
84. zk., 2025eko maiatzaren 7a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (389 KB - 34 orri.)
- EPUB (853 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
1917
AGINDUA, 2025eko apirilaren 15ekoa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2025eko ekitaldian ekipamendu zientifikoa erosteko laguntzak emateko (Inker).
Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan. Horregatik, aurrera jarraitu behar da sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin.
Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.
Administrazio Publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, xedapen hauetan ezarritako eran: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudia; 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarrita dagoenari men, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.
Kontuan hartu da lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).
Eusko Jaurlaritza berregituratu berria den honetan, eta Lehendakariaren egiturari buruzko dekretu berria argitaratzearekin batera, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sail berrira transferitu da Berrikuntza Kooperatiboko Zentroen (IKZ) kudeaketa. Antolaketa-aldaketa horrek aukera berriak irekitzen dizkie IKZei, eta, lehen aldiz, aktiboki parte hartu ahal izango dute ekipamendu zientifikoa erosteko lehiaketa honetan. Hala, lankidetza sustatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta enpresa-ekosistemaren barruan.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak sailaren 2025erako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da laguntza ekonomikoak ematea 100.000 eta 1.000.000 euro bitarteko kostua (BEZik gabe) duten ekipamendu zientifikoak erosteko 2025ean.
Deialdi honen ondorioetarako, ekipamendu zientifikotzat hartzen da I+G+B jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoen (ekipoen) multzoa.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
1.– Agindu honen xede diren laguntzetarako 4.000.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partiden kargura.
2.– Eman beharreko laguntza guztien bolumenak ez ditu gaindituko baliabide horiek edo horiek eguneratzetik eratorritako kontsignazioa, indarrean dagoen legediari jarraikiz aurrekontu aldarazpenak onesten diren kasuan.
Aukera ezartzen da deialdiaren zenbatekoa zenbateko osoaren % 50 handitzeko gehienez; hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko eskaerak aurkezteko epe berririk, ez eta ebazteko epe berri baten hasierarik ere.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Entitate onuradun izateko, entitate hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (aurrerantzean, ZTBES) Erregistroan akreditatu gisa agertu beharko da –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoa–, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean, honako kategoria hauetakoren batean:
– Oinarrizko Ikerketarako eta Bikaintasun-ikerketarako Zentroak (BERC).
– Unibertsitateen ikerketa-egiturak (UPV/EHU izan ezik).
– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).
2.– Entitate onuradunek justifikatu egingo dute ekipamendu hori beharrezkoa dutela beren proiektuak gauzatzeko.
3.– Entitate onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, betekizun hauek bete behar dituzte:
a) Ezingo dute laguntzarik jaso epai irmo baten bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorra ezarrita duten entitateek edo delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatuta dauden entitateek, zehapenak ezarritako denbora-aldian: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-aldi osoan. Laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira, halaber, estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta baita estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.
c) Entitate onuradunek egunean eduki beharko dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehazten den bezala. Gainera, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.
Betekizun horiek bete beharko dira hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
d) Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako hauetan jasotako egoeraren batean dauden entitateak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan.
4. artikulua.– Laguntza-entitateak.
1.– Deialdiko eskaera baten laguntza-entitate izango da entitate eskatzailearen alde egiten duena, betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (aurrerantzean, ZTBES) Erregistroan akreditatuta badago –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoa– kategoria hauetakoren batean:
– Oinarrizko Ikerketarako eta Bikaintasun-ikerketarako Zentroak (BERC).
– Unibertsitateen ikerketa-egiturak (UPV/EHU izan ezik).
– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).
– Teknologia-zentroak.
– Ikerketa Sanitarioko zentroak.
2.– Laguntza-entitate dira eskaera batean parte hartzen dutenak, haien ikerketa-proiektuetan eskaeraren xede den ekipamendu zientifikoa erabiltzeko konpromisoa hartzen duten ikerketa-taldeen ekarpena eginez.
5. artikulua.– Diruz lagun daitekeena eta ekipamendu eta proiektuen betekizunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamendu zientifikoak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuak, baldin eta inongo zalantzarik gabe behar-beharrezkoak badira eta 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arte egiten badira. Lizitazioa behar duten ekipamenduei dagokienez, dirulaguntza ordaintzea justifikatu ahal izango da, baldin eta ekipamendua esleitu baldin bada.
Halaber, gastu finantzagarriak izan ahal izango dira softwareko lizentzia iraunkor espezializatuak, ikerketarako baino ez direnak eta eskatutako ekipamendua erabiltzea ahalbidetzen dutenak.
Proiektuaren kostuen auditoretzari dagozkion gastuak ere finantzatu ahal izango dira. Auditoretza-kostua gehienez 1.500,00 eurorekin lagunduko da, proiektuko eta entitate onuraduneko.
Ezin izango dira hautatu dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.
Ekipamendua eskuratzeko kostuak ez du inola ere merkatuko balioa gaindituko.
2.– Ekipamenduek egokiak eta beharrezkoak izan behar dute eskaeran parte hartzen duten entitateetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2026ko abenduaren 31ra arte garatuko dira, ekipamendua entitate onuradunean funtzionatzen hasten denetik aurrera.
Ez dira inola ere diruz lagunduko eskaera aurkeztu aurretik eskuratutako ekipamenduen gastuak.
3.– Dirulaguntza eman den xede jakinera bideratuko dira agindu honen bidez diruz lagundutako ondasunak, gutxienez bost urtez erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunak badira, eta gutxienez bi urtez gainerako ondasunak direnean.
4.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua erabiliko duten proiektuak administrazio publikoek finantzatu beharko dizkiete espresuki eskaeran parte hartu duten entitateei, lehiaketa bidezko deialdi publikoen bitartez.
Ekipamendua eskatzen duen proiektua ez da onartuko baldin eta proiektuko ikertzaile nagusiak ez badu parte hartzen.
5.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo tronkala, eta 100.000 euro edo gehiagoko eta 1.000.000 euro edo gutxiagoko kostua izango du. Hala ere, gailu horrekin batera, aukerako zenbait osagai edo modulu eros daitezke, baldin eta gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu tronkalari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.
Ezin izango dira finantzatu firma komertzial baten baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, baldin eta guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago eskatu.
6.– Ekipamendu bat beste erakunde batekin kofinantzatzen bada, hori emateko ebazpenak erakunde horrek ekipamendua erosteko zer finantzaketa ematen duen adieraziko du. Ekipamendu horrek deialdi honetan eskatutakoaren berbera izan beharko du.
7.– Ekipamenduek langile espezializatuak behar izango dituzte, baita mantentze-lan zorrotzak ere. Hori dela eta, eskaeran parte hartzen duten entitateek ekipamenduaren eskuragarritasun eta errentagarritasun ahalik eta handienak egiaztatu behar dituzte. Horretarako, ekipamendua erabiltzeko operadore egokiak eta ekipamenduaren urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.
8.– Eskaeran laguntza-entitateren batek parte hartzen badu, eskatutako ekipamenduaren erabilera kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da, eskaeran parte hartzen dutenek bete beharko dutena.
9.– Deialdi honetatik beren-beregi baztertzen dira hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzariak, eta kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.
10.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.
11.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da betearazpen-aldian egin eta agindu honetan ezarritako gastuak justifikatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta horiek zehaztea.
1.– Onartutako proiektu bakoitzaren ekipamenduak erosteko laguntzen zenbatekoa zehazteko, organo kudeatzaileak onartutako diruz laguntzeko moduko ekipamenduaren kostuari (BEZik gabe) % 90eko portzentajea aplikatuko zaio.
Dirulaguntza jasoko duen eskaera bakoitzerako onartutako kofinantzaketak eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak eginiko gomendioak kontuan hartuta zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.– Entitate eskatzaileak konpromisoa hartuko du deialdi honen bidez jasoko duen laguntza osatzeko zenbatekoa jartzeko, harik eta, gutxienez, eskatutako ekipamendurako organo kudeatzaileak onartu duen eskaeraren zenbatekora iritsi arte; zenbateko hori aurreko paragrafoan deskribatu da.
3.– Erosketak dakartzan zergak ordaintzeko kostuak, ordea, ez dira finantzatuko.
7. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.
1.– Eskaeran, gutxienez hiru ikertzaileko ikerketa-talde bat jasoko da, zeina eskaera aurkezten duen entitatekoa izango baita. Eskaeran laguntza-entitate batek edo gehiagok parte hartzen badute, gutxienez hiru ikertzaileko ikerketa-taldeak aurkeztuko dira entitate bakoitzeko, eta horiek ere dagokien erakundeko ikertzaileak izan behar dira. Ikertzaile horien guztien multzoa izango da ekipamendu zientifikoa erabiliko duen proiektuko edo duten proiektuetako ikerketa-taldea.
2.– Gailua erabiliko den proiektuetako ikertzaile nagusiek ekipamenduaren eskaeran parte hartu beharko dute ikerketa-talderen batean: entitate eskatzailea edo laguntza-entitatea.
3.– Ikertzaile bakoitzak, ikertzaile nagusiak barne, eskaera bakarrean parte hartu ahal izango du deialdi honetarako, dela entitate eskatzaileko kide gisa, dela laguntza-entitateko kide gisa. Eskaera batean baino gehiagotan parte hartuz gero, horren berri emango da, horietako zeinetan parte hartuko duen aukera dezan, eta gainerako eskaeretan baztertuta geratuko da.
Doktorego-tesia egiteko kontratatutako pertsonek ezin izango dute ekipamenduen eskaeran parte hartu (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera).
4.– Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adieraziko du zenbat ordu konprometitu dituen 2025. eta 2026. urteetarako emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan. Hori horrela, ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko die esleitu eta konprometitutako jarduerei.
5.– Entitate eskatzaileak edo laguntza-entitateak deialdiko eskaerak entregatzeko epea amaitu baino lehen kontratatu behar du ikertzaile bakoitza, gutxienez 2026ko abenduaren 31ra arteko aldirako, eta ekipamendua erabiliko duten proiektuetan aurreikusitako dedikazio berbererako, gutxienez.
6.– Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatutako obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, argi gelditu dadin nahiko ordu eskain diezazkiela proiektutan konprometitutako jarduerei.
7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta entitate bati atxikita badaude, entitate horretako langileak direla ulertuko da. BERCetako edo IKZetako bati atxikitako UPV/EHUko irakasleak BERCeko edo IKZko langileak direla ulertu ahal izango da, dagokion atxikipen-agirian zehaztutako iraupen eta dedikazioarekin.
8. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.
9. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu. Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako dokumentuak manipulatzeak eskabidea ezestea ekarriko du.
2.– Eskaeraren edukia deialdi honen I. eranskinean dago. Eskaera egiteko inprimakia III. eranskinean dago jasota, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragai, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/
Eskaera bi urratsetan egin beharko da:
Lehenik, laguntza eskatzen duen ikertzaile nagusia ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu beharko da aplikazioan (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz), eta zehaztutako jarraibideei segitu beharko die, harik eta eskaera osorik bete arte.
Ondoren, eskabidea aplikazioan bete eta gero eta agindu honen I. eranskinean azaldutako dokumentazio osagarria gehitu ondoren, entitateak edo legezko ordezkariak eskabidea elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, entitate eskatzaileak eskabidea elektronikoki sinatzeko entitatearen txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste organismo publiko batzuetan.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskabidean, eta Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatutako aplikazioan, elektronikoki.
5.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso beharko ditu: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua.
6.– Entitate batek baino gehiagok erabiliko dituen ekipamenduen kasuan, 3. eta 4. artikuluetan adierazitako entitateak izan beharko dira. Horietako bat eskatzailea izango da, eta gainerakoak laguntza-entitateak. Entitate eskatzailea izango da eskaeraren koordinatzailea: ekipamendua eskuratzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, eta administrazioarekin harremanetan egongo da. Berariaz adieraziko da hori eskaeran, bai eta horren alde egingo duten eta, beraz, ekipamendua erabiltzeko eskubidea izango duten entitateak zeintzuk diren ere.
7.– Agindu honen bidez diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen dituenez, entitate eskatzaileak ekipamendua eskuratzeko hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez eskaeran. Ez du halakorik egin beharko, dena dela, ekipamenduak hornituko dituen entitate kopuru nahikorik ez badago merkatuan, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da eskaeran.
8.– Deialdi hau kudeatzen duen organoak behar beste aldiz automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten entitateek egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Dirulaguntzen Araubide Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoarekin.
Dena dela, eskatzaileak berariaz erabili ahal izango du baimen horri aurka egiteko eskubidea. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.
10. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskaerako hutsak zuzentzea.
Zorrotz bete beharreko epe bat adieraziko duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzeko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:
1.– Dirulaguntza-eskaerak osorik beteta etorri ezean edo aginduzko agiri guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko dokumentazioa aurkezteko eskatuko zaie entitate eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hutsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko zaio eskatzaileari (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.
2.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak eginiko jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dira inola ere egindako jakinarazpentzat hartuko.
11. artikulua.– Hautaketa-batzordea. Ebaluazio-prozedura.
1.– Hautaketa-batzordeak egingo du laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpen-proposamena, betiere agindu honetan jasotzen diren baldintzak behar bezala ezartzen direla zainduz, batez ere ebaluatzeko irizpideei dagokienez. Aurrez erabaki beharko dute zein eskaera onartu izapidetzeko eta zein ez.
2.– Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Zientzia Politikako zuzendaria (batzordeburua izango da); Maialen Agirre Pinedo, Berrikuntzako zuzendaria; eta Iban Ariznabarreta Barrutia, Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikaria (idazkaria izango da).
3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu: onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio hautaketa-batzordeak Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari, zeinak 12. artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, 7. irizpiderako izan ezik. Zazpigarren irizpide horrek proiektuen kofinantzaketa du hizpide, eta hautaketa-batzordeak berak baloratuko du. Ebaluatzeko bi esku-hartze horien emaitza izango da puntuazio orokorra.
12. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatzeko xedez, hautaketa-batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:
(Ikus .PDF)
2.– Salbuetsitako irizpideen balorazioa.
Aurreko zerrendako 7. irizpidea baloratzeko –eskatzen diren ekipamenduen kofinantzaketari buruzkoa–, honako kalkulu hau egingo du hautaketa-batzordeak:
Kofinantzaketa-irizpidearen balioa = [(kofin. koef.) / 0,80]*10
Gehienez 10 puntu, non:
– Kofinantzaketaren koefizientea (kofin. koef.) = egiaztatu eta onartutako ekipamenduaren kofinantzaketa / eskatutako ekipamenduaren zenbateko garbia.
3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren II. eranskinean jaso dira irizpideak zehatzago baloratzeko aspektuen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.
4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, lehenik 1. irizpidearen –berdinketak jarraitzen badu, 5. irizpidearen– eta gero 8. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-inprimakian agertuko da.
13. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Hautaketa-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaeren ebaluazioa oinarri hartuta. Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta balorazio-fasean lortu duen puntuazioaren araberako lehentasun-ordenari jarraikiz zehaztuko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa 6. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz esleituko da, harik eta 2. artikuluan zehaztutako horretara bideratutako kreditu erabilgarria agortu arte.
2.– Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik lagun daitezke diruz.
3.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua eskuratzeko beste erakunde baten kofinantzaketa irmoki esleituta badago, esleituko den zenbatekoa hautaketa-batzordeak ekipamendurako onartutako kostuari beste entitate horrek emandako kofinantzaketaren zenbatekoa kenduta ateratzen den emaitza baino txikiagoa izango da.
14. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.
1.– Hautaketa-batzordeak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak esleitu egingo ditu, eskuragarri dagoen kreditua agortu delako dirulaguntzarik jaso ez duten eskaerekin erreserba-zerrendak egingo ditu, eta, hala badagokio, eskabideak ukatu, eta bazterketak zehaztuko ditu, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri artikulu honetako 3. apartatuaren arabera jakinaraziko da.
2.– Ebazpenean, erreferentzia hauek jaso behar dira:
Eskaera guztietarako:
– Eskaeraren kodea.
– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.
– Entitate eskatzailea.
– Laguntza-entitatea, halakorik badago.
Finantzatutako eskaeretarako:
– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.
– Entitate eskatzaileari esleitutako laguntzaren zenbatekoa.
Ukatutako edo baztertutako eskaeretarako:
– Ukatzeko edo baztertzeko arrazoia.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adierazteko nortzuk diren onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bi hilabeteetan.
Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpenaren argitalpenari buruzko abisuak helarazi ahal izango dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dira inola ere egindako jakinarazpentzat hartuko.
4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Deialdi hau argitaratzen denetik aurrera sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, ebazpena emateko epe hori eten egin ahal izango da, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak 11.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin beharreko txostenak direla medio, txosten horiek eskatu eta jaso bitarteko aldian. Etenaldiak ezin izango du inola ere hiru hilabete baino gehiago iraun.
5.– Baldin eta entitate eskatzaileak ez badio berariaz uko egiten hamar eguneko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik aurrera, dirulaguntza onartu egiten duela ulertuko da.
6.– Aurreko apartatutan adierazitako epe horretan laguntza ez bada onartzen edo laguntzari uko egiten ez bazaio, artikulu honetako 1. apartatuan xedatutako erreserba-zerrendan dagoen entitateari edo entitateei emango zaie laguntza hori, zerrenda horretan duten postuaren arabera. Laguntzaren edo laguntzen zenbatekoak ez du gaindituko entitate onuradun uko-egileari emandakoa, ezta, deialdian kreditu nahikoa egon izan balitz, balorazio-fasean puntuazio-irizpidea aplikatuta entitateak lortuko zukeen zenbatekoa ere.
Aurreko apartatuan ezarritako epea amaitu ondoren egiten bada uko, era berean jardungo da.
7.– Baldin eta deialdi honetan parte hartu duen entitate eskatzaileren batek beste erakunderen baten kofinantzaketa lortu badu ekipamendu berbera erosteko eskaera aurkeztu edo ebazpena eman eta gero, horren berri eman beharko dio Zientzia Politikako Zuzendaritzari, gainfinantzaketarik egonez gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa behar beste murrizteko.
15. artikulua.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratzearekin. Baldin eta onuradunak beste entitate baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdi batean parte hartu badu eta ekipamendu beraren erosketa zati batean finantzatu bada, gelditzen den zatia finantzatu ahal izango da deialdi honen bidez. Nolanahi ere, finantzaketa osoak ezin izango ditu eskatutako beharrak gainditu. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.
16. artikulua.– Dirulaguntza igortzeko baldintzak.
Emandako dirulaguntza 14.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, igorpen bakarrean ordainduko zaio entitate eskatzaileari dirulaguntza osoa 2025ean, betiere 17.1 artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu eta gero.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren erabileraren jarraipena.
1.– Dirulaguntza 14.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, eta 2025. urtea amaitu baino lehen, finantzatutako ekipamendu zientifikoaren erosketaren jatorrizko fakturak aurkeztu beharko ditu entitate eskatzaileak, telematikoki eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko da fakturetan.
Halaber, erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztu beharko du eskatzaileak. Bertan adieraziko du ekipamendu zientifiko berbera eskuratzeko beste erakunde publiko zein pribaturen baten kofinantzaketa jaso duen ala ez. Hala bada, jasotako finantzaketaren akreditazioa aurkeztu behar du, zenbatekoa zehaztuta.
2.– Ebazpena onartu eta urtebete igaro ostean, eskuratutako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruzko txostena aurkeztu beharko du entitate onuradunak, telematikoki eskura dagoen aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin; txosten horrek, gutxienez, apartatu hauek jasoko ditu:
a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.
b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.
c) Baldin eta beste laguntza-entitate batekin partekatutako eskaera bat bada, talde eskatzaileen artean ekipamendua batera erabiltzeko programa.
18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan xedatutakoak edo Dirulaguntzei buruko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:
1.– Entitate onuradunak, ikerketa-taldearen bitartez, agindu honetan zehaztutakoari eta Zientzia Politikako Zuzendaritzaren jarraibideei jarraikiz egingo ditu gastuak. Proiektuaren dirulaguntzari egotzitako gastu guztia behar bezala justifikatu beharko da, onartutako horniduraren arabera.
2.– Gastua behar bezala egiaztatu beharko da, gastuen fakturak edo merkataritza-balioa duten agiriak aurkeztuta. Jatorrizko agiri horiek entitate onuradunak gorde beharko ditu, eta organo kudeatzailearen esku egongo dira edozein egiaztapen egiteko.
3.– Entitate onuradunak organo-emaileari jakinarazi beharko dio beste edozein entitate edo administrazio publikok zein pribatuk diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideak lortu izana.
4.– 17.1 artikuluan aurreikusitako fakturak aurkezten diren egunetik aurrera gutxienez bost urtez, entitate onuradunek egin dituzten eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzen dituzten fakturak eta gainerako dokumentazio guztia gorde beharko dituzte, bai eta deialdiari buruzko beste dokumentazio oro ere. Entitate onuradunek deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz organo horiek beren zereginak gauzatzean eskatzen dieten dokumentazio eta informazio guztia emango diote Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
5.– Entitate onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren laguntza jaso dela adierazi beharko da.
6.– Entitate onuradunak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoari laguntza ematera, eta erakunde horrek dagozkion ekonomia-, finantza- eta kudeaketa-kontroleko eginkizunak betetzeko eskatzen dizkien dokumentu guztiak aurkeztera.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, baldin eta dirulaguntzaren xedea bete bada, edo beste entitate publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntza edo laguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, behar bezala justifikatu edo egiaztatu ez diren gastuak laguntzeko diru kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.
Horretarako, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:
– Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa murriztu egingo da, justifikatu ez den gastua adina.
– Entitate onuradunak ekipamendu berbera erosteko beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu eta deialdi honen ebazpenean esleitutako zenbatekoak gainditzen badu hautaketa-batzordeak onartutako ekipamenduaren kostuari kofinantzaketaren bidez eskuratutako zenbatekoa kenduta geratzen dena, emandako dirulaguntza behar beste murriztuko da.
2.– Aldaketa horiek bidezkotzat jo daitezke, baldin eta agindu honen bitartez lagundutako proiektuek honako gutxieneko betekizun hauek betetzen badituzte:
– 7.1 artikuluan deskribatutako ikerketa-taldeen osaera.
– Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 7.5 artikuluan deskribatua.
– Proiektuaren guztirako gastuaren % 40 baino gehiago egin izana, gutxienez, eta 17.1 artikuluan adierazitako moduan justifikatzea.
Betekizun horietakoren bat betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak diren berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra sortuko da.
20. artikulua.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoia.
1.– Baldin eta egiaztatzen bada ez direla betetzen dirulaguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta zehazki, ondoren adierazten diren ez-betetzeen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena) ezarritakoari jarraituz.
2.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean laguntzen eta dirulaguntzen arloan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduren 21eko 20/2023 Legean azaldutako kausez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:
3.1.– Ikertzaile nagusiak edo dirulaguntza eskatu duen entitate onuradunaren legezko ordezkariak ekipamenduari uko egitea, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoaz bestelako erakunde batera joatea, edo EAEtik kanpo lanera joatea eta emandako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza arriskuan jartzea.
3.2.– Ekipamendu batean beste iturri batzuetatik datorren finantzaketa metatzea edo beste entitate publiko edo pribatu batzuei ekipamendu horren aldaerak aurkeztea, finantzaketa eske, behar adina justifikatu gabe eta aurretik Zientzia Politikako Zuzendaritzari jakinarazi eta hark onartu gabe.
3.3.– Ez betetzea deialdi honetako oinarriak eta administrazio-agiriak (osorik edo partez).
3.4.– Dirulaguntza ez erabiltzea agindu honetan ezarritako epeetan, justifikatuta ez badago behintzat.
3.5.– Dirulaguntza jaso zuen ekipamenduaz bestelako bat erostea, justifikaziorik gabe.
3.6.– Ez adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren babesa entitate onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen duten proiektuen esparruan egiten diren argitalpen zientifikoetan.
4.– Nolanahi ere, aurreko apartatuetan adierazitakoak ez du eragotziko ekipamendu zientifiko berbera erosteko beste erakunde publiko zein pribatu baten kofinantzaketa jasotzea, dirulaguntza ordaindu eta gero. Hori gertatzen bada, 13.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz murriztuko da emandako dirulaguntza, eta, hortaz, jasotako zenbatekoari dagokion zati proportzionala itzuliko da.
5.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da –dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira–, hargatik eragotzi gabe bideratu beharreko beste ekintza guztiak. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
21. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketarako).
Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.
Xedea: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz eginkizun bat betetzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
Hartzaileak:
– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ogasun eta Finantza Saila.
– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
Eskubideak: entitate eskatzaileak eskubidea du datuak eskuratzeko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: entitate eskatzaileak datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsultatu dezake gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 15a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
I. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA
1.– Eskaeran, honako informazio hau jasotzen da:
a) Nortasuna: entitate eskatzailearena, sinadura elektronikoaren bidez; ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren bidez; eta laguntza-entitateena, IFKren bidez.
b) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.
c) Aktiboan edo eskaera-fasean diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan, eskatutako proiektua garatzen ari delarik, ikerketa-taldeak parte hartuko duen, baita ekipamendua erabiliko den proiektuena ere.
d) Ekipamendu zientifiko bera erosteko beste entitate batzuetatik jasotako finantzaketaren gaineko informazioa, finantzabideak eman dituen erakundea zein den eta eskatutako edo emandako zenbatekoa adieraziz, baldin eta hori dagoeneko ebatzita badago.
e) Eskatutako ekipamenduaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoen gaineko informazioa.
f) Aurreikusitako inpaktu zientifikoari, teknologikoari eta sozioekonomikoari buruzko informazioa, ekipamendu zientifikoaren erabileraren ondoriozkoak.
g) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 3.3 artikuluan jasotako betekizunei buruzkoa.
h) Entitate eskatzailearen adierazpena, hauei buruzkoa:
1) Ekipamenduaren erosketan, onuradunari dagokion zatia ordaintzeko konpromisoa, 6.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, baldin eta dirulaguntza ematen bada.
2) Entitate eskatzailearen konpromisoa, ekipamendua erabiltzeko eta mantentzeko; konpromiso horretan, adierazi beharko du zein sistema erabiliko duen ekipamendua erabiltzeko (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatuz.
2.– Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:
2.1.– Dokumentazio teknikoa:
Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioaren bidez, aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egingo da.
a) Memoria teknikoa, proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatzeko. Bertan adierazi beharko da zergatik diren beharrezko orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez orain eskatzen diren teknika eta tresna horiek. Bere inguru zientifikoan ekipamendu hori dagoen edo ez.
b) Ekipamendu zientifikoaren eta bere osagaien balorazio ekonomikoa.
c) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitae laburtua (azken sei urteetakoa, deialdia egiten den egunetik aurrera), ikertzaile bakoitzaren sinadurarekin eta horretarako prestatutako txantiloia erabilita. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei agiriak zuzentzeko eskatuko zaie.
d) Ekipamendua kofinantzatzeko eskaeraren kopia, hala dagokionean.
e) Kofinantzatutako ekipamenduaren ebazpenaren kopia, hala dagokionean.
f) Eskatutako ekipamenduaren proformako fakturak, gutxienez hiru firma komertzial ezberdinek emandakoak, 9.7 artikuluaren arabera, ala hori egin ezin izanaren justifikazioa.
g) Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.
2.2.– Dokumentazio administratiboa:
a) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2025-2026 aldian aktibo dauden proiektuei zenbat denbora eskainiko dien adierazita; horrez gain, zehaztu behar da zenbat denbora eskainiko zaion kofinantzatutako proiektuari, 7.4 artikuluaren arabera.
b) Entitate eskatzailearekin edo laguntza-entitatearekin parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren lan-egoerari buruzko dokumentazioa (kontratua), hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, gainera, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, aipatutako obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, 7.6 eta 7.7 artikuluei jarraikiz.
c) Ikerbasquek kontratatu badu, zentro eskatzaileari atxikitzeko agiria, 7.8 artikuluaren arabera.
d) Eskaeran parte hartzen duten erakundeetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketa-fakturak, egungo egoera, ekipamenduaren azken urteko erabileraren estatistika (bat etorriz erabileraren erregistroko liburuxkarekin) eta ekipamendu berriak aurrekoarekiko dituen abantailen deskribapena.
e) Eskaeran laguntza-entitate batek parte hartzen badu, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta entitate eskatzaileak sinaturik, eta araudi horrek bermatuko du ekipoaren erabilera beste ikerketa-talde batzuekin partekatuko dela.
f) Hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak lortzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz 3.3.a artikuluan xedatutakoarekin lotutako dokumentazioa.
g) Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.3.c artikuluan aipatutakoak, horiek aurka egiteko eskubidea erabili dutenean, 9.8 artikuluan aurreikusi bezala.
h) Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.
RSS