
87. zk., 2025eko maiatzaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (475 KB - 45 orri.)
- EPUB (1481 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1992
AGINDUA, 2025eko apirilaren 29koa, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita, 2025eko ekitaldirako, nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzetarako.
Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategietan sasoiko zerbitzuak ematen dituzten pertsonentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzen araubidea erregulatzea du xede Nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzei buruzko martxoaren 24ko 45/2020 Aginduak.
8. artikuluak xedatzen du urtero, agindu bidez, eskabideak aurkezteko epea irekiko dela. Agindu horrek honako hauek jasoko ditu: eskabideak aurkezteko epearen hasiera; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzetarako gehieneko zuzkidura globala; eskabide-ereduak onartzea; eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak; higiezinak eraikitzeko eta, hala badagokio, erosteko laguntzaren gehieneko zenbatekoa; balorazioa egiteko azpi-irizpideei esleitutako puntuazioen baremazioa eta laguntza-portzentajearen baliokidetasuna, aipatutako dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoaren arabera; inbertsioak eta gastuak egiteko epea; diruz lagunduko den ekintza mota bakoitzerako laguntzak eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak, deialdi bakoitzean erabilitako irizpide objektiboen arabera; eta deialdian ordainketa partzialak egitea.
Dirulaguntza-deialdi hau, halaber, jasota dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan. Agindu horren bidez onartu zen, hain zuzen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026ko Dirulaguntza Plan Estrategikoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluari jarraikiz.
Hori guztia dela-eta, abenduaren 20ko 8/2024 Legeaz onartu diren Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorretan badenez laguntza horiek finantzatzeko adinako ordainketa-kreditu erabilgarri, abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legea kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2025. urterako, Nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzei buruzko martxoaren 24ko 45/2020 Aginduak aurreikusitako laguntzen deialdiaren oinarriak. Agindu honen eranskinean jasota daude oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu Agindu honek ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 29a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen bidez egiten da, 2025. ekitaldirako, nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileentzako ostatu izango diren higiezinak sortzeko, egokitzeko edo ekipatzeko laguntzetarako deialdia, martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
2.– Laguntza hauek «de minimis laguntzak» dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
2. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuan adierazitako laguntzen eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta funtsak erabat agortzen direnean amaituko da, edo, bestela, 2025eko abuztuaren 31n. Funtsak agortu direla jakinarazteko, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpen bat emango du, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.
2.– Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide-eredua onartzen da:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013812
3. oinarria.– Onuradun izateko debekuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ezingo dira onuradun izan inguruabar hauetako edozeinetan dauden entitateak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso ez izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso ez izana.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin izana.
d) Lege hauetan jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea: 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa eta 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena. Halaber, ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargurik, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako zehaztapenen arabera.
e) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean dauden xedapenen bidez ezarritakoak.
f) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako baldintzetan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa, Agindua).
g) Ebazpen irmo baten bidez, dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigorren bat izatea. Zehazki, ezingo du dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duen pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian.
h) Zigortuta egotea Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, zuzenketa-neurri egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.
i) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
j) LGTBI fobia egin, bultzatu edo sustatu izana, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Berreskuratze-agindu baten mende egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
2.– Enpresaren deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazi beharko dute eskatzaileek, Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezartzen den moduan; halaber adierazi beharko dute gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– 1. atalaren a), b), d), g), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez badago, irismena araudiz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan, debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.
4.– 1. atalaren e), eta f) letretan jasotako debekuak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera ezarriko dira. Agindu hori, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da.
5.– Oinarri honen 1.c) atalean jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren irismena zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.
6.– Eskatzaileek, dirulaguntza emateko proposamena jaso baino lehen, egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Betebehar horri eutsi beharko zaio, gutxienez laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den unera arte. Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka azalduz gero, bere kabuz bilatu eta aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
7.– Onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. paragrafoan adierazten dira debekuak–, bide hauek dituzte entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, betiere Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.
8.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.
4. oinarria.– Hautaketa-prozesua.
1.– Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren 1. paragrafoko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako gainerako subjektuek eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan jasotakoek elektronikoki aurkeztu beharko dute eskaera, oinarri honen 2. paragrafoan adierazitako helbideen bitartez (91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).
Pertsona fisikoek aurrez aurre nahiz elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.
– Aurrez aurre: eskabideak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren arabera. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten. Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea:
https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
– Bide elektronikoz: 2. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz.
Eskabidea eta dokumentuak aurkeztean modu presentziala edota elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi bide bera erabili beharko denik prozeduraren hurrengo izapideetan; aitzitik, edozein unetan aldatu ahal izango da modua.
2.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, eskaeretarako inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da. Eredu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013812
3.– Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne hartuta– «Nire karpeta» atalaren bidez egiten dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Izapideak elektronikoki egiteko, helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean eta elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1013812
6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5. oinarria.– Diru-zuzkidura.
Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko berrogei mila euro (40.000 euro) bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2025erako aurrekontuaren kargura.
6. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa finkatzeko eta horiek haztatzeko irizpide objektiboen zehaztapena.
Eskabideak aztertzeko eta laguntzen zenbateko zehatza ezartzeko, irizpide objektiboak eta bakoitzari esleitutako gehieneko puntuazioa hartuko dira kontuan. Hauek izango dira:
1) Gehienez ere 100 puntu emango dira.
2) Honela emango dirua puntuak:
A) Kokapena. Ostatuaren kokapena, eremuko ostatu-beharrizanekiko: 20 puntu gehienez ere.
1) Kalteberatasun-maila, Agindu honen II. eranskinean datorren EAEko landa-eremuaren sailkapenaren araberakoa: gehienez ere 10 puntu.
a) Kalteberatasun-maila KM1 edo ABE (arreta bereziko eremua): 10 puntu.
b) Kalteberatasun-maila KM2: 7 puntu.
c) Kalteberatasun-maila KM3: 5 puntu.
d) Kalteberatasun-maila KM4: 3 puntu.
e) Hirigunea: 0 puntu.
2) Eskualde lehenetsiak. Gehienez ere 10 puntu.
a) Arabako Errioxa: 10 puntu.
b) Arabako Lautada eta Mendialdea: 8 puntu.
c) Gainerako eskualdeak: 5 puntu.
B) Sustatzailea:
1) Erakunde publikoen kasuan:
a) Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako Nekazaritzako Sasoikako Lanaren Programari atxikita egotea; Bai: 40 puntu / Ez: 0 puntu.
2) Erakunde pribatuen kasuan:
a) Indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako Nekazaritzako Sasoikako Lanaren Programari atxikita egotea; Bai: 20 puntu / Ez: 0 puntu.
b) Jarduera nagusia nekazaritza izatea; Bai: 5 puntu / Ez: 0 puntu.
c) Nekazaritzako ustiategi bateko emakume nekazari titularra edo titularkidea izatea, edo, pertsona juridikoa bada, emakumeen esku dagoen ehunekoa edo partaidetza sozialak gutxienez % 50 izatea kideak bi badira; edo gutxienez orekatua, gainerako kasuetan; Bai: 15 puntu / Ez: 0 puntu.
C) Proiektua: gehienez ere 40 puntu.
1) Ostaturako jarritako plaza kopurua. Gehienez ere 20 puntu.
a) 8 plaza artekoak: 10 puntu.
b) 9 eta 16 plaza bitartekoak: 15 puntu.
c) 16 plaza baino gehiagokoak: 20 puntu.
2) Kostuaren eta plazen arteko erlazio egokiena. Gehienez ere 20 puntu.
a) Plazako 7.000 euro-tik gorako kostua: 5 puntu.
b) Plazako 3.000 euro eta 7.000 euro bitarteko kostua: 15 puntu.
c) Plazako 3.000 euro baino gutxiagoko kostua: 20 puntu.
3.– Aurreko irizpideak aplikatuz proiektuak lortu duen puntuazioaren arabera, proiektu bakoitzari emango zaion laguntza honela zehaztuko da:
(Ikus .PDF)
7. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:
1) Hirugarrenen alta; egoitza elektronikoan izapidetu ahal izango da, esteka honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2) Pertsona juridikoa izanez gero, eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia kautoa (dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita).
3) Pertsona juridikoa izanez gero, zuzendaritza-organoen osaera egiaztatzen duen ziurtagiria.
4) Entitate publikoen kasuan izan ezik, nekazaritza-ustiategiaren titularra edo titularkidea izatearen egiaztagiria.
5) Ondasun higiezina ostatu gisa egokitzeko eta erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan eduki.
6) Eskatzaileak pertsona fisikoen edo nortasun juridikorik gabeko pertsona juridiko pribatuen elkarte edo ondasun-erkidegoak direnean, eskabideek berariaz adierazi behar dituzte, eskaerari erantsitako dokumentu batean, elkarteko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, eta bakoitzak egikaritu beharreko aurrekontu-zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Nolanahi ere, elkarteek ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko dute, eta behar besteko ahalmena eman betearaz ditzan elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak. Ezin izango da taldea desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epea, legez aurreikusia, igaro arte.
7) Egin beharreko inbertsioa edo gastua deskribatzen duen memoria. Bertan, aurreikusitako egikaritze-epeak, kokalekua, finantzaketa eta aurrekontua adierazi beharko dira, behar beste xehatuta, edo proformako fakturak.
8) Nahitaezko kasuetan, ostatuei buruz indarrean dauden xedapen espezifikoetara egokitzen den proiektu teknikoa, bai eta hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, haiek eskuratzeko eskabidea.
9) Hala badagokio, indarrean dagoen Sasoikako Lanaren Arretarako Plan Integralean ezarritako nekazaritzako sasoikako lanaren programari atxikita dagoela adierazten duen «konpromisoaren» kopia.
10) Erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskin gisa gehitu den ereduaren araberakoa, puntu hauei buruzkoa: martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuan eskatutako betekizunak betetzen dituela; aurkeztu dituen dokumentuak egiazkoak direla; martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren 6. artikuluaren c) eta k) letren artekoetan, biak barne, ezarritako betekizunak betetzen dituela; hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela, eta Administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean.
11) Aurreko hiru ekitaldietan jasotako beste «de minimis» laguntza orori buruzko berariazko adierazpena, IV. eranskin gisa gehitu den ereduaren araberakoa.
12) Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko, Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1. apartatutik 4.era bitarte aipatu dira debekuak, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke. Horri dagokionez, nahikoa izango da apartatu honetako 10. puntuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena.
2.– Dirulaguntza baloratzeko eta kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko eskabidean jasotako baina agiriz justifikatu gabeko datu edo merezimenduak.
8. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Diruz lagun daitezkeen kostuak martxoaren 24ko 45/2020 dekretuaren 4. artikuluan adierazitakoak izango dira, BEZa barne baldin eta ez bada berreskuragarria, eta Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren arabera arautuko dira.
2.– Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan, agindu honen V. eranskinean bildutako azalpenen arabera.
3.– 20.000 eurokoa izango da, gehienez ere, sasoikako langileentzako ostaturako higiezinak eraikitzeko edo, hala badagokio, eskuratzeko laguntzaren zenbatekoa.
9. oinarria.– Gauzatzeko epea.
Inbertsioak eta gastuak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.
10. oinarria.– Laguntzaren organo kudeatzailea.
1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek laguntzak eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Txosten hori ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio.
2.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzak, halaber, behin-behineko Ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala motibatua, eta interesdunei jakinaraziko die. Hamar eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko, prozeduran agertzen direnean edo interesdunek azaldutako beste egitate, alegazio eta frogak batzuk kontuan hartzen direnean.
3.– Aurreko aparatutan aurreikusitako kasutik kanpo, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
11. oinarria.– Laguntzen ebazpena, ordainketa eta bateragarritasuna.
1.– Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendariari dagokio deialdia ebaztea, Landa Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak proposatuta. Hala ere, aurretik, txosten bat egin beharko da, non jasoko baita zuzendaritzaren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun gisa proposatutako entitateek dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpenak barnean hartu beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan aurreikusitakoa.
2.– Ebazpena banaka eman eta jakinaraziko da, gehienez ere lau hileko epean eskabidea eta dokumentazio osoa aurkezten direnetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko dute interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Inbertsioa egin eta martxoaren 24ko 45/2020 Dekretuaren 17. eta 18. artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan justifikatu ondoren ordainduko da laguntza. Deialdi honetarako ez da ordainketa partzialik aurreikusten.
4.– Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuek helburu berarekin ematen dituztenekin, guztien artean diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa ez gertatzeko konpromisoarekin betiere. Gainfinantzaketarik izanez gero, jardueraren kostua gainditzen den kopuruan murriztu beharko da laguntzaren zenbatekoa.
12. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako laguntzen entitate onuradunek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek ez badiote laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean uko egiten dirulaguntzari, berariaz eta idatziz, onartu dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.
c) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar dute diruz laguntzen den gastua.
d) Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei bost urtez eustea gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ez eta dirulaguntzen xedea ez den beste ezertarako erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzen diren kasuan, onuradunak dirulaguntza ematen dion administrazio-ziurtagiria aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etorriz.
e) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailari jakinaraztea inbertsio osoa edo inbertsioren zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte diruz laguntzen diren inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.
f) Onuradunek behar den bezala zabaldu behar dute izaera publikoa duela jardueraren finantzaketak, gardentasunari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.
g) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak informaziorik eskatzen badiete emandako laguntzak nola erabiltzen dituzten eta diruz laguntzen diren helburuak lortzen dituzten kontrolatzeko, eman egin behar diete onuradunek.
h) Idatziz jakinaraziko diote Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, baldin eta edozein administraziori edo ente publiko eta pribaturi xede bererako eskatutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta jaso badute. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango dute, egoera horren berri izan den egunetik hasita, eta, edonola ere, jasotako funtsak erabili direla justifikatu aurretik.
i) Jakinaraztea ea diruz lagundu daitekeen proiektu bera ordaintzeko bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
j) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, haien egiaztapena eta kontrola egiteko eska daitezkeen bitartean.
k) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman behar diote idatziz Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari. Aldaketa horren berri izan eta ondorengo hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edonola ere, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
l) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, harik eta dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte. Alderdi hori automatikoki egiaztatuko dute Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendaritzako zerbitzu teknikoek. Hala ere, entitate onuradunak berariaz ukatu ahal izango dio egiaztatze hori egiteko baimena; orduan, ordea, adierazitako dokumentuak berak aurkeztu beharko ditu.
m) Dirulaguntzen araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27 eta 42. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.
2.– Oinarri honen 1.g) apartatuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak emandako diruz lagundutako jardueraren inguruan bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
13. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Helbide honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml
RSS