Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2025eko maiatzaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
2086

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 7koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita emakumeen ekintzailetza sustatzeko edota enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakundeei 2025ean dirulaguntzak emateko deialdia eta horien arauketa.

Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak dio EAEren eskumen esklusibokoa dela Euskadiko jarduera ekonomikoaren sustapena, garapena eta planifikazioa, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat betiere, eta 9. artikuluak, berriz, dio Euskal herri-aginteek, beren eskumenen esparruan, bizi- eta lan-baldintzen hobekuntzaren aldeko politika bultzatuko dutela bereziki eta enplegua gehitzea eta ekonomiaren oreka sustatzeko neurri lagungarriak hartuko dituztela.

Era berean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartu zuen 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 27.3 artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarte eta erakundeei lagunduko diete.

Enpleguaren 15/2023 legearen 6. artikuluaren 3. apartatuak, berriz, dio Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legean edo hura ordezten duen arauan azaltzen diren lehentasunezko arreta behar duten kolektiboez gain, bereziki kontuan hartuko dela emakumeen egoera enpleguari dagokionez.

2030 Euskal Enplegu-Estrategiak, 2021eko apirilaren 13an Gobernu Kontseiluak onetsia, konpromisoa hartu zuen gizonen eta emakumeen arteko enplegu-aukeren berdintasuna bermatzeko (4.1 gakoa), eta halaber dio konpromiso horretan aurrera egingo duela oso fronte desberdinetan: enplegua lortzeko aukera-berdintasunean, garapen profesionaletako aukera-berdintasunean, ordainsarietako berdintasunean eta familia eta lana bateragarri egiteko neurriez pare eta erantzukide gozatzeko berdintasunean. Aintzat harturik betiere emakume-kolektibo guztien errealitate bereiziak.

Azaroaren 5eko Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 323/2024 Dekretuaren 5.n artikuluak dio zuzendarien zeregina dela, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planeko helburuak definitzea dagokien arloan, eta horiek lortzeko ekintzak eta ekimenak gauzatzea eta ebaluatzea, beren zuzendaritzako zerbitzuburuekin lankidetzan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken kudeaketa integratua eginez; hori guztia, Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin elkarlanean.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusia da dirulaguntza-deialdi hau. 2025eko otsailaren14ko Aginduz onetsi zuen plana Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, eta Euskal Administrazioaren www.euskadi.eus internet-atarian argitaratu zen. Deialdiak planaren helburuak erdiesten laguntzen du, emakumeen presentzia areagotuko baitu lan-merkatuan, «aukera-berdintasuna lan-merkatuan: genero-berdintasuna enpleguan» ardatz estrategikoaren barruan.

Zeharo bateragarria da dirulaguntza hau Europar Batasunaren barne-merkatuaren araubidearekin, ez baititu betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan bateraezina izateko xedatutako baldintza guztiak.

Deialdi honen bidez, bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, dirulaguntza-deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun-, partaidetza- eta publizitate-printzipioak bermatzeko legezko oinarriak ezartzea; bestetik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak diru publikoak egoki erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 10.1 artikuluaren eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 323/2024 Dekretuaren 5.n) artikuluaren ildotik,

HAU EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde batzuei dirulaguntzak emateko 2025eko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 7a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

Emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa zein erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzeko xedea duten elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakunde batzuei dirulaguntzak emateko 2025eko deialdiaren oinarri arautzaileak xedatzea da agindu honen xedea.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 175.000 euro dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025eko Aurrekontu Orokorreko ordain-kredituari dagokionak.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Jarduera hauek lagundu ahal izango dira diruz deialdi honen babesean:

Entitate onuradunen instalazio eta egoitza sozialak mantentzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren jarduera eta zerbitzuak.

Entitate onuradunei finkatzen, indartzen eta hazten laguntzen dieten jarduerak eta zerbitzuak.

Emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta emakumeak buru dituzten enpresak edo enpresa berriak bultzatzeko jarduerak.

Emakumeei enpresetako zuzendaritzan eta zuzendaritza-organo eta -postuetan sartzen laguntzeko jarduerak.

Emakume enpresaburu edo zuzendarien asoziazionismoa garatzeko jarduerak eta entitateen eta emakumeen arteko lankidetza-sareak sortzeko jarduerak.

Erabakiguneetan emakume enpresaburu, zuzendari eta profesionalen ikusgarritasuna sustatzeko jarduerak.

2.– Aurreko puntuko c) eta f) arteko letretan adierazitako jarduera lagungarriak ezin izango dira emakumeei baizik zuzenduak izan.

4. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

Entitate onuradunen instalazioen eta egoitza sozialen mantentzearekin eta funtzionamenduarekin zuzenean lotutako gastuak, exekuzio-aldian egindakoak; besteak beste, hornidura-gastuak eta lokala alokatzeko gastuak.

Entitate onuradunaren instalazioak birgaitzeko eta hobetzeko gastuak, diruz lagundutako jarduerara egokitzeko egindakoak, ez badira merkatuko prezioa baino nabarmen handiagoak.

Zerbitzu profesional independenteen gastuak, hain zuzen dirulaguntzaren helburuak lortzeko bidea ematen duten eta antolakundeei finkatzen, indartzen eta hazten laguntzen dieten horiek, hala nola zerbitzu profesional horien ordainsariak edo kontratatutako langileen soldatak. Aholkularitza juridikoko edo finantzarioko zerbitzuak, zehazki, esleitutako zenbatekoaren % 20 finantzatu ahal izango dira gehienez.

Informazio-jarduerei edo prestakuntza-ekintzei lotutako gastuak, baldin eta haien gaiak zuzenean lotuta badaude dirulaguntzaren xedearekin.

Bidaia-, ostatu- eta dieta-gastuak, baldin eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduerekin zuzenean lotuta badaude eta merkatuko prezioa baino nabarmen handiagoak ez badira.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zuzenean lotutako protokolo-ospakizunek eragindako gastuak; esleitutako zenbatekoaren % 20 gehienez ere.

Dirulaguntzaren xedea betetzen laguntzeko balio duten bulegoko altzariak eta materiala, ekipoak, material didaktikoak edo plataforma teknologikoak erosteko gastuak.

Publizitate-gastuak, zabalkundekoak eta prentsako komunikaziokoak, baldin eta gastu horiek merkatuko prezioa baino nabarmen handiagoak ez badira; justifikazio-memoriarekin batera, landutako publizitate-elementu bakoitzaren ale bat aurkeztu behar da, data eta erabilitako publizitate-bidea adierazita.

2.– Kostuei dagokienez, eskuarki onartutako kontabilitate-arau eta -printzipioen arabera dirulaguntzaren helburuei dagozkiela arrazoiz jotzen den zatia egotziko dio erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerari, betiere kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari dagozkion neurrian.

3.– Gastu hauek ez dira diruz laguntzeko modukotzat hartuko:

Diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zerikusirik ez dutenak.

Edozein motatako ondasunak eskuratzeko gastuak, merkatuko balioa gainditzen badute.

Agindu honetan adierazitako moduan behar den bezala justifikatzen ez diren gastuak.

Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko finantza-gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta peritu-gastuak.

Banku-kontuen interes zordunak eta finantza-zehapenen interesak; ez eta interesak, errekarguak, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak ere.

Prozedura judizialek eragindakoak, non eta prozesu horiek diruz lagundutako jardueraren funtsean ez dauden.

Zergak, tributuak, tasak, Gizarte Segurantzako kuotak eta zeharkako zergak (BEZ...) berandu ordaintzeagatik edo ez ordaintzeagatik sortutako gastuak –berreskuratu edo konpentsatu badaitezke– eta entitate onuradunaren errentaren gaineko zerga pertsonalak, salbuespen izanik entitate onuradunak hirugarrenei egindako fakturetan egindako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak.

4.– 2025eko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egindako gastuak lagundu ahal izango dira diruz. Benetan ordaindu eta gauzatu diren gastuak hartuko dira egindako gastutzat.

5. oinarria.– Erakunde onuradunak.

1.– Baldintza eta betekizun hauek betetzen dituzten erakundeek jaso ahal izango dituzte Agindu honetan araututako dirulaguntzak:

Administrazio Publikoaren mende ez dauden elkarteak edo gainerako irabazi-asmorik gabeko entitateak izatea.

Legez inskribatuta eta legez eratuta egotea, deialdia argitaratu baino bi urte lehenagotik gutxienez.

Euskal Autonomia Erkidegoan izatea jarduera ekonomiko nagusia.

Haien helburuetako bat emakumeen ekintzailetza sustatzea edo enpresen eta antolakundeen zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzera bultzatzea izatea. Aipatutako helburu horiek entitatearen xede sozialean edo estatutuetan agertu behar dira, deialdia argitaratu baino bi urte lehenagotik gutxienez.

Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

2.– Ezingo dituzte Agindu honetan araututako dirulaguntzak jaso Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan nahiz Transexualen berdintasun benetako eta eragingarrirakoa eta LGTBI kolektiboetako kideen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako kasuren batean dauden erakundeek.

6. oinarria.– Eskabideak aurkezteko era, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, helbide honetara sartuta: https://www.euskadi.eus/hasiera

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sartu ahal izango da eskaeraren formularioan. Helbide honetan dago fitxa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1112305

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –besteak beste, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta, oro har, espedientean sartzea– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Eskaerak aurkezteak dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.

4.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan eranskinekin batera esekita dagoen inprimakian bete behar da, eta dokumentu hauekin batera aurkeztu behar da:

Eskabidea pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria, baldin eta ordezkaritza hori ez badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalorde-erregistroan.

Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFK).

Behar bezala legeztatutako estatutuak.

Dirulaguntzaren xedearekin lotuta dauden 2024an egindako zein 2025ean egitekoak diren jardueren memoria (IV. eranskina).

2024 eta 2025ean sarean zein beste entitate batzuekin lankidetzan egindako lana (VI. eranskina).

2024 eta 2025eko jarraipen-adierazleen taula (VII. eranskina). 2024. urteari dagozkion datuak eskabideari erantsiko zaizkio. 2025. urteari dagozkion datuak laguntza-deialdiaren jarduerei buruzko amaierako justifikazio-memoriari erantsi behar zaio.

Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, zeina eskabidearen inprimakian baitago eta eskatzaileak bere ardurapean bete behar baitu (III. eranskina), eskakizun hauek betetzen direla adieraziko da:

Beteak ditu indarrean den ordenamendu juridikoan aurreikusitako laguntza eta dirulaguntzak jasotzeko arauak exijitzen dituzten betekizunak.

Entitate onuradunak deialdi honek estaltzen duen denbora-tartean izango dituen diru-sarrera publiko zein pribatuen zerrenda. Zerrenda horretan azalduko dira aurreikusitako dirulaguntza, laguntza zein finantzaketa guztiak eta horien izapidetze-egoera (eskatua, izapidetzen edo emana). Halaber zehaztuko da horietatik zein dagoen 3. Oinarrian aipatzen diren jarduera lagungarriekin lotuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduren egoera, izapidetzen ari badira.

Eskatzailea egunean dagoela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4,1. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

Eskatzailea ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

Eskatzaileak ez duela ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso, dirulaguntzak jasotzea galarazten dionik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.

Eskatzaileari ez zaiola ezarri dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapen penal edo administratiborik sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik; orobat ez zaiola debeku hori dakarren zehapenik ezarri martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).

Ez entitateen administratzaileak, ez haien legezko ordezkariak ez daudela egoera hauetakoren batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean. Eta ez daudela Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Ez dagoela trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan adierazitako egoeretako batean ere.

Konpromisoa hartzen duela jarduerak gainfinantzaketarik ez izateko, dirulaguntza jasoz gero.

Konpromisoa hartzen duela Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Enplegu Zuzendaritzari jakinarazteko dirulaguntza emateko eskatzen eta kontuan hartzen den baldintzaren bati eragiten dion egoera-aldaketa oro, baita edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

50 langile baino gehiago dituen entitatea bada, berdintasun-plan bat duela indarrean, Estatuko araudiaren arabera, eta neurriak ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

Enpresaren eremuan jarduten badu, konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen direla dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.

Enplegu Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiriak.

5.– Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, edo osatugabea edo akastuna bada, errekerimendua egingo zaio interesdunari hamar eguneko epean hutsa zuzendu dezan edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusten diren ondorioak izango ditu.

Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela iritziko zaio. Horretarako, baina, ebazpena eman behar du aurrez Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Enplegu Zuzendaritzako titularrak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

7. oinarria.– Dirulaguntza-lerro espezifikoak eta dirulaguntzak jasotzeko gutxieneko puntuazioa.

1.– Bi dirulaguntza-lerro ezartzen dira baliabide ekonomikoak esleitzeko, helburuaren eta entitate onuradunen tipologiaren arabera:

1. dirulaguntza-lerroa: deialdi honen 4. oinarrian aipatzen diren gastuak, dirulaguntzen Aginduaren xede orokorraren ondoriozkoak. Deialdiaren 5. Oinarriaren arabera onuradun izan daitezkeen elkarte eta irabazi-asmorik gabeko entitate guztientzat da.

2. dirulaguntza-lerroa: tamaina edo finantza-gaitasun txikiagoko emakume-elkarteei laguntzea, hazi eta sendotu daitezen. Deialdiaren 5. Oinarriko baldintzak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko emakume-elkarteentzat da bakarrik.

2.– Eskabideek gutxienez 30 puntu lortu beharko dituzte 1. dirulaguntza-lerroan, agindu honen 8. oinarrian zehazten diren irizpide eta puntuazio-baremoen arabera. Gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten eskabideei laguntza ukatuko zaie.

8. oinarria.– Balorazio-irizpideak eta puntuazio-baremoak, dirulaguntza-lerroka.

Baliabide ekonomikoak esleitzeko, balorazio-irizpideak eta haiei dagozkien puntuazio-baremoak ezarri dira. Irizpide eta baremo horiek bi taula hauetan daude (dirulaguntza-lerro bakoitzeko bat).

8.1.– 1. dirulaguntza-lerroko balorazio-irizpideak.

Deialdi hau ebazteko, artikulu honetan zehazten den dirulaguntza lerro bakoitzean, lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedura baliatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusten den bezala.

(Ikus .PDF)

8.1.1.– Lurralde-ezarpena.

Entitateak jarduera-eremutzat lurralde historiko bat, EAE guztia izatea edo eremu lokala izatea baloratuko da. Lurralde-eremua entitatearen estatutuetan egiaztatuko da.

8.1.2.– Sare-lana: beste entitate batzuekin lankidetzan egindako jarduerak.

Beste erakundeekin lankidetzan egiten diren eta dirulaguntzaren helburuarekin lotuta dauden jarduerak hartuko dira Sareko lantzat. Parte hartzen duten entitateen partehartzea, intermendekotasuna eta beren artean lankidetzan jarduteko konpromisoa biltzen duen jarduera baten emaitza gisa ulertzen da sareko lana, ikuspegi zabalez eta luzarorako konpromisoz helburu komunen peskizan.

Kontuan hartuko da entitate onuradunak deialdiaren xedearekin zerikusia duten jarduera gehiago egitea sarean edo lankidetzan beste entitate batzuekin. Sareko lana ez da baloratuko, baldin eta bi entitate baino ez badira tartean eta haietako bat publikoa edo bankua bada.

Jarduerak beren osotasunean hartuko dira kontuan; hau da, prestakuntza-programa bat bada, behin bakarrik zenbatuko da, eta ez prestakuntza-programaren saio bakoitza.

Balorazioa egiteko, 2025ean betetako nahiz planifikatutako jarduera-plana eta 2024an egindako jarduerak hartuko dira erreferentziatzat, eta haietatik aterako ditu entitateak sarean egindako jarduerak. (VI. eranskina).

8.1.3.– 2024an egin diren jarduerak, deialdiaren xedearekin zerikusia dutenak.

Dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten eta 2024an egin diren jardueren kopurua baloratuko da. Eskabidearekin batera, deskripzio-memoria bat aurkeztu behar da (IV. eranskina), atal hauek dituena:

– Helburu orokorrak.

– Egindako jardueraren deskribapena.

– Entitatearen 2024ko aurrekontua.

– Aurrekontua finantzatzeko iturriak eta eskatutako edo jasotako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk.

– Genero-ikuspegidun metodologia, eragin-adierazleak eta parte-hartzaile kopurua.

8.1.4.– 2025erako jarduera-egitaraua.

Deialdiaren xedearekin zerikusia duten eta 2025ean egin diren edo egitekoak diren jardueren kopurua baloratuko da. Eskabidearekin batera, 2025. urterako deskripzio-memoria bat aurkeztuko da, jarduera horiek deskribatzen eta zerrendatzen dituena (IV. eranskina), hauek adierazita:

– Helburu nagusiak.

– 2025ean egindako nahiz egin beharreko jardueren egitaraua.

– 2025erako jarduera lagungarrien egitarauaren aurrekontua.

– Aurrekontua finantzatzeko iturriak eta eskatutako edo jasotako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk.

– Genero-ikuspegidun metodologia, eragin-adierazleak eta izandako nahiz aurreikusitako parte-hartzaile kopurua.

– Dirulaguntza justifikatzeko azken memoriak koherentea izan behar du aurkeztutako 2025eko jarduera-egitarauarekin, eta, aldaketarik izanez gero, deialdi honen 12. Oinarrian xedatutakoa izango da aintzat.

8.1.5.– Finantza-kontrola.

Enitate onuradunak, bere kudeaketa dirulaguntza-deialdi honen aurreko urtean kanpo-auditoria independente bat eginez, egindako kudeaketa efizientzia-, legezkotasun- eta berrikuspen-jardueren eta finantza-kontroleko azterketen mende jartzea balioetsiko da (VIII. eranskina).

8.2.– 2. dirulaguntza-lerroko balorazio-irizpideak.

(Ikus .PDF)

1. dirulaguntza-lerroaren balorazioan gutxienez 30 puntu lortu dituzten elkarteentzat bakarrik da. 2. dirulaguntza-lerro hau.

Irizpide hauen arabera banatuko da zuzkidura:

– Emakumezko kide-kopurua.

– Finantza-nahikotasuna funts pribatu zein publikoetatik eratorria, gehi erakundearen 2024ko aurrekontuan jasotako kuotak eta baliabide propioak.

2024ko abenduaren 31ko emakumezko elkartekideen kopurua baloratuko da. Elkartearen eskubide osoko kide izan behar dute, eta partaidetza-kuota ordaindu. Kuota ordaintzetik salbuetsita dauden bazkideak ere zenbatuko dira, baldin eta elkarteak salbuespena eta haren arrazoiak egiaztatzen baditu.

Emakumezko elkartekide kopurua egiaztatzeko, hori legez frogatzen duen edozein dokumentu aurkeztuko da, edo, bestela, legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat, entitatean 2024ko abenduaren 31n emakuemzko zenbat kide ziren zehazten duena. Administrazioak pertsonen datuak eska ditzake, emandako informazioa egiazkoa dela frogatzeko.

9. oinarria.– Esleitutako baliabide ekonomikoak, dirulaguntza-lerroka:

Agindu honen 7. eta 8. oinarrietan jasotako dirulaguntza-lerroei esleitutako baliabide ekonomiko hauek ezartzen dira:

1.– 1. lerroa: deialdi honen 1., 3. eta 4. oinarrietan aipatzen diren gastuak, dirulaguntzen aginduaren xede orokorretik eratorritakoak.

1. lerroari esleitutako baliabide ekonomikoak 150.000 euro dira. Oinarrizko zenbateko bat eta zenbateko aldakor bat bereizi dira:

a) Oinarrizko zenbatekoa: (1. lerroa).

Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren 100.000 euro bideratzen dira lerro honetara, eta kopuru hori ekitatiboki banatuko da (zati berdinetan) 30 puntu edo gehiago lortzen dituzten entitateen artean, 1. dirulaguntza-lerrorako 8. oinarrian adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioetatik abiatuta.

30 puntu edo gehiago lortu dituzten entitateen kopurua zazpitik gorakoa bada, puntuazio handiena erdietsi duten zazpi entitateen artean banatuko da oinarrizko zenbatekoa. Zazpigarren postuan geratu diren entitateak puntutan berdinduta badaude, zati proportzionala banatuko da (guztizkoaren 1/7) haien artean.

b) Zenbateko aldakorra: (1. lerroa).

Gainerako zenbatekoa, 50.000 euro, puntuaziorik onenak dituzten bost entitateen artean banatuko da, 1. dirulaguntza-lerrorako 8. oinarrian adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioetatik abiaturik, ehuneko hauek oinarri hartuta:

– % 30 emango zaio puntuaziorik handiena lortu duen entitateari.

– % 25 puntuaziorik handienetan bigarrena lortu duen entitateari.

– % 20 puntuaziorik handienetan hirugarrena lortu duen entitateari.

– % 15 puntuaziorik handienetan laugarrena lortu duen entitateari.

– % 10 puntuaziorik handienetan bosgarrena lortu duen entitateari.

Bost entitate parte-hartzailek baino gutxiagok lortzen badituzte 30 puntu edo gehiago, gutxieneko puntuazioa lortu duten entitate guztien artean banatuko da soberakina, ekitatiboki.

Puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, ezin izango da inola gainditu balorazio aldakorreko fasean esleitutako gehieneko zenbatekoa (50.000 euro). Berdinketa gertatuz gero, honela banatuko da zenbatekoa: bi entitate puntuaziorik handienean berdinduta badaude (% 30), adibidez, ehuneko hori egokitu egingo da, eta % 27,5ekoa izango da entitate horietako bakoitzarentzat. Beraz, hurrengo sailkatua 3. postura igaroko da eta % 20 egokituko zaio, eta horrela aurrerantzean ere.

2.– 2. lerroa: tamaina edo finantza-gaitasun txikiagoko emakume-elkarteei laguntzea, haz daitezen.

2. dirulaguntza-lerroaren zenbatekoa 25.000 euro da. Zenbateko hori 1. dirulaguntza-lerroaren balorazioan gutxienez 30 puntu lortu dituzten eta oinarri sozial txikiagoa edo finantza-gaitasun txikiagoa duten emakume-elkarteen artean banatuko da, 8. oinarriko irizpide eta adierazleen taularen arabera; hori guztia, elkarteei hazten laguntzeko, bai emakumezko elkartekideen kopuruan, bai beste finantzaketa-iturri batzuk lortzeko orduan.

Baliabideak esleitzeko, 2. dirulaguntza-lerrorako 8. oinarrian adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.

– % 40 emango zaio puntuaziorik handiena lortu duen entitateari. 10.000 euro.

– % 35 emango zaio puntuaziorik handienetan bigarrena lortu duen entitateari. 8.750 euro.

– % 25 emango zaio puntuaziorik handienetan hirugarrena lortu duen entitateari. 6.250 euro.

Puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, honela jokatuko da banatzeko: puntuazio bera lortu duten entitateek jaso beharreko kopuruak batu eta horien artean erdibanatuko dira.

10. oinarria.– Eskabideak baloratzeko Batzordea.

1.– Balorazio-batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Hura arduratuko da proiektuak baloratzeaz, aurreko oinarrietan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta hark aurkeztuko du dirulaguntzen ebazpen-proposamena.

2.– Hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

– María Aranzazu Martínez Tobalina, Enplegu zuzendaria. Batzordeburua izango da.

Batzordekide titularrak:

– Edurne Barañano Etxebarria, Enplegu Zerbitzuko arduraduna.

– Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko berdintasun-teknikaria.

– Nagore Garzón Ventades, Enplegu Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu.

Ordezko batzordekideak:

– Jose Antonio González Nieto, Enplegu Zuzendaritzako teknikaria.

– Lidia Barrutia Arregi, Enplegu Zuzendaritzako teknikaria.

3.– Batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 15.etik 22.era bitarteko artikuluetan kide anitzeko organoetarako ezarritakoaren araberakoa izango da.

11. oinarria.– Dirulaguntzaren kudeaketa.

1.– Deialdi hau kudeatzea Enplegu Zuzendaritzako titularrari dagokio.

2.– Kudeatzeko eskumena duen organoak ofizioz egingo ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egin beharrekotzat jotzen dituen jarduketa guztiak, gero datu horietan oinarrituz ebazpen-proposamenak egiteko.

3.– Eskaerak ebaluatu ondoren, txosten bat egin beharko du Balorazio Batzordeak, eta bertan adieraziko du egindako ebaluazioaren emaitza.

Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusi ondoren, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamena entitate interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdiak ezartzen duen eran, eta hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.

Entitate interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da entzunaldiaren izapidea egin beharrik izango. Kasu horretan, proposatzen den behin-behineko ebazpena behin betikoa izango da.

Entitate interesdunek alegazioak egiten badituzte, horiek aztertu ondoren egingo da behin betiko ebazpenaren proposamena, non datu hauek eman beharko diren: dirulaguntza zein eskatzaileri edo eskatzaileei ematea proposatzen den, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, ebaluazioa eta ebaluazioa egiteko erabili diren irizpideak.

Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

4.– Kudeaketa fasean onuradun izateko proposatuak izan direnei jakinaraziko zaie behin betiko ebazpen-proposamena, zazpi eguneko epean laguntza onar dezaten. Onartzen ez badute, onuradun izateko proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

5.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren proposamenek ez diete administrazio-arloko eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.

12. oinarria.– Ebaztea eta jakinaraztea.

1.– Ebazpena emateko eskumena Enplegu eta Inklusio Sailburuordetzako titularrari dagokio.

2.– Behin betiko ebazpenaren proposamena onesten denean, prozedura ebatziko du organo eskudunak. Ebazpenak motibatua izan beharko du, eta prozeduran egiaztatuta geratuko dira ematen den ebazpenaren funtsak.

Ebazpenak jaso beharko du dirulaguntza emango zaien eskatzaileen zerrenda; horrez gain, berariaz adierazi beharko du, hala egokituz gero, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere. Deialdiaren oinarrietan dagoeneko ezarrita dauden eta berriz aipatzea errepikatzea litzatekeen baldintza eta betekizunak aipatu gabe utzi ahal izango dira ebazpenean eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jar daitezke, deialdia eta oinarriak haietan kontsultatzeko.

Ukatzeko ebazpena ere motibatua izango da, eta berariaz adierazi beharko du zergatik ezetsi diren eskaerak.

3.– Entitate interesdunei jakinaraziko zaie ebazpena, haatik baztertu gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoari jarraikiz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian entitate onuradunen zerrenda eta emandako laguntzen zenbatekoa argitaratzea.

4.– Ebazpen honen babesean egindako eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea lau hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek zilegi izango dute dirulaguntza-eskabidea isilbidez ezetsi dela ulertzea, hurrengo paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkezteari dagokionez.

5.– Ebazpen horrek ez du amaituko administrazio-bidea, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da enpleguaren arloko sail eskuduneko titularrari, edo haren egitekoak betetzen dituenari, hilabete igaro baino lehen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

13. oinarria.– Esleitzeko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira -betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada- eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu, eta betiere, erakunde onuradun izateko, Agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen badira. Horretarako, Enplegu Zuzendaritzak kitatzeko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta onuradunek bidegabe jasotako kopuruak itzuli beharko dituzte.

Horrez gain, dirulaguntza hau zein bere baldintzak ofizioz zein onuradunak hala galdetuta aldatu ahal izango dira 20/2023 Legearen 25. artikuluak xedatu bezala. Horretarako, betekizun hauek bete beharko dira:

Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, 14.2.e oinarrian adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

14. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartu egin behar dute entitate onuradunek, 11.4 Oinarrian xedatutakoari jarraikiz. Onartzen ez duen kasuan, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

2.– Entitate onuradunek zeharo bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak.

Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.

Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari.

Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen saileko titularrak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua.

Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gorde behar dituzte, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan adierazitako hedatze-neurriak aplikatzea.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa itzultzea.

Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

3.– Era berean, entitate onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatu behar du diruz lagundutako proiektutik eratorritako dibulgazio-jardueretan, hedapen-materialen edizioan eta jakinarazpenetan, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko oinarrizko 10/1982 Legearekin.

20/2023 Legearen 7.5 artikuluak, halaber, dio ezen, hizkuntza-normalizazioan sakondu eta euskararen erabilera zabaltzeko xedearekin, hizkuntza-irizpideak hartuko direla aintzat dirulaguntzen diseinuan, plangintzan, kudeaketan eta esleitze-faseetan.

4.– Era berean, entitate onuradunek publizitate egokia eman behar diete diruz laguntzen diren jarduketen sustapenari eta finantzaketari, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren lankidetza eta laguntza jaso dutela adierazi behar dute. Betebehar hori betetzeko, sailaren irudi instituzionala jarri behar da karteletan, inprimatutako materialetan, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan eta bestelako euskarrietan, bai eta komunikabideetan egindako aipamenetan ere. Horrez gain, testu bat jarri behar da aipatutako materialetan, esku-hartze publikoko programak finantzaketa publikoa duela azaltzen duena eta haren helburuaren berri ematen duena.

5.– Gainera, dirulaguntza eman aurretik egiaztatu da entitate onuradunak beteak dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Bestalde, entitate onuradunak egiaztatu behar du, bere zuzendaritza-organoetako batek egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, bete egiten dituela dirulaguntza jaso ahal izateko legediak ezartzen dituen gainerako baldintza edo betekizunak; zehazki 6.4.g) Oinarrian xedatutakoak.

6.– Ordaintzeko aginduak emango badira, entitate onuradunak egunean izan beharko ditu Zerga Administrazioarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebehar guztiak. Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du laguntza eskatu duten entitateek beteak dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez du erakunde onuradunaren baimenik behar horretarako. Entitate onuradunak berariaz ukatu ahal du baimen hori, eta, hala erabakiz gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

7.– Uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera (694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena, zeinak Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen baitu), diruz lagundutako proiektuaren ekintzen hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren aseguru-poliza orokorrera atxiki ahal izango dira horrelako jardueretarako, eta poliza horrek proiektu horretan duten parte-hartzea estaliko du.

Hala, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak diruz lagundutako jarduerek, bere prestakuntza-eremuan edo beste era bateko esparruan, istripuetarako eta erantzukizun zibileko poliza bat izango dute jardueren hartzaile guztientzat. Beraz, hark bermatuko ditu estaldura pertsonalak, eta hark erantzungo die programetan eta jardueretan ondasunei edo hirugarrenei egindako kalteek dakartzaten ondorio ekonomikoei.

Prestakuntza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko prestakuntza-ibilbideetan sartuta badago, estaldurak behar den bezala kudeatzeko, Lanbideri berari jakinarazi beharko zaizkio prestakuntza horretan izena emandako parte-hartzaileen izenak.

15. oinarria.– Laguntzak justifikatzea.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari lotuta, entitate onuradunek Enplegu Zuzendaritzan justifikatu beharko dute, 2026ko urtarrilaren 7a baino lehen, bete egin dela dirulaguntzak ematea eragin zuen helburua. Horretarako, egindako jardueren azalpen-memoria aurkeztu beharko dute.

Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontu sinplifikatu bat aurkeztu beharko da, aurreko paragrafoan zehaztutako epean. Agiri hauek osatuko dute kontu hori:

Jarduketa-memoria, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko. Egin diren jarduerak eta lortutako emaitzak jasoko ditu. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostuaren berri ematen duena. Memorian, hauek jasoko dira:

Jardueraren gastuak eta inbertsioak sailkatzen dituen zerrenda bat, alderdi hauek zehazten dituena: hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Era berean, hasieran aurrekontuan sartutako zenbatekoen eta azkenean egindako gastuaren arteko desbideratzea erantsi behar dute.

Gastua frogatzeko balioa duten dokumentuak, hala nola nominak, fakturak eta, hala badagokio, LZN (langileen zerrenda nominala) eta KLO (kotizazioen likidazio-ordainagiria), kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten kotizazio-buletinak.

Prestatzailearen nortasuna justifikatzen duen dokumentazio osoa eta bertaratuen zerrenda, izen-abizenak adierazita eta prestakuntza hori emandako egunetan bertaratu izanaren sinaduren egiaztagiria barne dagoela; edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpen bat, dirulaguntza honen xedearekin lotutako gaia duten prestakuntza-jarduera guztietan.

Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza. Zenbatekoa eta jatorria adierazi behar dira.

Gainera, justifikazio-kontu bat erantsi beharko da (IX. eranskina), kontabilitate-arauak betetzen dituena, 2025. urtean egindako gastuen zerrenda eta guzti, modu digitalean. Kontu horretan, gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda jaso behar da, kontuan hartuta eskuratze-kostua –nominena, fakturena eta abarrena– ezin dela izan merkatuko balioa baino handiagoa. Gastuen agiri originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, hala badagokio, baita KLO eta LZN kotizazio-buletinenak ere (lehengo TC1 eta TC2renak), zeinek kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten, eta ordainketa egin dela egiaztatzeko bankuko agiriak ere aurkeztu behar dira.

Entitateak jatorrizko dokumentu guztiak gorde behar ditu, eta administrazio honen eskura eduki, gutxienez lau urtez, haiek duten datatik aurrera.

16. oinarria.– Ordaintzeko modua.

Ordainketa zatika egingo da, honela:

Lehenengo ordainketa dirulaguntzaren % 50ekoa izango da, eta behin betiko Ebazpena sinatu eta 15 egun igaro ondoren ordainduko da.

Bigarren ordainketa dirulaguntzaren guztizko gastua justifikatu ondoren egindako likidazioaren emaitzari dagokio. 2025eko urtarrilaren 7a baino lehen aurkeztu beharko da justifikazioa.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

17. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntzekiko bateragarritasuna.

Agindu honen pean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira objektu eta helburu berarekin beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek eman litzaketenekin. Alabaina, baldin eta lortu diren laguntzen guztizko zenbatekoak kostu osoa gainditzen badu, soberakina deialdi honen babesean ematen den laguntzatik deskontatuko da.

18. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Dirulaguntza itzultzeko arrazoiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak nolabait betetzen ez direla frogatzen bada, Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kantitateak eta, bestetik, sortutako berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz eta han agintzen den eran.

3.– Erantzukizunen araubidea 20/2023 Legean aurreikusitakoa da (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa).

19. oinarria.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke:

https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1453?locale=eu

AGINDUKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEEN ERANSKINAK

Web helbide honetan izango dira eskura eranskinak zein deialdiari buruzko informazioa: https://euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/

II. eranskina - Eskaera-eredua.

III. eranskina - Erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina - 2024ko eta 2025eko jardueren memoria-deskribagarria.

V. eranskina - 2. lerroa: tamaina edo finantza-gaitasun txikiagoko emakume-elkarteei laguntzekoa.

VI. eranskina - 2024 eta 2025ean egindako sareko lana nahiz beste entitate batzuekin lankidetzan egindakoa.

VII. eranskina - 2024 eta 2025eko jarraipen-adierazleen koadroa.

VIII. eranskina - finantza-kontrola.

IX. eranskina - justifikazio-kontua.


Azterketa dokumentala