
90. zk., 2025eko maiatzaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (541 KB - 40 orri.)
- EPUB (910 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2068
EBAZPENA, 2025eko apirilaren 23koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez «Global Training» 2025 Laguntza Programaren Oinarri Arautzaileak onartzen eta argitaratzen baitira eta deialdia egiten baita.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia («SPRI») Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Eraldaketa eta Iraunkortasuna Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, Informazio eta Ezagutza Gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.
Horrekin lotuta, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Euskadiko enpresetan nazioartekotzea bultzatzera bideratutako hainbat ekintza garatu ditu. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.
Ondorioz, Laguntza Programa hau euskal gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan prestakuntza praktikoa izan dezaten sustatzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da.
Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko; besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hori guztia dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Global Training» 2025 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotzeko Zuzendaritzaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2025eko apirilaren 23a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,
NAGORE BONILLA GABARAIN.
Eranskina
Global Training 2025 Laguntza Programaren Oinarri Arautzaileak
Hazkunde adimentsu, jasangarri eta solidarioaren Europako 2020 Estrategiaren garapenak eta euskal ekonomiaren nazioartekotzea bultzatzeak gazteek prestakuntza handiagoa eta hobea izatea eskatuko dute, emakume eta gizonentzako independentzia ekonomiko berdina izango duen gizarte jasangarri baterako, Europako Batzordeak 2010eko martxoaren 5ean onartutako dokumentuan jasotzen duen bezala. Ildo horretan, uste da etorkizun hurbilean EBko lanpostu guztien ehuneko handi batek goi-mailako kualifikazioak eskatuko dituela, eta gaitasunen eskuratze gehiena hezkuntza ez-formalaren bidez egingo dela, arreta berezia jarriz nazioarteko mugikortasunari, boluntariotzari, benetako lan-inguruneetako ikaskuntza praktikoari eta gazteen parte-hartze aktiboari dagokienez.
Horregatik, ekonomia irekiaren eremuan planteatzen diren etorkizuneko erronkei irtenbideak aurkitzeko, eta euskal gazteen gaitasunak, ezagutza, prestakuntza eta mugikortasuna garatzeko, lan-merkatuan sartzeko gaituz, lehen aldiz 2012an beka-programa bat abiarazi zen, EAEko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna sustatzeko, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egiteko atzerriko enpresa eta erakundeetan, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan batekin. Programa honek, aldaketa egokiekin, indarrean jarraitzen du gazteen eta euskal enpresen prestakuntza-beharrei erantzuteko.
Global Training programak aukera ematen die EAEko unibertsitateko eta lanbide-heziketako goi-mailako tituludun gazteei atzerrian lanbide-prestakuntza jasotzeko, beren espezialitate akademikora egokitutako enpresetan edo erakundeetan ordaindutako praktikak eginez. Proiektu honen bidez, EAEko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna sustatzen da, haien prestakuntza osatzeko eta hazkunde pertsonal eta profesionalerako aukera emateko.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez, SPRIren 2025-2028 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zen. Plan horretan jasotzen da programa hau, eta erakundearen gardentasun-atarian dago argitaratuta. Planaren hurrengo helburua lortzen laguntzen du: «EAEko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna sustatzea, unibertsitate-titulua eta goi-mailako lanbide-heziketa duten gazteen profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak atzerrian egiteko. »
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea «Global Training» 2025 programako bekak kudeatzeko aukeratu dituzten erakundeei, banakakoei zein lankidetzakoei. Programa horren helburua da unibertsitate-titulazioa eta goi-mailako lanbide-heziketa duten euskal gazteei prestakuntza praktikoa ematea atzerriko enpresa eta erakundeetan («Erakunde Onuradunak»).
2. artikulua.– Deitutako bekak.
Gehienez 500 «Global Training» beka izango dira, eta erakunde onuradun bakoitzak, oinarri hauetan aurreikusitako baldintzen arabera, gutxienez 50 eta gehienez 80 bekaren kudeaketa eskaini beharko du.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako 2025eko baliabide ekonomikoak 6.445.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2025erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude. Deialdi honen kontura emango diren beken zenbateko osoak ezingo du gainditu artikulu honetan esleitutako zenbatekoa.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.
1.– Oinarri hauetan jasotako laguntzen onuradun izan daitezke I. eranskinean deskribatutako «Global Training» beketarako deialdia egiten duten erakunde publiko edo pribatuak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Merkataritza-sozietate ez izatea eta dagokion erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino gutxienez bi urte lehenago.
b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea unibertsitate-prestakuntzako edo goi-mailako lanbide-heziketako proiektuak eta jarduerak egiten, eta/edo, aldi berean, gazteak lan-munduan sartzea errazteko behar diren gaitasunetan trebatzen esperientzia izatea, nazioarteko mugikortasun-programen bidez.
c) Jarduera-eremu gisa EAE osoa duten erakundeak izatea.
d) Nazioarteko sareren bateko kide izatea edo antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo -akordioak sinatu izana, horien bidez bermatuta gera dadin euskal gazteek praktikak egin behar dituzten atzerriko enpresa edo erakundeen hornidura.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
– DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek.
Zehazki, ulertuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako kasuetan. Hala, ulertuko da dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta daudela zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu denean.
– Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.
– LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
– Armamentuaren ekoizpen, merkaturatze eta finantzaketan aritzen direnek, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoaren arabera.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira aurreko apartatuetan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
5. artikulua.– Jarduerak, diruz lagun daitezkeen gastuak eta gehieneko laguntza-zenbatekoak.
1.– Oinarri hauen ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira Global Training beka-programaren kudeaketarekin zerikusia dutenak; hau da, beketarako izangaien deialdi- eta hautaketa-prozesuak egitea, praktikak gauzatzeko enpresei eta erakundeei eska dakizkiekeen baldintzak identifikatzea eta egiaztatzea, helmugara irteteko prestakuntza, zuzkiduren ordainketa, aseguruen kudeaketa eta Global Training bekadunen arreta eta jarraipena.
Erakunde onuradunek eskura dituzten ekintza guztiak egin beharko dituzte Global Training bekak behar bezala garatzen direla bermatzeko, eta erantzule izango dira oinarri hauetan ezarritako aurreikuspenak betetzen direla egiaztatzeko, eranskinak barne.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izango dira:
a) Beka bakoitzari hasiera ematen dion berariazko prestakuntza emateko antolatutako ikastaroek eragindako gastuak. Ikastaro horiek 40 eta 60 ordu arteko iraupena izango dute, eta, besteak beste, honako gai hauek jasoko dituzte:
1.– Nola heldu atzerriko praktikari.
2.– Kulturen arteko negoziazioa.
3.– Protokoloa, estiloa eta komunikazio-teknikak.
4.– Talde-lana.
5.– Adimen emozionala.
6.– Berrikuntza.
7.– Beste batzuk, praktika motaren arabera.
Prestakuntza-gastu horiek finantzatzeko laguntzak 500 eurokoak izango dira bekadun bakoitzeko.
b) Beka bakoitzaren zuzkidura estaltzetik eratorritako gastuak. Gastu horiek hilean 1.735 euro izango dira bekadun bakoitzeko, gehienez 6 hilabetez. Partida honen kargura:
– Bekadunek 1.635 euroko zuzkidura gordina jasoko dute. Zuzkidura gordin horretatik eta dagozkion ordainketetatik, hala badagokio, dagozkion atxikipenak kenduko dira, PFEZari eta Gizarte Segurantzari buruzko arauetan ezarritakoaren arabera.
– Gainerako 100 eurorekin, erakunde onuradunek enpresaren konturako Gizarte Segurantzako kotizazioen kostuei aurre egingo diete.
c) Erakunde onuradunak, I. eranskinean ezarritakoaren arabera, aseguru-polizetatik eratorritako gastuak sinatu beharko ditu, bekadun bakoitzak gaixotasun-, erantzukizun zibil- eta istripu-arriskuak estaltzen dituen aseguru bat izan dezan, eta azken horri bidaian laguntzeko aseguru hori osatuko lioke. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak 600 eurokoak izango dira bekadun bakoitzeko.
d) Erakunde onuradunen «Global Training» beka-programa abian jartzeak, kudeatzeak, administratzeak, komunikatzeak eta argitaratzeak eragindako gastuak. Finantzaketarako laguntzak 1.000 eurokoak izango dira emandako beka bakoitzeko.
Bisatua herrialde jakin batean lortzeak bekadunak jaso beharreko zuzkidura gordinaren % 3tik gorako kostua badu, erakunde onuradunek partida horren gain hartu eta egotzi ahal izango dituzte gastu horiek.
Bekadunen batek uko egiten badio bekari oinarri hauetako 14. artikuluko b) letran ezarritako justifikazioa egin ondoren, baina bekaduna helmugara joan aurretik edo helmugara joan ezin denean, bekaduna praktikak egiten ari den herrialdeko ezinbesteko arrazoiak direla medio eta/edo mugak itxita daudelako (beraz, beka bertan behera geratuko da), erakunde onuradunek beka bakoitzaren kudeaketari dagokion zenbatekoaren % 50 soilik jasotzeko eskubidea izango dute.
e) Horrez gain, 3. artikuluan deskribatutako aurrekontuan kontingentzietarako 380 euroko partida bat jaso da bekadun bakoitzeko.
Partida hori bekadunen segurtasunari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiengatik baino ez da erabiliko (osasun-gorabeherak, gerra-gatazkak, munduko krisiak), eta ustekabeko gastuak egiteko beharra sortuko da, aparteko arreta medikoa eskaintzeko, helmugako herrialdeetan bidaia edo gastu gehigarriak egiteko edo, hala badagokio, bekadunak helmugan dauden tokitik beren jaioterrira aberriratzeko.
Partida horri gastuak egozteko, Nazioartekotzeko zuzendariaren aldez aurreko baimena beharko da, eta baimendutako gastu bakoitza agiri bidez justifikatu beharko da. Kontzeptu horrengatik egindako gastuen likidazioa oinarri hauen 14. artikuluan deskribatutako hirugarren eta azken ordainketan egingo da. Partida hori erabiltzea beharrezkoa ez den kasuetan, erakunde onuradunek ez dute inolako zenbatekorik jasoko partida horrengatik.
Era berean, DEALen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da a), c), d) puntuetan, baita kontingentziei dagozkienak ere, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
Horrela, DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
6. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Oinarri hauetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek helburu bererako emandako beste edozein laguntzarekin.
2.– Nolanahi ere, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, oinarri hauen babesean emandako laguntzaren zenbatekoak ezin izango du, ez bakarka, ez administrazio edo erakunde publiko zein pribatuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin batera, ezta diruz lagundutako jarduera berberetarako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera ere, laguntzaren xede den programa garatzearen guztizko kostua edo laguntza eskatu zeneko zenbatekoa gainditu. Kasu horretan, oinarri hauen arabera emandako laguntza soberakinari dagokion kopuruan murriztuko da.
7. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.
1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2025eko ekainaren 17an amaituko da.
2.– Oinarri hauetatik eratorritako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira. Eskabidea helbide elektroniko honen bidez eskuratu eta beteko da: www.spri.eus/globaltraining
3.– Eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren NANa.
b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartela.
c) Erakundea eratzeko eskriturak eta eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza-ahalordea.
d) Banku-kontuaren titulartasun-ziurtagiria, ordainketak egiteko.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten ziurtagiriak, erakunde eskatzaileak uko egiten badio SPRIk alderdi horiek ofizioz egiaztatze ditzan.
f) Oinarri hauen 4.1.b) artikuluan eskatzen den esperientzia egiaztatzen duen dokumentazioa, garatutako proiektuak, deialdiak edo hitzarmenak identifikatuz.
g) Nazioarteko sareren bateko kide direla edo antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko beste erakunde batzuekin lankidetza-hitzarmenak edo lankidetza-akordioak sinatu dituztela egiaztatzen duten agiriak, 4.1.d) artikuluan adierazitakoa betetzeko.
h) «Global Training» beka-programa garatzeko proiektua, honako hauek barnean hartuta:
I.– Deialdia egitea proposatzen duen Global Training beken kopurua, oinarri hauen eranskinetan aurreikusitako baldintzen arabera.
II.– Hautatutako gazteei eman beharreko prestakuntza-plana, praktikak egingo diren enpresan edo erakundean sartu aurretik. Prestakuntza-plan horrek, nahitaez, 40 eta 60 ordu arteko ikastaroak barne hartuko ditu, eta oinarri hauetako 5. artikuluan zehazten den oinarrizko programara egokituko dira.
III.– Proiektuaren garapena bermatuko duten ekintzen kronograma, deialdiaren arabera.
IV.– Aurrekontu osoa, aurreikusitako diru-sarrerak eta gastuak, eta proiektuan sartutako ekintzen garapena bilduko dituena.
V.– Erakunde eskatzaileak proiektua garatzeko proposatzen dituen giza baliabideak, baliabide materialak eta/edo esperientzia.
VI.– Proiektuaren garapenean inplikatutako erakunde juridikoko pertsonen curriculum vitaea.
VII. Aurrekoaz gain, ezinbestekoa izango da II., III. eta IV. eranskinak behar bezala beteta aurkeztea.
Bestela, eranskin horiek zuzendu egingo dira 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.
i) Hainbat erakundek lankidetza-modalitateko eskaera bateratua aurkezten badute, beharrezkoa izango da lankidetzako erakunde guztiek sinatutako barneko lankidetza-akordio bat aurkeztea eta erakunde guztiek II. eranskina sinatzea. Akordio horrek zehatz-mehatz azaldu beharko du nola laguntzen duen bikaintasuna lortzen proiektuaren garapenaren fase guztietan; publizitatea eta deialdia, hautaketa, prestakuntza, praktika onenen bilaketa eta prozesu osoaren monitorizazioa. Era berean, akordio horretan adierazi beharko da dirulaguntzaren portzentajezko banaketa erakundeen artean, eta Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrean egin beharreko kudeaketa guztietarako solaskide bakarra zein den adieraziko da. Eskaeran parte hartzen duten erakunde guztiek erantzungo dute.
j) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
k) Oinarri Arautzaile hauen II. eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.
4.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektua behar bezala ulertu eta ebaluatzeko behar beste dokumentazio eta/edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei.
5.– Ez da nahitaezkoa izango Basque Trade & lnvestment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Erakunde eskatzaileak dokumentazio hori aurkeztu badu, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zen.
Halaber, SPRIk ofizioz egiaztatuko du, eskatzaileak aurka egin ezean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
6.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legean, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.
8. artikulua.– Onartzea eta zuzentzea.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, hutsegiteren bat edo zehaztasun-faltaren bat dagoela, erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, bertan behera utziko dela aitortzeko ebazpena emango da.
9. artikulua.– Esleipenaren prozedura.
1.– Erakunde onuradunek bekak kudeatzeko dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dituzte. Horretarako, aurkeztutako eskabideak baloratuko dira, lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, 10. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
2.– Dirulaguntzak lehentasun-ordenari jarraituz esleituko zaizkie 10. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten erakundeei, harik eta deialdi honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Horrela, ez da bermatzen, inola ere, gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskatzaile guztiak onuradun izango direnik.
10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta haztapen-faktoreak.
Balorazio-irizpideak hurrengo taulan zehaztutakoaren arabera haztatuko dira. Onuradun izateko, gutxienez 60 puntu lortu behar dira.
(Ikus .PDF)
Irizpideen deskribapena:
1.– Praktiken argitasuna (gehienez 30 puntu): honako hauei buruzko informazioa: jarduera, sektorea, enpresaren edo erakundearen jatorria eta tamaina, eskatutako profila, praktika egingo den helmuga geografikoari buruzko informazioa, egin beharreko lanen deskribapena, jardueren egutegia eta indarreko legeriarekin bat datorren praktikarako behar den bisatu edo baimen mota.
2.– 2030eko ZTBPn lehentasunezko arloetako enpresetan eta erakundeetan egindako praktiken ehunekoa (20 puntu): 2030eko ZTBPn lehentasunezko arloetako enpresetan eta erakundeetan egindako praktika guztien ehunekoaren arabera puntuatuko da.
3.– Atzerriko enpresen eta erakundeen ehunekoa (20 puntu): erakundeei aukera ematen zaie euskal enpresekin eta estatuko erakundeekin lankidetza-akordioak sinatzeko, baina programaren helburua bekadunek beste enpresa-kultura batzuk ezagutzea eta haietatik ikastea denez, atzerriko enpresa eta erakundeetan aurkeztutako praktika guztien ehunekoaren arabera puntuatuko da.
Euskal enpresetan eta estatuko erakundeetan egindako praktiken % 20 gainditzen bada, punturik ez jasotzeaz gain, gehienezko % 20 hori gainditzen dutenak eta unibertsitateko tituludunak behar dituztenak luzapenik gabeko praktika gisa zenbatuko dira artikulu honen 4. apartatuko balorazioa egitean.
Lanbide Heziketako tituludunak behar dituzten euskal enpresetan eta Estatuko erakundeetan egiten diren praktiken kasuan, kolektibo horrek praktikak atzerrian egiteko dituen aukerak unibertsitateko tituludunenak baino txikiagoak direnez, ez dira zenbatuko atzerriko enpresetan egiten diren praktiken ehunekoa kalkulatzerakoan.
Irizpide hori ebaluatzeko, Euskadiko edo Estatuko enpresen filialak, sukurtsalak eta ordezkaritza-bulegoak atzerrikoak ez diren enpresatzat hartuko dira, bai eta Estatuko erakundeen atzerriko ordezkaritzak eta/edo ordezkaritzak ere.
4.– Praktikaldiaren luzapena erakunde onuradunaren, enpresaren edo erakundearen kontura (gehienez 20 puntu): praktikaldia gutxienez 6 hilabetez luzatu izana positiboki baloratuko da.
Luzapen horren gehieneko epea beste 6 hilabetekoa izango da. Lehenengo 6 hilabeteetako gastu guztiak programaren aurrekontuaren kontura finantzatuko dira, eta luzapen-aldiko gastu guztiak, berriz, praktika egiten den erakunde onuradunaren, enpresaren edo erakundearen kontura. Enpresek helmugan egindako lan-kontratazioak praktikaldien luzapen gisa puntuatuko dira, eta eskainitako kontratazio-hilabeteak baloratuko dira. Luzapenean, bekadunek ez dute loturarik izango eta ez dira Basque Trade & Investment, SPRI edo Eusko Jaurlaritzaren ardurapean egongo.
Balorazioa egiteko, enpresak edo erakundeak behar bezala sinatuta aurkeztu beharko du oinarri hauen III. eranskinean eskuragarri dagoen aurreakordio-eredua.
Azken deialdietako esperientziak erakutsi du diziplina akademiko batzuetarako ezinezkoa dela praktiken luzapenak lortzea, eta diziplina guztiak programa honetan eskaintza egoki eta interesgarriekin sartzen direla bermatzeko, aurkeztutako eskaintzen % 10 balorazio-irizpide horren mende ez egotea erabaki da. Hauek dira salbuespen honetan jasotako diziplinak: Ingurumen-zientziak, biologia, artea, artearen historia, arte ederrak, geografia eta historia, kultura-kudeaketa, filologia, itzulpengintza eta interpretazioa, psikologia, kirola eta gorputz-hezkuntza, musika eta ostalaritza eta jatetxeak.
5.– Erakundeen arteko lankidetza eraginkorra eta erreala (10 puntu): hainbat erakundek beren proiektua elkarrekin, elkarrekin lankidetzan, aurkezten dutenean puntuatuko du. Lankidetzaren helburua proiektuaren garapenaren fase guztietan bikaintasunik handiena lortzea izan behar da; publizitatea eta deialdia, hautaketa, prestakuntza, jardunbide onenak bilatzea eta prozesu osoa monitorizatzea.
Artikulu honetan jasotako irizpideak ebaluatzeko, IV. eranskina (Eskainitako praktiken laburpen-taula) aurkeztu beharko da, beteta. Erakunde eskatzaileei dagokie, jasotako praktiken proposamenak eta beren esperientzia ikusita, balioesten duten prestakuntza-proposamena konfiguratzea.
11. artikulua.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzea. Erakunde laguntzailearen eginkizunak.
1.– Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eta onartutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:
– Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) programa eta zerbitzuen zuzendaria, lehendakari gisa jardungo duena: Imanol Landeta. Ordezkoa: Usoa Aguirre, Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Kanpoko Sareko zuzendaria.
– Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) programetako teknikaria. Batzordekide gisa jardungo du: Enbor Barruetabeńa. Ordezkoa: Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) giza baliabideen teknikaria.
– SPRIren Nazioartekotzeko Programen arduraduna: María Ángeles Elorza, idazkari gisa arituko dena. Ordezkoa: Endika Zugasti, Basque Trade & Investment agentziako (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) Sareen arduraduna.
Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) izango da Programa honetan SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzailea, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) Bidalitako dokumentazio teknikoa aztertzea.
b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatzen diren ikuskatzea.
c) Beken garapenarekin lotuta egoki iritzitako egiaztapenak egitea, eta onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute.
d) Egindako ikuskapenen txostenak egitea.
e) SPRIri gerta daitezkeen gorabeheren berri ematea.
f) Oinarri hauetan jasotako guztiak.
2.– Lehiaketa egin ahal izateko eskatzen diren betekizunetan eta oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideetan oinarrituta, Balorazio Batzordeak, proiektuak aztertu eta kalifikatu ondoren, aurkeztutako eta onartutako eskabideak zerrenda beherakorrean ordenatuko ditu, lortutako puntuen arabera, eta horietako bakoitzari proposatutako praktiken kopurua adieraziko du, deialdi honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
Berdinketa gertatuz gero, 10. artikuluko 1. balorazio-irizpidean puntuaziorik handiena lortu duen erakundea nagusituko da, eta, hala ere, berdinketak jarraitzen badu, gainerako irizpideak hartuko dira kontuan, ordena honetan: 4, 2, 3 eta 5. Aurretik xedatutakoa aplikatuz, berdinketa haustea ebazterik ez badago, praktika gehien kudeatzea eskatu duen erakundea nagusituko da, eta berdinketarekin jarraituz gero, gainerako praktikak modu ekitatiboan banatuko dira azken lekuan geratu diren erakundeen artean.
3.– Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, erakunde onuradunei bekak emateko proposamen bat idatziko da, eta organo kudeatzaileari helaraziko zaio.
12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitatea egiteko prozedura.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio.
2.– Ematen den ebazpenean zehaztuko da eskatutako laguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren. Laguntzen kasuan, erakunde onuradunaren izen soziala, onartutako «Global Training» beka-proiektuaren zenbatekoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta finantzatuko diren beken kopurua adieraziko dira. Ukatuz gero, erakunde eskatzailearen izena jasoko da, bai eta ukatzeko arrazoiak ere.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete erakunde interesdunek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotzeko Zuzendaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Hala ere, jende guztiak horren berri izan dezan, programaren webgunean (www.spri.eus/globaltraining) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, bakoitzak kudeatu beharreko beka-kopurua eta bakoitzari emandako zenbatekoa adierazita.
5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdiari buruzko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Oinarri hauen arabera emango diren dirulaguntzen onuradun izango diren erakundeek honako artikulu hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: DEALen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
a) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
b) Eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea SPRIren aurrean eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.
c) Emandako dirulaguntzak onartzea. Alde horretatik, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta 10 egun baliodun igaro ondoren, laguntzari berariaz eta idatziz uko egin ez bazaio, laguntza onartu egin dela ulertuko da.
d) Emandako laguntza jarduketa-plana aurrera eramateko erabiltzea, baita esleipenaren xede izan ziren gastuak finantzatzeko ere.
e) Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.
f) SPRIri eta Basque Trade & Investment agentziari (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela hemen araututako dirulaguntzen xede berbererako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
g) Dirulaguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu dela jakinaraztea SPRIri.
Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
h) Dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak beteta daudela egiaztatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasunaren arloko eskumena duen sailaren titularraren aginduz erregelamenduz ezarritako moduan. Eskatzaileak SPRIk ofizioz kontsultatzearen aurka egiten badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
i) Erakundearen izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak izatea, kasu bakoitzean onuradunari dagokion merkataritza- eta sektore-legediak ezarritako baldintzetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoerak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egitea bermatzeko.
j) Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
k) Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
l) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
m) Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
n) Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizaziorik ez egitea.
ń.) Enpresa edo erakundeekin lankidetza-akordio espezifikoak lortzea, 16. artikuluan eta I. eranskinean zehazten diren baldintzak betetzen dituzten praktikak atzerrian eskaintzeko.
o) Esleitutako «Global Training» bekak deitzea eta kudeatzea, hautaketatik hasi eta praktikak amaitu arte, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera. Prozesu horretan, onuradunak ziurtatu beharko du eskatutako profila betetzen duten hautagai guztiek aukera izango dutela beren intereseko eskaintza guztietara eskabidea aurkezteko.
«Global Training» bekak zabaltzeko elementu guztietan, erabilitako euskarria edozein dela ere, bai eta deialdi-, hautaketa-, emakida- eta jarraipen-dokumentu guztietan ere, lehentasunezko tokian agertu beharko dira hauek: «Global Training» beka-programa identifikatzen duen logoa, Basque Trade & Investment agentziaren logoa (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren logoa eta Eusko Jaurlaritzaren logoa.
Era berean, adierazitako elementu eta dokumentuen testuetan berariaz aipatu behar da, behar beste aldiz eta lehentasuneko lekuan, beka horiek Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena direla. Azkenik, aipatutako elementu eta dokumentuen testuetan, leku aipagarrian aipatua beharko da Global Training programa hainbat erakunde onuradunen bidez kudeatzen dela, eta beharrezkoa izango da Basque Trade & Investment agentziaren webgunerako esteka bat sartzea, bertan beken baterako eskaintza kontsulta daitekeela azalduz.
p) Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrean egin beharreko kudeaketa guztietarako solaskide bakarra izendatzea.
q) Basque Trade & Investment agentziari (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), erakunde laguntzailea den aldetik, hautaketa-prozesuko proben eta elkarrizketen egutegi osoaren berri ematea, ordezkariak bertara joan ahal izateko denbora nahikoarekin. Proben metodologia SPRIk onartu beharko du.
r) Aldez aurretik ezarritako prestakuntza-ikastaroak ematen direla ziurtatzea.
s) Beka emateko agiria egitea, eta hura jakinarazi eta argitaratzea, I. eranskineko V. ataleko 4. eta 5. apartatuetan adierazten den bezala.
t) Beka bakoitzarekin lotutako aseguruak kudeatzea eta bekadunei Gizarte Segurantzan alta ematea.
u) Emandako «Global Training» beka bakoitzaren jarraipena egitea, bekadunak programan egon bitartean ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko. Horretarako, bekadun bakoitzari eta praktikak egingo diren enpresa edo erakundeei dagozkien txostenak eskatuko zaizkie. Jarraipen horren testuinguruan, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) SPRIren filiala den sozietateari hilero jakinarazi beharko dizkio bekadunen egoeran izandako aldaketak (helmugako irteerak, uko egiteak, Euskadira itzultzeak, azken orduko aldaketak), hil bakoitzaren lehen bost egun baliodunetan.
v) Larrialdietarako harremanetarako telefono bat gaitzea, Basque Trade & Investment agentziaren (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRIren eskura egongo dena.
w) Emandako «Global Training» beken kopurua eta horien ezaugarriak dokumentu bidez justifikatzea. Horrekin batera, beken garapena zehazten duen laburpen-txostena aurkeztuko da.
x) Bekadunei bakoitzari dagokion zuzkidura ordaintzea. Ordainketa hori hiru ordainketatan egingo da: % 50eko ordainketa bat praktikak hasi aurretik, beka eman ondoren, % 40ko beste ordainketa bat hilean, praktiken iraupenaren erdiari dagokiona, eta gainerako % 10a praktikak amaitzean eta eskatzen zaizkion dokumentu guztiak aurkezten direnean ordainduko da. Bekadunak bekari uko egiten badio edo bekadun izaera galtzen badu, erakunde onuradunak hartu gabeko aldiari dagozkion ordaindutako zenbatekoak erreklamatu beharko ditu. Ez-ordaintzeak azken likidazioan egotzi ahal izateko, erakunde onuradunek egiaztatu beharko dute bekadunari dagokion legezko bidetik eskatu zaiola zenbatekoa, eta azken likidazioa egin den egunean oraindik ez dela epai irmorik eman edo oraindik ez zaiola itzuli erakunde onuradunari. Justifikazioaren ondoren zordundutako zenbatekoak itzultzen badira, zenbateko horiek SPRIri itzuli beharko zaizkio
y) Lankidetza-modalitatean hainbat erakundek eskaera bateratua aurkezten badute, proiektuaren kudeaketa bakarra eskaini beharko dute, eta ezin izango da bekarik banatu erakunde laguntzaileen artean, ezta horiek bereizita kudeatu ere.
z) Ezinbesteko kasuetan edo behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik, eskainitako bekaren luzapen-aldiak errespetatzen direla bermatzea, oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera.
ai) Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
14. artikulua.– Laguntzen ordainketak eta erakunde onuradunek emandako laguntza justifikatzea.
1.– Oinarri hauen babesean erakunde onuradunei emandako laguntzak 13.c) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren ordainduko zaizkie, berariaz uko egiten ez bazaie. Honela egingo zaie ordainketa:
a) Lehenengo ordainketa, emandako zenbatekoaren % 10ekoa (kontingentzien partida izan ezik), laguntza onartu ondoren.
b) Bigarren ordainketa, emandako zenbatekoaren % 40koa (kontingentzien partida izan ezik), hau aurkeztu ondoren:
– Bekadunen zerrenda: zerrenda horretan, gutxienez, izena, abizenak, NANa, jaiotze-data, generoa, telefonoa, helbide elektronikoa, ikasketak, hitz egindako hizkuntza, esleitutako enpresa, herrialdea eta hiria jasoko dira. Horrez gain, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakunde laguntzaileak behar beste informazio osagarri eskatu ahal izango du bekadunei eta esleitutako enpresei buruz.
– Banakako bekak emateko agiriak, datatuta eta hautatutako bekadun bakoitzak sinatuta, I. eranskineko V. ataleko 4. eta 5. apartatuetan adierazitakoaren arabera.
– Hautagaiek aurkeztutako ingeleseko titulu baliodunen ziurtagirien kopia edo, halakorik ezean, ingeleseko proban lortutako kalifikazioaren ziurtagiria.
Bekadunen zerrenda aurkezteko azken eguna 2025eko abenduaren 31 izango da. Ezin izango da beka berririk eman bekadunen zerrenda aurkeztu ondoren, ezta 2025eko abenduaren 31ren ondoren ere.
c) Hirugarren eta azken ordainketa bat, dirulaguntza honen kargura sei hilabeteak amaitu eta justifikatzean. Gainerako % 50a ordainduko da kontzeptu guztiengatik, kontingentziak barne, halakorik izan bada. «Global Training» beken kudeaketatik eratorritako gastuei aurre egiteko azken ordainketa osoa edo zati bat aldez aurretik ordaindu behar dutela egiaztatzen duten erakunde onuradunek eskaera egin ahal izango diote Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakunde laguntzaileari, eta 180.000 eurotik gorako aurrerakinetarako banku-abala aurkeztu beharko dute, baita diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko beharrezko finantzaketa gisa eskatzen den ordainketa aurreratuaren beharra justifikatu ere. Aurrerakinak 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera soilik eskatu ahal izango dira; Nazioartekotzeko Zuzendaritzak ebatziko ditu eskabidean justifikatutako inguruabarren arabera, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean ordainduko dira, ematen direnetik zenbatzen hasita, eta, hala badagokio, bermea eratu ondoren.
2.– Justifikazioak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrean aurkeztu beharko dira, proiektua amaitzen denetik hilabeteko epean, deialdi honen aurrekontuaren kargura, eta gehienez ere 2026ko azaroaren 30ean. Salbuespen gisa, deialdi honen aurrekontuaren kargura proiektua amaitzen denetik hilabeteko epea uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean amaitzen bada, justifikazioa aurkezteko azken eguna 2026ko irailaren 30a izango da.
3.– Egiaztagirien artean, honako hauek egongo dira gutxienez:
– Bekadun bakoitzak egindako zereginen eta jardueren txosten zehatza.
– Bekaren garapenari buruzko txosten orokorra, enpresa eta bekadunen zerrendarekin.
– Erakunde onuradunak bekadunei egindako banku-transferentzien egiaztagiria.
– Gizarte Segurantzari egindako ordainketen egiaztagiria (langileen zerrenda izenduna edo alten eta bajen agiriak).
– Kontratatutako aseguruen egiaztagiriak.
– Prestakuntza-ikastaroak antolatzeko kostuaren egiaztagiriak.
– Kudeaketa-, administrazio-, komunikazio- eta publizitate-gastuen egiaztagiriak.
– Dirulaguntzen Lege Orokorra aplikatuz, erakunde onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
– Praktika bakoitzean (praktikaldiko kontratua edo antzekoa) eskainitako luzapena egin izanaren agiri bidezko froga, eta enpresak eskainitako konpromisoa bete ez badu, enpresak eta erakundeak egindako txostenak, arrazoiak zehaztuta.
Faktura guztiak BEZik gabe egotzi beharko dira, erakunde onuradunak BEZik gabeko jarduerak bakarrik egiten dituenean izan ezik; kasu horretan, dagokion ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatu beharko da.
Ezin da ez autofakturaziorik, ez erakunde laguntzaileen arteko fakturaziorik egin.
Erakunde onuradunaren barneko langileek emandako prestakuntza, kudeaketa, administrazioa, komunikazioa edo publizitatea egotziz gero, honako hauek zehaztu beharko dira: pertsonen izenak, zeregin zehatzak, emandako orduak eta horien ordu-kostua.
Prestakuntza emateko erakunde onuradunaren barne-aretoak erabiltzeagatiko gastuak egotziz gero, ordu kopurua eta aukera-kostua justifikatu beharko dira, erakundearen areto-erreserben tarifa ofizialak aurkeztuta.
Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo itzultze-bidezkotasunaren ebazpenagatik zorduna bada.
15. artikulua.– – Laguntzak aldatzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, gertatutako egoerari buruzko balorazioa egin ostean, ofizioz edo erakunde interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handia.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
16. artikulua.– Eskainitako praktiken baldintzak.
1.– Hautagarriak izateko, erakunde eskatzaileek aurkeztutako praktika guztiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Helmugako enpresek edo erakundeek oinarri hauen III. eranskina osorik bete eta sinatu beharko dute. Erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du III. eranskina behar besteko ahalordeak dituen ordezkari batek sinatu duela.
b) Bekadunak eskatutako herrialdean egonaldia formalizatzeko bisatua edo bestelako baimena lortzea ezinbesteko baldintza den kasuetan, erakunde onuradunak ziurtatu beharko du helmugako enpresak edo erakundeak betetzen dituela herrialde horrek baldintza horiek lortzeko eskatzen dituen baldintzak. Horrez gain, helmugako enpresek edo erakundeek kudeaketa hori egin dutela baieztatu beharko dute III. Eranskinean.
c) Hedapen-aurreakordioa sinatzen duten enpresa edo erakundeen kasuan, III. eranskinean adierazi beharko da zein izango den luzapenak irauten duen bitartean hilero kobratuko den gutxieneko zenbatekoa, eta zenbateko hori ezin izango da izan 1.000 eurotik beherakoa.
d) III. eranskinean luzapen-aurreakordioa sinatzen duten enpresa edo erakundeek konpromisoa hartuko dute luzapena egin izanaren agiri bidezko froga aurkezteko (praktikaldiko kontratua edo antzekoa) eta, eskainitako konpromisoa betetzen ez badute, txosten bat egiteko, arrazoiak zehaztuta eta bidezko justifikazioak aurkeztuta.
e) Enpresek edo erakundeek gehienez 5 praktika eskaini ahal izango dituzte egoitza bakoitzeko, eta gehienez bi tutoretza-arduradun bakoitzeko.
17. artikulua.– Aldaketak praktiken eskaintzan.
1.– Erakunde eskatzaileek erreserba-praktikak aurkeztu ahal izango dituzte praktika nagusiak ordezkatzeko. Erreserba-praktika horiek praktika nagusiak ordezteko erabili ahal izango dira, salbuespenezko kasuetan, profil jakin batzuk ez daudela egiaztatzen bada, edo ordezkapenak egiteko beharrezkoak diren bisak edo baimenak lortzeko ezintasunaren, mugak ixtearen, herrialdeko segurtasun-baldintzak okertzearen, xede-enpresa edo -erakundeen aldebakarreko baliogabetzeen edo sor daitezkeen ezinbesteko beste edozein gairen ondoriozko balizko ezeztapenen aurrean.
2.– Bisatua lortzea ezinezkoa delako edo bestelako arrazoi justifikatuak daudelako, erakunde onuradunek, enpresekin ados jarrita, praktikak egingo diren herrialdea eta/edo hiria bakarrik aldatu nahi badute, erreserba-praktiketara jo gabe egin ahal izango dute, eta gainerako gai garrantzitsuak aldatu gabe mantendu beharko dituzte.
3.– Erreserbako praktikak aurkeztu nahi dituzten erakunde eskatzaileek IV. eranskinean (Eskainitako praktiken laburpen-koadroa) praktika nagusietarako eskatzen den informazio bera aurkeztu beharko dute, erreserbakoak eta nagusiak bereiziz dagokion zutabean.
4.– Salbuespenezko kasuetan, gutxienez erreserbako 10 praktika aurkeztu dituzten erakunde onuradunek praktika nagusien ordez erreserbakoak ez diren praktikak egin ahal izango dituzte, eta praktika nagusietan eskainitako plazen kopurua ere handitu ahal izango da. Kasu horietan, ezinbestekoa izango da praktika nagusien ordez erreserbakoak erabiltzea ezinezkoa dela egiaztatzea eta Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakunde laguntzailearen onespena izatea.
5.– Praktika nagusien ordez, oinarri hauetako 10. artikuluan deskribatutako irizpide baloragarrietan antzeko ezaugarriak dituzten praktikak bakarrik egin ahal izango dira.
6.– Aldaketa-proposamen guztiak Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) erakunde laguntzaileari jakinarazi beharko zaizkio, bekadunen zerrenda aurkezteko azken eguna baino gutxienez 15 egun baliodun lehenago, aztertu ahal izateko. Beharrezkoa izango da onespena jasotzea aldaketak egin ahal izateko.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez-betetzea izango da honako hau:
a) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. Ez-betetzea izango da, ondorio hauetarako, SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Aldaketak baimendu ahal izango dira, horiek SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu (ahal den neurrian), proiektuan aplikatu aurretik, eta baldin eta Programaren helburu diren jardueren eta xedeen izaera hutsaltzen ez bada.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, betiere aldatzeko epea aldatzeko edo luzatzeko baimenik eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol-neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DEALen aurrez ikusitako kausak.
h) Emandako beken % 50 gutxienez ez esleitzea, oinarri hauetan aurreikusitako baldintza eta epeetan.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen ezarritakoaren arabera; edonola ere, dagozkion lege-ekintzak eta zigorrak jaso ditzake. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotzeko Zuzendaritzari dagokio laguntzak ezeztatzeko eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza ordainduko da partzialki edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
6.– Era berean, programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntzaren zatia itzuli beharko da, beste laguntza batzuk metatzeagatik gainfinantzaketa gertatzen denean, laguntza kobratu ondoren. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulketa erabakitzeko emango den ebazpenean.
7.– Eskainitako luzapen-epea % 50etik gorako portzentajean betetzen ez bada, eta ezinbesteko kasurik edo behar bezala justifikatutako arrazoirik ez badago, itzuli egin beharko da 5.2.d) artikuluan aurreikusitako kudeaketa-partidari dagokion laguntza, erakunde onuradunak jasotakoa.
8.– Aldi boluntario horretan itzulketarik egiten ez bada, premiamendu-bideari ekin ahal izango zaio, aplikagarria den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.eus.
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
I. ERANSKINA
«GLOBAL TRAINING» BEKA PROGRAMAREN OINARRIAK
I.– Helburua.
2025eko «Global Training» beka-programaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna sustatzea, haien profil akademikoarekin eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak atzerrian egin ditzaten, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza praktikoko plan batekin.
Horretarako, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Basque Trade & Investment agentziarekin (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) lankidetzan, laguntza ekonomikoak ematen dizkie programa hori kudeatzeko hautatutako erakundeei, I. eranskin honen eta programaren oinarrien arabera.
II.– «Global Training» beken edukia.
1.– Programaren erakunde onuradunek ematen dituzten bekek hauek bilduko dituzte:
a) Prestakuntza-ikastaro bat, bekadun guztientzat nahitaezkoa, 40 ordutik 60 ordura bitartekoa (deialdi honen oinarrietan zehaztuko da ikastaroaren gutxieneko edukia). Ikastaroa beken erakunde arduradunak emango du, hots, laguntza-programaren onuradunak, eta praktikak hasi aurretik egin beharko da.
b) Atzerrian gutxienez 6 hilabeteko eta gehienez 12 hilabeteko egonaldi praktikoa egitea enpresa edo erakunde laguntzaile batean. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunek aurrez aurreko nahitaezko modalitatean beteko dituzte beren eginkizunak, eta enpresako langileek lagunduta egon beharko dute une oro.
2.– Bekadun izaera eskuratzeko, dagokion erakunde arduradunak beka eman izanaren agiria egin beharko du.
III.– «Global Training» beken onurak eta mugak.
1.– Guztira 500 beka eskainiko dira.
2.– Programaren esparruko bekadunek onura hauek izango dituzte:
a) Doako prestakuntza-ikastaro bat, 40 eta 60 ordu artekoa, praktikak hasi aurretik. Beken ardura duen erakundeak antolatu eta ordainduko du, eta bekadunak nahitaez parte hartu beharko du; bestela, emandako beka galduko du.
b) Hilean 1.635 euroko zuzkidura ekonomiko gordina, helmugako herrialdera joateko, mantenurako, ostaturako eta, behar izanez gero, bisei, baimenei eta txertoei dagozkien gastuak estaltzeko. Zuzkidura gordin horretatik eta dagozkion ordainketetatik, hala badagokio, dagozkion atxikipenak kenduko dira, PFEZari eta Gizarte Segurantzari buruzko arauetan ezarritakoaren arabera.
c) Erantzukizun Zibileko eta Istripuetako arriskuen estaldurak eta azken horren osagarria, Bidaiako Laguntza. Erantzukizun Zibileko Polizak aseguratuak bekaren garapenean hirugarrenei eragindako kalteen ondorio ekonomikoak estali beharko ditu.
Istripu-polizak honako estaldura hauek bermatuko ditu: heriotza, ezintasun iraunkor absolutua, osoa eta partziala baremoaren arabera, eta bidaia-laguntzako polizak aseguratuak helmugako herrialdean izan duen istripua eta/edo gaixotasuna (pandemiak barne) bermatuko du.
Poliza horien eremu geografikoa mundu osora zabaldu beharko da.
3.– Beka emateak eta baliatzeak ez du inolako kontratu- edo estatutu-harremanik sortuko bekadunaren eta beken erakunde arduradunaren artean: Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa edo praktikak egiten diren enpresa edo erakundeak.
IV.– «Global Training» bekak eskuratzeko baldintzak.
1.– «Global Training» bekak eskuratu nahi dituzten pertsonek baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:
a) Europar Batasuneko estatu kideren bateko nazionalitatea izatea.
b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko 12 hilabetetik gorako antzinatasunarekin, edo aurreko 10 urteetan 5 urte jarraituko antzinatasunarekin.
c) Graduko unibertsitate-titulua edo Goi Mailako Lanbide Heziketa. Atzerrian lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak emandako homologazioarekin edo baliokidetasunarekin batera badatoz.
d) Praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea.
e) 2025eko urtarrilaren 1ean 30 urte beteta ez izatea.
f) Praktikaren destinoa edozein dela ere, ingelesa menderatzen dutela egiaztatu beharko dute, eta gutxienez B2 maila eskatuko zaie graduko unibertsitate-titulazio ofizialak dituztenei, eta B1 maila Goi Mailako Lanbide Heziketa Ofizialari.
g) Beka onartzen den unean eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
h) Antzeko prestakuntza-helburua duten unibertsitateko tituludunentzako laguntza edo beka hauen edo beste batzuen onuradun ez izatea, baldin eta haien ibilbidean aukera eman badute atzerrian praktikak egiteko, 6 hilabetez edo gehiagoz nazioarteko enpresa edo erakundeetan. Zehazki, beka hauez baliatzeko, bateraezina da Global Training beken, BEINT beken, ICEXen edo beste administrazio autonomiko batzuen beken, merkataritza-ganberen, EBko merkataritza-sustapeneko erakundeen eta antzeko beste erakunde batzuen onuradun izatea.
i) Global Training praktika garatuko den enpresan edo erakundean lan egin ez izana edo praktikarik egin ez izana.
j) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
k) Ezin izango dute parte hartu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden eskatzaileek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.
l) Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Arautzen duen 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak.
2.– Aurreko apartatuan jasotako baldintzak beken ardura duen erakundearen aurrean egiaztatuko dira, honela:
a) Jaiotza-data egiaztatzen duen dokumentazioa (NAN, jaiotza-agiria, edo hori modu frogagarrian egiaztatzen duen beste edozein).
b) Curriculum vitaea.
c) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzen duen dokumentazioa, artikulu honetan zehaztutakoarekin bat datorrena.
d) Unibertsitateko edo Goi Mailako Lanbide Heziketako titulazio ofiziala agiri hauen bidez egiaztatuko da:
– Titulua.
– Titulua eskatu izanaren frogagiria, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriarekin.
– Ikasketa-espedientean jasotako nota, dagokion titulazioko proba osoa gainditu duela eta titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela adierazten duena.
Atzerrian lortutako tituluekin batera, agintaritza eskudunak emandako homologazioa edo baliokidetasuna aurkeztu beharko da.
e) Hautagaien ingeles-maila ziurtatzeko egingo den ahozko eta idatzizko probaren emaitza. Bestela, Hezkuntzako sailburuaren 2022ko ekainaren 16ko Aginduaren eranskinean jasotako tituluak eta ziurtagiriak aurkeztu ahal izango dira. Agindu horren bidez, maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina bigarren aldiz eguneratzen da (73/2012 Dekretua, maiatzaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan atzerriko hizkuntzak irakasteko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezarri eta tituluak eta ziurtagiriak onartzen dituena).
Eskabideak aurkezteko epea ireki aurreko 4 urteetan lortutako tituluak eta ziurtagiriak bakarrik onartuko dira.
f) Erantzukizunpeko adierazpena:
– Beka eskatzen den unean eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen gaixotasunik ez izatea edo beka behar bezala garatzea eragozten duen muga fisiko edo psikikorik ez izatea.
– Antzeko beken onuradun ez izatea, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean izatea.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
3.– Izangaia praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzen dela egiaztatzeko, Hautaketa Epaimahaiari elkarrizketa egingo zaio, eta hark baloratuko du.
V.– «Global Training» beketarako hautagaiak hautatzeko prozesua.
1.– Beka-eskabidea aurkezteak oinarri hauetan xedatutakoa onartzea dakar.
2.– Beketarako hautagai bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du programari atxikitako erakunde onuradun baten aurrean.
Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) programaren erakunde laguntzaileak baldintza hori betetzen dela zainduko du, eta bi erakunderen edo gehiagoren aurrean eskabideak aurkezten dituzten hautagaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.
3.– Beken ardura duen erakunde bakoitzak egingo du hautaketa, honako prozesu honetan oinarrituta:
a) Beka-programaren deialdi publikoa, bete nahi diren beken kopurua, beka bakoitzaren profila eta helmuga jasoko dituena, eta gutxienez hilabeteko epea izango duena, egiten den lehenengo iragarkitik zenbatzen hasita, eskabideak formalizatzeko eta aurreko IV. atalean zerrendatutako egiaztagiriak aurkezteko.
b) Aurkeztutako dokumentazioa osorik dagoela egiaztatzea, eta, bestela, interesdunei eskatzea gehienez ere hamar eguneko epean egin dezaten.
c) Curriculum vitaea aztertzea eta titulazioa, prestakuntza osagarria eta esperientziak edo praktikak balioestea, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpide orokorren arabera.
d) Ingeleseko proba, IV.2.e) apartatuan eskatutako titulazio ofiziala dutela egiaztatu ez duten hautagaientzat.
e) Banakako elkarrizketa Hautaketa Epaimahaiarekin. Izangaiaren profila praktikak egingo diren atzerriko enpresak edo erakundeak eskatutakoarekin bat datorren baloratuko du epaimahaiak.
f) Hautaketa-epaimahai bakoitza gutxienez beken deialdia egin duen erakundeko bi kidek osatuko dute. Programan lankidetzan parte hartzen duten erakundeen kasuan, beharrezkoa izango da elkarrizketa bakoitzean gutxienez bi lankidetza-erakundetako ordezkariak egotea. Horrez gain, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) SPRIren sozietate filialaren ordezkari bat ere egon daiteke.
4.– Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, deialdia egin duen erakundeak beka emateko dagokion agiria emango du. Agiri horretan ezarriko da zein herrialdetan egingo diren praktikak, zein egunetan eta zein erakundetan, bekaren zuzkidura, egin beharreko lanak eta egonaldi praktikoaren funtzionamendu onerako garrantzitsutzat jotzen diren gai guztiak.
5.– Beka emateko agiria hautatutako pertsonei jakinaraziko zaie. Beken ardura duen erakunde bakoitzak prozesuan parte hartu dutenen zerrenda orokorra argitaratuko du, hautatuak izan diren ala ez adieraziz.
6.– Esleitutako bekaren baldintzak aldatzea.
a) Bekadunei emandako beka herrialde bakoitzak eskatutako bisatuak edo baimenak lortzearen mende egongo da. Bekadunari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik ezin badira bisatu edo baimen horiek lortu, bekaren ardura duen erakundeak praktika beste helmuga batean egitea eskaini ahal izango dio bekadunari.
b) Beka betetzeko baldintzak mehatxupean geratzen badira bekaren ardura duen erakundeari, enpresari edo erakundeari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik, edo helmugako lekuan segurtasuna larriki aldatu edo mehatxatzeagatik, Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) beken ardura duten erakundeei agindu ahal izango diete eragindako bekadunen helmuga behin betiko edo aldi baterako alda dezatela. Salbuespen gisa, bekadunari esleitutako helmuga berria Euskadin kokatu ahal izango da, eta zereginak telelanaren modalitatean garatzeko aukera ere egongo da.
c) Aurreko apartatuetan deskribatutako egoeretan dauden bekadunei helmuga berri bat esleitzea ezinezkoa dela eta zereginak telelanaren bidez egitea ezinezkoa dela egiaztatzen den ezohiko kasuetan, beken ardura duten erakundeek, Basque Trade & Investment agentziarekin (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarekin (SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) adostuta, bekak bertan behera utzi ahal izango dituzte amaitzeko ezarritako eguna baino lehen.
VI.– «Global Training» beka baten onuradunen betebeharrak.
«Global Training» programako beka baten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako beka onartzea. Ildo horretatik, beka eman zaiola jakinarazi eta 5 laneguneko epean ez badu dirulaguntza emateko agiria sinatzen, eskaerari uko egin diola ulertuko da.
b) Helmugako herrialdean praktikak hasi aurreko prestakuntza-ikastarora joatea, eta irakasleekin eta ikaskideekin jarrera kooperatiboa izatea une oro.
c) Erakunde, enpresa eta erakunde laguntzaileek beka osoan ezarritako osasun-neurriak errespetatzea.
d) Helmugako herrialdeak eskatutako bisa, txertoak edo baimenak lortzea bertara joan aurretik.
e) Helmugako enpresa eta erakunde laguntzaileen laneratzeko epeei eta helburuari buruzko jarraibideak onartzea eta betetzea, edo bekaren helburuak betetzera bideratutako beste edozein jarraibide. Praktikak irauten duen bitartean, bekadunaren ordutegia eta lan-egutegia enpresa edo erakunde laguntzailearenera egokituko dira, eta astean gehienez 40 ordu ezarriko dira.
f) Bekaren berezko jardueretarako dedikazio esklusiboa, ordaindutako beste jarduerarik egin gabe eta erakunde, enpresa eta erakunde laguntzaileen funtzionamendu-arauak betez bekak irauten duen bitartean.
g) Praktikak egiten dituen enpresak edo erakundeak agintzen dizkion zereginak egitea, aldez aurretik ezarritako edo adostutako lan-planaren esparruan.
h) Hiru hilean behin praktiken garapenari buruzko txostenak egitea eta bidaltzea, bai eta bekaren ardura duen erakundeak eskatzen dion informazioa ere.
i) Helmugako herrialdera iristean kontsulatuan edo enbaxadan erregistratzea, beka-aldian bizilekua finkatzeko.
j) Bekaren ardura duen erakundeak ezartzen dituen egindako lanaren ebaluazioetan parte hartzea. Ebaluazio horietan, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) SPRIren sozietate filialaren ordezkari batek parte har dezake.
k) Bekadun izateari utziz gero, soberan jasotako zenbatekoak itzultzea. Itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, bekadun egonaldi praktikorako aurreikusitako epearen eta hura estaltzeko esleitutako diru-zuzkiduraren arteko erlazio proportzionala zehaztuko da, eta jasotako zenbatekoa egindako egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, bekaren erakunde arduradunari itzuli beharko zaio jasotako soberakina.
l) Beken ardura duten erakundeek ezarritako jarraibideei jarraikiz, atzerriko herrialdeetara egindako bidaien berri ematea, bai praktikarekin zerikusia duten arrazoiengatik, bai arrazoi pertsonalengatik, aseguru-poliza eguneratzeko eta, horrela, estaldura bermatzeko. Basque Trade & Investment agentziak (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak herrialde edo eskualde jakin batean arriskugarritasuna dagoela egiaztatzen badute, bekadunen nazioarteko mugikortasuna mugatu ahal izango da.
m) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez eskatzen dieten informazio guztia ematea.
n) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea.
VII.– Beken ardura duten erakundeen betebeharrak bekadunei dagokienez.
«Global Training» beka-programako beken ardura duten erakundeak aurreko III. atalean adierazitako onurak erabat betetzeaz arduratzen dira, eta, ildo horretan, honako betebehar hauek dituzte:
a) Bekadunari egonaldi praktikoaren aurreko prestakuntza ematea.
b) Atzerriko praktikak egingo diren enpresa edo erakundeekin lankidetza-akordio espezifikoak formalizatzea. Hitzarmen horietan, bekadunak praktika garatzeko beharrezkoak diren baldintza materialak eta teknikoak ezarriko dira, hala nola praktika egiteko lekua, praktikaren iraupena, adostutako lan-plana eta funtsezkotzat jotzen diren gai guztiak.
c) Bekaduna gaixotasun- eta istripu-arriskuez eta aberriratze-gastuez eta hirugarrenekiko erantzukizun zibilaz estaliko duen aseguru-poliza kontratatzea.
d) Bekaren diru-zuzkidura ordaintzea, ordainketa-erregimen honen arabera:
1) Lehenengo ordainketa, egonaldi praktikoa hasi aurretik emandako bekaren zuzkidura ekonomikoaren % 50ekoa.
2) Bigarren ordainketa, bekaren zuzkidura ekonomikoaren % 40koa, egonaldi praktikoaren iraupenaren erdia betetzen den hilean.
3) Egonaldi praktikoa amaitu ondoren geratzen den zenbatekoaren hirugarren eta azken ordainketa, egonaldiaren azken balantzeari buruzko txosten bana jaso ondoren. Txosten horiek bekadunak eta bekaren enpresa edo erakunde hartzaileak aurkeztuko dituzte.
VIII.– Bekadun izateari uztea.
Bekadun izaera iraungi ahal izango da bekaren programa amaitzen denean edo bekaren erakunde arduradunaren onuradun izaera galtzen denean, honako arrazoi hauetakoren batengatik:
a) Bekadunak uko egitea.
b) VI. artikuluan deskribatutako betebeharrak ez betetzea.
c) Beka ezeztatzea, V. ataleko 6. apartatuko c) letran adierazitakoa betez gero.
d) Erakunde, enpresa edo erakunde laguntzaileak praktikak aldez aurretik amaitutzat jotzea, bekadunari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik. Enpresa edo erakunde laguntzaileak praktikak aldez aurretik amaitutzat jotzen baditu bekadunari egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik, erakunde onuradunak hilabeteko epea izango du ordezkapen-enpresa edo -erakunde bat aurkitzen saiatzeko. Epe hori amaituta, beste aukerarik aurkitu ez bada, bekadun izateari utziko zaio.
e) Justifikaziorik gabe bi klase edo jarduera baino gehiagotara ez joatea helmugako herrialdean praktikak hasi aurreko prestakuntza-ikastaroan. Hutsegitetzat hartuko da puntualtasun-faltaren ondorioz ikasgelara ez joatea eta ez sartzea.
f) V. ataleko 6. apartatuari jarraikiz egindako helmuga-aldaketak ez onartzea.
g) VII. i) apartatuaren arabera mugikortasunari ezarritako murrizketei men ez egitea.
h) DEALen eta aplikatu beharreko gainerako araudian jasotako edozein kasu gertatzen bada.
RSS