Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2025eko maiatzaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1980

84/2025 DEKRETUA, apirilaren 8koa, zeinaren bidez behin betiko onarpena ematen baitzaio Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialari.

1.– Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala irailaren 26ko 179/2006 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko, 2006ko azaroaren 7an argitaratu zena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Aipatu Lurralde Plan Partzialak eremu funtzional osorako ordenazio integrala ezartzen zuen. Honako udalerriek osatzen dute Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionala: Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbao, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Ugao-Miraballes, Urduliz, Trapagaran, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena.

2.– Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren berrikuspena lege-, estrategia- eta lurralde-esparru berrira egokitzeko beharraren ondorio da, bereziki uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez onartutako EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berrietara, bai eta indarreko Lurralde Plan Partziala formulatu zeneko hedapen- eta garapen-zikloarekin alderatuta oso desberdina den testuinguru sozioekonomiko berrira egokitzearen ondorio ere. Planaren helburua hamasei urteko denbora-horizonte baterako eremu funtzionalaren lurralde-antolamendu jasangarria ezartzea da, eremu funtzionalaren egitura eta lurralde-eredua zehaztuta. Udal-plangintzek, lurralde-plan sektorialek eta eremu funtzionalean eragina duten gainerako jarduketek ezarritako lurralde-antolamendua bete beharko dute.

3.– Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenak lurralde-eredu koherentea sustatzen du, ingurumen-, ekonomia-, gizarte-, kultura- eta osasun-alderdiak barne hartzen dituena. Ildo horretan, honako hauek dira planaren lurralde-antolamenduaren eredua prestatzeko aintzat hartu beharreko helburu estrategikoak:

a) Ingurune fisikoari, landa-habitatari eta azpiegitura berdeari dagokienez, honako hauek lortzen ahalegintzea: biodibertsitatea eta natura-balioak zaintzea eta hobetzea; dauden ekosistemen artean jarraitutasun ekologikoa egotea, eremu funtzionalaren barruan eta haren mugetatik harago; landa-habitata eta nekazaritzako nahiz abeltzaintzako jarduera sustatzea; baso autoktonoa berreskuratzea; paisaia hobetzea eta azpiegiturak paisaian hobeto integratzea; eta lurzoru berriak kalifika ditzaten saihestea.

b) Hiri-habitataren eredu orekatuago bat ezartzea premien eta etxebizitzarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoru-eskaintzaren artean, natura- eta landa-inguruneari kalterik ez egiteko eta lursail berrien urbanizazioa ekiditeko, lurzoru zaharkituak eta kutsatuak leheneratzeko, eraikinak birgaitzeko eta haien tipologia egokitzeko, hirigintza- eta arkitektura-oztopoak ezabatzeko, espazio libreetarako eta berdeguneetarako sarbidea errazteko, eta garraio publikoko sare koordinatu batek behar bezala zerbitzatuta egoteko, zentroaren eta metropoli-eremuen arteko eta beste lurralde batzuekiko loturak hobetuta.

c) Metropolialdearen barneko nahiz kanporako joan-etorrietarako mugikortasun-ereduak aldatzea, intermodalitatea, garraio publikorako irisgarritasuna eta oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak oinarri hartuta.

d) Kultura-ondare material eta immaterial osoaren eta natura-parajeen ikuspegi bateratu bat izatea, eta paisaiak, monumentuak eta ondare-elementuak oinezkoentzako eta bizikletentzako bideekin lotzea, hiri-habitatarekin lotuta dauden atsedenlekuen sistema baten esparruan, bai haren aisia-potentziala bultzatzeko bai herritarren osasuna zein ongizatea sustatzeko.

e) Erabilera masiboko ekipamendu eta aisiarako eremu berririk ez sortzea, lehendik dauden hiri-bilbeekin jarraitutasunik ez badute, eta lehendik daudenetara edo inguru kalteberetan kokatu behar direnetara iristeko ibilgailu pribatuaz bestelako baliabideak proposatzea.

f) Metropolialde osoan udalaz gaindiko estrategia bat ezartzea, hainbat ekintza eta sinergia aurreikusiz.

g) Zeharkako gaiak modu esplizituan integratzea proposatutako ereduan: irisgarritasun unibertsala, genero-ikuspegia, klima-aldaketa, osasuna, euskara eta lurralde-interrelazioa.

h)Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenak proposatzen dituen jarduketen lehentasunak eta koordinazioa zehaztea, bai eta nor izango diren hura egikarituko duten eragile arduradunak ere.

i) Lurralde-estrategia jasangarria, orekatua, adimenduna, inklusiboa, bizia, elkarri lotua eta partaidetzakoa izatea, metropolialdean dauden gaitasunak eremu funtzionalaren lehia-abantaila gisa aprobetxatzeko, bai barne-ikuspegitik bai kanporako ikuspegitik, eta lurralde-euskarria kalitatezko identitate-faktore gisa hartuta.

4.– Lurralde Plan Partzial hau Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan jasotako lantze- eta izapidetze-prozesu luze baten emaitza da, aurrerapeneko, hasierako onarpeneko, behin-behineko onarpeneko eta behin betiko onarpeneko faseak dituena, non lurralde-administrazio publiko guztiek eta aztertzen ari garen eremu funtzionaleko gizartearen espektro zabal batek ere parte hartu duten.

5.– Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluaren arabera, Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala formulatzeko ekimena Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie, maila berean, eta, horrenbestez, beharrezkoa da bi administrazioen arteko koordinazioa. Helburu horrekin, 2016ko martxoan, Lurralde Plan Partziala formulatzeko ekimena hartu zuen martxan orduko Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurralde Kohesio Sailak. Maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.3 artikuluan adierazten den bezala, Lurralde Plan Partziala formulatzeko ekimena hartzen duen organoak izango du eskumena bai prozedura gidatzeko bai planari hasierako eta behin-behineko onarpena emateko ere.

6.– Bilbao Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren berrikuspena partaidetza-prozesu batekin hasi zen. Prozesu horretan, udalen, erakundeen, elkarteen eta partikularren iritziak eta proposamenak jaso ziren, eta, 2016ko abenduan, Informazioko eta Diagnostikoko Dokumentua sortu zen.

7.– Jarraian, maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitakoa betez, Informazioko eta Diagnostikoko Dokumentua Administrazio Autonomiko honetara, Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko udal guztietara eta Estatuko Administraziora bidali zen, plana idazteko beharrezko informazio orokorra emateko, bai eta eremu funtzionaleko aurreikuspenekin eta jarduketa-programekin lotutako informazio espezifikoa ere.

8.– Behin informazioa jasota, 2018ko otsailean, Lurralde Plan Partzialaren Aurrerapena eta hari zegokion Hasierako Dokumentu Estrategikoa egin ziren, eta lurraldeko administrazio publiko interesdun guztiei bidali zitzaien, maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.4 artikuluak xedatzen duen bezala, oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak egiteko. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari igorri zitzaion, eta, Zuzendaritzak, 2018ko irailaren 17an, irismen-dokumentua formulatzeko ebazpena eman zuen.

9.– Behin jarduketa guztiak aztertuta, hasierako onarpenerako dokumentua idatzi zen, bai eta ingurumen-azterketa estrategikoa ere. Ondoren, Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 13.5 artikuluan aurreikusitakoa betez, dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen irizpenaren mende jarri zen, zeinak aldeko txostena eman zuen 2021eko urtarrilaren 29an egindako 1/2021 osoko bilkuran.

10.– Behin zegozkion nahitaezko txosten sektorial guztiak jaso ondoren, azken dokumentua idatzi zen, hasiera batean Gobernu Kontseiluak 2021eko urriaren 5ean hartutako Foru Erabakiaren bidez onartu zena.

11.– Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 15.2 artikuluan adierazitakoa betez, hasiera batean onartutako dokumentuaren honako izapide hauek bete ziren: berrogeita bost eguneko jendaurreko informazioaren izapidea; lurralde-administrazio publiko interesdun guztien entzunaldi-izapidea; eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran zehar kontsultatutako ukitutako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen kontsulta-izapidea.

12.– Behin jasotako alegazioak eta iradokizunak aztertu eta erantzun ondoren, Gobernu Kontseiluak 2023ko apirilaren 25ean hartutako Foru Erabakiaren bidez, plana behin-behinean onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorri zitzaion, Euskal Herriko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.8 artikuluan xedatutakoari jarraikiz informazioa jaso zezan, bai eta ingurumen-organoari ere, ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatzeko.

13.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak uztailaren 12ko 4/2023 bilkuran emandako aldeko txostena, ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2024ko otsailaren 19ko Ebazpena eta gainerako aldeko txosten sektorialak lortu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak, 2024ko apirilaren 10ean, dokumentu tekniko osoa eta izapidetze-espediente administratiboa bidali zizkion Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sail honi, Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren behin betiko onarpena izapidetzea eskatzeko.

14.– Planaren edukiak erantzuna ematen dio Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12. artikuluari. Izan ere, alde batetik, Lurralde Plan Partzialek jaso behar dituzten zehaztapenak betetzen ditu, eta, bestetik, hurrengo dokumentuetan egituratu behar den dokumentazioa ere behar bezala jasotzen du:

a) Memoria.

b) Antolamendu-arauak.

c) Azterketa ekonomiko-finantzarioa eta exekuzio-programa.

d) Antolamendu-planoak.

e) Plangintzaren gaineko eraginak.

f) Ingurumen-azterketa estrategikoa.

15.– Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 7. artikuluak adierazten duen bezala, erantsi egin dira planak izaera arauemailea ematen dien xedapen guztiak jasotzen dituzten antolamendu-arauak, dekretu honen I. eranskin gisa argitaratzeko. Halaber, Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren berrikuspen-dokumentuan ingurumen-alderdiak txertatzeari buruzko laburpena jaso da, II. eranskin gisa argitaratzeko.

16.– Bestalde, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 artikuluan ezarritakoa betez, onarpeneko dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, bai eta, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietatik bitan ere.

17.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eskumena da Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren behin betiko onarpena Gobernu Kontseilura eramatea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoa betez.

18.– Gobernu Kontseiluaren eskumena da Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala behin betiko onartzea, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 eta 26.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horrenbestez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2025eko apirilaren 8ko bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Behin betiko onartzea Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala, zeinaren antolamendu-arauak dekretu honi gehitu baitzaizkio I. eranskin gisa.

2.– Halaber, II. eranskin gisa, Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren berrikuspen-dokumentuan ingurumen-alderdiak txertatzeari buruzko laburpena jaso da.

3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Era berean, iragarkiak argitaratuko dira, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan zabalkunde handiena duten egunkarietatik bitan ere.

4.– Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala osatzen duten dokumentu guztiak eskuragarri egongo dira Bizkaiko Foru Aldundian lurralde-plangintzaren arloan eskumena duen sailaren egoitza elektronikoan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lurralde Plan Partzial hau idazterakoan, une horretan indarrean zegoen udal-plangintza jaso da, eta beti informazio-izaerarekin; ondorioz, ulertuko da indarrean jartzen den egunera arte egiten diren eguneratzeak edo aldaketak jasota daudela.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lurralde Plan Partzial honek, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean xedatutakoaren arabera hierarkia handiagoko tresna denez, lurralde- eta hirigintza-legedi aplikagarriak xedatutako planeamendu sektorialeko eta munizipaleko instrumentuak ere lotetsiko ditu.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Plan hau indarrean jartzeko unean oraindik ere hasierako onarpena gainditu ez duten Lurralde Plan Sektorialak berrikusteko eta aldatzeko dokumentuak egokitu egin beharko dira plan honetan jasotako zehaztapenetara, Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionalari eragiten dioten arlo guztietan.

Edonola ere, Lurralde Plan Partzial hau indarrean jartzean indarrean dauden lurralde-plan sektorialak egokitu egin beharko dira plan honetan xedatutakora, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa salbuetsita.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionalean dauden udalerrietako hirigintza-dokumentuak plan honetan jasotako zehaztapenetara egokitu beharko dira, baldin eta plan orokorrak eta arau subsidiarioak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan badaude eta plan hau indarrean jartzeko unean oraindik ere hasierako onarpena gainditu ez badute. Aipatutako egokitzapena ezarrita daukaten berrikusketa-edo aldaketa-prozedurei jarraituz egin beharko dira dokumentu horiek.

Edonola ere, indarrean dagoen udal-esparruko hirigintza-antolamendu orokorra plan honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, hura indarrean jarri eta bi urteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da irailaren 26ko 179/2006 Dekretua, Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala behin betiko onartu zuena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 8an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala