Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2025eko maiatzaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1915

EBAZPENA, 2025eko martxoaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, honako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko: Bizkaiko Ugao-Miraballes, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Zeberio eta Arteako udalerrietan, STR Miraballes CTO.4 (Zeberio) izenekoa zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko proiektua (STR Miraballes (4530) eta 9049 euskarriaren ingurukoa), I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresak sustatua.

AURREKARIAK

2025eko urtarrilaren 15ean eta otsailaren 4an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak egindako eskaerak jaso genituen. Horietan, honako proiektu honen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskatu zuten: Bizkaiko Ugao-Miraballes, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Zeberio eta Arteako udalerrietan, STR Miraballes CTO.4 (Zeberio) izenekoa zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko proiektua (STR Miraballes (4530) eta 9049 ingurukoa), I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresak sustatua. Hori dena Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Bizkaiko Ugao-Miraballes, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Zeberio eta Arteako udalerrietan, STR Miraballes CTO.4 (Zeberio) izenekoa zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko proiektua (STR Miraballes (4530) eta 9049 ingurukoa), I-DE, Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresak sustatua.

– Inpaktu-azterketa. Egikaritze-proiektua. 2024ko maiatzekoa: 13,2 kV-eko Miraballes banaketako transformazio-azpiestazioa, 4. zirkuitua (Zeberio)» izeneko zirkuitu sinpleko erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzea, Miraballes banaketako transformazio-azpiestazioaren (4530) eta 9049 zenbakidun euskarriaren artean, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Zeberio eta Arteako udal-mugarteetan (Bizkaia).

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzei buruzko dokumentuak.

– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Zehazki, aztergai den proiektua eranskin horretako D3. Industria energetikoa taldean dago, 3 h) apartatuan: «Energia elektrikoaren transmisiorako aireko lineen zortasun-eremuak zabaltzea, zuhaitz edo zuhaixka-estalkiaren garapenerako murrizketa dakarrenean linearen inguruko zerrendan, 5 km-ko edo gehiagoko luzerarekin, jarraian edo etenda kontatuta».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo denez, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehituta espedientean, kontsulta publikoak eginez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartuz.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, berak daukanez eskumena –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, eta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera–, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du, proiektuaren proposamenean ingurumen-alderdiak txertatzeko eta aplikazioaren inpaktu esanguratsuen aurreikuspenari buruzko iritzia azaltzeko, baita azkenean, ingurumenari begira, txertatzekoak izango diren zehaztapenak ere aipatzeko.

Orain arte adierazitakoa aintzat hartu da, eta, halaber, espedienteko txostenak aztertu eta honako hauek guztiak ikusi dira: 18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Eta horiek guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren gaineko adierazpena formulatzea honako proiektu honi buruz: Bizkaiko Ugao-Miraballes, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Zeberio eta Arteako udalerrietan, STR Miraballes CTO.4 (Zeberio) izenekoa zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko proiektua (STR Miraballes (4530) eta 9049 euskarriaren ingurukoa).

Proiektuaren xedea da 13,2 kV-eko Miraballes banaketako transformazio-azpiestazioa, 4. zirkuitua (Zeberio) izeneko zirkuitu sinpleko erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea Miraballes banaketako transformazio-azpiestazioaren (4530) eta 9049 zenbakidun euskarriaren artean, baita linea-adarretan ere. Goi-tentsioko aireko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean oinarritzen da handitze hori.

Proiektu honek erasango dituen linea nagusiak eta linea-adarrek 25,262 km-ko luzera dute, eta horietatik 14,201 km zuhaiztietatik pasatzen dira. Proiektu honetan aurreikusitako babes-eremuaren zabaltzeak 9,91 ha-ko lur-azalerari eragingo dio. Lineak hormigoi dardaratuko euskarriak ditu, bai eta sareta metalikoak ere. Eroaleak LA-110, LA-56, D-56, CU-35, D-80 eta D-40 motetakoak dira.

Lineak gurutzatu egiten dira, edo parean doaz, errepide-sarearekin (0,541 km), trenbide-sarearekin (0,035 km) eta sare hidrografikoarekin (3,239 km).

Proiektatutako jarduketak gauzatzeak berekin ekarriko du, gauzatuz gero, makinen joan-etorria, linea elektrikoaren zortasun-zerrendako baso-landaredia moztu edo inaustea eta sortutako baso-hondakinak kudeatu beharra. Ingurumen-inpaktuaren azterketak adierazten du ez dela aurreikusten sarbide berririk irekitzea, dagoeneko eginda daudenak erabiliko direlako.

Hona hemen mozketa- edo inauste-lanak gauzatzeko ingurumen-inpaktuaren azterketan zehazten diren irizpideak:

– Espezie autoktonoak dauden eremuetan (haritzak, sahatsak, haltzak, lizarrak), linean eragina izan dezaketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago inausiko, eta eremuko zaintzaileak gainbegiratuta egingo da hori, geldialdi begetatiboan.

– Haltzadian, mozketa oso txikia izango da, eta linearekin talka egiten duten aleetan baino ez da jardungo. Linea oztopa dezaketen oinak 2 eta 3 metro bitarteko altueran lepatuko dira. Halaber, inausitako adarrak fintzeko bigarren mozketa bat egingo da, eta zuhaitzaren alde guztiak inausi, dena orekatuta gera dadin.

– Zuhaitza oinarritik moztu ahal izango da behar-beharrezkoa bada, eta eroaleen proiekzioaren pean badago soilik.

Proiektu osoa gehienez urtebeteko epean garatu nahi da.

Proiektuaren xedea ezarritako erregelamenduzko xedapenak betetzea dela kontuan hartuta, ez da hura garatzeko alternatibarik planteatzen.

Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78. artikuluan xedatzen denaren arabera):

A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Aztergai dugun linearen trazadura Ugao-Miraballeseko udal-mugartean hasten da, eta Zeberioko udal-mugartean amaitu, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga eta Artetik igarota. Ipar-mendebaldetik hego-ekialderantz doa trazadura nagusia; iparralderantz, hiru linea-adar; ekialderantz, linea-adar bat; eta linea-adar txikiago batzuk. Aztergai dugun linea 25,262 km luze da, eta horietatik 14,201 km zuhaiztietatik pasatzen dira.

Trazadura Nerbioi II, Zeberio eta Arratia ibaien arroetan doa, denak ere Ibaizabal Unitate Hidrologikokoak (aurrerantzean, UH). Ingurumen-dokumentuaren arabera, trazadurak 66 puntutan zeharkatzen du jabari publiko hidraulikoa.

Linearen eta haren linea-adarren luzera dela eta, instalazioan iragazkortasun desberdineko tipologia litologiko ugari identifikatu dira. Era berean, akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun oso txikia eta txikia duten lurzoruak identifikatu dira nagusiki, baina Zeberio udalerriaren iparraldean dauden tarteetan badira urrakortasun ertaina duten eremu txiki batzuk ere.

Eremua hego antiklinorioko jabari hidrogeologikoan eta Arabako Plataforman dago. Arrankudiaga-Zollo, Ugao-Miraballes eta Arrigorriagako udal-mugarteetan dagoen trazaduraren zati batek kuaternarioko Balmaseda-Elorrio lurpeko ur-masen sektorea ukitzen du, zeina interes hidrogeologikoko eremutzat jotzen baita. Zeberioko udalerriaren trazaduraren zati bat interes hidrogeologikoko eremuetan kokatuta dago baita ere.

Eremuak ez du ukitzen Natura 2000 Sareko naturagune babesturik, eta jarduketetatik hurbilen dagoena Gorbeiako Kontserbazio Bereziko Eremua (aurrerantzean, KBE) da (ES2110009) (ES210001 Gorbeia Parke Naturala gisa ere katalogatua), Zeberioko Lejarzaburu transformazio-zentrotik 325 m hego-mendebaldera dagoena. Inbentarioan jasotako natura-intereseko eremuei dagokienez, Arrankudiaga-Zollo, Ugao-Miraballes eta Zeberioko udal-mugetatik igarotzen den linearen hasierako tartearen zati batek Gorbeia-Urdaibai igarobide ekologikoaren trazadura ukitzen du (lurralde-antolamenduaren gidalerroen (aurrerantzean, LAG) azpiegitura berde gisa dago jasota inbentarioan). Gainera, Nerbioi ibaia ere LAGen azpiegitura berdetzat hartzen da.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, ingurunean hainbat fauna-espezie daude, baso-inguruneei, sastrakei, belardi eta laborantzei eta hiri-kokaguneei lotuta.

Proiektuaren eremuko ibilgu guztiak bisoi europarraren babes-eremuan daude (Mustela lutreola); Zeberioko arrokoak interes bereziko eremutzat hartzen dira, eta Nerbioi II eta Arratia arroetakoak, berriz, hobetu beharreko tartetzat.

Bestalde, linea elektrikoaren 3711. eta 3718. euskarrien arteko eremua abifauna babesteko Urkiolako babes- (aurrerantzean, HBE) eremuan sartzen da. Eremua Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez deklaratu zen. Horren bidez, mehatxupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen. Aipatutako eremuan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (abifauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena). Dena den, linea elektrikoaren trazadura zati hori ez da abifauna babesteko baldintza teknikoetara egokitzen.

Linearen azken zatiaren hegoaldean, Lejarzaburu transformazio-zentrotik eta 4419. euskarritik 325 metro ingurura, Gorbeia dago, interes bereziko eremutzat eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremutzat jotakoa, EAEko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren arabera.

Dagoen landaredia kontuan hartuta, linea elektrikoak zenbait habitat zeharkatzen ditu, hala nola baso autoktonoak, belardi naturalak, soro landuak edo baso-sailak, besteak beste. Batasunaren intereseko hainbat habitat identifikatu dira (aurrerantzean, BIH): 4030 Txilardi lehor europarrak, 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior-eko ibarbasoak (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) (*), 6510 Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), 6210 Kare-substratuen gaineko larre lehor erdi-naturalak eta sastrakadi-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea azpimarragarriak dituztenak). Aurkeztutako informazioaren arabera, ez da identifikatzen espezie mehatxaturik proiektua egin nahi den eremuan.

Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera (aurrerantzean, LPS), linea elektrikoa, besteak beste, «Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa: balio estrategiko handia», «Nekazaritza nahiz abeltzaintzakoa: trantsizioko landa-paisaia» eta «Basoa» gisa katalogatutako lursailetatik igarotzen da. Baso-praktikak onargarritzat (2 eta 2a) jotzen dira horietan guztietan, baina balio estrategiko handiko lurzoruen kasuan, beharrezkoa izango da nekazaritzako eta basogintzako jardueraren gaineko eraginaren azterketa bat egitea.

Linea elektrikoak Ugao-Miraballes, Zeberio, Zubialde eta Arratiako ikuspen-arroak zeharkatzen ditu, eta horiek ez dira EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartzen (Eusko Jaurlaritza, 2005). Gainera, Arrigorriagako udal-mugartean dagoen onura publikoko mendi batetik (aurrerantzean, OPM) igarotzen da.

Linea elektrikoaren trazadurak arkeologia-intereseko eta eraikitako elementu asko ukitzen ditu.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten inbentariatutako zenbait lurzati daude. Gainera, linearen trazadura baso-suteen zein higaduren arrisku-maila desberdinak –maila oso baxuak batzuek eta oso altuak beste batzuek– dituzten eremuetatik igarotzen da. Halaber, Arrankudiaga, Ugao-Miraballes eta Arrigorriaga udalerrietatik igarotzen den linearen zatia salgai arriskutsuak trenbidez nahiz errepidez garraiatzeari lotutako arriskuen afekzio-zerrendaren barruan dago.

Uholde-arriskuari dagokionez, Zeberioerreka ibaitik eta Nerbioi ibaitik hurbilen dauden lineako zatiak –Arrankudiaga, Ugao-Miraballes eta Arrigorriaga udalerrietan– 10, 100 eta 500 urteko uholde-arriskuko eremuetan daude, bai eta lehentasunezko fluxu-eremuan ere.

Proiektutik eratorritako inpaktu nagusiak obra fasean gertatuko dira, makinen joan-etorriaren ondorioz lurzorua okupatzeagatik. Era berean, proiektatutako jarduketek zenbait zuhaitz-ale zuzenean kentzea eta intereseko fauna-habitatei eta haien konektagarritasun ekologikoari eragitea ekarriko dute. Zehazki, mozketek edo inausketek ukituko duten landaredia 97.715 m2-koa izango dela kalkulatzen da.

Hori horrela, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz, ingurumen aldetik sentikorrak diren zonetan ahalik eta eragin gutxien ekarriko duten mozketetarako irizpideak hartuko dira, eta jarduketa-eremuetarako sarbidea, ahal den neurrian, dauden bideetatik edo korridoretik egingo da. Ingurunean dauden BIHen gaineko eraginei dagokienez, ingurumen-dokumentuaren arabera, mozketak edo inausketak 4030 BIHaren 0,004 km2-ri, 6210 BIHaren 0,0007 km2-ri, 6510 BIHaren 0,013 km2-ri eta 91E0* BIHaren 0,015 km2-ri eragingo die. Arrigorriagako udalerriko OPMaren gaineko eraginari dagokionez, 122,9 m2 pinu moztea eta 732,2 m2 arte eta haritz inaustea aurreikusten da.

Horrez gain, deskribatutako jarduketek giza habitataren kalitatea murriztuko dute aldi baterako eta leku jakin batzuetan (zarata, hautsa, kutsatzaileak eta abar areagotzea) trazadura hiriguneetatik igarotzen den eremuetan, eta istripuzko isurketen ondorioz lurzoruari edo uren kalitateari eragingo diote.

Hala badagokio, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatietan esku hartu ahal izateko, jarraipen berezia egin beharko da, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudeatu daitezen.

A priori ez da lur-mugimendurik aurreikusten; hala ere, eremuan interes arkeologikoko elementu ugari daudela kontuan hartuta, horiek ez kaltetzeko neurri egokiak hartu beharko dira.

Nabarmendu behar da linea elektrikoak, berez, eragina izan dezakeela bereziki 3711. eta 3718. arteko euskarrien arteko tartean dagoen abifaunan, linea elektrikoarekin gerta daitezkeen talken edo elektrokuzioen ondorioz; izan ere, ez da egokitzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan (Goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan abifauna talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena) ezarritako preskripzio teknikoetara.

Jarduketak, zati batean, balio estrategiko handiko lurretan egingo dira. Hori dela eta, azterketa bat egin da proiektuak udalerri bakoitzean okupatzen dituen Nekazaritzako eta Basogintzako LPSaren kategoria bakoitzeko eremuei helduz. Udalerri bakoitzean eraginda egongo liratekeen lurren ehunekoa sartu da. Aurkeztutako datuen arabera, proiektuak, Arkundiagako udalerrian, trantsizioko landa-paisaiaren % 0,027ari eta baso-kategoriaren % 0,0002ari eragingo die; Arrigorriagan, trantsizioko landa-paisaiaren % 0,033ari eta baso-kategoriaren % 0,061ari; Artean, baso-kategoriaren % 0,036ari eta baso-mendi mehatzearen % 0,028ari; Ugao-Miraballesen, landa-paisaiaren % 1,302ari eta baso-kategoriaren % 0,245ari; eta Zeberion, trantsizioko landa-paisaiaren % 0,587ari, balio estrategiko handiaren % 1,225ari, baso-paisaiaren % 0,076ari eta baso-mendi mehatzearen % 0,046ari. Aztertutako datuak ikusita, uste da nekazaritzako lurzoruen gaineko eragina oso txikia dela eta udalerriek duten galeraren ehunekoa ere oso txikia dela, eta nekazaritzako ustiategien bideragarritasunari ez zaiola eragingo.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honetan finkatutakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Ildo horretan, hurrengo apartatuetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Natura-ondarearen gaineko afekzioa gutxiagotzeko neurriak.

Araudi aplikagarrian xedatzen dena gorabehera, eta Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunak ezarriko duena eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

– Oro har, garapen begetatiboaren maila handienean linearen segurtasunari eragin diezaioketen zuhaitz-espezieak baino ez dira moztuko. Gainerako zuhaitz-espezieak eta egungo zuhaixka-geruza dauden-daudenean utzi beharko dira, eta lerroari eragin dakiekeen goiko adarrak bakarrik moztuko dira. Arreta berezia eskainiko zaie Habitaten Zuzentarauan jasotako eremuei, eta haiek behar bezala kontserbatzen direla zainduko da, proiektuan aurreikusitako jarduketetan ez daitezen hondatu.

– Zuhaitza oinarritik moztu ahal izango da behar-beharrezkoa bada, eta eroaleen proiekzioaren pean badago soilik.

– Lineari oro har eragin diezaioketen oinak kimatu egin beharko dira (zuhaitzaren adar nagusiak inausi) 2-3 metroko altueran; edonola ere, zuhaitzaren alde guztiak inausi beharko dira, orekatuta gera dadin.

– Ezin dira lineak zeharkatzen dituen haritzak eta arteak (oinak edo masak) oinarritik moztu.

– Zuhaitza oinarritik moztea baimenduko da, soilik behar-beharrezkoa denean eta langileen segurtasuna tarteko inausketarik egin ezin denean (altuera handiko zuhaitzak eta inausketak egiteko arriskugarritasuna), edo eroaleen proiekziopean daudenean bakarrik.

– Hezeguneen inguruko landaredia ahalik eta gutxien moztuko da, eta linearekin talka egiteko benetako arriskuan dauden aleak besterik ezingo dira moztu.

– Geldialdi begetatiboan daudenean inaustekoak diren zuhaitzak babestu egin beharko dira.

– Obrak hasi aurretik prospekzio bat egingo da soildu/moztu beharreko gune bakoitzean, proiektuak eragin ditzakeen intereseko flora edo fauna identifikatzeko. Erabili beharreko sarbideetan eta egin beharreko jarduketen ondoko eremuetan egon daitezkeen aleak kokatu, babestu eta seinaleztatuko dira. Era berean, faunaren garai sentikorrak errespetatu beharko dira, Administrazioaren edo agintari eskudunaren jarraibideak beteta.

– Esku hartu beharreko eremuen azterketa zehatza egingo da lanak hasi aurretik. Ingurunean dauden habiak identifikatuko dira, espezie babestuei, basoko harrapariei edo okil beltzei eragin diezaieketen gune kritikoak mugatzeko helburuarekin, besteak beste. Halakorik detektatuz gero, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko zaio Natura Ondarearen Zerbitzuari.

– Erabat debekatuta dago makinak eta ibilgailuak bisoia kudeatzeko planaren esparruan barrena ibiltzea, bai eta belar-sastrakak garbitzea ere (jabari publiko hidraulikoa eta zortasuna). Jabari publiko hidraulikoaren eta bere zortasunaren barruan egin behar diren lanak eta dauden sastrakei eragin diezaioketenak bisoiaren ugaltze-garaitik kanpo egin behar dira. Aldi hori martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartekoa da.

– Lanen egutegia egokituko da hegazti babestuen eta kiroptero zuhaiztarren aldi kritikoei ez eragiteko, martxotik abuztura bitarteko aldiari arreta berezia jarrita.

– Linea elektrikoaren 3711. eta 3718. euskarrien arteko linea zatian, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatu beharko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (abifauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena).

– Lanak egin artean hegaztiren bat edo haren gorpuzkiak aurkitzen badira linearen azpian edo inguruan, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko zaio basozainari.

– Lanek zorrotz errespetatu beharko dute fauna dena, eta langileek, lanak egin artean, saihestu egin beharko dute aurki ditzaketen animaliei enbarazu egitea edo zauritzea, batez ere belar-sastrakak kentzean. Langileek faunari ez eragiteko prestakuntza eta jarraibideak jaso beharko dituzte.

– Arreta berezia jarri beharko da apeoa planifikatzean, aprobetxamenduaren jardunbideak gauzatzen direnean landaretza autoktonoa ez kaltetzeko, eta, bereziki, ibaiertzeko landaredia.

– Kontuan izan beharko da 630/2013 Errege Dekretua, espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako zerrenda arautzen duena. Basolanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.

– Oro har, ezin izango da fitosanitariorik edo herbizidarik erabili lineak mantentzeko lanak egiteko.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoa eta lurpeko urak babesteari buruzko neurriak.

Proiektu hau gauzatzeko egin behar den edozein jarduketa motatan, kontuan hartu beharko dira uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruaren barnean egin dituen txostenetan ezarritako baldintzak. Hori horrela izanik ere, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

– Ahalik eta gehien errespetatuko dira eremuaren lurrazaleko hidrologia eta drainatze naturala, eta lurrazaleko drainatze-sarea oztopatzea edo eraldatzea saihestuko da, baita ibilguen eta horien zaintza-eremuen funtzionalitate hidraulikoaren edozein aldaketa ere. Horretarako, sarbide berrietan ur-pasabideak jarriko dira beharrezkoa izanez gero (aldi baterakoak edo behin betikoak), ur-pilaketen arriskua saihesteko, betiere dagokion erakundeari baimena eman edo jakinarazi ondoren.

– Ibaiertzeko landare-formazioei kalterik ez egitea bermatuko da, ibaiertzetako ibai-eremuen kalitatea eta kontserbazio-egoera zainduz.

– Ezin da makinetan ibili hezeguneetan ez erreketan.

– Ezin izango da aprobetxamenduekin lotutako inolako jarduerarik egin urak uhertzea eragiten badute.

– Aprobetxamendua bukatu ostean, ahal bezain laster, gurpilekin eragindako ildoak kendu egin beharko dira, lurrak ibilguetara jausi ez daitezen.

– Arreta berezia jarri beharko da aprobetxamendu horretatik sor daitezkeen hondakin guztien bilketan (kableak, kateak, lubrifikatzaileen ontziak, janari-hondarrak eta abar), eta ezin izango da makinak konpontzen ez bestelako ezertan jardun, baldin eta arriskua egongo bada natura-ingurunera olioak eta lubrifikatzaileak isurtzeko.

– Oro har, zura metatzeko, horretarako prestatutako zurezko parkeetan metatu beharko da. Mozketa-hondarrak ez dira inoiz erreketatik edo hezegune edo zingiretatik 5 metrora baino gutxiagora utzi behar.

– Mozketako hondakinak ez dira erreken ibilguen inguruetan utziko, eta ateratze-bideetan uztea lehenetsiko da, etorkizunean higadurarik ez egoteko.

– Mozteko hautatutako zuhaitzak hezeguneetara eta erreken ibilguetara ez erortzeko moduan moztuko dira.

– Hidrogeologiari dagokionez, lurpeko uretan izan daitezkeen eraginak kontuan hartzeko, honako hauek aztertuko dira: akuiferoen kokapena, kargatzeko eta sortzeko eremuak, uren kalitatea eta isurketen inbentarioa, eta maila freatikoen urtaroaren araberako bilakaera eta lurpeko fluxuen zehaztapena.

– Edonola ere, linea elektrikoa mantentzeko beharrezkoak diren ibilguetako jarduketak linea elektrikoaren titularraren kontura egingo dira. Lanek ibilguaren trazadura, fisionomia eta egitura errespetatu beharko dituzte, obrarik egin gabe eta sortutako hondakinak kendu egin beharko dira. Horretarako, makinek eremu hezeak eta erreken ibilguak ez gurutzatzen saiatu beharko da.

– Proiektatutako jarduketak jarduketa-eremuko ingurune hidrikoan ahalik eta eragin txikiena izateko behar diren neurri guztiak hartu beharko dira eta behar beste arretaz jardun beharko da. Hala, eremuaren dinamika hidrologikoan aldaketa nabarmenik ez eragitea bermatu behar da eta une oro lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea ziurtatu.

– Jarduketek bateragarriak izan beharko dute Urei buruzko Legearen testu bateginarekin (1/2001 Lege Errege Dekretua, uztailaren 20koa) eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduarekin (9/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa).

– Jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-eremuetan obrak edo lanak egiteko, arroko organismoaren administrazio-baimena beharko da (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa), edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena, Uraren Euskal Agentziak izapidetu beharrekoa.

– Arbolak inausteko edo mozteko lanak egitean, honako irizpide hauek beteko dira:

a) Ibaiertzeko zuhaitz autoktonoak: ibaiertzeko espezieak (haltzak, lizarrak, haritzak, zumeak) dauden tokietan, lineari eragin diezaioketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dira, eta ez da zuhaitzaren altueraren herena baino gehiago kimatuko. Inguruko basozainaren begiradapean egingo dira lanok, geldialdi begetatiboan (neguan).

b) Zuhaitz aloktonoak: zuhaitz aloktonoak (akaziak, makalak, eukaliptoak, astigar zuriak) mozterik izango da, baldin eta moztu eta berehala tamaina txikiko eta hazkunde moteleko ibaiertzeko espezieak (zumeak, hurritzak, haritzak) birlandatzen badira, eta neguan moztekotan, ibilguetan eragin txikiagoa izateko; betiere ibai-ikuskatzaileak gainbegiratuta egingo da.

– Kontuan hartuta LPSak ondo kontserbatutako landaredia duten ertz gisa eta landa-eremuko ertz gisa katalogatutako eremuak direla, guztiz garatzen direnean lineen eroaleetatik bi metro ingurura geratzen diren zuhaitz-espezieak soilik moztuko dira, eta kontserbatu egin beharko da ibilguen erriberan dagoen zuhaixka-geruza osoa.

– 5 metroko zortasun-zerrendak natural, itxiturarik gabe eta pasatzeko libre utziko dira, seinaleztatze-zintekin balizatuta, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, etxola, ontzi, itxitura eta kutxatilarik ez uzteko bertan, ez behin-behinean, ez behin betiko.

– Ibaiertzetan dagoen landaredi naturala errespetatuko da, eta, obrak amaituta, ibaiertzeko landaredi autoktonoarekin landareztatuko dira obren eragina izan duten eremuak.

– Obrak egin bitartean, uholde-arriskuko eremuetan ez dira bilduko hustubidearen sekzioa nabarmen murriztea eragin dezaketen materialak edo hondakinak, jabari publiko hidraulikoaren kutsadura edo degradazioa eragin dezaketenak, ez eta flotatu dezaketenak edo herrestan eraman daitezkeenak ere, ondorioz, drainatze-obrak eta zubiak buxatzea eragin dezaketelako.

– Ez da inola ere onartuko, lanen aitzakian, errekara edo ibaiertzetara inolako obra-hondakinik botatzea. Material-soberakinak baimendutako zabortegiren batera eraman beharko dira.

D.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak ezertan eragotzi gabe, ez da inolako isurketarik egingo jabari publiko hidraulikora, ez eta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko lur-mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik ere.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

– Isurketei dagokienez, bermatu egin beharko da eraikitze fasean egin daitezkeen isurketa kutsagarriek lurrazaleko eta lurpeko ur-ibilguei ez eragitea. Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa edukiko da, berehala erabili ahal izateko istripuz isuri edo ihesik balego: biribilkiak, material pikorkatua, etab. Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.

– Obrako makineria-parkea behar izanez gero, parke hori eta garbigunea eremuko drainatze-sare naturaletik nahikoa urrun dauden guneetan jarri beharko dira, ahal dela inguruan dauden eremu artifizialenetan. Mantentze-lanen eremua drainatze-sare naturaletik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo, eremuko akuiferoak kutsatzeko kalteberatasunagatik. Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak ibilguetatik urrun kokatuko dira.

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditu diren eremuetatik landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin.

D.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

– Obrek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbitze-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obren eraginpeko ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan.

– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Obra faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako babes-neurriak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorra, zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea, zarata egiten den ordu kopurua murriztea, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea eta abar.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan ez dira gaindituko, obrek sortutako zarataren ondorioz, kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak. Horri dagokionez, obretarako aurreikusitako iraupena kontuan hartuta (sei hilabetetik gorakoa), aipatutako dekretuaren 35 bis artikuluan ezarritakoa aplikatu behar da, eta, beraz, obrak hasi aurretik, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, eta hor zehaztuko dira obrak egin bitartean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko kontuan hartu beharreko neurriak.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Proiektua egikaritzen den eta abian den bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatu beharreko arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batez pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aurretik aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obren fasean zehar, arkeologo bat egon beharko da, egiten diren lur-mugimenduen jarraipen eta kontrol arkeologikoa ziurtatuko duena, ondare-inpaktu oro saihesteko.

D.8.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak oneratzeko neurriak.

– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.

– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatutako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduketa-guneetatik.

– Lehengoratu egin behar dira proiektua gauzatzeko kaltetutako eremuak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru okupazioak eta abar). Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin egingo dira; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotuko dira.

– Lanak egiten diren bitartean botatako bertako zuhaiztien azalera kuantifikatu behar da, eta botatakoa berriz landatzeko proiektu bat egingo da non zehaztuko den zer konpentsazio-neurri gauzatuko diren, proiektu honetan aurreikusitako ekintzekin batera, edo ekintza horiek burutu eta gero. Konpentsazio-neurriak burutu ondoren, dokumentu bat bidali beharko da ingurumen-organo honetara, eta, bertan, neurri horiek gauzatzeko erabili den moduari buruzko informazioa egongo da.

– Leheneratze-proiektuak xehetasun nahikoarekin zehaztu beharko du moztutako zuhaitz autoktonoen azaleraren konpentsazioa, 1 kendu/2 landatu ratioan, bai erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren zortasun-eremuaren barruan (linearentzat oztopo izan ez diren tamaina txikiko zuhaixka-espezieak landatuta), bai erdi-tentsioko aireko linea elektrikotik hurbil baso autoktonoa lehengoratuta.

D.9.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Obrek iraun bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

– Ongi kontserbatutako landarediaren gaineko eraginak kontrolatzea.

– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurraren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarataren eta hautsaren ondoriozko eragozpenik ez sortzea.

D.10.– Obra garbitzea eta amaitzea.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.6 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.11.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinek zarata sortzea, hondakinen kudeaketa, ibai-ibilguak babestea eta natura-ondarea babestea.

D.12.– Lanen programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondorengo azpi-apartatu hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak aldi baterako pilaketa-eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz zedarrituko dira obrak gauzatzeko nahitaez bota behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta interes-habitatak.

– Hala badagokio, habien kokapenari edo intereseko fauna-aleen presentziari buruzko xehetasunak.

– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa:

Ingurumena zaintzeko programa gauzatu beharko da sustatzaileak 13,2 kV-eko «Miraballes banaketako transformazio-azpiestazioa, 4. zirkuitua (Zeberio)» izeneko zirkuitu sinpleko erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko zerrenda Miraballes banaketako transformazio-azpiestazioaren (4530) eta 9049 zenbakidun euskarriaren artean –Ugao-Miraballes, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Zeberio eta Arteako udal-mugarteetan (Bizkaia)– handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko. Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurreikusitako azalera baino eremu handiagorik.

E.3.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta aipatu proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpenean ezarritakoak.

Programan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.

E.4.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Biak, ingurumena zaintzeko programa eta egiaztapen-zerrenda, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

E.5.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:

– Obrak hasi baino lehen, ebazpen honetako E.3 apartatuan aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

– Obrak amaitu eta 2 hilabeteko epean, asko jota, obrak egin direnean sortu diren gorabeheren gaineko erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zer neurriraino bete diren adierazten duen agiria ere, ebazpen honetako E.1. apartatuan xedatutakoaren arabera.

F) Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak aldatzekoa ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, amaitu egingo da ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etortzekotan abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Seigarrena.– Agindua ematea Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 31.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala