Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2025eko maiatzaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1990

AGINDUA, 2025eko apirilaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, Urkabustaizko (Araba) «Urkabustaiz» Musika Eskola Publikoari musika-espezialitateak gehitzeko baimena emateko dena.

Urkabustaizko (Araba) «Urkabustaiz» Musika Eskola Publikoak musika-espezialitateak gehitzeko egin duen baimen-eskaera aztertu da.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko musika- eta dantza-eskolei buruzko maiatzaren 21eko 64/2024 DEKRETUA eta gai horretan aplikagarri diren indarreko gainerako legeak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2025-2026 ikasturtetik aurrera baimena ematea jarraian zehazten den musika-ikastetxeari espezialitate berriak gehitzeko:

Kode-zenbakia: 01389 (EAE) eta 01003082 (unibertsala).

Izen generikoa: Musika Eskola Publikoa.

Izen espezifikoa: «Urkabustaiz».

Titularra: Urkabustaizko Udala.

Helbidea: Ugarte, 3.

Udalerria: Urkabustaiz.

Lurralde historikoa: Araba.

Ikastetxe horretan irakaskuntza hauek emango dira:

– Mailak: 2.a eta 3.a.

– Espezialitateak eta familiak:

• Espezialitatea: Kantua eta Kantu Korala.

• Hari igurtziko instrumentuak: biola, biolina.

• Haize-zurezko instrumentuak: txirula, moko-txirula.

• Teklatu-instrumentuak: akordeoia, pianoa.

• Perkusio-instrumentuak: perkusioa.

• Hari pultsatuko instrumentuak: gitarra, gitarra elektrikoa, gitarra akustikoa.

• Euskal sustrai tradizionaleko instrumentuak: txistua, trikitixa, alboka, txalaparta.

• 1. mailako espezialitateak: musika eta mugimendua.

Bigarrena.– Indarrean dagoen araudia betetzera beharturik gelditzen da ikastetxea irakasleen titulazio akademikoari dagokionez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

Hirugarrena.– Hezkuntza-administrazioari zuzendutako eskaera edo komunikazio guztietan, norberaren dokumentazioan eta ikastetxeari buruzko publizitatean, hori egiteko bidea edozein dela ere, ikastetxearen erakunde titularrak izen generikoa erabili beharko du, eta, ondoren, espezifikoa eta ikastetxearen kodea, erregistro-inskripzioan jasotako datuen arabera.

Halaber, Estatuz kanpoko ikastetxeen izenak eta publizitatea arautzen dituen otsailaren 13ko 401/1979 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa bete beharko du ikastetxearen publizitateak.

Laugarrena.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxeko titularrari dagokio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan jasotako baimena emateak ez du esan nahi, inola ere, hezkuntza-itunen edo dirulaguntzen deialdien araubidearen bidez laguntzak lortu direnik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala