
88. zk., 2025eko maiatzaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 6 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2003
92/2025 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondasun immaterialen Inbentarioari buruzkoa.
Uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, kultura-ondasun immaterialak aitortzea aurreikusten zuen, eta honela definitzen zituen: ager daitezkeen aztarna materialetatik harago doazen usadio, ohitura, sorkuntza eta portaerak. Horrela, lege horrek jada ezartzen zuen beharrezkoa zela Administrazio eskudunak kultura-ondasun immaterialak babestea, eta, horretarako, ondasun horiek euskarri materialetan zehatz-mehatz biltzea sustatu behar zela, etorkizuneko belaunaldiei transmitituko zaizkiela bermatzeko.
Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO), bere aldetik, 2003ko Kultura Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioa onartuta, bultzada erabakigarria eman zion ondare immaterialaren aitorpen juridikoari. Konbentzio honek honela definitzen du kultura-ondare immateriala: komunitateek, taldeek eta, zenbait kasutan, gizabanakoek beren kultura-ondarearen osagaitzat aitortzen dituzten erabilerak, antzezpenak, adierazpenak, ezagutzak eta teknikak. Kultura-ondare immaterial hori belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta komunitateek eta taldeek etengabe birsortzen dute, ingurunearen, naturarekiko elkarrekintzaren eta historiaren arabera, nortasun- eta jarraitutasun-sentimendua batuz eta, horrela, kultura-aniztasunaren eta giza sormenaren errespetua sustatuz. Era berean, Konbentzioak adierazten du Inbentarioa funtsezko lan-tresna dela ondare immateriala babesteko. Nazioarteko erakundeak kultura-ondare immaterialaren inbentarioa egitea eta inbentarioak publikoaren eskura jartzea gomendatzen du, ondare horren adierazpenak eta erabilerak sortzen diren komunitateen eta pertsonen sormena eta autoestimua susta baitezakete. Bestalde, inbentarioak oinarri gisa erabil daitezke inbentariatutako kultura-ondare immateriala babesteko plan zehatzak egiteko. Estatuan, Kultura Ondare Immateriala Babesteko maiatzaren 26ko 10/2015 Legeak ondare immaterialari buruzko ildo nagusiak zehazten ditu.
Bestalde, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak kontzeptuaren bilakaera islatzen du, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen ondoren. Gizartearen eskaerak berak indartu du bilakaera hori, kultura-ondarearen ezagutza zabaltzeko beharra agerian uzten baitu. Hain zuzen ere, 1. artikuluan adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Euskal Kultura Ondarerako ezartzen duen araubide juridiko berriaren helburua dela ondare horren babesa, kontserbazioa eta balioa nabarmentzea bermatzea, bai eta pertsona guztiek irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan ezagutu, ikertu, hedatu eta gozatu ahal izatea ere, betiere baldintzek horretarako aukera ematen badute, bai egungo belaunaldientzat, bai etorkizuneko belaunaldientzat.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluak honela definitzen du Kultur Ondare Immateriala: komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakiteak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. 11. artikuluak, bestalde, kultura-ondare immaterialaren babes-kategoriak jasotzen ditu.
Halaber, maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 3. artikuluak ezartzen du euskal kultura-ondarearen inbentarioak egin eta eguneratuta eduki behar direla, eta inbentario horiek egiteko irizpide tekniko eta metodologikoak ezarri behar direla. Era berean, lege horren 58. artikuluan zehazten dira euskal kultura-ondare immateriala babesteko berariazko tresnak. Artikulu horren bigarren atalean honako hau ezartzen da: «Kultura Ondasun Immaterialaren EAEko Inbentarioa oinarrizko tresna izango da euskal kultura-ondare immateriala identifikatzeko, ezagutzeko eta garatzeko, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroari dagokio hura egitea, gordetzea eta haren zabalkundea egitea». Artikulu bereko hirugarren atalak zehazten du Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioa egiteko, egituratzeko eta eskuratzeko prozesua erregelamendu bidez egingo dela.
Horrela, inbentarioaren helburua kultura-ondare immateriala ezagutzea eta aitortzea da. Horretarako, beharrezkoa izango da inskribatu beharreko ondasunak aldez aurretik ikertzea eta ondare immaterial horren bilakaeraren etengabeko jarraipena egitea. Inbentarioa, bestalde, erreferentzia izango da ondare immateriala lagundu, babestu eta sustatzeko ekintzetarako. berean, abiapuntua izango da babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko kultura-balio nahikoa duten kultura-adierazpen immaterialak hautatzeko.
Inbentarioaren funtsezko hedapen- eta transmisio-eginkizuna betetzeko, modu eraginkorrean tratatu behar da, sistema arin eta erraz baten bidez, inbentarioan jasotako elementuak zorroztasunez, formalismoz eta egiazkotasunez tratatuko direla bermatzeko.
Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioa egiteko prozesua, haren egitura eta sarbidea erregelamendu bidez garatzeko aurreikuspena bat dator maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 58.3 artikuluan xedatutakoarekin, bai eta Azken Xedapenetako Lehenengoaren lehenengo paragrafoarekin ere, zeinak baimena ematen baitio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 9ko 6/2019 Legean berariaz aurreikusitako erregelamendu-xedapenak emateko, bai eta haiek betetzeko beharrezkoak direnak emateko ere, bere eskumenen arabera.
Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2025eko apirilaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioa egiteko prozesua, egitura eta inbentariorako sarbidea arautzea, hori baita Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartu beharreko ondasunak identifikatzeko aurretiazko eta oinarrizko tresna.
2. artikulua.– Definizioak.
Dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Adierazpena: euskal kultura-ondare immaterialaren ebidentzia idealizatua da, euskal gizarteak komunitate eramaile baten imajinarioaren barruan modu sintetikoan eta idealean definitzen duena, kontziente izan edo ez. Batzuetan, adierazpen horietan askotariko adierazpenak identifika daitezke, ezaugarri espezifiko zehatzak dituztelako.
b) Alea: adierazpen horien gauzatzea da. Adierazpen bat osatzen duten elementuen irudikapen «fisikoa», ukigarria, edo, oro har, «argazkia ateratzeko modukoa», komunitate eramaileak adierazpen edo ekintza zehatz bakoitzaren ezaugarri eta elementu orokor, berezi eta bakarrekin, euskal gizarteari eskaintzen zaiona.
c) Komunitate eramailea: kultura-ondare immaterialaren adierazpenak bizirik mantentzen dituzten sareak edo pertsona-multzoak dira, ofizialki elkarte edo kolektibo gisa eratuta egon edo ez, eta ondasun eta ezagutza horien legezko edukitzaile eta transmisore dira. Lotura eta identitate- eta pertenentzia-sentimendua partekatzen dituzte, praktikan eta beren kultura-ondare immaterialaren transmisioan errotutako harreman historikoagatik eta ondare horrekin eta babesa ematen dien gizartearekin duten konpromisoagatik.
d) Lotutako elementuak: kultura-ondare immaterialaren transmisiorako beharrezkoak diren elementu materialak dira.
3. artikulua.– Inbentarioaren arduraduna.
Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroa izango da ofizioz inbentarioa egin, eguneratu, zaindu eta zabalduko duena.
4. artikulua.– Inskriba daitezkeen ondasunak.
1.– Euskal kultura-ondare immateriala osatzen duten adierazpenak Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioan inskribatuko dira, artikulu honen 3. atalean jasotako irizpideen arabera aitortu ondoren, eta 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 56.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, ondasun immaterialak soilik inskribatuko dira inbentarioan, baldin eta bateragarriak badira giza eskubideen nazioarteko itunekin, komunitateen, taldeen eta gizabanakoen arteko errespetu-aginduekin eta garapen jasangarriarekin.
3.– Era berean, ondasun bat kultura-ondasun immaterialen EAEko Inbentarioan inskribatzeko, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aldez aurretik justifikatu beharko dute honako irizpide hauek betetzen dituztela, Unescok ezarritako premisekin bat etorriz:
3.1.– Erkidegoan oinarritutako ondasunak izan behar dute. Kultura-ondare immateriala izan daiteke, baldin eta ondare hori sortzen, mantentzen eta transmititzen duten komunitateek, taldeek edo gizabanakoek halakotzat onartzen badute. Aitorpen hori gabe, inork ezin du haien ordez erabaki adierazpen bat bere ondarearen parte izatea.
3.2.– Tradizionalak, garaikideak eta aldi berean bizidunak izan behar dute. Kultura-ondare immateriala, iraganetik oinordetzan hartutako adierazpenekin ez ezik, hainbat kultura-talderen ezaugarri diren landa- eta hiri-erabilera garaikideekin ere identifikatzen da. Bizirik egon behar dute, eta, inskribatzeko unean, funtzio edo helburu bat bete behar dute. Eta bere inskripzioak ez du esan nahi hura fosilizatu egingo denik; aitzitik, aurrera egin eta berritu egingo da, bere inbariantea ahaztu gabe, belaunaldiz belaunaldi.
3.3.– Integratzaileak. Belaunaldien arteko transmisio-lerroan jarraitutasuna duten ondasunak izan behar dute, historian zehar, iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura sortuz orainaren bidez, eta, beraz, nortasun-, gizarte-kohesio- eta erantzukizun-sentimendua sortzeko gaitasuna izan behar dute, gizabanakoei komunitate bateko edo batzuetako eta, oro har, gizarteko kide sentitzen lagunduko diena.
3.4.– Adierazgarriak. Komunitatean dauden eremuen aniztasunari erantzun behar diote, elementu puntualetan zentratzea saihestuz, izaera mediatikoa, deigarria edo salbuespenezkoa dutelako. Inbentarioan ez da alerik sartuko, adierazpenak baizik.
3.5.– Horien guztien artean, izena emateko orduan, lehentasuna emango zaie egoera ahulenean daudenei, bai eta komunitate eramaile antolatu eta aktiboak dituztenei ere.
4.– Inbentarioan sartutako ondasunek babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko adinako kultura-balioak badituzte, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitako izapideak egin beharko dira, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatu aurretik.
5.– Inbentarioan inskribatutako ondasun bakoitzak kode bat izango du bere identifikazioa errazteko.
5. artikulua.– Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioa egiteko prozedura.
1.– Kultura-ondasunen adierazpenak inskribatzeko prozedura ofizioz hasiko du Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak.
2.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroa harremanetan jarriko da balizko komunitate eramaileekin, euskal kultura-ondare immaterialaren parte direla uste duen adierazpenak identifikatzeko.
Era berean, komunitate eramaileek prozesuan modu aktiboan parte hartu ahal izango dute, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroari jakinaraziko dizkiote kultura-ondare immaterialaren esparruan interesgarritzat jotzen dituzten ale eta adierazpen guztiak, bai eta Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioan sartutako kultura-ondasunek jasan dezaketen edozein aldaketa ere.
3.– Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritza arduratuko da inbentarioa egiten dela bermatzeaz, komunitate eramaileekin batera lan eginez. Horretarako, esparru zientifikoan ezarritako jarraibideetan oinarritutako lan-metodologia bat ezarriko du, komunitate eramaileen ekarpenak eta informazio dokumentala biltzeko azterlanak konbinatuko dituena, bai eta landa-lan generikoak eta mikro analisiak ere.
Ildo horretan, horrelako inbentarioak egiteko erabili ohi den metodologiari jarraituz, Inbentarioaren fitxak formalizatu aurretik, Aurreinbentarioa egingo da. Bertan, sarrera emango zaie komunitate eramaileen ekarpenetan oinarrituta identifikatutako ondare immaterialaren ale eta adierazpenei, bai eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko teknikariek ofizioz egiten dituztenei ere.
Aurreinbentario honetako informazioa komunitateekin kontrastatuko da, gaur egun zer egoeratan dagoen egiaztatzeko, eta, horrez gain, beharrezkoa den eremuko dokumentazioa jasoko da
4.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek 4. artikuluko irizpideen arabera baloratuko dituzte adierazpen horiek. Horren guztiaren emaitza izango da EAEko inbentarioa osatuko duten fitxak egitea. Fitxa horietan, aleen fitxen bidez bildutako informazioa sartuko da, bai eta erregistratzeko interesgarritzat jotzen diren beste elementu batzuk ere (bideoak, argazkiak, etab.).
5.– Baloratu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondare immaterialaren interesekotzat jotzen diren adierazpenak Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioan inskribatuko dira, kultura-ondarearen eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez.
6. artikulua.– Kultura Ondasun Immaterialen Adierazpenen EAEko Inbentarioa osatzen duten kategoriak.
1.– Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioa Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 11. artikuluan aurreikusitako kategorien arabera antolatuko da:
a) Kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak; hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik, eta toponimia.
b) Bertsolaritza.
c) Musika.
d) Dantza.
e) Emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak.
f) Usadio sozialak.
g) Gastronomia.
h) Kirola.
i) Jai-ekitaldiak.
j) Naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak.
k) Eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.
2.– Eremu zabal eta anitzak hartuko dituzten kategoria edo adierazpenen kasuan, horien barruan atalak ezartzeko komenigarritasuna planteatu ahal izango da, inbentarioa modu erraz eta eraginkorragoan kudeatzeko.
3.– Hainbat kategoriatako adierazpen hibridoak sartu ahal izango dira inbentarioan, eta kategoria horietako edozeinetan edo bietan inskribatu ahal izango dira.
7. artikulua.– Inskripzioaren edukia.
Inbentariatutako kultura-ondasun immaterialen adierazpenen deskribapenak, gutxienez, honako alderdi hauek jaso beharko ditu:
a) Ondasunaren sailkapena:
1.– Kategoria, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 11. artikuluaren arabera.
2.– UNESCOk ezarritako eremua.
b) Ondasunaren adierazpenaren identifikazioa eta kokapena. Bertan, honako hauek jasoko dira:
1.– Identifikazio-kodea (II Eranskina).
2.– Izena: izen ofiziala, ondasuna ezagutzeko erabiltzen diren beste izen batzuk.
3.– Espazio-esparrua: Lurraldea, udalerria, entitatea, auzoa.
c) Ondasunaren deskribapen orokorra.
d) Babesa:
1.– Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatua: Bai/Ez.
2.– Babes bereziko Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatzeko proposamena:: Bai/Ez.
3.– Inbentarioko adierazpen honetan sartzen diren fitxen erreferentziak.
e) Argitalpen-data / Aldaketa-data.
f) Beste ohar batzuk.
8. artikulua.– Geroagoko oharrak.
1.– Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroari jakinarazten zaizkion edo hark ezagutzen dituen kultura-ondasun immaterialari buruzko datuen aldaketa esanguratsuak inbentarioan sartuko dira, informazioa eguneratzeko.
2.– Inbentarioko elementuak berrikusi eta berritu egingo dira, komunitate honetako kultura-ondare immaterialean izandako bilakaera ezagutzeko, eta, hala badagokio, haren bideragarritasun hobea bermatzeko.babes-neurriak egokitzeko.
9. artikulua.– Inbentariorako sarbidea.
1.– Inbentarioan jasotako oharrak sarbide publikokoak izango dira, eta herritar guztiek noiznahi eskuratu ahal izango dituzte.
2.– Inbentariorako sarbide telematikoa bermatuko da Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailaren webgunearen bidez, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren eremuan.
3.– Informazioa eskuratzeko eskubidea mugatu ahal izango da, kasu zehatzaren inguruabarrak kontuan hartuta, gardentasunaren arloko araudian aurreikusitakoaren arabera.
4.– Inbentarioa Eusko Jaurlaritzaren Open Data Euskadi datu irekien atarian argitaratuko da, formatu irekietan eta erabilera irekiko lizentziapean, interesdunek berrerabili ahal izan dezaten. Horretarako, lege-mugak hartuko dira kontuan, eta berrerabil daitekeen informazioa baino ez da argitaratuko.
10. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
1.– Inbentarioan jasotzen diren datu pertsonalak honako hauen arabera tratatuko dira: 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.
2.– Kultura Ondarearen arloko zuzendaritza eskudunaren titularrak bere gain hartuko ditu datu pertsonalak babesteko araudian jasotako datu pertsonalen tratamenduaren arduradunaren eginkizunak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapen-xedapenak.
Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 29an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS