Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2025eko maiatzaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

HEZKUNTZA SAILA
2007

AGINDUA, 2025eko maiatzaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez onartzen baita estatu-mailako lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipena Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle funtzionarioen hainbat kidegotan: Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleak, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleak, Musika eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleak eta desagertzear den Lanbide Heziketako Teknikarien kidegoko Irakasleak eta LHko sektore berezietako Irakasle espezialistak.

Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2025eko martxoaren 3ko Ebazpenaren bitartez, argitara eman zen Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle funtzionarioen hainbat kidegotako estatu-mailako 2024-2025 lekualdatze-lehiaketako destinoen behin-behineko esleipena. Zehazki kidego hauetan: Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleak, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleak, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleak eta desagertzear den Lanbide Heziketako Teknikarien kidegoko irakasleak eta LHko sektore berezietako Irakasle espezialistak.

Ebazpen horren kontra aurkeztu diren erreklamazioak aztertu dira, eta onartu diren uko-egiteak sartu dira. Halaber, behin-behineko esleipen-prozeduraren ondoren, dagozkion aldaketak sartu dira behin betiko merezimenduen baremoan, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak baiestearen ondorioz. Azkenik, akatsak zuzendu dira merezimenduen baremoa eginda behin betiko onartutakoen zerrendan.

Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urriaren 25eko Aginduaren bidez (2024ko azaroaren 4ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu-mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zen. Bada, agindu horren hogeita zortzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle funtzionarioen hainbat kidegotako lekualdatze-lehiaketako behin betiko esleipena. Zehazki kidego hauetan: Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleak, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleak, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleak eta desagertzear den Lanbide Heziketako Teknikarien kidegoko irakasleak eta LHko sektore berezietako Irakasle espezialistak. Hona zerrendak:

I. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan destinoa esleitu zaien Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko parte-hartzaileen zerrenda. Kidegoak: Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleak, Hizkuntza Eskola Ofizialetakoak, Musikako eta Arte Eszenikoetakoetakoak eta Arte Plastikoetako eta Diseinukoak eta desagertzear den Lanbide Heziketako Teknikarien kidegoko irakasleak eta sektore berezietako Irakasle espezialistak.

II. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoan, Bigarren Hezkuntzako Musika eta Arte Eszenikoen, Arte Plastikoen eta Diseinuaren kidegoetan sartzeko hautaketa-prozeduretan hautatuak izan eta aurtengo ikasturtean praktikaldia egiten ari diren parte-hartzaileen artean, destinoa esleitu zaienen zerrenda.

Eranskin honetan esleitutako destinoak jasotzeko, praktikaldia gainditu behar da eta karrerako funtzionario izendatuta egon.

Bigarrena.– Agintzea aurreko eranskinak erakusgai jartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus helbidean, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Halaber, webgune horretan bertan, erakusgai jarriko dira uko-egiteen eta baietsitako, ezetsitako eta partez baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa –arrazoia zehaztuta– eta baietsitako edo partzialki baietsitako gora jotzeko errekurtsoen zerrenda, atal bakoitzean egindako aldaketa adierazita.

Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte 2025eko irailaren 1etik aurrera; jatorrizko ikastetxeetako kargu-uzteek, berriz, 2025eko abuztuaren 31tik aurrerako ondorioak izango dituzte.

Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetan parte hartzeko betekizunak betetzen ez dituzten irakasleei akats baten ondorioz esleitutako destinoak. Agindu honen eranskinetan agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren betekizunak betetzen direnik.

Bosgarrena.– Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren irakasleek 2025eko irailaren 1etik 3ra bitartean aurkeztu beharko dute behar den dokumentazioa; alegia, lekualdatze-lehiaketaren deialdiari buruzko 2024ko urriaren 25eko Aginduaren hogeita hamargarren oinarrian aipatutakoa (2024ko azaroaren 4ko EHAA).

Seigarrena.– Agindu honen bosgarren xedapenaren arabera itzuli diren pertsonek, baita aurtengo lekualdatze-lehiaketan Euskal Autonomia Erkidegoan behin betiko destinoa lortu duten beste autonomia-erkidegoetako funtzionarioek ere, dagokion agiria aurkeztu beharko dute, ziurtatzeko ez dutela epai irmo bidezko kondenarik jaso sexu-askatasunaren eta osotasunaren kontrako delituren batengatik (delitu horietan sartzen dira sexu-erasoa eta abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea eta gizakien trafikoa). Ziurtagiri hori Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emango du. Hala ere, ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari datu hori kontsultatzeko berariazko baimena eman diotenek. Kontsulta hori elkarreragingarritasun-sistema elektronikoak baliatuta egin ahal izango du, Hezigunea hezkuntza-atariaren bidez, eta, horretarako, eremu murriztuan sartu beharko da (erabiltzailearen eta pasahitzaren bidez), «Adingabearen babesa» atarian.

Zazpigarrena.– Agindu honetan lortutako plazei ezin zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2025-2026 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, behin betiko destinoen esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik hasita. Hala egin ezean, zerbitzu aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hustzat joko dira, eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Zortzigarrena.– Lekualdatze-lehiaketa horretan parte hartu duten irakasleek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala