
88. zk., 2025eko maiatzaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (157 KB - 4 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2014
45/2025 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari 2025eko eta 2026ko ekitaldietan Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineei dagozkien zenbait lan egiteko gomendioa emateko erabakia.
Gobernu Kontseiluak, 2025eko apirilaren 15ean egindako bilkuran, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari 2025eko eta 2026ko ekitaldietan Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineei dagozkien zenbait lan egiteko gomendioa emateko erabakia onartu du, eta behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari 2025eko eta 2026ko ekitaldietan Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineei dagozkien zenbait lan egiteko gomendioa emateko erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 6KO 45/2025 EBAZPENARENA
ERABAKIA, RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI 2025EKO ETA 2026KO EKITALDIETAN BILBOKO METROPOLI-TRENBIDEAREN 1. ETA 2. LINEEI DAGOZKIEN ZENBAIT LAN EGITEKO GOMENDIOA EMATEKO DENA
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 16. artikuluak Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Bilboko metropoli-trenbidearen gainean dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainetiko jarduketak eta Bilboko metropoli-trenbidearekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumeneko gainerako jarduketak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta egitekoak xedatzen dituen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.d) artikuluak.
Maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoa sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailari atxikita dago. Ente publiko horrek du eskumena Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta kudeaketa-gomendioan ematen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietan (egungoetan edo etorkizunean eraikiko direnetan).
Gainera, Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entearen helburuetan sartzen da, halaber, Jaurlaritzak agintzen dion eta trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zuzenean edo zeharka zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbideko garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, edozein dela ere kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, baldin eta zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.
Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineetako trenbidearen jabari publikoa kudeatzeko, horren gaineko azterlanak eta proiektuak egiteko, eta horien jarraipena egin eta kontrolatzeko jarduera materialei, teknikoei edo zerbitzuzkoei dagokienez, badira arrazoi teknikoak eta materialak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emateko jarduera horien gomendioa, hori guztia Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legean ezarritakoa oinarri hartuta.
XIII. legegintzaldiko Gobernu Programaren jarraipenerako gidalerroen arabera, egin beharreko jarduketa lotuta dago 89. konpromisoaren («Bultzada trenbide bidezko garraioan egin beharreko inbertsioei»).
Horrenbestez, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak proposaturik, 2025eko apirilaren 15ean egindako bilkuran, gaia eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– 2025eko eta 2026ko ekitaldietan Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineei dagozkien zenbait lan egiteko gomendioa ematea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari.
Bigarrena.– Gomendio hori betetzeko baldintza zehatzak erabaki honen eranskinean daude.
Hirugarrena.– Gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
ERANSKINA
1.– Gomendioaren xedea.
Gomendio honen xedea da Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineei dagozkien zenbait lan egiteko baldintza teknikoak ezartzea.
Zehazki, hauek dira lanak:
– Urbinagako aldaguneari buruzko azterlanak.
– 1. eta 2. lineen mugaketak.
– Plangintza-aldaketei buruzko txostenak.
– Metroaren azpiegiturarako laguntza teknikoa.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.
Kontratu-harremanak finkatzeko, figura juridiko hauek definitzen dira:
Administrazioa:
Eusko Jaurlaritza. Mugikortasun Jasangarriaren Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.
Enkarguaren zuzendaria:
Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gainbegiratuko du haren lana. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):
Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETS-ren ordezkaria:
ETSk berak izendatutako teknikaria, lanen koordinazio teknikoa egingo duena eta Administrazioan ETSren ordezkaria izango dena. Ordezkari horren mendekoa izango da ETSko talde osoa. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– ETS-k egin beharreko lanak:
Bilboko metropoli-trenbidearen 1. eta 2. lineek osatzen dute Bizkaiko Garraio Partzuergoaren titulartasuneko trenbide-azpiegitura.
Hala ere, metroaren 1. lineako Elorrieta – Plentzia tarteko lursailek Alde Zaharra – Plentzia trenbide zaharraren trenbide-zerbitzuari atxikita jarraitzen dute. Trenbide hori Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren Zuzendaritzak kudeatzen du. Bestalde, kontuan izan behar da partzuergoaren izaera juridikoa berezia dela, toki-araubideko erakundea delako, eta ez duelako eskumenik trenbideko jabari publikoa kudeatzeko edo ezartzeko.
Hori dela eta, Azpiegituren Zuzendaritzak zuzenean esku hartu behar du trenbide-azpiegiturako edozein proiektu izapidetu eta onartu behar denean, trenbide-jabari publikoaren kudeaketa egin behar denean edo Bilboko metroaren 1. eta 2. lineetako arazoak konpontzeko laguntza eman behar denean.
Ildo horretan, 2025ean eta 2026an, linea horiei dagokienez, lan hauek egitea aurreikusten da:
– Urbinagako aldaguneari buruzko azterlanak:
Azterlanak egitea Bilboko metroaren 2. lineako (Kabiezes-Basauri) zerbitzuen eta aldiriko zerbitzuaren (C-1 linea (Bilbo-Santurtzi) eta C-2 linearen (Bilbo-Muskiz)) arteko intermodalitateari buruz, Sestaoko udalerrian, eta metroko eta aldiriko trenbide-sistema hiri-ingurunean integratzeari buruz, irisgarritasuna hobetzeko.
– 1. lineako mugaketak:
Metroaren 1. linearen Getxoko udalerriko trazaduraren kartografia eta mugaketak.
– Plangintza-aldaketei buruzko txostenak.
1. eta 2. lineen trazadurak zeharkatzen dituen udalen hirigintza-planei buruzko txostenak egitea, bereziki Getxoko HAPOari dagokionez.
– Metroaren azpiegiturarako laguntza teknikoa.
Tren-lineek inguruko eraikinetan izan ditzaketen eraginei buruzko txostenak, partikularrek edo udalek trenbide-lineen inguruan egin beharreko obra-proiektuen berrikuspena, azpiegitura berriak ezartzeari buruzko eskari-azterketak berrikustea edo egitea, eta metroaren azpiegiturarekin lotutako arazoak konpontzeko laguntza teknikoa.
4.– Egindako lanak baloratzea eta ordaintzea.
Berrehun mila (200.000) euroan zenbatetsi dira kudeaketa-gomendioan jasotako lanak, honako kontzeptu hauetan oinarrituta:
(Ikus .PDF)
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.
5.– Egikaritze-epea.
2026ko abenduaren 31ra arte izango da indarrean kudeaketa-gomendio hau.
RSS