Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2025eko maiatzaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1963

EBAZPENA, 2025eko apirilaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2024ko irailaren 5eko Ebazpenaren bidez, «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektua onetsi zen. Ebazpena 2024ko irailaren 27an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (189. zk.)

Azken bi hamarkadetan, inbertsio-ahalegin handia egin da trenbide-azpiegituraren ahalmena hobetzeko. Horretarako, trazadura hobetzeko jarduketak egin dira, trenbideak bikoiztuz, bitan banatuz eta ETSk kudeatzen duen zabalera metrikoko sareko geltokiak berrituz. Jarduketa horien bidez, besteak beste, salgaiak garraiatzeko trenak eta bidaiariak garraiatzeko trenen sarea gurutzatzeko eremuak edo bitan banatzeko eremuak ezarri dira, era horretan inbertsioak hobetzea lortzen baita salgaien trafikoa zabalera metrikoko sareetan bultzatzeko, betiere egokiro bat etorrita eskaera handiko eremuetan bidaiarien trafikoaren maiztasuna areagotzeko sarearen ahalmena handitzeko estrategiarekin.

«Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektuan definitzen den jarduketa lagungarria izango da gaur egun Bilbo-Donostia linean gauez egin behar diren salgai-trenen joan-etorriak egunez egin ahal izateko bidaiarien trafikoaren haraneko orduan. Horren ondorioz, ez da eraginik ez interferentziarik gertatuko ETSk gauez egiten dituen mantentze-lanetan, eta, gainera, salgaiak garraiatzeko trenen gaueko ohiko trafikoa saihestuko da biztanlegune handietan.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Trenbidea bitan banatzeko eraikuntza-proiektua Deban, 72+509.074 eta 73+181.011 KPen artean» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara zuzendu beharko dira, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Debako udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
DEBAKO UDALERRIAN
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala