
86. zk., 2025eko maiatzaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (242 KB - 10 orri.)
- EPUB (223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1961
AGINDUA, 2025eko apirilaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Irale programak 2025-2026 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri eman (H eta I ikastaroak) eta ikastaro horiek egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita.
Irale programaren urteetako ibilbide oparoari esker, aurrerapauso handiak eman dira euskal hezkuntzan euskararen ezagutzaren eta erabileraren normalizazioan. Hala ere, urteak joan urteak etorri, beharrizan berriak sortu dira irakasleen hizkuntza-gaitasunean izan den aldaketa tipologikoaren ondorioz, eta Iralek ahalik eta ongien erantzun beharko die etorkizunean berariazko beharrizan berri horiei, orain arte egin duen bezalaxe.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren 17/2023 Legearen oinarrizko balioak garatzen dituen IV. tituluak hizkuntzek Euskal Hezkuntza Sisteman duten tokia arautzen du. III. kapituluak irakasleen eta irakasle ez diren langileen hizkuntza-gaikuntza hobetzeko modua aztertzen du.
Era berean, maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuek, hurrenez hurren, Haur Hezkuntzari, Batxilergoari eta Oinarrizko Hezkuntzari eragiten diotenek, curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea dute helburu. Curriculumaren oinarrien eta ikasleen konpetentzien arloarekin batera, Pedagogia- eta kudeaketa-autonomiari propio eskaintzen zaio kapitulu bat. 77/2023 Dekretuaren 20. artikuluan, esaterako, «Irakasleen konpetentzia-profila, prestakuntza, koordinazioa eta ebaluazioa» zehazten direnean, irakasleen prestakuntzaren helburu nagusiak finkatzen dira. Irakasleek beren funtzioen berezko erantzukizunak, hau da, ikasleen irteera-profilari lotutako konpetentziak lortzen laguntzearekin loturiko erantzukizunak betetzeko izan beharreko konpetentzia-profil egokia zehazten da.
Hezkuntza Legean eta aipaturiko dekretuetan zehaztutakoa garatzeko, irakasleen prestakuntzarako ereduetan eragin beharra dago. Izan ere, alderdi indibidualenetan oinarritutako prestakuntza-eredua baztertu egin behar da, eta, horren ordez, eskoletan ardaztutako prestakuntza-ereduak bultzatu, lekuan lekuko ikastetxeetako premietara egokitutako proiektuen bitartez, eta, horretan, lekuan lekuko proiektu eta planak hartu behar dira kontuan: hobekuntza-planak, esku-hartze globaleko proiektuak, hezkidetza-proiektuak...; eta hezkuntza-komunitateek bizi dituzten errealitate askotarikoak ere kontuan hartu behar dira: ikastetxeko hezkuntza-komunitateko kideentzako prestakuntza-proiektuak, esaterako.
Irakasleen prestakuntzari eta eguneratzeari dagokienez, prestakuntza teoriko-praktikoko modalitatea balio handikotzat jotzen denez gero, halako saioak antolatzen dira, bai ikastetxeetan, bai prestakuntza-zentroetan, hezkuntza-arloko aditu eta eragileekin batera. Izan ere, prestakuntza-arloko eragileekin talde-lanean eta elkarlanean aritzea guztiz beharrezkoa da, etengabeko prestakuntzarekin lotutako proposamenek arrakasta izango badute.
Irale programa, prestakuntza-arloan eragile den aldetik, bete-betean lotzen zaie Hezkuntzaren 17/2023 Legean eta maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuetan aipatutakoei. Irale programaren eskaintza nagusia goi-mailako ikastaroak dira, bai irakastorduz kanpokoak, bai irakastordu barnekoak. Ikastaro horiek izan dira programaren berrikuntza nagusia, eta, neurri batean, ikastetxeetan egiten diren berrikuntza-proiektuei eta bertako hezkuntza-eredu pedagogikoei, nahiz hezkuntza- eta hizkuntza-proiektuei erantzuteko baliagarri izan daitezke. Beraz, Irale programaren helburuak, neurri handi batean, horretara bideratzen dira.
Hortaz, euskarazko komunikazio-gaitasunari lotutako goi-mailako ikastaroak dira Iraleko irakasleen prestakuntzaren oinarria. Horien bidez jorratzen ditu arestian aipaturiko Hezkuntzaren 17/2023 Legean eta maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 dekretuetan zehazturikoak. Modalitate bat baino gehiagoko ikastaroak eskaini eta antolatzen ditu, bai helburuei, bai iraupenari eta bai taldekatze-irizpideei dagokienez. Modalitate horietako bat dira, hain zuzen ere, H eta I ikastaroak.
Hori guztia dela eta, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Irale programak 2025-2026 ikasturtean eskainiko dituen irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroen berri ematea (H eta I ikastaroak) eta ikastaro horiek egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzea.
2. artikulua.– Deialdi honen bidez eskaintzen diren ikastaroak.
Deialdi honen bidez 2025-2026 ikasturtean emango diren ikastaroak eta ikastaro bakoitzerako eskainiko den talde-kopurua I. eranskinean daude zehaztuta.
Ikastaro batean bete gabe geratzen diren plazek eskaera eskaintza baino handiagoa gertatu den ikastaroetako plazak emenda ditzakete, betiere ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran ezarritako baldintzetan.
3. artikulua.– Ikastaroen hartzaileak.
Deialdi honetan eskaintzen diren ikastaroak ikastetxe hauek eskatu ahal izango dituzte, bi multzotan banatuta, duten izaera juridikoaren arabera:
a) A multzoa. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoak eta Hezkuntza Sailaren mendeko gainerako zentroak (hizkuntza-eskolak, berritzeguneak, Hezkuntza Ikuskaritza, ISEI-IVEI institutua...).
b) B multzoa. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailaren mende ez dauden ikastetxe publikoak.
4. artikulua.– Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.
Irakastorduz kanpoko goi-mailako ikastaroetan parte hartu nahi duten ikastetxeek klaustroaren % 60k, gutxienez, ikastaroan parte hartuko duela bermatu beharko dute.
Etapa bat baino gehiago duten ikastetxeen kasuan, ikastetxe osorako edo etapa jakin baterako egin dezake eskabidea ikastetxeak. Azken kasu horretan, gutxienez etapa horretako irakasleen % 60k parte hartuko duela bermatu beharko du.
Hauek izango dira etapak:
a) Haur eta Lehen Hezkuntza.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
c) Batxilergoa.
d) Lanbide Heziketa.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
a) Baliabide elektronikoen bidez aurkeztu eta izapidetuko dira eskabideak.
b) Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Helbide hauetan aurkeztuko dira:
b.1.– Hirugarren artikuluko bigarren paragrafoan deskribatutako A multzoko zentroek (Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoek) helbide honen bidez aurkeztuko dituzte: https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/Irale-2025-2026.
Eskaeraren osteko izapideak «Nire eskabideak» gunearen bidez egingo dira, helbide honetan: https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/nire-eskabideak
b.2.– Hirugarren artikuluko hirugarren paragrafoan deskribatutako B multzoko zentroek (itunpeko ikastetxe pribatuek eta Hezkuntza Sailaren mende ez dauden ikastetxe publikoek) helbide honen bidez aurkeztuko dituzte: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1063808
Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
c) Eskabideak II. eranskinean jasotako ereduaren arabera aurkeztuko dira.
d) Ikastetxe bakoitzak ezingo ditu bi ikastaro baino gehiago eskatu.
6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan forma-akatsak edo -omisioak atzemanez gero, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez hamar eguneko epea duela akatsa zuzendu edo falta den dokumentua ekartzeko. Ohartaraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.
Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, zuzenketa-araubide hori aplikatuko zaie, halaber, harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoei.
7. artikulua.– Plazen behin-behineko esleipenaren ebazpena.
a) Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariaren ebazpen bidez egingo da plazen behin-behineko esleipena.
b) Era berean, ebazpen horretan, prozeduran baztertutako eskabideen zerrenda ere argitaratuko da, adierazita eskabidea zein ikastarotarako baztertu den eta zein izan diren baztertzeko arrazoi zehatzak.
c) Zerrendak jasoko dituen ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa eta «herri-ikastetxeak» atarian (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/) argitaratuta.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
d) Ebazpen horren aurka, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute interesdunek, argitaratzen denetik lau eguneko epean.
Erreklamazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira, 5. artikuluan adierazten den bezala.
8. artikulua.– Behin-behinean esleitutako ikastaroei uko egitea.
a) Ikastaro baten esleipena lortu dutenek behin-behineko esleipenaren ebazpena argitaratu eta lau eguneko epean egin ahal izango diote uko ikastaro horri.
b) Uko-egiteak bide elektronikoz aurkeztuko dira, 5. artikuluan adierazten den bezala.
9. artikulua.– Ikastaroen behin betiko esleipen-zerrendak eta erreserba-zerrenda onartzeko ebazpena.
a) Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak ebazpena emango du ikastaro bakoitzeko taldeen behin betiko esleipen-zerrendak ontzat emateko.
b) Zerrendak jasoko dituen ebazpen hori elektronikoki jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa eta «herri-ikastetxeak» atarian (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/) argitaratuta.
Organo kudeatzaileak, 39/2015 Legearen 41.6 artikuluak ezartzen duena betez, jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie interesdunei, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
c) Ebazpen horretan, ikastaro bakoitzerako onartutako taldeen zerrenda agertuko da. Baldin eta, ikastaroa hasi baino lehen, talderen bat esleitu zaion ikastetxe batek baja eskatzen badu, erreserba-zerrendaren arabera esleituko dira plaza horiek.
d) Behin betiko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, elektronikoki, ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean, espedientean bertan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
10. artikulua.– Taldeak esleitzeko irizpideak.
Irizpide hauek erabiliko dira ikastaroak esleitzeko:
(Ikus .PDF)
Berdinketa gertatuz gero, ikastetxe publikoen partaidetza 2/3koa eta itunpekoena 1/3koa izatera joko da, eta ratio horretatik behera dagoen ikastetxearen alde egingo da.
Ikastetxeak irizpide horien arabera sailkatuta, eta puntu gehien duen ikastetxetik hasita, eskabidean ezarritako lehentasun-hurrenkeran lehenengo jarri zuten ikastarorako eskatutako talde guztiak esleituko dira, eskainitako plaza-kopurua agortu arte.
Ikastetxe bati bigarren ikastaro bat esleitu aurretik, begiratuko da ea ikastaro bana esleitu zaien baldintza guztiak betetzen dituzten ikastetxeei, eta, ikastetxeren bati ikastarorik esleitu ez bazaio, horri emango zaio lehentasuna, ahal izanez gero.
Ikastetxe txikien kasuan, ikastetxe bat baino gehiago elkartu ahal izango dira eskabidea elkarrekin egiteko, betiere elkartutako ikastetxeen klaustroetako kideak batuta 4. artikuluan ezarritako baldintza betetzen bada.
Ikastaroak emango dituzten entitateak kontratatzeko prozeduran ikastaroren bat esleitu gabe gelditzen bada, bertan behera geldituko da ikastaro hori.
11. artikulua.– Taldeak osatzeko irizpideak.
Eskabidea egin duen ikastetxe bakoitzak adierazi beharko du zenbat talde osatu nahi dituen ikastaro bakoitza egiteko; betiere, irizpide hauek bete beharko dira:
a) Talde bakoitzean 8 pertsona egongo dira gutxienez, eta 20 gehienez.
b) Taldeetako partaide guztiek izan behar dute egiaztatuta irakaskuntzako C1 edo baliokidea, edo salbuetsita egon, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, enplegu publikoko deialdietako hautaketa– eta hornikuntza-prozeduretarako.
c) A multzoko taldeetatik (unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoak eta Hezkuntza Sailaren mendeko gainerako zentroak), hauek izan daitezke partaide: ikastetxe publikoetako irakasle funtzionarioak, finkoak, bitartekoak eta aldi baterakoak eta ikastetxe publikoetako Hezkuntza Bereziko hezitzaile lan-kontratudun finkoak eta aldi baterakoak.
d) B multzoko taldeetatik (unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza arautuko itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailaren mende ez dauden ikastetxe publikoak), hauek izan daitezke partaide: itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasle finkoak eta ez-finkoak; Haurreskolak Partzuergoko irakasle eta hezitzaile finkoak eta ez finkoak; itunpeko ikastetxe pribatuetako hezkuntza bereziko hezitzaile lan-kontratudunak eta 0-3 urteko zikloko irakasle edo hezitzaileak, eta Hezkuntza Sailaren mende ez dauden ikastetxe publikoetako langileak.
Zerrendak betetzeko orduan, kontuan hartu beharko da ezin izango direla matrikulatu aurreko urteetan ikastaro bererako matrikula egin zuten pertsonak.
12. artikulua.– Irakasle parte-hartzaileen zerrendak bidaltzea.
a) 2025eko irailetik abendura bitartean egin beharreko ikastaroetarako, 2025eko irailaren 13a baino lehen bidali beharko dituzte ikastetxeek, dagokien Lurralde Ordezkaritzako Euskara Atalera, parte hartuko duten pertsonen zerrendak.
b) 2026ko urtarriletik ekainera bitartean egin beharreko ikastaroetarako, 2026ko urtarrilaren 13a baino lehen bidali beharko dituzte zerrenda horiek.
13. artikulua.– Dokumentuak egiaztatzea.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren Zuzendaritzari edozein erakunde publikotan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
14. artikulua.– Ikastaroak non emango diren.
Ikastetxean bertan edo ikastetxeak aukeratutako leku egoki batean emango dira ikastaroak.
15. artikulua.– Ikastaro amaierako ziurtagiriak.
Irakastorduen gutxienez % 80ra joan ez direnei ez zaie aitortuko ikastaroa egin izana.
16. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Irakasleen prestakuntza.
● Arduraduna: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Hezkuntza Saila.
● Helburua: Irakasleen prestakuntzarako jarduerak. Irakasleen hizkuntza-gaikuntza, Irale programa. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen prestakuntza hobetzeko jardueretan parte hartzea (Prest Gara plana). Jardueren jarraipena.
● Legitimazioa:
○ Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
● Hartzaileak:
○ Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
○ Euskaltegiak, buletina, HABE.
● Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
● Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
Tratamendu-jardueren erregistroa:
https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1719
Araudia:
● Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
(www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
● 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:
(https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 16a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.