Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2025eko maiatzaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2103

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 8koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez 2025eko udako euskara-ikastaroetarako deia egiten baitzaie IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten ente publikoetako langileei.

Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak xedatzen du agintaritza publikoek neurriak hartuko dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoari atxikitako langileak arian-arian euskalduntzeko, herritarrei aitortzen zaien eskubidea gauzatzeko helburuarekin, Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan ditzaten.

Legeak xedatutakoa garatzeko, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua onartu zen, zeinaren bitartez arautzen baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua. Dekretu hori Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak indargabetu du.

Era berean, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduak arautu zuen Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua.

Agindu horretan dago xedatuta zein diren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrekoak eta instituzionalekoak ez diren ente publikoen artean, IVAPek eskaintzen dituen hizkuntza-prestakuntzako ikastaroetara joateko aukera dutenak; agindu horrek ezartzen du, orobat, ente publiko horiek hizkuntza-normalizaziorako plana onartuta izan behar dutela eta IVAPekin dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetuta.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten ente publikoetako langileentzako B1, B2, C1 eta C2 mailetarako 2025eko udako ikastaroen deialdia onartzea, eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 8a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko ente publikoetako langileen hizkuntza-prestakuntza bultzatzea.

Bigarrena.– Hartzaileak.

1.– Entitate hauetako enplegatu publikoak izan daitezke hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuen deialdi honetako parte-hartzaileak, baldin eta hurrengo apartatuan adierazitako baldintzak betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udal- eta foru-administrazioetako eta haien organismo autonomoetako langileak.

b) Eusko Legebiltzarreko eta lurralde historikoetako Batzar Nagusietako langileak.

c) Herri Kontuen Euskal Epaitegiko, Arartekoko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileak.

d) Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako langileak.

e) Lan Harremanen Kontseiluko eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko langileak.

2.– Ebazpen honetan araututako hizkuntza-prestakuntzako zerbitzuetarako aukera izateko, aurreko apartatuan adierazitako ente publikoek baldintza hauek bete beharko dituzte –Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduan adierazita daude baldintza horiek; agindu horren bidez, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua arautzen da–:

2.1.– Hizkuntza-normalizaziorako plana onartuta izatea.

2.2.– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuarekin aldez aurretik lankidetza-hitzarmen bat sinatu izana, aipatutako aginduaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

3.– Edonola ere, IVAPek bere aurrekontu-baliabideen barruan eskainiko du hizkuntza-prestakuntza.

Hirugarrena.– 2025eko udako ikastaroen berezitasunak.

Udako ikastaroak 2025eko uztailean, abuztuan eta irailean egingo dira. Aurrez aurreko ikastaroak lanorduetan eta lanorduz kanpoko ordutegian egingo dira, eta autoikaskuntzako ikastaroak, berriz, lanorduz kanpoko ordutegian.

Ikastaro horiek matrikula-kodearen bidez finantzatuko dira, deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta ikastaroek honako ezaugarri hauek betetzen badituzte:

– HABEk araututako ikastaro-moduluak izan behar dute.

– Euskaltegi edo autoikaskuntzako zentro publiko edo pribatu homologatuek eman beharko dituzte.

– Aurrez aurreko ikastaroek gutxienez 80 orduko iraupena izan beharko dute.

– Autoikaskuntzako ikastaroek gutxienez 70 orduko iraupena izan beharko dute.

Laugarrena.– Interesdunen betekizunak.

Udako euskara-ikastaro bat lanorduetan zein lanorduz kanpo hasi ahal izateko:

– Interesdunak ikastaroren bat eginda izan behar du IVAPen aurreko edozein deialditan, eta, beraz, ikaste-prozesua hasita.

– Interesdunak 2024-2025eko ikasturtea ez bazuen hasi 2024ko urrian edo 2025eko otsailean, ordu-kreditu positiboa izan beharko du udako ikastaroaren hasieran, bat etorriz Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Aginduaren bosgarren artikuluan ezarritakoarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituen Agindua; 2004-05-07ko EHAA, 85. zk.).

– Interesdunak aldi baterako lan-kontratua edo bitarteko izendapena badu, kontratatuta edo izendatuta egon beharko du 2025eko abenduaren 31ra arte gutxienez.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea eta kudeatzea. Entitateak egiaztatzea eskakizunak betetzen diren.

Deialdi honetan IVAPek gehienez hiru eskabide onartuko ditu pertsona bakoitzeko, aurrez aurreko ikastaroetan. Autoikaskuntza eskatuz gero, eskabide bakarra onartuko da.

5.1.– Lanorduetako eta lanorduz kanpoko eskabideak aurkezteko epea:

2025eko maiatzaren 20tik ekainaren 4ra, biak barne.

5.2.– Eskabideak kudeatzea eta entitateak egiaztatzea baldintzak betetzen diren.

Interesdunak euskara-ikastaroetan parte hartzeko eskabidea aurkeztuko du zerbitzuak ematen dituen entitatean.

Entitate bakoitzak deialdi honetako laugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak betetzen diren egiaztatuko du (ordu-kredituari buruzko baldintza izan ezik, hori geroago egiaztatuko baitu IVAPek).

Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, entitate bakoitzak emandako baimenen kopurua ezingo da izan lanorduz kanpo hizkuntza-prestakuntzarako baimentzen dituen eskaera guztien % 20 baino handiagoa.

Entitate bakoitzak solaskide bat izango du euskara-ikastaroak kudeatzeko.

Entitate bakoitzeko solaskideak, IVAPeko Solaskidegune aplikazio informatikoaren bidez, baimendutako eskabideak bakarrik grabatuko ditu. Ondorioz, IVAPek ulertuko du entitateek onartutako eskabide guztiek betetzen dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

Seigarrena.– IVAPek ordu-kredituaren betekizuna egiaztatzea.

IVAPek egiaztatuko du entitate bakoitzak baimendutako pertsona guztiek ordu-kreditu positiboa duten, deialdi honen bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Horrez gain, euskalduntze-prozesuan aurretik IVAPekin hasiak direla ere egiaztatuko du.

IVAPek ukatu egingo ditu aurreko bi baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak, eta entitate bakoitzeko solaskideei jakinaraziko die.

Zazpigarrena.– Ikastaroak kudeatzea.

IVAPek matrikula-kode bat emango dio interesdunari, baimendu zaion ikastaro bakoitzeko, berak aukeratutako euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro publiko edo pribatu homologatuan matrikula dadin, soilik baimendutako moduluan.

Matrikula egiteko, ezinbestekoa izango da matrikula-kodea euskaltegian aurkeztea.

Ikaslea ez bada euskaltegi bakar batean matrikulatzen, entitateak Solaskidegune aplikazioan haren baja erregistratu beharko du, IVAPek jakin dezan.

IVAP arduratuko da matrikula-kodea ordaintzeaz, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

1) Interesdunak matrikula-kodean zehaztutako moduluan matrikulatuta egon beharko du.

2) Interesdunak matrikula-kodea aukeratutako euskaltegian ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko du.

3) Interesduna matrikulatzen den ikastaroak deialdi honetako hirugarren oinarrian aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu.

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, IVAPek matrikula-kodea onartuko du, eta haren kostua bere gain hartuko du. Barnetegi-erregimeneko ikastaroen kasuan, ostatuaren eta mantenuaren kostua ere bere gain hartuko du. Aitzitik, IVAPek ez du bere gain hartuko ikastaroen ondoriozko beste gasturik (joan-etorriak, materialak, etab.).

Ikasleak egindako matrikulazioak lehen aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainketarik egingo eta bere erabakia entitate horretako solaskideari jakinaraziko dio, ikasleari horren berri eman diezaion.

Zortzigarrena.– Ikastaroen hasiera eta bertaratzea.

8.1.– Ikastaroen hasiera.

Ikasleak ikasturteko lehen egunean hasi beharko dira klasean.

8.2.– Egunero bertaratzea.

Entitateetako solaskideek asistentziaren jarraipen espezifikoa egin ahal izan dezaten, IVAPek informazio hori emango du Solaskidegune aplikazioaren bidez, eta ikasleen ez-bertaratze egunak zehaztuko ditu, aurrez aurreko ikastaroetan.

8.3.– Lanorduetan ikastaroetara joateko arau espezifikoak.

Ondorio guztietarako, ikastaroa ematen den zentroa lantokitzat hartuko da. Horrenbestez, bertaratze- eta puntualtasun-hutsegiteak administrazioaren aurrean justifikatu beharko dira, laneko ez-betetze guztiekin egiten den bezala.

Ikastaroetara joateko baimena ematea ente publiko bakoitzaren eskumena denez, ente horri dagokio, halaber, baimendutako aldian langileak etenik gabe eskolatuko direla bermatzea.

Bederatzigarrena.– Ordu-kreditua.

Ikastaroetan, lanorduetan zein lanorduz kanpo, ordu-kredituen sistema ezartzen duen Agindua aplikatuko da (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2004ko apirilaren 30eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituena; 2004-05-07ko EHAA, 85 zk.).

Agindu horren bosgarren artikuluan ezarritakoaren arabera, euskara-ikastaro bat hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ikastaroaren hasieran ordu-kreditu positiboa izatea.

IVAPek honela aplikatuko du ordu-kredituaren gaineko kontrola:

Ikasturtea 2025eko udan hasten dutenei ikastaroa hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola. Saldo positiboa agortuta dutenek ezingo dute ikastaroa hasi.

2024-2025 ikasturtea 2024ko urrian hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, urrian ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

2024-2025 ikasturtea 2025eko otsailean hasi zutenei ikasturte horretako ordu-kredituaren kontrola aplikatuko zaie. Beraz, otsailean ordu-saldo positiboa bazuten, udako ikastaro bat egiteko aukera izango dute, nahiz eta udako prestakuntza-ekintzaren hasieran ordu-kreditua agortuta izan.

Hamargarrena.– Ikastaroak bertan behera uztea eta ondorioak.

Ikastaroa hasi ondoren norbaitek behin betiko uztea erabakitzen badu, berehala eman beharko dio horren berri IVAPi, bere erakundeko solaskideak inguruabar hori IVAPen Solaskidegune aplikazioan erregistra dezan.

Ikastaroa uzteko eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan araututako edozein bitartekoren bidez ere aurkeztu ahal izango dira.

Ordu-kredituaren zenbaketa ikastaroa utzi izanaren jakinarazpena aurkezten den egunetik aurrera geldituko da.

Hala ere, autoikaskuntzako ikastaroen kasuan, ikastaroa uzteak ez ditu aipatutako zenbaketak geldiaraziko. Ondorioz, ikastaroaren ordu-kopuru osoa (70 ordu) deskontatuko da ordu-kreditutik, interesdunak prestakuntza-ekintza amaitu aurretik utzi badu ere.

Hamaikagarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak babesteko eta Eskubide Digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da datu pertsonalak tratatu egingo direla eta «EAEko administrazio publikoetako langileen euskalduntzea» izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.

Tratamendu horren arduraduna Administrazio Publikoaren Euskal Institutua (IVAP) izango da, eta interesdunak datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Tratamendu horren helburua izango da EAEko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak kudeatzea eta ebaluatzea, eta, hala badagokio, programatzea eta bertaratzea kudeatzea, bai eta hizkuntza-prestakuntzarako esleitutako ordu-kreditua kudeatzea ere.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Tratamendua beharrezkoa da, halaber, aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko: 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena; Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina, irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; eta 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datuak EAEko langileen arloan eskumena duten organismoei jakinaraziko zaizkie (bertaratzeari eta ebaluazioari buruzko informazioa), bai eta Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eta HABEri ere –Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari–.

Datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua gure web-orrian kontsulta dezakezu:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021500-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala