ANDÉN 1» IZENEKO ZENTRO SOZIOSANITARIOA MANTENTZEKO
BILDURIK:

– Alde batetik: Enrique Peiró Callizo jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburuordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz.

– Bestetik: Ignacio Palacio Areitio jauna, Gizakia Fundazioko zuzendaria, haren ordezkari gisa.

Bi ordezkariek gaitasun juridiko nahikoa aitortu diote elkarri, eta ordezkatzen dituzten erakundeen izenean honako dokumentu hau izenpetu dute; horretarako

AZALDU DUTE:

I.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Sailak Adikzioen arloa du esleituta.

II.– Urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren arabera (haren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen ditu), Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, Adikzioen arloko euskal politika integrala definitzea eta arlo horretako jarduerak sailen artean eta erakundeen artean bultzatzea, inplikatutako sektore-eremuekin lankidetzan.

III.– Eusko Jaurlaritzak, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean esleitu zaizkion eskumenak garatuz, beste administrazio publiko batzuekin lankidetzan, Legea behar bezala garatzen dela ziurtatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu. Ildo horretan, Lege horren 54. artikuluaren arabera, arlo soziosanitarioan erantzukizunak dituzten administrazioek, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, adikzioak dituzten eta gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei harrera, osasunerako hezkuntza, bizi-baldintza osasungarrien sustapena, prebentzioa edo errehabilitazioa, norberaren gaitasunen integrazioa eta hobekuntza, eta arriskuak eta kalteak murrizteko jarduera, programa eta zerbitzu espezifikoak bermatuko dizkiete.

IV.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen VIII. Planean, C Helburuaren 2. eta 3. jarduketa-ildoetan jasotzen du «Asistentzia- eta gizarte-premia espezifikoak dituzten pertsonei ibilbideak egokitzen zaizkiela bermatzea, eta gizarteratzen laguntzea eta adikzioak dituzten pertsonei lotutako estigma murriztea».

V.– Hitzarmen honen xedea da baliabide soziosanitario bat ezartzea drogen arrisku handiko kontsumoari eta kalteberatasun eta gizarte-bazterketako egoera bati lotutako kalteak murrizteko, arreta soziosanitarioko eta gizarteratzeko prozesuak dinamizatzeko, eta osasun eta gizarte-arreta egokia emateko bideak ezartzeko eskakizun txikiko testuinguru batean.

VI.– Gizakia Fundazioak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, toxikomano kronikoen bizi-kalitatea hobetzea du helburu, Adikzioen Arretarako Zentro Soziosanitario baten bidez.

VII.– Erabiltzaileentzako eskakizun txikiko laguntza-dispositibo bat dela, non drogak kontsumitu ahal izango dituzten gainbegiratupean eta zentroak emandako material esterilak erabiliz. Gainera, bertan, ahultasun- eta bazterketa-egoeran dauden pertsonen gizarteratze-prozesuan aurrera egiteko esku-hartzeak egingo dira.

VIII.– Osasun Sailak eta Gizakia Fundazioak interes bera agertu dute drogekiko mendekotasuna duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko, bai osasun-arloan bai gizarte-arloan.

IX.– Bi alderdiak ados daude beren interesei dagokienez, eta urriaren 29ko 319/2024 Dekretuan ezarritakoa kontuan hartuta, lankidetza-hitzarmen hau formalizatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Gizakia Fundazioaren arteko lankidetza-esparrua arautzea, «Andén 1» Adikzioen Arretarako Zentro Soziosanitarioa kudeatzeko.

Zentroaren helburu orokorra da gizartean baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden legez kanpoko drogen erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea, bai osasun-mailan, bai gizarte-mailan, kontuan hartuta kolektibo horren barruan gizonen eta emakumeen errealitate desberdina dagoela.

Hauek dira zentroak eskaintzen dituen prestazioak:

1.– Kontsumo gainbegiraturako espazio bat eskaintzea.

2.– Gaixotasun kutsakorren eragina murriztea.

3.– Gaindosiak prebenitzea eta artatzea.

4.– Bide publikoan kontsumoa murriztea.

5.– Baliabidearekiko lotura sustatzea (atxikipena).

6.– Osasuna hezteko eta zaintzeko jarduerak egitea.

7.– Aldaketarako motibatzea, beste baliabide batzuetarantz aurrera egiteko prozesuak hastea (deslotura).

8.– Esku-hartzeen sinergia eta koordinazioa.

9.– Proiektuaren ebaluazio kualitatiboa eta kuantitatiboa.

Bigarrena.– Aldeen konpromisoak.

Gizakia Fundazioak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:

1.– Arreta soziosanitarioko «Andén 1» zentroak eskaintzen dituen zerbitzuei erantzuteko behar diren instalazioak, ekipamenduak eta materiala ematea, drogak bide endobenosotik kontsumitzen dituzten eta mendekotasun-egoeran, osasun-arriskuan, babesgabetasun-egoeran eta gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei zuzenduta.

2.– Zentroak behar bezala funtzionatzeko behar beste langile bideratzea.

3.– Laguntza hitzarmen honetan zehaztutako eta dagokion ekitaldian egin beharreko esku-hartze proiektuen proposamenean jasotako helburu eta konpromisoetara bideratzea.

4.– Laguntza ematea edo baliatzea dakarten betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela justifikatzea.

5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea.

6.– Sare publikoko osasun- eta gizarte-zerbitzuekin eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuekin behar den koordinazioa ezartzea.

7.– Auzo-ingurunea zaintzea, komunitatearen garapena eta osasun- eta segurtasun-baldintzen hobekuntza sustatuz.

8.– Eusko Jaurlaritzak eta, bereziki, Osasunaren Euskal Behatokiak eta Adikzioen Behatokiak dituzten informazio-, zaintza epidemiologiko- eta ikerketa-sistemekin lankidetzan aritzea.

9.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari urteko esku-hartze proiektuen proposamenak aurkeztea. Helburuen, metodoen eta jarduketa-planaren memoria bat jasoko da, bai eta lortu nahi diren emaitzak ere. Proposamen bakoitzari gauzatzeari buruzko balorazio ekonomiko bat erantsiko zaio.

10.– Urteko azalpen-memoria bat egitea, proiektuaren esparruan egindako jarduerak eta dagokion ekitaldiko balantze ekonomikoa jasoko dituena, eta proiektuaren ebaluazioa jasoko duena, indarrean dagoen Adikzioen Planeko irizpideen arabera.

11.– Egindako gastuak diru-sarreren eta gastuen balantze xehatu baten bidez justifikatzea. Gizakia Fundazioak Osasun Sailaren egiaztapen-jarduerak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerak bete beharko ditu, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak ere.

Alde horretatik, gastuen egiaztagiriak Euskal Autonomía Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egon beharko dira, egiazta ditzan. Esleitutako gastu-partidak dirulaguntzaren urteko aurrekontuaren 10 % ahal izango dira, programa gauzatzeko beharrek hala eskatzen dutenean eta hala justifikatzen denean, betiere programa horri esleitutako dirulaguntzaren zenbateko osoa errespetatuz.

12.– Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

13.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen den dokumentazio guztia bidaltzea, eta proiektuaren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabehera ahalik eta azkarren jakinaraztea.

14.– pertsonalen konfidentzialtasuna bermatzea, kasuen jarraipena ahalbidetuko duen erregistro-sistema bat onartuz, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

15.– Zentroan eta proiektua zabaltzeko ekintza eta euskarrietan Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren dirulaguntza duela adieraztea.

16.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea.

17.– Aseguru-poliza bat hitzartzea bere kargura, dagokion epean, sor litezkeen erantzukizunak beteko direla bermatzeko.

18.– Dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonmia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

19.– Era berean, ezin izango da administrazio-zehapenik edo zehapen penalik jaso sexu-bereizkeria egiteagatik, ez eta debeku horrekin zehatu ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

20.– Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean adierazitako konpromisoei jarraituz, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan adierazitakoari jarraiki, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

g) Emandako zerbitzuaren azken onuradunen edo erabiltzaileen, erakundearen titularren eta plantillaren eta, hala badagokio, zerbitzua emateko kontratatu den erakundearen plantillaren sexuaren araberako informazioa ematea justifikazio-memorietan.

h) Hizkuntza eta irudi mota guztietan sexista ez den bat egitea.

j) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatzea, horiek egiaztatzeko ezarritako dokumentazioa aurkeztea eta justifikatzea, eta irizpide sozial horiek egiaztatzeko jardunen mende jartzea.

21.– Gizakia Fundazioak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatu beharko du, bai laguntza emateko unean, bai ordainketak egitean.

22.– Hitzarmen hau Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 6. artikuluan ezarritako eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak eta berau garatzen duen araudiak arautzen duten hizkuntza-ofizialtasun bikoitzaren araubidearen mende dago.

Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea hitzarmena betearazteko baldintza da, eta ez betetzeak hitzarmen honetako baldintzetako edozein ez betetzean oro har aurreikusitako ondorioak izango ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:

– Erakundeak bere gain hartutako eta hitzarmenean jasotako akordioak garatzen laguntzea eta erraztea.

– Eusko Jaurlaritzak, dirulaguntza izendun baten bidez, EAEko Aurrekuntu Orokorretan behar bezala esleitutako ekarpen ekonomico bat egingo du, 2025eko ekitaldian 177.000 eurokoa dena. Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa 2025eko 1. hiruhilekoan onartzeke dago, eta 3.2.2.1 epigrafean Gizakia fundazio zibilari emandako dirulaguntza jasotzen da, 2025ean Bilbon «Andén 1» adikzioak artatzeko zentro soziosanitarioa mantentzeko. Epigrafe horretan sartzen dira 38/2003 Legearen 8.1 artikuluak xedatzen dituen datuak. Artikulu horrek ezartzen duenez, dirulaguntzen plan estrategiko batean zehaztu behar da laguntza ematea. Bertan, honako hauek jaso behar dira: plana aplikatzean lortu nahi diren helburuak eta ondorioak, helburuak lortzeko behar den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa-iturriak, betiere aurrekontu-egonkortasuneko helburuak betetzearen mende.

Hirugarrena.– Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza kudeatzea.

2025eko ekitaldirako laguntzaren zenbatekoa 177.000 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen kargura egindako ekarpen ekonomikoaren arabera (EHAA).

Adostutako zenbatekoa zatika ordainduko da:

Lehenengo ordainketa 177.000 euroen % 80koa izango da, hitzarmen hau sinatu ondoren, eta gainerako % 20a erakundeak, hurrengo urteko urtarrilaren 15a baino lehen, jarduera-memoria bat aurkeztu ondoren ordainduko da. Memoria horretan, proiektuaren ebaluazioa jasoko da, indarrean dagoen Adikzioen Planaren irizpideen arabera, eta egindako gastuak justifikatuko dira, Jatorrizko dokumentuak edo behar bezala konpultsatuta. Gizakia Fundazioak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiaztapen-jarduketak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketak bete beharko ditu, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoak ere. Alde horretatik, gastuen egiaztagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egon beharko dira, egiazta ditzan.

Hitzarmen honen babesean emandako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ez du inola ere gaindituko erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua edo finantzaketa eman zen helburuaren kostua. Kasu horretan, lortutako soberakina itzuli egingo da.

Gastuak ezarritako moduan justifikatzen ez badira, jasotako zenbatekoa beste helburu baterako erabiltzen bada edo hitzarmen honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez badira, ordura arte jasotako laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da, bai eta legezko interesak ere, abenduaren 21eko 20/2023 Legean dirulaguntzak itzultzeko aurreikusitako prozedura orokorrarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Lankidetza-hitzarmenaren jarraipena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio hitzarmen hau betetzen dela zaintzea eta dirulaguntza kudeatzea.

Gizakia Fundazioak, lankidetza-hitzarmena sinatu aurretik, 2025eko ekitaldirako esku-hartze proiektua aurkeztuko dio Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari. Proiektu horretan, helburuen, metodoen eta jarduketa-planaren memoria bat jasoko da, bai eta ekitaldiaren amaieran lortu nahi diren emaitzak ere. Proposamen bakoitzari, halaber, gauzatzeari buruzko balorazio ekonomiko bat erantsiko zaio. Proiektu hori hitzarmen honen eranskin gisa sartuko da, eta bi aldeek sinatuko dute.

Gizakia Fundazioak hitzarmena indarrean egon den urtean egindako programen eta jardueren memoria aurkeztuko du hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen. Memoria horrek eskainitako zerbitzu bakoitzaren estaldura-adierazleak jasoko ditu, eta bertan proiektuaren diseinuan egon daitezkeen aldaketak islatuko dira, hitzarmen honetan ezarritakoa alda dezakeen aldaketa oro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari jakinarazi behar bazaio ere.

Bosgarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia formalizatzen denetik 2025eko abenduaren 31ra artekoa izango da. Aurrekusitako epea amaitu baino lehen edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea beste urtebetez edo azkentzea. Horretarako kreditu egokia eta nahikoa egon behar da.

Hitzarmenta luzatzeko, Gizakia Fundazioak esku-hartzeko proiektua aurkeztuko dio Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, uneko ekitaldiko azaroaren 1a baino lehen. Proiektu horretan, helburuen, metodoen eta jarduketa-planaren memoria bat jasoko da, bai eta hurrengo ekitaldiaren amaieran lortu nahi diren emaitzak ere. Proposamen bakoitzari, halaber, gauzatzeari buruzko balorazio ekonomiko bat erantsiko zaio.

Seigarrena.– Amaitzeko eta suntsiareazteko arrazoiak.

Hitzarmen honen indarraldia amaitzeaz gain, alderdietako edozeinek hitzarmenean aurreikusitako baldintzak, betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, hitzarmen hau amaituko da.

Alderdiek hitzarmen hau irakurri eta edukiarekin ados daudenez, aipatutako tokian eta egunean sinatu dute.

Egoitza elektronikoa, 2025eko apirilaren 24a.

Osasuneko sailburuordea,

ENRIQUE FERNANDO PEIRÓ CALLIZO.

Gizakia Fundazioaren zuzendaria,

IGNACIO PALACIO AREITIO.


Azterketa dokumentala