Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2025eko maiatzaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1960

43/2025 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako Estatuko Erakundearekin sinatutako hitzarmena, zenbait aplikazio informatikoren erabilera lagatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzako Estatuko Erakundearekin sinatutako hitzarmena, zenbait aplikazio informatikoren erabilera lagatzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 2a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 2KO 43/2025 EBAZPENARENA
HITZARMENA, LANEKO ETA GIZARTE SEGURANTZAKO IKUSKARITZA ESTATU-ORGANISMO AUTONOMOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEAN, ZENBAIT APLIKAZIO INFORMATIKOREN ERABILERA LAGATZEKO
BILDU DIRA:

Alde batetik: Cristina Fernández González andrea, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoko zuzendari gisa, urtarrilaren 9ko 21/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua, zeinak aipatu estatu-organismoa ordezkatzeko eginkizunak betetzen baititu, bai eta haren zuzendaritza eta gobernua ere, apirilaren 6ko 192/2018 Errege Dekretuaren bidez onartutako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoko Estatutuen 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmen hau sinatzeko eskumena izanik, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 31.3.e) artikuluan eta organismo autonomoko Estatutuen 8.3.g) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Eta, bestetik, Miguel Torres Lorenzo jauna, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu gisa, Lehendakariaren ekainaren 24ko 21/2024 Dekretuaren bidez izendatua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak 2025eko apirilaren 8ko bileran emandako baimenaren arabera.

Bi aldeek hitzarmen hau izenpetzeko eta elkar behartzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 31ko 39/2015 Legeak aurrera-pauso bat eman zuen administrazio publikoen eremuan bitarteko elektronikoak erabiltzeko orduan, izapidetze elektronikoa horien funtzionamendurako eta herritarrekiko harremanetarako ohiko bidea izan behar zela ezartzean. Horretan oinarrituta, legeak administrazio erabat elektronikoa, interkonektatua eta gardena sustatu nahi du, administrazio-prozedurak arindu eta izapidetze-denborak murrizteko asmoz.

Printzipio horretan bertan oinarritzen da Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 31ko 40/2015 Legea, zeinaren arabera administrazio publikoen betebeharra baita beren arteko harremanak bitarteko elektroniko bidez egitea. Aurreikuspen hori legean bertan garatzen da, administrazio barruko lankidetza jorratzean, administrazioen arteko harreman elektronikoen erregulazio espezifikoaren bidez. Horretarako, jarduketa-printzipio berri gisa aurreikusten da bitarteko elektroniko eta sistemen elkarreragingarritasuna sustatzea eta herritarrei zerbitzuak batera ematea.

Testuinguru honetan, lan-arloko zehapen-prozedura administratiboak argi eta garbi erakusten du azaldutako esparru juridikoak eraginkortasun osoz jardun behar duela. Izan ere, lan-arloko zehapen-prozeduretan beharrezkoa da estatuko eta erkidegoko zenbait administrazioren esku-hartzea, horiek ebazpen bat igortzeko izapideak egiten baitituzte. Hortaz, ezinbestekoa da administrazio-prozedura batean esku hartzen duten administrazio horiek elkarlanean aritzea interesdunari prozedura izapidetzen laguntzeko. Helburu horrekin, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, Ariadna aplikazioa garatu du. Aplikazio horrek aukera ematen du zehapen-prozedura bat elektronikoki izapidetzeko, estatu-organismoaren eta beste agintaritza eskudun batzuen artean partekatutako inguruan, ikuskapen-jarduerak hasi edo zehapen-prozedurak ebazte aldera.

Beste arlo batean, Nazioz gaindiko zerbitzuak direla-eta langileak lekualdatzeari buruzko azaroaren 29ko 45/1999 Legeak ezartzen du zein gutxieneko baldintza bermatu behar dizkieten enpresariek nazioz gaindiko zerbitzuak direla-eta behin-behinean Espainiara lekualdatutako langileei, lan-kontratuan aplikatzen den legedia edozein izanda ere.

Agintaritza nazionalek laneko gutxieneko baldintza horiek betetzen direla kontrolatu dezaten, Espainiara langileak lekualdatzen dituen enpresak lekualdaketa horren berri eman behar dio, hura hasi baino lehen eta haren iraupena edozein izanda ere, horren gaineko eskumena duen lan-agintaritza espainiarrari, zerbitzuak zein lurraldetan emango diren, eta, betiere, bitarteko elektronikoak baliatuta; horretarako, azaroaren 29ko 45/1999 Legearen 5. artikuluaren arabera: «Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, autonomia-erkidegoen arabera, jakinarazpen horien erregistro zentrala ezarriko du bitarteko elektroniko bidez». Aurreikuspen hori betetzeko, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak aplikazio informatiko bat garatu du enpresei aukera ematen diena jakinarazpen horiek egiteko eta datu-base zentral hori eratzeko, Estatu osoan edozein lan-agintaritzari egin zaizkion jakinarazpenak bertan jaso daitezen.

Azaldutakoaren arabera, aplikazio informatiko hauek kudeatu eta erabiltzeak esku hartzen duen administrazio bakoitzarentzat inplikatzen dituen eskubide eta betebeharrak ezartzea da hitzarmen honen helburua.

Esandako guztia oinarri hartuta, goian aipatutako aldeek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta klausula hauek adostu dituzte:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

1.– Hitzarmen honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoak aplikazio informatiko hauek erabiltzeko orduan bete behar dituen baldintzak ezartzea da:

a) Ariadna aplikazioa, zehapen-prozedura elektronikoki izapidetzeko (I. eranskina)

b) Ley45 aplikazioa (II. eranskina), besteak beste funtzionaltasun hauek jasotzen dituena:

i) Lekualdaketen jakinarazpenen erregistro zentrala, aukera ematen diona autonomia-erkideari Nazioz gaindiko zerbitzuak direla-eta langileak lekualdatzeari buruzko azaroaren 29ko 45/1999 Legearen 5. artikuluan aurreikusitako lekualdaketen jakinarazpenak hartu eta kudeatzeko;

ii) lekualdatutako langileen lan-istripuen jakinarazpena, aipatu legearen 6.4 artikuluan aipatzen dena, aukera ematen diena enpresei lan-agintaritzari jakinaraz diezaioten lekualdatutako langileei Espainian egindako lanean edo lan horren ondorioz osasunean sortutako kalteak.

2.– Hitzarmen hau aldatzeko eranskinen bidez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren eta autonomia-erkidegoaren arteko erabilera partekatuko beste aplikazio informatiko batzuk erabiltzeko baldintzak ezarri ahalko dira.

Bigarrena.– Aplikazioen titulartasuna.

Lehenengo klausulan aipatutako aplikazio informatikoen titulartasuna Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoari dagokio.

Hirugarrena.– Datuen babesa.

1.– Aplikazio informatiko hauetan jasotako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoa da, bera baita hitzarmen honetan aurreikusitako aplikazio informatikoen titularra.

Bestalde, estatu-organismoaren barruan, tratamendu horren eragilearen eginkizunak betetzea Informazioaren Teknologien, Komunikazioen eta Plangintzarako Laguntzaren Unitateari dagokio.

2.– Pertsona fisikoen datu pertsonalen tratamendu guztiak egitean zorrotz beteko da hauetan xedatutakoa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –zeinak pertsona fisikoen babesa arautzen baitu datu pertsonalen tratamenduari eta datuon zirkulazio askeari dagokienez–; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretuaren bidez onartutako Segurtasun Eskema Nazionala, eta datu pertsonalak babesteko gainerako arauak.

3.– Datuak tratatzean, aipatu Erregelamenduaren 5. artikuluan eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera, printzipio hauek beteko dira: zilegitasuna, leialtasuna eta gardentasuna; xedearen mugaketa; datuen minimizazioa; zehaztasuna; osotasuna eta konfidentzialtasuna; datuak gordetzeko epearen mugaketa; eta erantzukizun proaktiboa.

4.– Aplikazio informatiko hauetan subjektu ukituak pertsona fisikoak badira, aplikazio informatikoen funtzionamendu egokirako beren datuei eman behar zaien tratamendu automatizatua arau hauetan oinarritzen da: DBEOren 6.1 artikuluko e) letra, Administrazio Publikoko Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluekin lotuta, beharrezkoa baita interes publikoko xede bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko, zeinaren arabera lan-arloko funtzio publiko ikuskatzailea beteko baita, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 1.2 eta 12. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluei lotuta, xede horretara mugatuta.

5.– Tratamenduaren gaineko interesa duten pertsonek eskubidea dute hauek eskatzeko aurrez aurre edo telematikoki: beren datu pertsonalak eskuratzea, zuzentzea eta ezabatzea, tratamendua mugatzea edo horri uko egitea eta banako erabaki automatizatuen pean ez jartzeko.

Laugarrena.– Kosturik eza.

Hitzarmen honek ez die aldeei kontraprestazio ekonomikorik sortzen, ez Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoari, ez Euskal Autonomia Erkidegoari. Beraz, ez du eraginik izango ezein alderen aurrekontuetan.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzorde mistoa.

Jarraipen-batzorde misto bat sortu da estatu-organismoaren eta autonomia-erkidegoaren artean, hitzarmen honetan jasotako aplikazio informatikoen funtzionamenduaren jarraipena egiteko. Hona hemen batzordearen xedea, osaera, funtzionamendu-araubidea eta eginkizunak:

a) Xedea:

Batzordearen xedea izango da hitzarmen honetan jasotako aplikazio informatikoen funtzionamenduaren eta kudeaketaren jarraipena egitea, bai eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoetako berezko aplikazioen eta estatu-organismoaren aplikazio informatikoen arteko informazio-trukea eta konexioa ahalbidetzen duten web-zerbitzuen funtzionamenduarena ere.

b) Osaera:

Jarraipen-batzorde mistoa Euskal Autonomia Erkidegoko lan-arloko eskumena duen zuzendari nagusiak, estatu-organismoko zuzendariak, edo horiek eskuordetzen dituzten pertsonek eta administrazio bakoitzeko bi kide ordezkarik osatuko dute. Aholkulari gisa, hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko aukerarik gabe, beste teknikari batzuk sartu ahalko dira.

c) Funtzionamendu-araubidea:

Jarraipen-batzorde mistoa aldeetako edozeinek eskatuta bilduko da, eta haren funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokienez, klausula honetan berariaz ezarri ez den horretan, urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoari lotuko zaio.

Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, eta aparteko bileran, aldeetako batek hala eskatuz gero.

Aplikazio informatiko horiek kudeatu eta erabiltzeko estatu-organismoarekin hitzarmena sinatu duten erkidegoko nahiz estatuko beste administrazio batzuekin baterako bilerak egin ahalko dira.

Jarraipen-batzorde mistoak lantaldeak sortu ahalko ditu, bere baitan, hitzarmenaren xedeari eta batzordeari esleitutako eginkizunei buruzko gaiak lantzeko. Batzordea osatzean, edonola ere, parte hartzen duten administrazioen ordezkaritza orekatua bermatu beharko da.

d) Eginkizunak:

Hitzarmen honetan jasotako aplikazio informatikoen funtzionamenduaren eta kudeaketaren jarraipena egitea, bai eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoetako berezko aplikazioekin informazio-trukea eta konexioa ahalbidetzen duten web-zerbitzuen funtzionamenduarena ere.

Aplikazio informatikoetan eta, hala badagokio, garapen informatikoetan aldaketak proposatzea, web-zerbitzuen erabilera eraginkorra bermatzen jarraitzeko.

Aplikazioen funtzionamendu ona asaldatu dezakeen edozein aldaketaren berri jasotzea.

Lankidetza-hitzarmen hau betetzen dela bermatzea eta hura aplikatzean sor litezkeen interpretazio- eta betearazpen-arazoak konpontzea.

Seigarrena.– Araubide juridiko aplikagarria eta jurisdikzio-ordena eskuduna.

Hitzarmen hau administrazio-izaerakoa da, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko da.

Bestalde, eta bosgarren klausulan ezarritakoa gorabehera, hitzarmen hau interpretatu eta aplikatzean sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien ordenako epaitegi eta auzitegien mende jarri beharko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du. Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatuko da, 5 egun balioduneko epean, formalizatzen denetik aurrera, eta eraginkorra izango da inskripziotik, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan ezarritakoaren arabera. Halaber, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da, formalizatu eta hamar egun balioduneko epean, Lege horren 48.8 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Sinatzaileek, indarraldia amaitu baino lehen, berariazko luzapena adostu ahalko dute, beste lau urtez, eranskin egokia izapidetuta, arauz ezarritako izapideak burutu ondoren. Luzapen-eranskin horrek ondorioak izango ditu Lankidetza Organo eta Tresnen estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzean, hitzarmena iraungi baino lehen. Orobat, eranskina «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea, azkentzea eta indargabetzea.

Aldeek aho batez erabakitzen badute soilik aldatu ahalko da hitzarmena, Ogasun Ministerioak baimendu ostean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hitzarmenaren xede diren jarduketak bete direlako edo hitzarmena suntsiarazteko arrazoiren bat dagoelako azkenduko da. Hona hemen kontratua suntsiarazteko arrazoiak:

1.– Hitzarmenaren indarraldia amaitzen bada, hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.

2.– Aldeen artean hala adosten bada, xedatzen diren baldintzetan.

3.– Hitzarmenaren xedea egiterik ez badago, justifikatutako arrazoiak tarteko.

4.– Aldeetako batek hitzarmenaren barne bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak betetzen ez baditu. Kasu horretan, interesdunak beste aldeari jakinarazi beharko dio ez-betetze bat dagoela. Ez-betetzea egin duen aldeak 30 egun balioduneko epea izango du salatutako ez-betetzea zuzentzeko edo ez-betetzea behar bezala justifikatzeko.

Epe hori igarotakoan, ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, alde interesdunak gaia bosgarren klausulan aurreikusitako jarraipen-batzorde mistoari helaraziko dio.

Baldin eta, batzordea bilduta, ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, eskaera egin zuen aldeak hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinaraziko dio beste alde sinatzaileari, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsitzen bada, baliteke sortutako kalteak ordaindu behar izatea, hala aurreikusita badago.

5.– Sinatzaileetako edozeinek salatzen badu. Salaketa hori idatziz egin beharko da, berau arrazoitzen duten kausak adieraziz, eta beste aldeari jakinarazi beharko zaio, gutxienez hiru hilabete lehenago.

6.– Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzen badu.

7.– Legean aurreikusi den eta aurretik jaso ez den beste edozein arrazoi.

Hala ere, hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoiren bat egonda jardueraren bat badago martxan, aldeek, bosgarren klausulan aurreikusitako jarraipen-batzorde mistoak proposatuta, egokitzat jotzen diren jarduerekin jarraitu eta amaitzea erabaki ahalko dute. Hala eginez gero, luzatu ezin den epe bat ezarriko dute jarduera horiek amaitzeko.

Bederatzigarrena.– Publizitatea eta gardentasuna.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.b) artikuluan aurreikusitakoa betez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren web-orrian argitaratuko da hitzarmen hau, beste web-orri batzuetan ere argitaratu ahalko den arren, bai Estatuko Administrazio Orokorrarenean, bai Euskal Autonomia Erkidegoarenean, publizitatea ematen laguntzeko.

Eta, azaldu eta xedatutako horrekin guztiarekin bat, behar bezala jasota gera dadin, aldeek hitzarmen hau sinatu dute, goian adierazitako lekuan eta egunean.

Egoitza elektronikoa, 2025eko apirilaren 21a.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik,

Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren aldetik,

Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoko zuzendaria,

CRISTINA FERNÁNDEZ GONZÁLEZ.

HITZARMENAREN I. ERANSKINA
ARIADNA APLIKAZIOA ERABILTZEKO BALDINTZAK

1.– Eranskinaren helburua.

Eranskin honen helburua da autonomia-erkidegoak Ariadna aplikazioa erabiltzean bete behar dituen baldintzak ezartzea. Aplikazio horren titularra Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoa da.

2.– Aplikazioaren deskribapena.

Ariadna aplikazio informatikoak lan-arloko zehapen-prozeduren izapidetze elektronikoa erraztea du xede. Zehapen-prozedura ebazteko organo eskuduna lan-agintaritza autonomikoa bada, Ariadnak aukera ematen du jarduera ikuskatzailea egiten duen organismoaren eta autonomia-erkidegoko lan-agintaritza eskudunaren artean informazioa transmititzeko, bai eta prozedura sustatzeko eta prozedura hori osatzen duten izapideak inguru integratu batean egiteko ere.

Era berean, Ariadna aplikazioak ahalordeak kudeatzeko zerbitzu baterako sarbidea ematen du. Horren bidez, interesdunek ahalordeak izapidetu ahalko dituzte, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren aurrean edo ikuskaritza-jarduerak egiteko edo zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen organoaren aurrean jardute aldera.

3.– Erabilera-modalitateak.

Autonomia-erkidegoak Ariadna aplikazioa erabili ahalko du, bi modalitatetan:

a) Oinarrizko modalitatea.

Modalitate honi esker, agiriak eta informazioa transmititu daitezke Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren eta lan-agintaritza autonomikoaren artean, web-zerbitzu baten bidez, informazioa GEISER bidez transmititu beharrean. Hartara, bi administrazioek berei dagozkien zehapen-prozedurei buruzko informazio guztia dutela bermatzen da. Horrez gain, zehapen-prozedura administratiboan izapideak egiteko eman diren ahalordeetara sartzeko aukera ematen da.

b) Modalitate osoa.

Funtzionaltasun hauek ahalbidetzen ditu:

– Autonomia-erkidegoak ebatzi behar dituen zehapen-prozeduren barruan dauden datuak, izapideak eta agiriak eskuratzea.

– Zehapen-prozedura administratiboko izapide eta agiriak egin eta erregistratzea.

– Aplikazioan sartutako txantiloiak erabiltzea, zehapen-prozeduraren parte diren agiriak egiteko.

– Interesdunek emandako ahalordeak egiaztatzeko zerbitzura sartzea, zehapen-prozedura baten esparruan jarduteko.

– Autonomia-erkidegoaren eskumeneko lan-arloko zehapen-prozedurei buruzko txosten estatistikoetara sartzea.

– Abisuak jasotzea, besteak beste, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak agiriak edo izapideak sartu dituenean edo autonomia-erkidegoaren eskumeneko izapideak betetzeko epeak iraungitzear daudenean.

4.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren betebeharrak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak honako betebehar hauek hartzen ditu beregain:

a) Oinarrizko modalitatean:

– Ariadna aplikazio informatikoa kudeatu eta mantentzea, lan-arloko zehapen-prozedura administratiboen izapidetze integraturako euskarri moduan balio dezan, bai eta prozedura horien esparruan izapideak egiteko emandako ahalordeak egiaztatzeko zerbitzu gisa ere.

– Zehapen-prozedurarako aplikazio informatiko propioak erabiltzen dituen autonomia-erkidegoaren esku jartzea bi norabidetan informazioa trukatzeko eta elkarrekin konektatzeko aukera ematen duten web-zerbitzuak, espedienteak kudeatzeko aplikazioa eta autonomia-erkidegoak daukan aplikazioa uztartuz, hartara, aplikazio bakar bateratu bat erabiliz gero egongo litzatekeen funtzionaltasun berdina bermatzeko. Informazioa trukatzeko eranskin honen 6. atalean jasotako zehaztapen teknikoak beteko dira.

– Autonomia-erkidegoak bere web-zerbitzuaren bidez transmititutako agiri eta datuen baliozkotasuna onartzea, agiriak eta datuak Geiser bidez edo beste erregistro elektroniko batzuen bidez transmititzeko bitarteko alternatibo gisa.

– Autonomia-erkidegoko lan-agintaritzari aukera ematea erkidegoaren eskumeneko gaien eremuan zehapen-prozedurei buruzko txosten estatistikoak eskuratzeko.

b) Modalitate osoan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak honako betebehar hauek hartzen ditu beregain:

– Ariadna aplikazio informatikoa kudeatu eta mantentzea, lan-arloko zehapen-prozedura administratiboen izapidetze integraturako euskarri gisa balio dezan.

– Lan-agintaritzaren eta hark izendatzen dituen funtzionarioen esku jartzea Ariadna aplikazioa, autonomia-erkidegoaren eskumenekoak diren lan-arloko gaien eremuan zehapen-prozeduretara sartzeko aukera emanda.

Horrek aukera emango dio autonomia-erkidegoari ebatzi behar dituen prozedura administratiboak kontsultatzeko, egindako izapideak ikusteko eta espedientean jasotako agiriak eskuratzeko; gainera, sarbide horri esker autonomia-erkidegoak bere eskumeneko izapide eta agiriak mekanizatu ahalko ditu. Era berean, modalitate honi esker interesdunek ematen dituzten ahalordeak egiaztatzen dituen zerbitzura sartu ahalko da, lan-arloko zehapen-prozedura administratiboaren esparruan izapideak egiteko.

– Profilak zehaztea, eremu geografikoaren (erkidegoa edo probintzia), organismo edo unitatearen, eta gaitasun operatiboaren (kontsulta edo edizioa) arabera. Hala, autonomia-erkidegoko funtzionarioek espedienteak eskuratu eta horien gainean jarduteko mugak ezarriko dira.

– Aplikazioan txantiloi egokiak sartzea, zehapen-prozedurari lotutako agiriak egiten laguntzeko.

– Aplikazioari abisu egokiak ematea, autonomia-erkidegoko lan-agintaritzako funtzionarioek prozeduraren egoeraren berri izan dezaten.

– Autonomia-erkidegoak Ariadna aplikazioaren bidez transmititutako agiri eta datuen baliozkotasuna onartzea, agiriak eta datuak Geiser bidez edo beste erregistro elektroniko batzuen bidez transmititzeko bitarteko alternatibo gisa.

– Autonomia-erkidegoko lan-agintaritzari aukera ematea erkidegoaren eskumeneko gaien eremuan zehapen-prozedurei buruzko txosten estatistikoak eskuratzeko.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko lan-agintaritzaren betebeharrak.

1.– Ariadna aplikazioa oinarrizko modalitatean erabiliz gero, autonomia-erkidegoko lan-agintaritzak konpromiso hauek hartzen ditu:

– Estatu-organismoak Ariadna aplikazioaren bidez transmititutako agiri eta datuen baliozkotasuna onartzea, agiriak eta datuak Geiser bidez transmititzeko bitarteko alternatibo gisa.

– Ariadna aplikazioaren eta autonomia-erkidegoak garatutako aplikazio informatikoen artean elkarrekin konektatzeko eta informazioa trukatzeko aukera ematen duten beharrezko garapen informatikoak (web-zerbitzuak) egitea, lan-arloko zehapen-prozedurak izapidetzeko.

– Estatu-administrazioaren ebazte-eskumenekoak diren lan-arloko zehapen-prozedurei buruzko informazioa eta datuak ematen zaizkiola bermatzea.

2.– Ariadna aplikazioa modalitate osoan erabiliz gero, autonomia-erkidegoko lan-agintaritzak konpromiso hauek hartzen ditu:

– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoari jakinaraztea espedienteak kudeatzeko aplikaziora sartzeko baimenak eskatzen direneko autonomia-erkidegoko lan-agintaritzaren mendeko funtzionarioen identifikazio-datuak, eta baimenak indargabetzea edo aldatzea eragin dezakeen edozein inguruabarren berri ematea.

– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak eskura jarritako aplikazioan mekanizatzea autonomia-erkidegoaren eskumenekoak diren gaien arloko zehapen-prozeduretako izapide guztiak, eta egokiak diren agiriak sartzea, bai administrazio-prozeduraren berezko izapideei buruzkoak, bai lotuta dauden eta espedienterako interesgarriak izan daitezkeen bestelakoak.

– Estatu-organismoak Ariadna aplikazioaren bidez transmititutako agiri eta datuen baliozkotasuna onartzea, agiriak eta datuak Geiser bidez transmititzeko bitarteko alternatibo gisa.

3.– Autonomia-erkidegoak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren titularrari jakinarazi beharko dio aukeratzen duen modalitatea, hilabeteko epean, hitzarmena sinatzen denetik aurrera, bai eta eskuratu nahi dituen zerbitzuak ere. Estatu-organismoko zuzendariaren ebazpen bidez, jakinarazpena egiteko erabili beharreko eredua onartuko da.

Autonomia-erkidegoak hitzarmenaren indarraldiko edozein unetan aldatu ahalko du hautatutako aukera, baina estatu-organismoari jakinarazi beharko dio ondore-data baino hilabete lehenago. Estatu-organismoko zuzendariaren ebazpen bidez, jakinarazpena egiteko erabili beharreko eredua onartuko da.

6.– Web-zerbitzuak.

Administrazioen artean informazioa sinkronizatzeko, Ariadnak web-zerbitzu hauek jarriko ditu autonomia-erkidegoaren esku:

– Espedienteak helaraztea.

– Izapideak erregistratzea.

– Espedienteak deskargatzea.

– Izapideak deskargatzea.

– Dokumentuak deskargatzea.

– Espedienteen aldaketak jakinaraztea, dataren arabera.

Ondoren, zerbitzuak deskribatuko dira:

a) Espedienteak helaraztea.

Zerbitzu honek aukera emango dio autonomia-erkidegoari probintzia-ikuskaritzak eskura jarri dituen espedienteen identifikatzaileak berreskuratzeko.

Zerbitzu honek autonomia-erkidegoaren identifikatzailea jasoko du, eta organo instruktoreari akta-espedientea igortzeko izapidearekin eskura jarritako akta-espedienteen identifikatzaileak itzuliko ditu, baldin eta organo horrek oraindik ez badu erregistratu akta-espedientea hartu dela.

b) Izapideak erregistratzea.

Zerbitzu honek aukera emango dio autonomia-erkidegoari alta eskatu edo izapideak eguneratzeko. Zerbitzuak Integrako jarraipen-egunerokotik eskatzen diren datu berberak jasoko ditu, eta baliozkotze berberak egingo ditu, alta egin edo datuak eguneratu baino lehen.

c) Espedienteak deskargatzea.

Zerbitzu honek aukera emango dio autonomia-erkideagoari, espedientearen identifikatzailean oinarrituta, akta-espediente horren eduki osoa berreskuratzeko, izapideak barne. Izapide bakoitzak agirien identifikatzaileen zerrenda bat jasoko du (agiriak deskargatzeko zerbitzuen bidez jaso ahalko dira).

d) Izapideak deskargatzea.

Zerbitzu honek autonomia-erkidegoari aukera ematen dio edozein unetan berreskuratzeko jarraipen-espediente batean dauden izapideen eduki osoa.

e) Dokumentuak deskargatzea.

Zerbitzu honek autonomia-erkidegoari aukera ematen dio jarraipen-espediente baten izapideari lotutako sinadura-txostena eta agiri sinatua berreskuratzeko, agirien identifikatzaileetan oinarrituta.

f) Espedienteen aldaketak jakinaraztea, dataren arabera.

Zerbitzu honek autonomia-erkidegoari aukera ematen dio aldi jakin batean aldaketak izan dituzten jarraipen-espedienteen berri izateko.

7.– Segurtasuna datuak eskuratzean.

Autonomia-erkidegoko lan-agintzaren mendeko funtzionarioek Ariadna aplikazioa erabiltzean, segurtasun-baldintza hauek beteko dira:

– Aplikazioan Sara sarearen bidez sartuko da.

– Erabiltzaileak nominalak izango dira, eta ezingo dira eskualdatu.

– Erabiltzaileak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren atarian identifikatuko dira, ziurtagiri elektroniko egokia erabiliz.

– Probintziako erabiltzaileak eta erkidegoko erabiltzaileak egongo dira. Eskuratzen duten informazioa erabiltzaileari esleitutako eremuaren arabera mugatuta egongo da.

8.– Datu pertsonalak babestea.

Aldeek konpromisoa eta betebeharra hartzen dute hitzarmen honen arabera tratatzen duten edozein datu edo informazio konfidentzialtasunez tratatzeko.

Autonomia-erkidegoko lan-agintaritza arduratuko da, datuak lagatzen dituen organismo gisa, DBLOn (3/2018 Legea), Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (EB 679/2016 Erregelamendua) eta Segurtasuneko Eskema Nazionalean (maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretua) ezartzen diren betebeharrak betetzeaz, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoko informazio-sistemen eremuan. Zehazki, hauek:

– Sistemara sartzen diren erabiltzaileen sarbide-datuak eguneratuta edukitzea. Zehazki, sarbide-eskariak organo lagatzaileak abalatuko ditu, eta aldaketa-eskariak edo erabiltzaileen bajak berehala aplikatu beharko dira.

– Sisteman kontsultak egiten ari den erabiltzailearen nortasuna bermatzea une oro.

– Sistema erabiltzeko gaikuntza duten erabiltzaileen zerrenda eguneratuta edukitzea, datuetan dagoen edozein aldaketa jakinaraziz eta hura erabili beharra ez duten unean sisteman baja emanez.

– Erabiltzaileei jakinaraztea Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak emandako informazio-sistemen erabilera segururako betebeharrak.

– Estatu-organismoari jakinaraztea, gehienez ere 72 orduko epean, datuak babesteko arrakalak edo segurtasun informatikoko gorabeherak, larriak edo handiak badira.

– Tratamendu analitikoen kasuan, estatu-organismoaren inguru informatikora sartzeko erabiltzen diren sistemek saihestu egin beharko dute estatu-organismotik kanpoko inguruetara beharrezkoak ez diren informazioak helaraztea eta seguruak ez diren biltegiratzeko kanpo-gailuen bidez datuak ateratzea.

9.– Aplikazioaren erabiltzaileei laguntzea.

Ariadna aplikazioaren erabilera errazteko, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak datu-base orokorraren erabiltzaileen esku jarriko du arreta emateko sistema bat, aplikazio informatikoa erabiltzearen ondoriozko arazoak konpontzeko.

Erabiltzaileentzako arreta-sistema hori aplikazioa martxan den lehen berrogeita zortzi hilabeteetan egongo da erabilgarri.

HITZARMENAREN II. ERANSKINA
AZAROAREN 29KO 45/1999 LEGEA APLIKAZIOA ERABILTZEKO BALDINTZAK

1.– Eranskinaren helburua.

Eranskin honen helburua da autonomia-erkidegoak Ley 45 aplikazioa erabiltzean bete behar dituen baldintzak ezartzea. Aplikazio horren titularra Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoa da.

2.– Aplikazioaren deskribapena.

Ley 45 aplikazioak zenbait funtzionaltasun ditu:

2.1.– Lekualdaketen Jakinarazpenen Erregistro Zentrala.

Nazioz gaindiko zerbitzuak direla-eta langileak lekualdatzeari buruzko azaroaren 29ko 45/1999 Legeak 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Espainiara langileak lekualdatzen dituen enpresak lekualdaketa horren berri eman behar dio, hura hasi baino lehen eta haren iraupena edozein izanda ere, horren gaineko eskumena duen lan-agintaritza espainiarrari, zerbitzuak zein lurraldetan emango diren, eta, betiere, bitarteko elektronikoak baliatuta; horretarako, 5. artikuluaren arabera: «Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, autonomia-erkidegoen arabera, jakinarazpen horien erregistro zentrala ezarriko du bitarteko elektroniko bidez».

Hori horrela, Ley 45 aplikazioak Lekualdaketen Jakinarazpenen Erregistro Zentrala dauka, enpresei aukera ematen diena lekualdaketa lan-agintaritza eskudunari jakinarazteko eta, halaber, Estatu osoan edozein lan-agintaritzari egindako jakinarazpenak batzen dituen datu-base zentrala osatzeko.

2.2.– Lekualdatutako langileen lan-istripuen jakinarazpena.

Azaroaren 29ko 45/1999 Legearen 6.4 artikuluak honela dio: enpresaburuek idatziz jakinarazi beharko diote lan-agintaritzari, erregelamenduz zehazten den moduan, Espainian egiten duten lanaren eraginez edo haren ondorioz lekualdatzeak ukitutako langileen osasunean gertatutako kalteak.

Horrekin lotuta, Ley 45 aplikazioak funtzionaltasun bat jasotzen du, enpresei aukera ematen diena lan-agintaritzari jakinarazteko Espainian behin-behinean lekualdatuta dauden langileek jasaten dituzten lan-istripuak.

3.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoaren betebeharrak.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak honako betebehar hauek hartzen ditu beregain:

– Intenetako leku bat sortzea, Lekualdaketen Jakinarazpenen Erregistro Zentralera eta lekualdatutako langileen lan-istripuen jakinarazpenera sartzeko.

Erregistrora sartzeko lekuetan txertatuta dauden edukiek bat etorri beharko dute azaroaren 29ko 45/1999 Legearekin. Ezingo dute inola ere horren aurka jo.

– Autonomia-erkidegoak aplikazio informatiko propioa badauka lekualdaketen komunikazioak edo lan-istripuen jakinarazpenak izapidetzeko, autonomia-erkidegoarekin batera garatu beharko ditu bi aplikazioen artean informazioa transmititzeko aukera emateko beharrezkoak diren web-zerbitzuak.

4.– Autonomia-erkidegoaren betebeharrak.

Autonomia-erkidegoak betebehar hauek hartuko ditu bere gain:

– Lekualdaketen jakinarazpenek unean-unean indarrean den araudian aurreikusitako datuak dituztela zaintzea.

– Bere eskumeneko datuak une oro eguneratuta daudela eta Ley 45 aplikaziora zuzenean sartzen direla bermatzea.

– Aplikazio informatiko propioa edukiz gero lekualdaketen komunikazioak edo lekualdatutako langileen lan-istripuen jakinarazpenak izapidetzeko, Ley 45 aplikaziora informazioa transmititzeko aukera emateko beharrezkoak diren web-zerbitzuak garatzea.

5.– Sarbide-profilak esleitzea.

1.– Datu-base orokorrera sartzeko erabiltzaileari lotutako profil informatikoa baliatuko da.

2.– Aplikazioko administratzaile orokorraren profilaz gain, zeina Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoko Informazioaren Teknologien, Komunikazioen eta Plangintzarako Laguntzaren Unitateari egokituko baitzaio, datu-base orokorrera sartzeko profil informatikoak hauek izango dira:

a) Bere datuen euskarri informatiko gisa Ley 45 aplikazioa erabiltzen duen lan-agintaritzako erabiltzaile kudeatzailearen profila. Bertan dauden datuak eta bere eskumen-eremukoak eskuratzeko aukera emango du. Orobat, datuen ustiapen informatikoa egin ahal izango da hari esker, aplikazioak ematen dituen aukeren arabera.

b) Lan-agintaritzako erabiltzaile administratzailearen profilak aukera emango du, aurreko a) paragrafoan aurreikusitakoaz gain, autonomia-erkidegoko erabiltzaileak kudeatzeko, bai eta web-orriko eta aplikazioko edukiak ere, baldin eta autonomia-erkidegoaren araberakoak badira.

c) Lekualdatutako langileak dituen enpresaren profila, lekualdaketen jakinarazpenak sartzeko eta datuok kontsultatzeko aukera emango duena.

d) Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren profila. Orobat, erregistroko datu guztiak kontsultatu eta datuen ustiapen informatikoa egin ahal izango da hari esker, aplikazioak ematen dituen aukeren arabera.

3.– Aplikaziora sartu eta lekualdaketen eta lekualdatutako langileen lan-istripuen jakinarazpenen altak eta kontsultak egiteko, nagusiki Cl@ve sistema bidezko identifikazioa baliatuko da. Europar Batasuneko beste estatu-kide batzuetako eta Europako Espazio Ekonomikoari buruzko Akordioaren estatu sinatzaileetako erabiltzaileek nagusiki eIDAS (Cl@ve) nodoa erabiliko dute beren burua identifikatzeko, eta, gainera, identifikazio-sistema alternatibo bat prestatuko da, erabiltzaile eta pasahitz bidez, erregistratu ostean.

4.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoko Informazioaren Teknologien, Komunikazioen eta Plangintzarako Laguntzaren Unitatearen ardura izango da lan-agintaritzako erabiltzaile administratzaile gisa autonomia-erkidegoak izendatutako pertsona bati alta emateko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Alta eman ostean, autonomia-erkidegoko erabiltzaile administratzaileari dagokio bere jarduera-esparruko aplikazioaren erabiltzaileekin lotutako izapideak kudeatzea.

6.– Segurtasuna datuak eskuratzean.

Autonomia-erkidegoko lan-agintzaren mendeko funtzionarioek Ley 45 aplikazioa erabiltzean, segurtasun-baldintza hauek beteko dira:

– Aplikazioan Sara sarearen bidez sartuko da.

– Erabiltzaileak nominalak izango dira, eta ezingo dira eskualdatu.

– Erabiltzaileek ziurtagiri elektroniko egokia erabiliko dute atarian identifikatzeko.

– Probintziako erabiltzaileak eta erkidegoko erabiltzaileak egongo dira. Eskuratzen duten informazioa erabiltzaileari esleitutako eremuaren arabera mugatuta egongo da.

7.– Autonomia-erkidegoarekin integratzeko web-zerbitzuak.

Autonomia-erkidegoak aplikazio propioa badauka lekualdaketen komunikazioak eta lan-istripuen jakinarazpenak kudeatzeko, informazio-trukerako REST zerbitzuak erabiliko dira. Horiei esker, autonomia-erkidegoak Ley 45 aplikazioarekin bat egingo du, eta bere sistemen informazioa bidali.

Hasieran, aurreikusitako web-zerbitzuak hauek dira:

a) Alta: lekualdaketa-espediente bati alta ematea ahalbidetzen du. Beharrezkoa izango da komunikazioko datuak bidaltzea, erkidegoko egiaztagiriekin batera, sisteman altan dauden egiaztatu ahal izateko.

b) Kontsulta: autonomia-erkidego baten lekualdaketa-espedienteak kontsultatzeko aukera ematen du.

c) Lan-istripuaren alta: jakinarazitako lan-istripuari alta ematea ahalbidetzen du. Beharrezkoa izango da jakinarazpeneko datuak bidaltzea, erkidegoko egiaztagiriekin batera, sisteman altan dauden egiaztatu ahal izateko.

d) Lan-istripuaren kontsulta: autonomia-erkidego bati jakinarazitako lan-istripua kontsultatzea ahalbidetzen du.

8.– Datu pertsonalak babestea.

Aldeek konpromisoa eta betebeharra hartzen dute hitzarmen honen arabera tratatzen duten edozein datu edo informazio konfidentzialtasunez tratatzeko.

Autonomia-erkidegoko lan-agintaritza arduratuko da, datuak lagatzen dituen organismo gisa, DBLOn (3/2018 Legea), Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (EB 679/2016 Erregelamendua) eta Segurtasuneko Eskema Nazionalean (maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretua) ezartzen diren betebeharrak betetzeaz, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoko informazio-sistemen eremuan. Zehazki, hauek:

– Sistemara sartzen diren erabiltzaileen sarbide-datuak eguneratuta edukitzea. Zehazki, sarbide-eskariak organo lagatzaileak abalatuko ditu, eta aldaketa-eskariak edo erabiltzaileen bajak berehala aplikatu beharko dira.

– Sisteman kontsultak egiten ari den erabiltzailearen nortasuna bermatzea une oro.

– Sistema erabiltzeko gaikuntza duten erabiltzaileen zerrenda eguneratuta edukitzea, datuetan dagoen edozein aldaketa jakinaraziz eta hura erabili beharra ez duten unean sisteman baja emanez.

Erabiltzaileei jakinaraztea Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza estatu-organismoak emandako informazio-sistemen erabilera segururako betebeharrak.

Estatu-organismoari jakinaraztea, gehienez ere 72 orduko epean, datuak babesteko arrakalak edo segurtasun informatikoko gorabeherak, larriak edo handiak badira.

Tratamendu analitikoen kasuan, estatu-organismoaren inguru informatikora sartzeko erabiltzen diren sistemek saihestu egin beharko dute estatu-organismotik kanpoko inguruetara beharrezkoak ez diren informazioak helaraztea eta seguruak ez diren biltegiratzeko kanpo-gailuen bidez datuak ateratzea.

9.– Aplikazioaren erabiltzaileei laguntzea.

Hitzarmen honen xedeko aplikazio informatikoaren erabilera errazteko, estatu-organismoak bermatuko du Ley 45 aplikazioaren erabiltzaileek arreta emateko sistema bat dutela, aplikazio informatikoa erabiltzearen ondoriozko arazoak konpontzeko.

Erabiltzaileentzako arreta-sistema hori aplikazioa martxan den lehen berrogeita zortzi hilabeteetan egongo da erabilgarri.


Azterketa dokumentala