Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2025eko maiatzaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2027

EBAZPENA, 2025eko maiatzaren 6koa, Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez eskumenak eskuordetzen baitzaizkio Komunikazio Sozial eta Digitalaren zuzendariari.

Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearen II. kapituluan, Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea arautzen da; eta azaroaren 22ko 237/2011 Dekretuan, batzorde horren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira.

Aipatutako azaroaren 22ko 237/2011 Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiaren titularra izango da batzordeburua, edo hark eskuordetzen duena.

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuak Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiari esleitzen dio «Jaurlaritzaren komunikazio eta publizitate instituzionaleko politika ezartzea eta koordinatzea».

Horren guztiaren ondorioz, indarrean dagoen araudiaren arabera, Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren idazkari nagusiari dagokio Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen batzordeburua izatea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak ezarritakoaren arabera, administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezazkiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 25. artikuluan arautzen du eskumenak eskuordetzeko prozedura.

Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea bere aplikazio-araudian aurreikusita dauden administrazio eta erakundeen publizitatearen eta komunikazioaren plangintzaz, laguntza teknikoaz, ebaluaketaz, koordinazioaz eta kontrolaz arduratzen den organoa da. Bada, batzorde horren administrazio-jardunean sistema arinago bat ezartze aldera, egokia da batzordeburuaren eskumenak eskuordetzea.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Komunikazio Sozial eta Digitalaren zuzendariari eskuordetzea Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen batzordeburu izatearen ondorioz Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren idazkari nagusiari emandako eskumenak.

2. artikulua.– Ebazpen honen bitartez eskuordetutako eskumenak edozein unetan bereganatu ahal izango ditu eskuordetza eman duen organoak.

3. artikulua.– Xedapen honen bitartez eskuordetzen diren eskumenak baliatuz ematen diren ebazpen guztietan, berariaz adierazi beharko da inguruabar hori, eta ebazpen hau zer egunetan onartu den eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zer egunetan argitaratu den aipatu beharko da. Era berean, uneoro eta eskuratzeko moduan agertu beharko da sailaren webgunean.

4. artikulua.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 6a.

Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren idazkari nagusia,

ION MUÑOA ERRASTI.


Azterketa dokumentala