Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2025eko maiatzaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

MUSIKENE
2002

IRAGARKIA, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegirako Fundazio Pribatuaren patronatuko idazkariarena, Donostiako Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko zuzendari-gerentearen lanpostua betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko (Musikene, Donostia / San Sebastián) zuzendari-gerentearen lanpostua hutsik dagoenez, eta Fundazioaren Estatutuak betez, lanpostu hori goi-zuzendaritzako lan-kontratu berezi baten bidez betetzeko deialdi publikoa egiten da iragarki honen bidez. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko (Musikene, Donostia / San Sebastián) zuzendari-gerentearen lanpostua, iragarki honen bidez deitzen dena, behean adierazitako betekizunak betetzen dituzten guztiek eskatu ahal izango dute:

1.– Unibertsitate-titulua izatea.

2.– Esperientzia egiaztatua izatea administrazioko eta kudeaketa ekonomikoko edo giza baliabideetako zereginetan.

3.– Euskara jakitea –gutxienez 3. HE edo baliokidea–.

Bigarrena.– Bete beharreko eginkizunak.

Zuzendari-gerenteak bete beharreko eginkizunak Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegirako Fundazio Pribatuaren estatutuen 26. artikuluan zehaztutakoak dira.

Hirugarrena.– Eskabideak.

Interesdunek Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegirako Fundazio Pribatuaren patronatuko idazkariari bidaliko dizkiote eskabideak (Musikene, Europa plaza 2, Donostia / San Sebastián, 20018). Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, deialdiaren iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek curriculum vitaea aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera (2 orrialdekoa gomendatzen da). Bertan, hauek jasoko dituzte:

– Titulu akademikoak.

– Betetako lanpostuak.

– Lanbide-esperientzia.

– Euskara-maila egiaztatzeko tituluak.

– Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko gerentziak jarraitu beharreko lan-ildoak jasotzen dituen proiektua edo memoria. Proiektu edo memoria horrek gutxieneko gai edo eremu hauek bildu beharko ditu:

– Langileen arloa.

– Fundazioaren azpiegituren arloa.

– Kudeaketa ekonomikoaren arloa.

Memoria horrek gehienez ere 20 orrialde izango ditu, alde bakarretik idatzita, eta bi zutabetan idatzita egongo da, euskaraz eta gaztelaniaz (gehienez 20 orrialde bi hizkuntzetarako). Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta adierazitako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek. Halaber, egokitzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edo bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Bosgarrena.– Merezimendu espezifikoak.

Tituluak, betetako lanpostuak, lanbide-esperientzia eta curriculumeko gainerako merezimenduak maila handiagokotzat hartuko dira, baldin eta kultura-munduko jakintza-arloekin eta jarduerekin zerikusia badute.

Seigarrena.– Kargu publikoa.

Lanpostu hau jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko kargu publikoen katalogo eguneratua onartzen duen martxoaren 31ko 39/2015 Dekretuan, eta haren titularra, kargu publikodun gisa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen aplikazio-eremuan.

Donostia / San Sebastián, 2025eko maiatzaren 6a.

Patronatuko idazkaria,

SARA URIONABARRENETXEA ZABALANDIKOETXEA.


Azterketa dokumentala