Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2025eko maiatzaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1918

AGINDUA, 2025eko apirilaren 29koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzeko laguntza-programaren 2025eko ekitaldirako deialdia egitekoa (MEC).

Merkataritza-sektoreak egiturazko aldaketa sakonei egin behar die aurre etengabe, eta erronka nagusia du bere burua eraldatzea kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko, azken horiek kanal guztiak erabiltzeko, berrikuntzarako eta baliabideen digitalizaziorako joera baitute. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, banaketa-bide berrien agerpen indartsua eta energiaren prezioen eta fakturen gorakada direla-eta, beharrezkoa da estrategia, negozio-eredu eta energia-efizientziako neurri berriak hartzea, sektorearen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko; betiere, berrikuntzan, modernizazioan, eraldaketa digitalean, irisgarritasunean, jasangarritasunean eta energiaren aurrezkian oinarrituta.

Horregatik, XIII. legegintzaldiko «Ongizatean Hazi», «Ongizatea, Aurrerabidea, Eraldaketa eta Autogobernua Euskadi globala eraikitzera begira» izeneko gobernu-programak (2024-2028) «Hazkunde- eta ongizate-eredua» izeneko II. ardatzaren barruan, energia-efizientziako, jasangarritasuneko eta digitalizazioko irizpideetan oinarritutako konpromiso eta ekintza batzuk finkatu dira merkataritza-sektorea suspertzeko eta biziberritzeko, lehiakortasuna hobetuz, berrikuntza sustatuz, kudeaketa publikoa eta sektore pribatua bultzatuz, kudeaketa-estrategia berriak garatuz, EAEko merkataritzako azpisektoreak sustatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainetan lagunduz eta sinergiak sortuz. Horretarako, merkataritza-banaketaren arloko ente guztiek elkarrekin lan egin behar dute suspertze ekonomikoa lehenbailehen lortzeko. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Konpromiso eta ekintza horiek guztiak, 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategian eta 2021-2025 Merkataritza Planean garatuko dira. Estrategia horretan finkatzen dira EAEko merkataritza munduko merkataritza-agertoki berri batera egokitzera eraman behar duten ildo estrategikoak, oinarri estrategikoak berrituz eta egungo eta etorkizuneko mundu digital batean parte hartuz negozio-eredu berriekin. Bestalde, Planaren helburua da sektorearen erronka eta joera nagusiei erantzutea, haren lehiakortasuna hobetuz, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasunaren eta digitalizazioaren aldeko apustua eginez; hori guztia gure auzo, herri eta hirietako merkataritza txikira bideratuta.

Txikizkako merkataritzan, nahiz eta prezio konstanteetan egiten diren salmenten urte arteko bilakaera positiboa izan den (Eustaten datuen arabera % 4,2ko hazkundea), komenigarritzat jotzen da merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzen laguntzen jarraitzea, agindu honek dakarren programaren bidez.

Laguntza-programa honek helburu hauek ditu: baliabideen xedearen eraginkortasuna handitzea, gure auzo, herri eta hirietako hurbileko merkataritza lehenetsiz; EAEko merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzea eta energia-efizientzia hobetzea, berrikuntzaren bidez eta oinarri teknologiko eta eko-efizienteko prozesuen ezarpenaren bidez; eta merkataritza-jarduerarekin lotutako kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea. Izan ere, modu horretan, kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortuko da, eta salmentak handitzean islatuko da hori.

Hori guztia, horri buruzko araudian xedatutakoa kontuan hartuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea kontuan hartuta, eta bat etorriz Merkataritza 2030 Estrategiarekin, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako ondorengo Helburuei dagokienez: GJH5: Genero-berdintasuna; GJH8: Hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, bai eta guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: Hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: Klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: Helburuak lortzeko aliantzak; abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuaren V. titulua (14/2022 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 1ekoa, garraioaren alorreko eta ikasketetarako beka eta laguntzen alorreko jasangarritasun ekonomikoko neurriena eta aurrezpena eta energia-efizientzia lortzeko eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurriena), eta Segurtasun Energetiko Gehiago deritzon plana (SE+), Ministro Kontseiluak 2022ko urriaren 11n onartua.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen aginduaren hirugarren aldaketan sartuta dago; Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2025eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen plan hori (https://www.euskadi.eus/administrazioaren-iragarkia/2024-2027-eperako-dirulaguntzen-plan-estratejikoaren-aldaketa/web01-tramite/eu/). Merkataritza-establezimenduen modernizazioa bultzatzen da, kudeaketa-tresnak eta azpiegiturak berrituz eta hobetuz, eta energia-kontsumoaren eraginkortasuna hobetzea bultzatzen da, haien ekipamenduak, obra zibila, altzariak, ekipamendu informatikoa eta digitala finantzatuz.

Aurrekontu-kreditua dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legean ezarritakoaren arabera (2024ko abenduaren 30eko EHAA).

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzeko laguntza-programaren 2025eko ekitaldirako deialdiaren oinarriak onartzea, eranskinetan jasotzen den legez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Deialdi honen xede diren dirulaguntzei, arau hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilebeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 29a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Laguntza-deialdiaren xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da, 2025eko ekitaldian, laguntza jakin batzuk ezartzea eta horiek emateko deialdia egitea, EAEko merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak (aurrerantzean, laguntzaren xede diren establezimenduak) modernizatzeko eta energia-kontsumoaren efizientzia hobetzeko, berrikuntzaren bidez eta oinarri teknologiko eta eko-efizienteko prozesuen ezarpenaren bidez; eta merkataritza-jarduerarekin edo zerbitzu jakin batzuekin lotutako kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea. Izan ere, modu horretan, kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortuko da.

2.– Helburu horrekin bat etorriz, laguntzaren xede diren establezimenduak modernizatzeko eta energia-aurrezpena lortzeko inbertsioak sustatuko dira, ekipamenduak, obra zibila, altzariak eta ekipamendu informatikoa eta digitala finantzatuz. Hori guztia, Merkataritza 2030 Estrategiarekin eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz, batez ere ondorengo garapen-helburuei dagokienez: GJH5, GJH8, GJH9, GJH11, GJH12, GJH13 eta GJH17, 14/2022 Errege Lege Dekretua eta Segurtasun Energetiko Gehiago deritzon plana (SE+).

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko oinarrian adierazitako helbururako, 4.603.000,00 euroko baliabide ekonomikoak bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuta.

3. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunak.

1.– Norberaren konturako langileak edo autonomoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak, baldin eta beren jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko establezimendu fisikoetan egiten badute, establezimenduak zabalik eta jardunean badaude, eta betiere agindu honen 5. oinarrian jasotako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan sartzen badira.

2.– Deialdi honetan ezarritakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da merkatuaren esku jartzea xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, beren horretan eta eraldaketa-prozesu handirik gabe, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek azken kontsumorako ondasunak zuzenean saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira. Bai eta zerbitzuak ematea ere, horiek azkenean merkatuari eskaintzen zaizkionean, betiere laguntzaren xede den establezimenduan egindako jardueraren osagarri den establezimendu komertzial baten bitartez, edo zerbitzu fisikoko establezimendu baten bitartez edo online motako merkataritzaren bitartez.

3.– Laguntzaren xede den establezimenduan egindako jardueraren titularrak ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak badira, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa entitateari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

4.– Ezin izango dira laguntzen onuradun izan armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen dituztenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

4. oinarria.– Pertsona eta entitate eskatzaileen eskakizunak.

Pertsona eta entitate eskatzaileek, baldin eta laguntzaren xede diren establezimenduetan garatutako jardueraren titularrak badira, eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Norberaren konturako langilea edo autonomoa, sozietate zibila, ondasun-erkidegoa, mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, mikroenpresa eta enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin edo gomendio hori ordezten edo aldatzen duten xedapenekin bat etorrita. Hau da:

• Mikroenpresa: soldatapeko hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 2 milioi eurotik gorakoa.

• Enpresa txikia: soldatapeko berrogeita hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.

b) Laguntzaren xede den kaleko establezimendu fisikoren jarduera ekonomikoak eta haren egoitza sozial eta fiskalak EAEn egotea, eta establezimendua zabalik eta jardunean egotea. Eskakizun horiek eskabidearen egunerako bete beharko dira.

c) Laguntzaren xede den establezimendua agindu honen 5. oinarrian jasotako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe edo multzoren bateko jarduera nagusian aritzea eta alta emanda egotea eskabidearen egunean.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, laguntza emateko ebazpena, emateko eta likidatzeko ebazpena edo likidatzeko ebazpena eman baino lehen, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera.

f) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).

g) Pertsona edo entitate onuraduna ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

h) Konpromisoa hartzea jarduerak gainfinantzaketarik ez izateko, dirulaguntza jasoz gero.

i) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

j) Ez egotea Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzekoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoera eragozleetako batean ere.

k) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeretako batean ere, dirulaguntzen onuradun izateko.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeak.

3. oinarrian aipatutako pertsonek edo entitateek jaso ahal izango dituzte agindu honen xede diren laguntzak, baldin eta horien jarduera nagusia ekonomia-jardueren gaineko zergaren hurrengo epigrafeetan kokatuta badago:

Txikizkako merkataritza:

641. Fruituen, barazkien, ortuarien eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.

642. Produktu hauen txikizkako merkataritza: haragia eta hondakinak, haragi-gai eta haragiki landuak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak, eta horien ekoizkin eratorriak.

643. Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.

644. Ogi, pastel, gozoki eta antzekoen eta esne eta esnekien txikizkako merkataritza.

645. Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

646.1. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki orokorretan, berezietan eta barnekoetan egiten denean.

646.2. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki orokorren aldi baterako hedapenetan egiten denean.

646.3. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki osagarrietan egiten denean.

646.4. Tabako-laboreen txikizkako merkataritza, salmenta errekargudunerako baimena duten merkataritza-establezimenduetan egiten denean.

646.6.– Era eta forma guztietako tabakoen txikizkako merkataritza, salmentarako estankorik ez dagoen udalerrietan.

646.7. Baimen bereziak dituzten ezindu fisikoek egindako tabako-laboreen txikizkako merkataritza.

646.8. Erretzaileentzako artikuluen txikizkako merkataritza.

647.1. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, establezimendu saltzailedunetan.

647.2. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan, saltzeko gelak 120 m2 baino gutxiagoko azalera duenean.

647.3. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan superzerbitzutan, hala hartuta saltzeko gela 120 eta 399 m2 artekoa denean.

651. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.

652.2. Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

652.3. Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta higiene eta garbiketa pertsonalerako gaien txikizkako merkataritza.

652.4. Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.

653. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.

654.2. Lurreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

654.5. Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (salbu eta etxeko aparatuak, bulegokoak, medikoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak).

654.6. Mota guztietako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden eta aire-ganberen txikizkako merkataritza.

656. Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasun erabilien txikizkako merkataritza.

657. Musika-tresnen eta horien osagarrien txikizkako merkataritza.

659. Bestelako txikizkako merkataritza.

662. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.

691.1. Etxerako artikulu elektrikoen konponketa.

691.9. BISGko kontsumo-ondasun zenbaiten konponketa.

Merkataritza-jarduerari lotutako beste zerbitzu batzuk:

971. Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

972. Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.

973.1. Argazkigintza-zerbitzuak.

973.3. Fotokopiagailuen bitartez agiriak kopiatzeko zerbitzuak.

975. Markogintza-zerbitzuak.

6. oinarria.– Diruz lagundu daitekeen denbora-tartea.

Diruz lagundu ahal izango dira 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean, biak barne, egiten diren inbertsioak.

7. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten inbertsioak eta aktiboak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat:

a) Zorrozki beharrezkoak diren inbertsioak eta laguntzaren xede den establezimenduan garatutako jarduera nagusiarekin zuzenean lotura dutenak.

b) Laguntzaren xede diren Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko txikizkako establezimendu fisikoetan –establezimendua zabalik eta jardunean dagoela– egindako inbertsioak.

c) Enpresaren aktiboan lehen aldiz sartutako inbertsioak, laguntzaren xede den establezimenduan bertan badaude, hau da, salmenta gauzatzen den establezimenduan edo haren eranskinetan.

Eranskinek laguntzaren xede den establezimenduari elkartuta edo haren ondoan egon beharko dute eta merkataritza jarduerarekin zerikusia izan beharko dute.

Diruz lagundutako inbertsioak gutxienez bi urtez egon beharko du (dagokion fakturaren datatik aurrera) laguntza eskatu den establezimenduan. Tarte horretan ezin zaie hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoei laga.

d) Diruz lagundu daitezkeen 8. oinarriko puntuetan jasotako inbertsioak.

e) 6. oinarrian aipatutako eta 19. oinarriaren arabera ordaindutako diruz lagundu daitekeen aldian benetan egindako eta fakturatutako inbertsioak.

2.– Diruz lagundu ahal izateko, egindako inbertsioek onartutako gutxieneko inbertsio-zenbateko hau eduki beharko dute dirulaguntza-lerroko:

• 3.000 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 1. puntuan jasotako inbertsioetarako.

• 1.000 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 2. puntuan jasotako inbertsioetarako.

Diruz lagundu daitekeen puntu batean baino gehiagotan inbertsioak egiten diren kasuetan, puntu bakoitzean onartutako gutxieneko inbertsio-zenbatekoa betetzen dutenak bakarrik lagundu ahalko dira diruz.

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen lerroak.

Lerro hauek lagundu daitezke diruz:

1.– Laguntzaren xede den establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritzea:

a) Establezimenduaren barrualdea edo kanpoaldea egokitzeko, berritzeko edo handitzeko eraberritze, obra eta instalazioak, betiere eragina baldin badute establezimenduaren egokitzapenean, merkataritza-azaleraren banaketan edo itxura hobetzeko orduan.

b) Energia-aurrezpen edo -efizientziarako neurriak ezartzeko obrak eta instalazioak (ate automatikoak, instalazio elektrikoak, okupazio-sentsoreak, isolamenduak...).

c) Oztopo arkitektonikoak kentzeko egindako berrikuntzak, mugikortasun murriztua duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko.

d) Errotuluak eskuratu eta establezimenduaren kanpoaldean instalatzea, izen komertziala, marka, logotipoa edo antzekoak identifikatzeko, bai eta eguzki-oihalak erosi eta instalatzea ere.

e) Establezimenduaren jarduera nagusiari lotutako altzariak eta makineria erosi, instalatu eta muntatzea.

f) Ekipamendua eta altzariak erostea.

g) Alarmak eta segurtasun-sistemak. Diruz lagundu daitekeen inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ezin izango da 6.000 euro baino handiagoa izan, BEZik gabe.

h) Lokala girotzeko ekipamenduak, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute.

i) Merkataritza-jarduerari zuzenean lotutako espazioak eta elementu komunak hobetzeko eta modernizatzeko inbertsioak, merkataritza-gune batean integratuta badaude; besteak beste, korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko fatxada, zerbitzuak edota sarbideak, betiere espazio horiek laguntzaren xede den establezimenduetan garatutako jardueraren titularrek kudeatzen badituzte, jabekide-erkidegoko araubidean.

Merkataritza-gunean bildutako establezimenduetako jardueraren jabe bakoitzak, jabekide-erkidegoaren partaide denak, esandako espazio komunean egiten diren inbertsioetatik, bere partaidetzari dagokion gastuen zatiagatik (zati alikuota) eskatu ahal izango du laguntza.

j) Proiektua idaztetik, obra zuzentzetik edo arkitekto, ingeniari edo instalatzaile baimenduek egindako proiektuetatik eratorritako gastuak, betiere laguntzaren xede den establezimenduan obrak eta instalazioak egiteko beharrezkoak badira.

2.– Teknologia berriak eta berrikuntza sartzea laguntzaren xede den establezimenduan:

a) Ekipamendu informatikoak, aplikazio informatikoak eta kudeaketa-softwarea, laguntzaren xede den establezimenduaren kudeaketa hobetzera zuzendutakoak, betiere merkaturatze-prozesuetan integratuta edo enpresa-kudeaketara bideratuta badaude.

Ekipamendu informatiko bat eta periferiko mota bakoitzeko unitate bat baino ez dira diruz lagunduko, inbertsioa gauzatzen den establezimendu bakoitzeko.

b) Merkaturatze-sistemak sortu, garatu, ezarri, hobetu edo martxan jartzeko lanak (webgunea garatzea, online saltzea, ecommerce, scommerce, mcommerce eta parekoak) edo establezimendua kudeatzekoak (bezeroak, hornitzaileak eta abar).

c) Salmenta-puntuen terminalak eta produktuen irakurgailu optiko eta kodetze-sistemak.

d) Salgaien balantza elektronikoak.

e) Kutxa-erregistratzaileak.

f) TicketBAI (TBAI) sistemarako fakturazio-softwarea ezartzea.

9. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren inbertsio eta gastuak.

1.– Inbertsio hauek ezin dute inola ere dirulaguntzarik jaso:

a) Lokalak erostea eta eskualdatzeko eskubideak.

b) Garraio-elementuak, telebistak edo telefono-terminalak erostea.

c) Ekipamendua leasing edo renting bidez erostea.

d) Erakusteko eta probatzeko artikuluak, bai eta ondoren salmentan jar daitezkeenak ere.

e) Argi-aldaketa hutsa.

f) Eraberritze-lanak, baldin eta ez badute establezimenduaren itxura modu argi eta zuzenean aldatuko.

g) Laguntzaren enpresa eskatzaileak berak fabrikatu, egin edo garatutako elementuak edo ekipamenduak.

h) Eraberritzeak, obrak edo instalazioak baliabide propioekin egitera bideratutako materialak erostea.

i) Zerbitzuaren edo saltokiaren tipologia dela eta, gastu gisa (eta ez inbertsio gisa) hartuko diren ekipamenduak eta tresnak.

2.– Gastu hauek ezin dute inola ere dirulaguntzarik jaso:

a) Administrazio-baimenen edo lizentzien ondoriozko tasak, aseguruak eta garraio-kostuak.

b) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta, oro har, mota guztietako zergak, tasak edo kontribuzioak.

c) Aktibo baten elementuen mantentze-, konponketa- edo ordezte-lanen gastuak.

d) Bulegoko materialaren, tresnen eta antzekoen gastuak.

e) Dekorazio-gastuak.

f) Profesionalen aholkularitzako eta prestakuntzako gastuak.

g) Softwarea mantentzeko lanen eta eguneraketen gastuak, edo tresna informatikoak erabiltzeko lizentziak, betiere ez badira ezinbestekoak TicketBAI sistema ezartzeko. Datu hori modu egokian justifikatu beharko da.

h) Web-orrien publizitate- eta posizionamendu-gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak edo aktiboak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino altuagoa izango, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 30.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

10. oinarria.– Laguntzen banakako zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Agindu honetan zehaztutako inbertsioek inbertsio onargarriaren gaineko % 40ko dirulaguntza jasoko dute, diruz lagundu ahal izateko 7. oinarriko 2. puntuan jasotako gutxieneko zenbatekoak errespetatuz betiere.

Inbertsio onargarritzat hartuko dira oinarri hauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztenak.

Dirulaguntza, gehienez ere, 10.000 eurokoa izango da establezimenduko.

3.– Inbertsio onargarriaren aipatutako ehunekoak handitu egingo dira laguntzaren xede den establezimenduak irizpide hauetakoren bat egiaztatzen badu:

a) Merkataritza Zuzendaritzak Euskalit fundazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberekin elkarlanean bultzatutako «Merkabide», «Retail Euskal Eskola» edo «Eus-commerce» programetako batean, gutxienez, parte hartu izana 2024an: puntu 1 gehienez.

b) 8. oinarriko 1. puntuan jasotako inbertsioa: Laguntzaren xede den establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritzea: 2 puntu.

c) Emakumearen enplegua egonkortzeko irizpidea, dirulaguntzaren xede den establezimenduko enpresa eskatzailearen langileen erdiek gutxienez kontratu mugagabea dutela eta emakumeak direla egiaztatzen bada: puntu 1.

d) Berdintasun-plana edo lana eta familia bateragarri egiteko plana izatea, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako entitate laguntzailearen izendapena, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok emanda: puntu 1.

e) Enpresa Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita badago: puntu 1.

f) Eskabide-egunean merkataritza-elkarteren batekin lotura badu, eta lotura hori laguntzaren xedea den establezimenduan egiten den inbertsioak bertan iraun artekoa bada gutxienez: puntu 1 gehienez.

Horretarako, merkataritza-elkartea Euskadiko Merkatarien Elkarteen Erroldan inskribatuta egon beharko da (indarrean dagoen elkartean, jakina).

g) Laguntzaren xede den establezimenduak, non jarduera ekonomikoa gauzatzen den, Merkataritza Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberekin elkarlanean bultzatutako «Berriz enpresa» programan parte hartzea 2024an: puntu 1.

h) Entitate eskatzaileak laguntzaren xede den establezimenduan egiten duen merkataritza-jarduerak 10 urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea: puntu 1.

i) Establezimenduan euskaraz aritzea jendearekin, Bai Euskarari ziurtagiriaren, BIKAIN Hizkuntza Kudeaketaren Kalitatearen ziurtagiriaren edo Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren bitartez egiaztatuta, 2024an; edo, bestela, «Euskaraz barra-barra» proiektuan parte hartzea (https://euskarazbarrabarra.eus/): puntu 1 gehienez.

j) Energia-komunitateetan parte hartzea 2024an (Ekiola Energia Sustapenak SL, EEE, TEK –Tokiko Komunitate Energetikoak–...), baldin eta komunitate horiek autohornikuntza sustatzen badute, kanpoko iturriekiko mendekotasuna gutxitzen badute eta energia berriztagarri jasangarriak sustatzen badituzte: 2 puntu.

Dirulaguntzaren ehunekoa ezin izango da inola ere izan onartutako inbertsio guztiaren % 52 baino handiagoa, igoera-puntuak barne hartuta.

11. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik edo entitate pribatuetatik pertsona eta entitate onuradunek xede bererako jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago.

Agindu honetan xedatutako laguntzek ezin izango dute, beste administrazio publiko edo ente pribatu edo publiko batzuen dirulaguntzekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

2.– Agindu honetan xedatutako laguntzek errespetatu egingo dituzte Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarrita dauden de minimis arauak errespetatuko dituzte. Enpresa batek gehienez 300.000 euro jaso ditzake de minimis laguntzetan, 3 urteko edozein epetan, estatu kide bakoitzean.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

12. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30ean bukatuko da, edo, hala badagokio, horretarako ezarritako kreditua agortu arte iraungo du.

2.– Laguntzaren xede den establezimenduko eskabide bakar bat aurkeztu beharko da. Eskabidea osorik dagoela ondorioztatzeko, 13. oinarrian adierazitako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da.

3.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eskuratu eta beteko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1010112

Era berean, eskabide-eredua agindu honen II. eranskinean dago jasota.

4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidearekin batera, laguntzaren eskatzailea ordezkatzeko gaitasun legala duen pertsona edo entitatearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak eta urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira.

6.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko komunikazioetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.

13. oinarria.– Eskabideen edukia, aurkeztu behar den dokumentazioa eta eskakizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidea egiteko, inprimaki automatizatu bat bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, eta horren bidez dokumentazio hau aurkeztu:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANa.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa edo nortasun juridikorik gabeko entitatea bada (ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak), entitate eskatzailearen IFZ.

c) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, enpresaren eratze-eskrituren eta ondoren egindako aldaketen dokumentazio osoa.

Nortasun juridikorik gabeko entitateen, ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, eratze-kontratua.

d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, halakorik bada.

Ordezkaritza beste pertsona bati emateko aukera dago, haren izenean jardun dezan elektronikoki agindu honi buruzko prozedura guztietan, 15. oinarrian zehaztutakoaren arabera.

e) Laguntzaren xede den enpresaren ekonomia-jardueren gaineko zergako alten eta, hala badagokio, bajen ziurtagiri historiko eguneratua. Ezin izango dira 3 hilabete baino gehiago igaro eskabidea egiteko, ziurtagiria eman zenetik.

Ziurtagiri horretan adierazi beharko da noiz eman zen alta eta baja EJZn, bai eta eskabidean aipatutako laguntzaren xede den establezimenduaren kokapena zein den ere.

f) Fakturazioaren erregelamendua (Azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua) bete behar duten laguntzaren xede diren inbertsioen fakturak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriak, halakorik bada, eskabidea aurkezten denean.

Bestela, ordainagiriak gehienez bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, agindu honen 19. oinarrian jasotzen denaren arabera.

Bakar-bakarrik onartuko dira eskabidea aurkezteko unean inprimaki automatizatuan aipatu edo aurkeztu diren fakturak, baldin eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoa, BEZik gabe, 100 euro baino gehiagokoa bada eta diruz lagundu daitezkeen inbertsioen edo aktiboen deskribapena ondo identifikatuta badute; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.

19. oinarrian zehaztutako epean osorik edo partzialki ordaindu izana fakturen ordainagirien bidez behar bezala egiaztatzen den zenbatekoa soilik lagunduko da diruz, nahiz eta adierazitako kostua handiagoa izan.

Ez da dirulaguntzarik emango diruz lagundu daitezkeen aktiboen deskribapena ondo identifikatuta ez duten fakturetarako –ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak–. Gainera, faktura horiek 100 euro edo gutxiagokoak izango dira, BEZik gabe.

1.000 euroko edo gehiagoko ordainketen justifikazioa banku-transferentzien, banku-ziurtagirien edo ordainketa-laburpenen bidez egiaztatu beharko da, zerga-iruzurra prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriei buruzko uztailaren 9ko 11/2021 Legearen arabera.

g) Energia-efizientzia altuko ziurtagiria, 8. oinarriko 1. puntuko h) apartatuan aurreikusitako inbertsioen kasuan.

h) Inbertsioen deskripzio-memoria laburra, haien ezaugarriak, funtzioak eta laguntzaren xede den establezimenduaren jarduera nagusiarekin duten lotura jasotzen dituena.

i) Pertsona eta entitate eskatzaileek dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela. Dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte, gutxienez, bete beharko dituzte betebehar horiek.

Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.

j) Pertsona eta entitate eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela egiaztatu beharko dute, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta eskabidearekin batera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan adierazitako irismenarekin.

Dirulaguntza ematen bada, eta dirulaguntza guztiz egiaztatu bitartean inguruabar hori aldatzen bada, nahitaez jakinarazi beharko zaio Merkataritza Zuzendaritzari.

k) Erantzukizunpeko adierazpena, 16. oinarrian ezarritakoaren arabera, non adierazten den egiazkoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentazioa eta bere gain hartzen duela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluaren arabera).

Merkataritza Zuzendaritzak dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta, hala badagokio, emateko eta likidatzeko ebazpena eman aurretik egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, a), b), d) e) eta i) apartatuetako betekizunak betetzen diren. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.

Ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztatu beharko da haietan parte hartzen duten guztiek betetzen dituztela i) eta j) letretan ezarritako eskakizunak.

2.– 10.3 oinarrian aipatutako diruz lagundu daitekeen ehunekoaren igoera jaso ahal izateko, hau adierazi edo erantsi beharko da eskabidean:

a) 2024an, «Eus-commerce» edo «Retail Euskal Eskola» programetan parte hartu dutela, laguntzaren xede den establezimendua dagoen lurralde historikoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberak emana; edo «Merkabide» programan parte hartu dutela, Euskalit fundazioak emana. Programa horiek guztiak Merkataritza Zuzendaritzak bultzatutakoak dira.

b) Alta emanda dauden langileen txostena (ALT), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, dirulaguntzaren xede den establezimenduko langileek enpresa onuradunarekin lan-lotura dutela egiaztatzeko.

c) Berdintasun-plana edo lana eta familia bateragarri egiteko plana izatearen ziurtagiria, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako entitate laguntzailearen izendapena; izendapen hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok emango du.

d) Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita egoteari buruzko adierazpena.

e) Merkataritza-elkarteren batekin lotura izateari buruzko ziurtagiria, eskabide-egunean eguneratua.

f) 2024an, «Berriz enpresa» programan parte hartu izanaren adierazpena. Programa hori, hain zuzen ere, laguntzaren xede den establezimendua dagoen lurralde historikoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberak ematen du.

g) Laguntzaren xede den establezimenduak 2024an Bai Euskarari ziurtagiria edo Bikain ziurtagiria duela adieraztea, edo «Euskaraz barra-barra» proiektuan parte hartu duela adieraztea.

h) Eskabidearen xede den establezimendua 2024an energia-erkidego baten parte izan dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Merkataritza Zuzendaritzak dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta, hala badagokio, emateko eta likidatzeko ebazpena eman aurretik egiaztatuko du a), d), f) eta g) apartatuetako betekizunak betetzen diren. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.

3.– Enpresa batek hainbat establezimendutan egiten baditu inbertsioak, eskabidea egiteko aurkeztu behar den dokumentazio komuna lehenengo eskabidean bakarrik aurkeztu beharko da, ez eskabide guztietan.

14. oinarria.– Zuzentzea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzak antzematen badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea zuzentzeko edo eskatzen zaizkion agiriak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusi moduan eman beharko den ebazpenaren bidez.

2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak (espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri den jakinarazitako egintzaren edukia interesdunak eskuratzeko moduan. Jakinarazpena ez-onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan; izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du.

4.– Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, elektronikoki aurkeztu behar duela adieraziko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.

15. oinarria.– Ordezkaritza.

Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman dakioke, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

• Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/); edo:

• «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eguneratua eta behar bezala formalizatua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.

Ordezkariak identifikaziorako bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

16. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpena.

1.– Pertsona eta entitate eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, alderdi hauek zehaztuta:

a) Deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

b) Mikroenpresa edo enpresa ertain gisa hartua izateko behar diren baldintzak betetzen dituela.

c) Pertsona edo entitatea ez dagoela sartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarrita dagoen onuradun izatea galarazten duen egoera batean ere.

d) Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

e) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

g) Enpresak azken hiru urteetan jasotako de minimis laguntzak.

h) Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

i) Konpromisoa hartzen duela Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko.

j) Hala badagokio, merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberek emandako «Eus-commerce» edo «Retail Euskal Eskola» programetan edo Euskalit fundazioak emandako «Merkabide» programan parte hartu duela.

k) Hala badagokio, Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita dagoela (www.kontsumobide.euskadi.eus).

l) Hala badagokio, merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberak emandako «Berriz enpresa» programan parte hartu duela.

m) Hala badagokio, Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiria duela, edo «Euskaraz barra-barra» (https://euskarazbarrabarra.eus/) programan parte hartu duela.

n) Hala badagokio, energia-erkidego bateko kide izatearen ziurtagiria duela.

o) Ez dituela armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

p) Ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

q) Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan 4. artikuluarekin lotuta ezarritakoaren arabera.

r) Ez dagoela Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzekoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan xedatutako egoera eragozleetako batean ere.

s) Konpromisoa hartzen duela diruz lagundutako jarduketak gainfinantzaketarik ez izateko.

2.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna.

Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, administrazio- zein zigor-araubidearen arabera dagokion zehapena jasoko du.

17. oinarria.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Segidako lehiaketaren prozeduraren bitartez emango dira laguntzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Prozedura horretan, dirulaguntza jasotzeko, oinarri hauetan ezartzen diren betekizunak bete besterik ez dute egin beharko pertsona edo entitate eskatzaileek; ez da haien artean konparaziozko balioespenik egingo, ez eta baterako aintzatespenik ere.

Eskabideak modu ordenatuan aztertu eta ebatziko dira. Horretarako, eskabideak aurkezteko hurrenkerari jarraituko zaio (eguna eta ordua), espedientea osatzen den unearen arabera. Eskabidea zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, aldaketa zein egun eta ordutan egin den hartuko da erreferentziatzat.

2.– Merkataritzako zuzendariak, prozeduraren organo kudeatzailea den aldetik, laguntza-eskabidea ebazteko proposamena egingo du kasu bakoitzean. Dirulaguntza ematea proposatzen badu, hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala, finantzatu beharreko jarduketa eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Dirulaguntza ez ematea proposatzen badu, hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala eta ukatzeko proposamenaren oinarri diren zergatiak.

Eskatutako laguntza ematea proposatzen duten espedienteetan, Merkataritzako zuzendariaren txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da, bere esku dagoen informazioaren arabera, onuradun izateko proposatu den pertsona edo entitateak betekizun guztiak betetzen dituela laguntza jasotzeko.

3.– Laguntzak segidako lehiaketaren prozeduraren bidez ematearen ondorioz deialdiari 2. oinarrian esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortzen bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta ez da beste laguntza-eskabiderik onartuko argitalpen horretatik aurrera. Zuzkidura agortu den unean ebatzi gabe zeuden eskabideei ere ukatu egingo zaie laguntza, arrazoi beraren ondorioz.

18. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari dagokio eskabide bakoitzaren ebazpena ematea, Merkataritzako zuzendariak proposamena eta txostena egin ondoren. Txosten horretan jasota geratuko da, bere esku dagoen informazioaren arabera, onuradun izateko proposatu den pertsona edo entitateak betekizun guztiak betetzen dituela laguntza jasotzeko.

2.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza-eskabidea osatu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta jakinarazpenik egin ez bazaio pertsona edo entitate interesdunari, eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsi egin dela ondorioztatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 7. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzeko ondorioetarako.

Kasu bakoitzean, ebazpenak hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala, finantzatu beharreko jarduketa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduari lotzen zaiola. Eskatutako laguntza ematen ez badu, hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala, ukatzeko zergatiak eta jar daitezkeen errekurtsoak.

3.– Ebazpenak elektronikoki eta banaka jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko zaizkie pertsona edo entitate interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak bidaliz edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Pertsona eta entitate eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak eta ondorengo aldaketak banan-banan jakinarazteaz gainera, onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 26. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, pertsona eta entitate eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

19. oinarria.– Egiaztagiriak, justifikazio-epea, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta murrizketa.

1.– Eskabidea aurkezteko unean inbertsioa gauzatuta badago, egiaztagiriak ere aurkeztu beharko dira (ordainagiriak).

Laguntza eskatzea eragin duen inbertsioa ez badago gauzatuta eskabidea aurkezteko unean, gehienez bi hilabeteko epea emango da egiaztagiriak aurkezteko, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; betiere, aurkezteko gehieneko epea errespetatu beharko da: 2025eko abenduaren 1a.

Egiaztagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira 2024ko uztailaren 1etik justifikazio-aldia amaitu arteko ordaindutako gastuak.

Baliozkoak izan daitezen, ordainagiri guztietan argi eta garbi identifikatuta geratu beharko dira datu hauek: agindu-emailea (laguntzaren eskatzailea), hartzailea, faktura-zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa-data.

1.000 euroko edo gehiagoko ordainketen justifikazioa banku-transferentzien, banku-ziurtagirien edo ordainketa-laburpenen bidez egiaztatu beharko da, zerga-iruzurra prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriei buruzko uztailaren 9ko 11/2021 Legearen arabera.

3.– Ordainagiriak aurkezteko ezarritako epea igaro bada, eta ez badira aurkeztu, onuradunei eskatuko zaie hamabost eguneko epe luzaezinean aurkez dezatela dokumentazioa.

4.– Zehaztutako justifikazio-epean osorik edo partzialki ordaindu izana fakturen ordainagirien bidez behar bezala egiaztatzen den zenbatekoa soilik lagunduko da diruz, nahiz eta adierazitako kostua handiagoa izan.

Ezarritako epeetan aurkezten ez bada egiaztagiria, dagokion faktura murriztuko da, baldin eta dirulaguntzen onuradun izateko oinarri hauetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira; eta murriztearen ondorioz diruz lagundu daitekeen inbertsioa oinarri hauetan ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, laguntza ukatu egingo da, edo ezeztatu, laguntza emanda baldin badago.

20. oinarria.– Laguntza ordaintzea.

1.– Ordainketa bakarrean ordainduko da laguntza, emateko eta likidatzeko ebazpena edo, hala badagokio, likidatzeko ebazpena eman ondoren, laguntza onartzeko ezarritako epea igaro eta gero, berariaz uko egin ez bazaio. Horretarako, finantzatutako inbertsioa egin dela eta benetan zer kostu egin den justifikatu beharko da, azken zenbatekoa ordainketa bakarrean likidatuta.

2.– Ordainketa egin aurretik, egiaztatu egin beharko da pertsona edo entitate onuradunak egunean ordainduta dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak nahitaez egon beharko du inskribatuta Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan, eta alta eman beharko du erregistro horretan inskribatuta ez badago, edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu, ez badatoz bat titular duen eta laguntza jasotzeko erabili nahi duen kontuko datuekin. Telematikoki egin beharko du hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa eskatzaileak berak edo haren ordezkari batek egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/

Erregistro horretan inskribatuta dagoen banku-kontuan ordainduko da dirulaguntza.

4.– Ez da dirulaguntzarik emango diruz lagundu daitezkeen aktiboen deskribapena ondo identifikatuta ez duten fakturetarako –ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak–. Gainera, faktura horiek 100 euro edo gutxiagokoak izango dira, BEZik gabe.

21. oinarria.– Enpresa onuradunaren betebeharrak.

Betebehar hauek bete beharko ditu pertsona edo entitate onuradunak:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean, pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako aktiboek fakturaren datatik aurrera 2 urtez egon beharko dute laguntzaren xede den establezimenduan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez.

e) Helburu berarekin, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea Merkataritza Zuzendaritzari.

Hura jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Dirulaguntza emateko ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, jasotako funtsak itzultzea.

h) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

i) Pertsona fisiko eta juridikoak dirulaguntzaren entitate onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

j) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

k) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetzea, eta Administrazioaren laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo jasotzen dituzten entitateei ezarritako betebeharrak onartzea.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, alde batera utzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak.

22. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Pertsona edo entitate eskatzaileak aukera izango du eskabidean atzera egiteko. Aurkeztutako eskabidearen ebazpena jakinarazi aurretik egin beharko du atzera. Merkataritzako zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori ebazpen baten bidez, eta amaitutzat emango du prozedura.

2.– Pertsona edo entitate onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta, ordainketaren bat egin bada, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, entitate onuradun horri dagokionez.

Ukoa ez da onartuko entitate interesdunari jadanik jakinarazi bazaio deialdiaren esparruan ez-betetze edo zehapen-prozedura bat abiarazi dela. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du.

23. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– eta, hala badagokio, beste entitate publiko zein pribatu batzuetatik beste dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.k), 16.4 eta 25. artikuluek diotenaren arabera.

Ondorio horietarako, Merkataritzako zuzendariak dagokiona aldatzeko ebazpena emango du, interesdunari entzun ostean, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, kasuan kasuko berandutze-interes eta guzti.

24. oinarria.– Ikuskapena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskapen eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

Fakturetan jasotako inbertsioak laguntzaren xede den establezimenduan egindakoei dagozkiela egiaztatu beharko du funtsean ikuskapenak.

25. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

Entitate onuradunak agindu honetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legeak 36. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean egonez gero, Merkataritzako zuzendariak, ez-betetzeari buruzko espedientea hasi ondoren (interesdunari 10 egun balioduneko entzunaldia emango zaio espediente horretan), ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola jasotako zenbatekoak, dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak barne, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte, hala ezartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. artikuluak (bermeak eta dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeko prozedurak), hargatik eragotzi gabe egoki diren gainerako ekintzak abiaraztea. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta Merkataritza Zuzendaritzak proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz jardungo du.

Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

26. oinarria.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Arduraduna: Merkataritza Zuzendaritza, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.

Helburua: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak iragartzen dituen merkataritzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion ahalorde publikoak egikaritzeko (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

Hartzaileak: ogasun publikoa eta zerga-administrazioa, interesdun legitimoak, Europar Batasuneko organoak, organo judizialak, autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du bere datuak irispidean izateko, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu eta haren aurka agertzeko ere (ikusi informazio gehigarria).

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1010112

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala