Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2025eko maiatzaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1962

AGINDUA, 2025eko apirilaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2025-2026 ikasturtean berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdia egiten diena Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean zehaztutako estrategiarekin bat etorritako Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei.

Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik, lehiakortasuna sortzen da, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunean dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.

Egoera horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, konpetentzien hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik konpetentzia teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.

Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.

Lanbide-heziketako ikastetxeentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua piztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak. Horretarako, sektore produktiboen –batez ere industriaren– premiei aurre hartzeko gaitasuna izan behar dute, gai izanez modu proaktiboan identifikatzeko produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetze aldera.

Helburu horretan aurrera egiteko, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duten gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren eremuko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETEei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.

Era berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planak argi eta garbi egin du hazkunde jasangarri eta zentzuzkoa sustatzeko estrategia integralaren alde. Estrategiaren oinarrian, kapital intelektuala eta ezagutzaren kudeaketa efizientea daude, baita espezializazio eta berrikuntza aplikatua ere, enpresetan balioa sortzeko eta lehiatzeko abantailen iturri gisa eta, ondorioz, enplegua sortzeko iturri gisa.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, 2022ko azaroaren 7an onetsi zuen Lanbide Heziketako 6. Euskal Plana. Plana benetan heda dadin bultzatzeko, hau da, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketak gidatzeko tresna izateko, itunpeko ikastetxe pribatuei dei egin die Sailburuordetzak, beren irakasle taldearen bitartez ikastetxearen konpetentziak indartuko dituzten jarduera eta proiektuetan parte hartzeko eta teknologia aurreratuko inguruneei erantzuteko. Lanbide Heziketako 6. Euskal Planak giza garapen jasangarriaren, pertsonen talentuaren sustapenaren eta ikaskuntza-eredu aurreratuen aldeko apustua egin du, ingurune produktibo, teknologiko eta digital berri baten erronkei erantzuteko. Era berean, Euskadiko LHren rola finkatu du, eraldaketa- eta berrikuntza-eragile bihurtu baitu, funtsezkoa delako pertsonen enplegagarritasuna nahiz Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak zehaztu egiten du Espainiak modernizatzeko hartutako konpromisoa, kualifikazioari eta enplegagarritasunari bide emanda, hartara aberastasuna ere sortzeko. Horretarako, ekintza politikoaren ardatzean ipintzen ditu bai pertsonak, baita bizialdi osoan kualifikatzen jarraitzeko eta eguneratuta egoteko premia ere. Horrekin batera, laguntza ematen du herrialdeak trantsizio ekonomikoan aurrera egin dezan, lehiakortasuna indartu dezan eta jakintzan oinarritutako ekoizpen-sarea ehuntzen jarrai dezan, helburutzat hartuta kokaleku hobea lortzea ekonomia berrian, prestakuntza-premiak sortu ahala premia horiek asetzeko bide emanda, eta helburutzat hartuta, halaber, herritarren kualifikazioa hobetzea, ekintzailetzaren kultura handitzea, ingurumen-jasangarritasunaren bitartez ekoiztea eta egiturazko desorekak murriztea landa-eremuetan, beherakada demografikoko eremuetan eta populazio-dentsitate handiko hiriguneetan.

3/2022 Lege Organikoa onartu ostean, beharrezkoa izan da bestelako arauketa bat ematea hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamenduari, eta halaxe egin da Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren Antolamendua Ezartzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuan, zeinak uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua indargabetzen baitu.

Hala, 659/2023 Errege Dekretuak Lanbide Heziketaren Sistemaren antolamendua ezartzen du, prestakuntza eta laguntza profesionalen erregimena berma dezan, ekonomiaren jasangarritasuna indartu dezan eta malgutasunez erantzun diezaien pertsonek beren bizialdian garatzen dituzten lanbide-kualifikazioko interes, itxaropen eta nahiei, baita lan-munduak eskatutako konpetentziei ere; eta, horretarako, lan bateratua eta partekatua ezartzen du erkidego eta hiri autonomoetan Lanbide Heziketaren ardura duten administrazioen artean, guztiek ere norabide berean jardun dezaten.

Era berean, deialdi hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Hezkuntzako sailburuaren 2025eko apirilaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen Plana, eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta, haren berri emateko.

Horiek horrela, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, zeinetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea jasotzen baita eta, aldi berean, laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteak eta zehapenak zehazten baitira, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Dirulaguntzen deialdia egitea, Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean zehaztutako estrategiarekin bat datozen lanbide-heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan 2025-2026 ikasturtean berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko, eta erantsitako dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 29a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honek xedetzat du itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2025-2026 ikasturtean berrikuntza-proiektuak gara ditzaten. Proiektu horiek bat etorri beharko dute Lanbide Heziketako 6. Euskal Planarekin.

Era berean, proiektuek bide emango dute haien bidez eskuratutako ezagutza transferitu dakien hala ikasleei, nola Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeei eta enpresei, bereziki ETEei.

2. artikulua.– Onuradunak.

Ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzak, baldin eta ikastetxeok Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2025-2026 ikasturtean.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xede diren proiektuak diruz laguntzeko, zazpiehun eta hirurogeita hamar mila euro (770.000) bideratuko da guztira.

2.– Erabilgarri dagoen aurrekontutik, 462.000 euro (% 60) Digitalizazioa: berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen eremura bideratuko da, eta 308.000 euro (% 40) Jasangarritasuna: biozientzien eta jasangarritasunaren eremura.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen berrikuntza-proiektuen ezaugarriak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuek eremu hauetako batekoak izan behar dute:

a) Digitalizazioa: berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen eremua. Eremu horretan sailkatzen dira garapen teknologikoak (digitalizazioa) egiteko helburu orokorra duten proiektuak. Zehazki:

• Fabrikazio aurreratua. Prozesuen digitalizazioarekin eta horien simulazioarekin lotuta daudenak. Neurketa-elementuak sartzen dira, bereziki prozesuko neurketak. Fabrikazio-prozesu berriak, hala nola fabrikazio aditiboa, diseinutik hasi eta fabrikazioraino eta post-tratamenduraino. Robotika autonomoaren integrazioa fabrikazio-prozesuetan.

• Fabrika digital eta konektatua. Zuzenean erlazionatuta dago digitalizazioarekin eta honako hauei lotutako teknologien eta metodoen aplikazioarekin: IoT/IIoT (Gauzen Internet / IoT Industriala), IoM (Makinen Internet), Big Data eta adimen artifiziala. Helburua da industria-ekipamendu eta -instalazioetan sortutako informazioaren konexioa, monitorizazioa, trazabilitatea, kudeaketa eta/edo tratamendua bideratzea, eta, horretarako, sentsorizazioa, konektibitatea, zibersegurtasuna, bloke-katea eta adimen artifizialeko datu-tratamendua eta -ustiaketa erabiltzen dira.

• Energia-efizientzia eta energia garbiak sortzea. Haize-energia, olatuena eta beste batzuk sortzea, eta energia garbiak sortzera bideratutako garapen teknologikoak eta sare adimendunen digitalizazioa.

• Mugikortasun jasangarria. Mugikortasun adimendun eta jasangarria, Euskadin mugikortasun elektrikoaren ezarpena sustatuko duena, bai gizartean duen erabileraren ikuspegitik, bai beharrezko teknologien garapen industrialaren ikuspegitik.

• Ingurune murgiltzaileak. Ikaskuntza-prozesuan errealitate birtual, areagotu eta mistoko tresnak erabiltzearekin lotuta daudenak, enpresetara bideratutako zerbitzu- eta ezagutza-sortzaile gisa. Ikastetxeetako eta ETEetako prozesuak digitalizatzeko bitarteko gisa.

• Eta konponbide aurreratu hauekin lotutako gainerako proiektu disruptiboak: bideokonferentzia, idazmahaiaren birtualizazioa, euskarri-plataformak, ERPak ezartzea, 5Ga, bloke-katea, konektagarritasun- eta komunikazio-konponbideak (5G / WIFI6), datuak bildu eta ustiatzea (Smart DATA, datuen analisia...), adimen artifiziala, biosentsorikoa eta teknologia kuantikoak.

b) Jasangarritasuna: biozientzien eta jasangarritasunaren eremua. Eremu honetan sailkatzen dira jasangarritasunarekin, energia-efizientziarekin, energia garbiak sortzearekin, eraikuntza jasangarriarekin eta bioteknologiarekin zerikusia duten proiektuak. Zehazki:

• Garapen jasangarria. Jasangarritasunarekin zerikusia duten balio-kateen digitalizazioan oinarritua, ekonomia zirkularrarekin eta bioekonomiarekin zerikusia duten alderdiak balioetsiz, hainbat alorretara begira: nekazaritza, itsasoa eta arrantza, ostalaritza eta turismoa, elikagaien industriak, administrazioa eta kudeaketa, segurtasuna eta ingurumena, zura eta altzarigintza, eraikuntza eta obra zibila, eta eremu honetan eragina duten beste lanbide-arlo batzuk.

• Energia-efizientzia. Honako hauetara bideratutako proiektuak: prozesuen ingurumen-aztarna hobetzea, produktuen bizi-zikloaren analisia, ekonomia zirkularra garatzea, ekodiseinua eta abar, bai eta jasangarritasuna ere, energia-efizientziaren ikuspegitik eraikuntza jasangarriaren eremuan.

• Osasuna eta zahartze osasungarria. Osasunaren, robotika aplikatuaren eta teknologia humanizatuaren eremuko digitalizazioarekin lotutakoak, bai eta pertsonen zaintzari eta ongizateari aplikatutako baliabide teknologiko berriekin lotutakoak ere.

• Biozientziak eta bioteknologiak. Osasunean, nekazaritzako elikaduran eta bioteknologian Bio soluzioak erabiltzearekin lotutakoak, digitalizazio-tresnak inplementatuz, lehiakortasun handiagoa lortzeko bitarteko gisa.

• Eta etxebizitza adimendunarekin, nekazaritzako elikadura jasangarri eta osasungarriarekin, jatetxe jasangarriekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako gainerako proiektu disruptiboak.

2.– Proiektuak garatzeko orduan, onuradunek bakarka jardun dezakete (agindu honen 2. artikuluan zehazten da nor izan daitekeen onuradun), edo taldean jardun dezakete, lankidetzan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz. Proiektu bat lankidetzakoa dela ulertuko da, baldin eta gutxienez bi onuradunek parte hartzen badute proiektua sortzen eta gauzatzen.

3.– Lankidetzako proiektuak badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da elkartutako kideen artetik zein izendatu duten ordezkari edo ahaldun bakar, eta behar adina ahalmen izan behar ditu onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezingo da desegin, harik eta dagokion preskripzio-epea igarotzen arte, zeina zehaztuta baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 44. artikuluan.

4.– Aurkeztutako proiektuen iraupena 209 ordukoa izango da gutxienez, eta 2.504 ordukoa gehienez.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuek bat etorri beharko dute deialdiaren xedearekin (agindu honen 1. artikuluan zehaztua). Lotura hori ebidentzien bidez frogatu beharko dute, proiektuaren fitxan, I. eranskinean; izan ere, hori izango da hautaketa-irizpideetako bat.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Jarraian adierazten diren gastuak lagundu ahal izango dira diruz:

a) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako ordu osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.

b) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2024-2025 ikasturtean.

c) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakaskuntza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxetik liberatutako irakasleen kontratua zabaltzeko kostuak. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2024-2025 ikasturtean.

2.– Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta entitate eskatzailearen konturako karga sozialak. Era berean, ordu osagarritzat hartuko dira abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan eta apirilaren 1eko 46/2014 Dekretu korrelatiboan (EAEko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena) esleitutako helburuak, xedeak eta funtzioak betetzeko ikastetxeak egingo dituen jarduerak (klaustroak, ebaluazio-batzarrak, saileko jarduerak...). Liberatutako irakasleak beren lanaldi osotik liberatzen dira (irakastorduak gehi ordu osagarriak) proiektuan aritzeko.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen orduei dagokienez, lanaldi osoko liberazio baterako, gehienez ere, 726 eskola-ordu eta 526 ordu osagarri egotz dakizkioke proiektuari. Ordezko langileak kontratatzeko, berrogeita bost (45) euro/ordu izango da diruz lagundu daitekeen eta proiektuari orduko egotz dakiokeen gehieneko kostua, irakasleei dagokienez. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu kopurua lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen estaldura-aldia diruz lagundutako jarduera hasten denetik amaitzen den arte zenbatuko da, betiere diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan, hau da, 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra arte.

6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, betekizun hauek betetzen direla egiaztatu behar da:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2025-2026 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematea.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako inolako egoeratan ez egotea ikastetxea.

c) Lankidetzako proiektuak badira, kide guztiek bete beharko dituzte betekizunok.

7. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi honetako laguntzak 4. artikuluan ezarritako dirulaguntza-lerroetan esleituko dira (digitalizazioa: berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen eremua, batetik, eta jasangarritasuna: Biozientzien eta Jasangarritasunaren eremua, bestetik), eta norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitako moduan; hala, aurkeztutako eskabideak erkatu, eta lehentasun-ordena bat ezarriko zaie, 12. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera, eta ordena horren arabera esleituko dira dirulaguntzak, eskabideek balioespen-fasean lortutako puntuazioaren beheranzko hurrenkerari jarraikiz, 5.3 artikuluak ahalbidetutako gehieneko zenbatekoan, harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako diru kopurua agortu arte.

2.– Berdinketarik gertatuz gero, handitik txikira ordenatuko dira proiektuak, honako artikulu hauetan ezarritako irizpideen arabera lortutako puntu kopuruari erreparatuz: 12.a), proiektuaren egokitasunari buruzkoa; 12.c), proiektuaren irismenari eta eskalagarritasunari buruzkoa, eta 12.d), agindu honetan proposatutako helburuen koherentziari eta anbizioari buruzkoa.

3.– Dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, ezarritako balioespen-irizpideak aplikatuko dira, deialdiaren zuzkidura agortu arte, kasua bada. Dirulaguntza modu diferentean eta independentean banatuko da proiektuak sailkatzen diren bi eremuetako bakoitzean, honela: aurrekontuaren % 60 digitalizaziora bideratuko da (berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen eremua), eta % 40 jasangarritasunera (biozientzien eta jasangarritasunaren eremua). Eremu bakoitzean, norgehiagoka-prozedura erabiliko da aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak banatzeko.

4.– Eremu batera bideratutako aurrekontua agortzen ez bada, balioespen onena izan duten proiektuetara bideratuko da, zeinahi dela ere proiektu horien eremua, baldin eta deialdiaren gainerako betekizunak betetzen badituzte.

5.– Bestalde, ez dira diruz lagunduko 12. artikuluan adierazitako gehieneko balioespenaren % 50 gutxienez lortu ez duten proiektuak.

8. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuak egiteko epea.

Diruz lagundutako proiektuak 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztuaren 31ra bitartean egingo dira.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe interesdunen titularrek –lankidetzako proiektuak badira, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarrek– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz eskatuko, kontsultatuko eta egingo dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Agindu honen eranskinetan jasota daude eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin azaltzeko xehetasunak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/0120413

4.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA EMATE-PROZEDURA

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

1.– Eskabideak (0. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.

3.– Agindu honen 4.3 artikuluan zehaztutako lankidetza-proiektuak badira, elkarteko ordezkari edo ahaldun bakarrak aurkeztuko du eskabidea. Kide guztiek sinatu behar dute, eta horietako bakoitza hartuko da dirulaguntzaren eskatzailetzat.

4.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat ere jasoko du, eta betekizun hauek egiaztatuko dira bertan:

a) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla administrazio edo ente publiko edo pribaturen batean, eta, hala badagokio, laguntzak jaso direla –horrelakoetan, laguntzaren zenbatekoa eta entitatearen izena adierazi beharko dira–.

b) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez egotea sartuta laguntzak jasotzeko legezko debekuren batean, espresuki sexu-bereizkeriak eragindakoetan, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoarekin.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean.

5.– Eskabidearekin batera, proiektu-fitxa aurkeztu beharko da (I. eranskina).

6.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

7.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa eta dokumentazio osagarria aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio, aurrekoa egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuak emateko irizpideak.

1.– Lehenengo fasean, proiektu-proposamenek betekizunak betetzen ote dituzten aztertuko da. Betekizunen bat betetzen ez duten proiektuak ukatutzat joko dira, eta baztertu egingo dira ondorengo balioespen- eta aukeraketa-prozesuetatik.

Jarraian zerrendatuta daude aurkeztutako proiektu-proposamenek zer betekizun dituzten:

a) Berrikuntza aplikatuko proiektuak bat etorri behar du eskabidean hautatutako eremuarekin, 4.1.a eta 4.1.b letretan adierazitakoari jarraituz. Hala ez bada, hautaketatik kanpo geratuko da.

b) Deialdiaren xedea Euskadiko Lanbide Heziketaren eremuan kokatzen da, zeinak, berrikuntza-proiektuak garatuta, euskarria ematen baitio Euskadiko gizarteari eta erantzuna ematen baitie Euskal Autonomia Erkidegoko industriak eraldaketa-prozesu honetan dituen enpresa-beharrei. Beraz, proiektuen ustiapen-eremuak, transferentziak eta aplikazioak, baita bazkideei dagokienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute ardatz. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa da, eta, betetzen ez bada, proiektua deialdiaren xedearekin bat ez datorrela joko da, eta ez da balioetsiko.

c) Proiektuak berrikuntza ekarri behar du; hau da, ezagutza berriak garatu eta txertatu behar ditu Euskadiko LHn. Hala ez bada, proiektua ez da onartuko.

Betekizun horietaz gainera, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

i) Ikusten bada proiektu batzuk osagarriak direla edo antzeko helburuak dituztela, proiektuak batzea proposatuko da, proiektu bakar batean garatzeko. Hala gertatzen denean, baliabideak eta helburuak proiektu bakar bati dagozkionetara egokituko dira.

ii) 12. artikuluko g) letran adierazitako beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentziaren irizpidean gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten proiektuak eskatutako baliabideak gutxituta onartu ahal izango dira. Gutxitze hori Balorazio Batzordeak (13.2 artikulua) proiektua garatzeko egokitzat jotzen duen ordu-dedikazioaren arabera egingo da.

2.– Deialdi honetako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan xedatutakoa betez; hau da, aurkeztutako eskabideak erkatu, eta haien arteko lehentasun-ordena bat ezarriko da, jarraian zehazten diren balioespen-irizpideen arabera, eta irizpide horiei jarraikiz balioespen handiena lortu dutenei dirulaguntza esleituko zaie, erabilgarri dagoen kredituarekin.

12. artikulua.– Balioespen-irizpideak.

Proiektuak irizpide hauei jarraituz balioetsiko dira, dagozkion haztapenak eginda:

a) Aurreproiektuak egokia dela justifikatzen du, eta oinarri sendoak ditu. Azken balioespenaren % 10.

0tik 10era balioetsiko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (balioespen totala justifikatutako errubriken batura izango da):

• Proiektua egokia dela berariaz identifikatuta dago, eta egokitasun hori egiaztatzen duten joera, azterlan, txosten edo arauekin lotuta dago. Gehienez ere 2 puntu.

• Proiektua egokia dela berariaz identifikatuta dago, eta egokitasun hori lotuta dago deialdiaren xedeei buruzko 1. artikuluan adierazitako erreferentzia estrategikoetako lehentasunezko ildo batekin, gutxienez. Gehienez ere 2 puntu.

• Proiektua egokia dela berariaz identifikatuta dago, eta egokitasun hori lotuta dago zaintza-nodoetan lehenetsitako jarduera-ildo batekin, gutxienez. Gehienez ere 2 puntu.

• Proiektuaren gai nagusia zuzenean lotuta dago 4. artikuluan deskribatutako lehentasunekin. Gehienez ere 2 puntu.

• Apartatu honen erredakzio koherenteak eta apartatu honen loturak zerikusia dute proiektuaren helburu orokorren deskribapenarekin. Gehienez ere 2 puntu.

b) Aurreproiektuak bere emaitzak erabil ditzaketen enpresa bat edo batzuk aurkezten ditu, eta, gainera, enpresa horien babesa dauka. Azken balioespenaren % 10.

0tik 10era balioetsiko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (balioespen totala proiektuaren aurkezpenean egiaztatutako errubriken batura izango da):

• Proiektuaren emaitzetan interesa duten enpresen ebidentziak aurkeztu dira. Gehienez ere 2 puntu.

• Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresak lagundu dutela proiektua garatzen. Gehienez ere 2 puntu.

• Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresak materiala edo instalazioak eman dituztela proiektua garatzeko. Gehienez ere 3 puntu.

• Aurkeztutako ebidentziek frogatzen dute zenbait enpresa proiektuan bazkide direla eta ekarpen ekonomikoa egiten dutela. Gehienez ere 3 puntu.

c) Aurreproiektuak irismen eta eskalagarritasun zabala ditu: Azken balioespenaren % 20.

0tik 10era balioetsiko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (balioespen totala justifikatutako errubriken batura izango da):

• Irismena: hartzaile objektibo potentzialak, proiektuaren emaitzak inplementatu ditzaketenak. Gehienez ere 3 puntu.

• Eskalagarritasuna: zer baliabide behar diren proiektuaren erabilgarritasuna edo balioa zabaltzeko, mantentzeko eta, are, hobetzeko, hartzaile kopurua handitu ahala. Gehienez ere 2 puntu.

• LHko ikastetxeen sarean izango duen eragina. Proiektuaren plangintzan sartutako LHko interes-taldeei zuzendutako transferentzia eta hedapena. Gehienez ere 5 puntu.

d) Proposatutako helburuen koherentzia eta anbizioa. Azken balioespenaren % 10.

0tik 10era balioetsiko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (balioespen totala justifikatutako errubriken batura izango da):

• Helburu orokorrak: LHn eragina sortzera bideratua egotea. Helburu orokorrak egokitu eta deskribatzea. Gehienez ere 2 puntu.

• Helburu espezifikoak: helburu espezifikoak egokitu, definitu eta xehatzea. Gehienez ere 6 puntu.

• Helburuen adierazleak eta helmugak: helburuetarako definitutako adierazleen eta helmugen xehetasunak. Gehienez ere 2 puntu.

e) Proiektuaren faktore berritzailea. Azken balioespenaren % 20.

0tik 10era bitartean balioetsiko dira proiektuak, haien helburura ondoen egokitzen den errubrika hautatuz:

• Proiektuaren helburua dagoeneko zabalduta dago Euskal Autonomia Erkidegoko LHn. Ebaluatzaileak gutxienez 5 ikastetxeren ebidentziak ditu. Kasu horretan, ez da proiektua balioetsi behar, ez baitu betetzen deialdiaren helburua.

• Proiektuaren helburua ezaguna da, hari buruzko erreferentziak daude edo LHn hein batean aplikatzen da. Gehienez ere 4 puntu.

• Proiektuaren helburua ezaguna da, hari buruzko erreferentziak daude edo hein batean aplikatzen da helburu duen sektorean edo enpresa-ingurunean, baina ez LHn. Gehienez ere 8 puntu.

• Proiektuaren helburua koherentea da, baina ez dago erreferentzia hurbilik, enpresetan aplikatu dela dioenik; hortaz, helburu duen sektorearen edo enpresa-sarearen bultzatzaile izango litzateke LH. 10 puntu.

f) Proiektuaren plangintza-maila: Azken balioespenaren % 10.

0tik 10era balioetsiko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (balioespen totala justifikatutako errubriken batura izango da):

• Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintzak bermatzen du aurreikusitako helburuak betetzea. Gehienez ere 2 puntu.

• Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintza zehatza eta koherentea da. Gehienez ere 3 puntu.

• Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintza zorrotza da, baina, aldi berean, egingarria. Gehienez ere 2 puntu.

• Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako plangintzak dauden arriskuak identifikatzen ditu, bai eta, haiek gauzatzen badira, egin beharreko ekintzak ere. Gehienez ere 3 puntu.

g) Beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentzia. Azken balioespenaren % 15.

0tik 10era balioetsiko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (balioespen totala justifikatutako errubriken batura izango da):

• Eskatutako giza baliabideen eta ezarritako helburu espezifikoen arteko optimizazioa balioesten da. Gehienez ere 2 puntu.

• Behar diren giza baliabideen eta helburu orokorren arteko optimizazioa balioesten da (espero izandako inpaktua). Gehienez ere 2 puntu.

• Behar diren giza baliabideen eta proiektuaren irismenaren eta eskalagarritasunaren arteko optimizazioa balioesten da. Gehienez ere 2 puntu.

• Ikastetxearen konpromisoa, emandako baliabide materialekin eta proiektua egikaritzeko egin beharreko inbertsioekin lotuta. Gehienez ere 4 puntu.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko irizpideak: Azken balioespenaren % 5.

0tik 10era balioetsiko dira proiektuak, errubrika hauei jarraituz (balioespen totala justifikatutako errubriken batura izango da):

• Proiektuak «Genero-berdintasuna» izeneko garapen jasangarrirako 5. helburuan laguntzen du, eta halaxe adierazten du eskabide-inprimakian (0. eranskina). 3 puntu.

• Proiektua garatzeko behar diren giza baliabideen artean (I. eranskineko 5. apartatuan daude jasota), gutxienez pertsona batek prestakuntza egokia du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean, gutxienez 5 ordukoa (egiaztagiria aurkeztu behar da, baliozta dadin). 3 puntu.

• Proiektuaren buru den ikastetxeak berdintasun-plan bat du indarrean. Planak indarrean daudela ulertuko da gutxienez azken 4 urteetan eguneratu badira (egiaztagiria behar da). 2 puntu.

• Proiektua garatzen duen ikastetxeak eta pertsonak bermatzen dute hizkera inklusiboa erabiliko dela proiektua garatzearen ondorioz sor daitezkeen prestakuntza- edota dibulgazio-materialetan. Proiektuaren buru den ikastetxearen konpromisoa jasotzen duen dokumentua aurkeztu behar da. 2 puntu.

Eskabide bakoitzean, aurkeztutako proiektuari buruzko egiaztagiriak baino ez dira balioetsiko. Dokumentazio bera 2 proiektutan edo gehiagotan egiaztatu nahi izanez gero, eskabide bakoitzean egiaztatu beharko da.

3.– Irizpide bakoitzeko puntuazioak 1etik 10era bitarteko eskala batean adieraziko dira, dezimalik gabe: puntuaziorik txikienari 1 dagokio, eta, handienari, 10. Proiektu bakoitzaren azken balioespena irizpideotako bakoitzean lortutako puntuazioen batuketa haztatuaren bitartez lortuko da.

4.– Lankidetzako proiektuak batera baloratuko dira. Lankidetzako proiektu bat aukeratzen bada, dagokien dirulaguntza banan-banan eman eta ordainduko zaie entitate laguntzaileei, bakoitzak justifikatzen dituen eta bakoitzari egotz dakizkiokeen gastuen arabera.

13. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.

2.– Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:

a) Batzordeburua: Inge Gorostiaga Luzarraga andrea, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Kideak:

– M.ª José Barriola Baraibar andrea, TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloko zuzendaria.

– Gorka Baqueriza Modrego jauna, TKNIKA Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko Berrikuntza Teknologikoaren eta Sistema Adimendunen arloko zuzendaria.

– Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio Batzordea osatzen duten kideak ezin izango dira interes-gatazkako egoera batean egon balioespena egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

4.– Eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak txostena egin beharko du, eta bertan zehaztuko du egindako balioespenaren emaitza.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazte- eta jakinarazte-epeak, eta jakinarazte- eta argitaratze-modua.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita. Balorazio Batzordeak eginiko txostenean jasotakoaren arabera ebatziko da (13.4 artikulua).

2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak eman ala ukatu egingo diren. Emanez gero, datu hauek adierazi beharko dira: pertsona edo entitate onuradunaren izena edo izen soziala zein den, zer ikastetxeri dagokion, zer proiektu finantzatu den eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Horrez gain, nortasunik gabeko elkarteak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza ukatzeko arrazoia adieraziko du ebazpenak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

4.– Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

5.– Aurreko hori eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei; horretarako, SMSak edo mezu elektronikoak igorriko dizkie eskabidean adierazi zituzten telefono mugikorretara eta posta elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Prozedura ebazteko eta ebazpena entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntzaren eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute interesdunek, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluarekin, artikulu honen 3. apartatuan zehaztutako errekurtsoaren ondorioetarako.

15. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzen justifikazioa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 32. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, eta, zehazki, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2026ko irailaren 4a baino lehen:

a) III. eranskina: ordezte-prozesua ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren ohar guztiak «oharrak» atalean azalduko dira.

b) IV. eranskina: proiektuaren azken memoria, non, besteak beste, alderdi hauei buruzko informazioa jasoko baita: programatutako helburuak zenbateraino lortu diren; proiektuaren garapena, kontrol-prozesua eta jarraipena; hobetzeko proposamenak; lortutako eraginaren ebaluazioa, eta garatutako transferentzia-ekintzak eta -baliabideak.

c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa, 5.1.a) artikuluan aurreikusitako kasuan bakarrik.

d) Agindu honen 5.3 artikuluan zehaztutakoaren arabera diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldi osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia autentikoa.

2.– Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Lankidetzako proiektuak badira, ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonaren ardura izango da jasotako dirulaguntza osoa justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea. Horretarako, proiektuan parte hartzen duen kide bakoitzaren gastuak –proiektuari egoztekoak– justifikatzeko dokumentazioa bildu beharko du.

4.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, jasotako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira ordezko langileen kontratazioari egoztekoak zaizkion kostuak.

III. KAPITULUA
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA

16. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, zehazki hiru ordainketa eginez, honela:

a) Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 ordainduko da, 20.1 artikuluan adierazten den epea bukatutakoan, baldin eta bitarte horretan dirulaguntzari uko egin ez bazaio, eta, betiere, 2025eko urriaren 24a baino lehen II. eranskina aurkeztu ondoren (liberatutako irakasleen eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria). Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektu» gisa, diruz lagundutako proiektuan aritzen diren irakasle titular eta ordezkoen liberazioa.

b) Bigarren ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 60 ordainduko da, 2026ko ekitaldian, proiektuaren % 50 garatuta dagoela; horretarako, aurrez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldeko ebaluazio-txostena egingo du, eta ordezko irakasleen gastuen zerrenda 2026ko apirilaren 1ean aurkeztuta eduki beharko da (III. eranskina).

c) Hirugarren ordainketan, gainerakoa ordainduko da; hots, gainerako % 20a, diruz lagundutako proiektua amaitutakoan, izandako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko apartatu guztiak bete ostean.

2.– Hautatutakoak lankidetza-proiektuak badira, proiektua lankidetzan sortu eta garatu duten entitate guztiei banan-banan eman eta ordainduko zaizkie dagozkien zenbatekoak.

17.– Artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta ezer aldatzen bada dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan, betiere xedea betetzat jotzen bada.

2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doituko da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru kopurua itzultzeko aginduko da.

3.– Lehen esandakoa alde batera utzi gabe, dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabar hauetako bat gertatzen denean, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu egingo da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira, salbu eta ezinbesteko arrazoiren bat suertatu eta ondorioz betetzea ezinezkoa gertatzen bada eta behar bezala justifikatuta badago Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean. Ezinbestetzat joko dira Kode Zibilaren 1.105 artikuluan xedatutakoarekin bat datozen kasuak.

a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan aintzat hartutako gutxieneko helburuak.

b) Ez betetzea agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza.

c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. eta 36. artikuluetan jasota daude.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira dirulaguntzak ezeztatzeko eta itzularazteko, dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesekin batera –hots, dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharrekoa dela erabaki arteko interesekin batera–. Horretarako, Hezkuntza Sailak dagozkion egiaztapenak egiteko ahalmena izango du.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio bai jasotako dirua (guztia edo zati bat), bai dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak. Hala ezartzen dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 40. artikuluak.

3.– Justifikazioa aurkezten ez bada edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo haren zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.

Lege-testu hauetan arautzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

19. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

Onuradunak laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat –publikoa edo pribatua– jasoz gero agindu honen bidez finantzatutako proiektua garatu ahala, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, hasierako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, eta horrek Lanbide Heziketako sailburuordearen aginduaren ebazpena aldaraziko du.

2.– Nolanahi ere, 2025-2026 ikasturtean, deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzak ezin izango dira bateratu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proiektu bererako emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.

Lanbide-heziketan beste programa edo deialdi baten bitartez dagoeneko lantzen ari den proiektu bat aurkezten bada, erabakiko da proposamen hori ez dela deialdiaren xedera egokitzen, eta horixe adieraziko da proiektuaren balioespenean.

Hauek dira Lanbide Heziketako 6. Euskal Planean jasota dauden eta beste programa batzuen bidez lantzen diren eremuak (beraz, deialdi honetan ezin izango dute dirulaguntzarik jaso):

Heziketa integratuaren eremua; helburuak: egokitzapena eta espezializazioa, berrikuntza pedagogikoa eta bikaintasuna, eta kalitatea.

– Ekintzailetza aktiboaren eremua; helburua: jarduera ekintzailea indartzea.

– Nazioartekotzearen eremua; helburua: lanbide-heziketa nazioartean zabaltzea.

– Lanbide-heziketako ikastetxeen eremua; helburuak: ikastetxe-eredu berriak, ikastetxeak ezagutza-unitate gisa, eta lanbide-heziketako ikastetxe espezializatuen sarea.

20. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek, proiektua egiteko, baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza eman zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean berariaz uko egiten ez badio, onartu duela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea; agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, laguntza hori eskuratu dela jakin bezain laster eta, betiere, jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzeko unean edo une horren aurretik.

7.– Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartzekoa izan zitekeen edozein inguruabar aldatuz gero, horren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, inguruabar hori jakin bezain laster eta, betiere, jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzeko unean edo une horren aurretik.

8.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzaren kontrolaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren berri ematea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, dela zuzenean, dela TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren bitartez.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatu du jarduera hau».

10.– Onuradunek eskatutako jarduera amaitu arte mantendu beharko dute jarduera horretarako liberatutako irakaslea. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu proiektua amaitu arte jarraitu, ikastetxeak hura ordezteko baimena eskatuko dio Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, bai eta aldaketaren arrazoia ere.

11.– Dirulaguntza jaso duten onuradun guztiek eskola-ordurik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea proiektuaren fitxan adierazitako astegunetan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «ProyVPVFP» gisa.

12.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako beste baldintza guztiak bete beharko dituzte.

21. artikulua.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta entitate laguntzaileentzat.

– Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: Laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea, parte-hartzaileak eta interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileentzako dirulaguntzak.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da legezko betebeharrak betetzeko.

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak:

• Europar Batasuneko organoak.

• Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

• Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

• Europako Batzordea.

– Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

– Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml

– Araudia:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala