Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2025eko maiatzaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
2032

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 5ekoa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, «Zugastietako seinaleztapen-proiektua» onartu duena.

Proiektu honen xedea da Zugastietako geltokia seinaleztatzeko beharrezkoak diren jarduketak definitzea, kontrata bidez egikaritu daitezen.

Trenbidearen bikoizketa berrian segurtasunez zirkulatu ahal izateko trenbide-seinaleztapeneko sistema bat ezartzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak sartzen dira, tartea ustiatzeko baldintzak ezarriz.

Era berean, mantentze-lanetarako bazterbide berria seinaleztatuko da.

Egikaritze materialaren aurrekontua bi milioi seiehun eta hogeita hamar mila hirurehun eta hirurogeita hemezortzi euro eta hirurogeita hamabost zentimokoa (2.630.378,75 euro) da.

Kontrata bidezko egikaritze-aurrekontua 3.130.150,72 eurokoa da, % 6ko mozkin industriala eta % 13ko gastu orokorrak gehituta.

«Zugastietako seinaleztapen-proiektua» izeneko obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, dagokion % 21eko BEZa gehitu ondoren, hiru milioi zazpiehun eta laurogeita zazpi mila laurehun eta laurogeita bi euro eta hogeita hamazazpi zentimokoa (3.787.482,37 euro) da.

Lanen aurreikusitako iraupena, guztira, hamalau (14) hilabetekoa da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektuak bere xedeari erantzuten diola, Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 11. artikuluan (abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretua), Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorraren 126-132 artikuluetan (urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretua) adierazitako dokumentuak biltzen dituela, eta kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen dituela. Beraz, aldeko txostena ematen da.

Organo honek eskumena du Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren eskumeneko trenbide-azpiegituren eraikuntza-proiektu jakin batzuk onartzeko, organo horrek Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez eskuordetuta.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatzekoak direnak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

«Zugastietako seinaleztapen-proiektua» onartzea. Proiektuaren helburua da Zugastietako trenbidea bikoizteko seinaleztapenerako behar diren segurtasun-instalazioak sartzea, mantentze-lanetarako bazterbide berria seinaleztatzea barne. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, hiru milioi zazpiehun eta laurogeita zazpi mila laurehun eta laurogeita bi euro eta hogeita hamazazpi zentimokoa (3.787.482,37 euro) izango da, eta obretarako aurreikusitako epea hamalau (14) hilabetekoa.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Mugikortasun Jasangarriaren Azpiegituren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari bidali beharko diote.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, 2 hilabeteko epean. Nolanahi ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahal izango dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Guztiek jakin dezaten ematen da horren berri.

Bilbao, 2025eko maiatzaren 5a.

Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,

ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.


Azterketa dokumentala