
86. zk., 2025eko maiatzaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1956
35/2025 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita izendapen askez betetzeko Erizaintzako Gainbegirale lanpostu bat Lezako Ospitaleko bigarren solairuko Unitatean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuan.
Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuan, Lezako Ospitaleko bigarren solairuko Unitatean, Erizaintzako Gainbegirale lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea, honako oinarrien arabera,
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen dutenek:
a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo langile lan-kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.
b) B1 (Diplomadun Sanitarioak) lanbide-taldeko titulazioa edukitzea.
c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea B1 lanbide-taldean.
d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betekizunak.
2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.
a) Esperientzia izatea erizaintza espezializatuko unitateen kudeaketan.
b) Esperientzia eta prestakuntza izatea erizaintzako unitateen langileen kudeaketan eta kudeaketa ekonomikoan.
c) Ikerketako eta irakaskuntzako ezagutzak eta esperientzia izatea.
d) Ofimatikari eta lanpostuarekin lotutako aplikazio informatiko korporatiboei buruzko ezagutzak izatea.
e) Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu ere kontuan hartu ahal izango da.
3.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Gasteiz-Logroño errepiea 59 km, 01309, Laguardia). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
Osakidetzaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman beharko du eskabidean.
5.– Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
6.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Errioxako ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.
Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laguardia, 2025eko apirilaren 29a.
Arabako Errioxako ESIko zuzendari-gerentea,
CARLOS RUIZ DE VERGARA LAORDEN.