
83. zk., 2025eko maiatzaren 6a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (176 KB - 6 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1890
1/2025 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, apirilaren 8koa, zeinaren bidez aldatzen baitira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, eta Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea.
Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 26. eta 33. artikuluetan xedatzen duenez, balio erantsiaren gaineko zerga eta zerga bereziak, hurrenez hurren, itundutako tributuak dira, Estatuak une bakoitzean ezartzen dituen arau substantibo eta formal berberei jarraituta arautu behar direnak.
Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, ahalmena dute aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezin dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.
Abenduaren 20ko 7/2024 Legeak (haren bidez zerga osagarri bat ezartzen da talde multinazionalen eta magnitude handiko talde nazionalen gutxieneko zergapetze maila global bat bermatzeko, zerga bat ezartzen da finantza entitate jakin batzuen interes eta komisioen marjinaren gainean aplikatzeko, zerga bat arautzen da zigarreta elektronikoetarako likidoak eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuk zergapetzeko, eta beste zerga arau batzuk aldatzen dira), aldaketak sartu dituzte aipatu diren zerga horietan, haien foru araudian nahitaez sartu beharrekoak direnak.
Hortaz, helburua da abenduaren 20ko 7/2024 Legearen azken xedapenetako lehenengoan eta bigarrenean, denak ere goian adierazitako zergei buruzkoak, xedapen hauetan txertatzea: uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailean, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoan, eta uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailean, Zerga Bereziei buruzkoan.
Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, ezartzen da ezen erregai gisa erabiltzekoak diren gasolinei, gasolioei eta bioerregaien kasuan, bi izan daitezkeela aduanaz bestelako gordailu araubidea azkendu dezaketenak: gordailu fiskaletik ateratzen den produktuaren azken gordailugilea, eta kasu horretan, hari jasanaraziko zaio hidrokarburoaren gaineko zerga eta hark likidatu beharko du balio erantsiaren gaineko zerga inportazioarekin parekatutako eragiketarengatik, edo, bestela, gordailu fiskalaren titularra, produktuaren jabea izanez gero. Kasu bietan, berme bat eratu eta mantendu beharko dute zerga ordainduko dela bermatzeko.
Gainera, 100eko 4 aplikatuko zaio hartzitutako esneari, balio erantsiaren gaineko zergaren tasa aplikatzen zaien elikagaien kategoriaren barruan.
Zerga bereziei dagokienez, Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 15. artikuluaren 7. apartatuak eta 53. artikuluaren 7. apartatuak aldatzen dira, 2024ko abenduaren 22tik aurrerako ondorioekin, zerga berezien fabrikazioarekin, transformazioarekin eta edukitzarekin eta hidrokarburoen gaineko zerga kudeatzeko arau bereziekin lotutakoak, hurrenez hurren.
Aldaketa horiek foru araudian jasotzea ezinbestekoa da zerga itunduen araudia eguneratuta mantenduko bada, Estatuak une bakoitzean ezartzen dituen arau substantibo eta formal berberen arabera erregulatu behar direla aintzat hartuta.
Alde horretatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 8. artikuluan xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen normatiboak eman ahal izango dituela, foru arauaren mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunean ezarritakoa betetzeko, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak aplikatu behar badira.
Foru dekretu arauemaile horietarako eskuordetza normatiboa martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau horrek emandakotzat jotzen da, betiere aurreikusita dagoen helbururako baliatu behar bada.
Foru Aldundiak eskuordetza horretaz baliatuta ematen dituen xedapenei foru dekretu arauemaile deituko zaie, eta haien arrazoibideetan adierazi behar da eskuordetza espezifiko horren babesean ematen direla.
Azkenik, behin onetsita, foru dekretu arauemaile horiek Batzar Nagusietara bidali behar dira batzarkideen kontrola izan dezaten, ofizialki argitaratzea eta indarrean jartzea eragotzi gabe.
Bestalde, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 13. artikuluan dio Foru Aldundiak zerga arloko foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela gorago aipatu den 8. artikuluko kasu berdinetan.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aldatzea uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa.
2024ko abenduaren 22tik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailean:
Bat.– 19. artikuluko 5. ordinala honela geratzen da idatzita:
«5.a Foru dekretu arauemaile honen 23. artikuluan aipatzen diren egoerak amaitzea edo 24. artikuluan adierazitako araubideak azkentzea, baldin eta egoera horietan jartzen edo araubide horiei lotzen diren ondasunen entrega edo batasun barruko eskurapena zergatik salbuetsi badira aipatutako artikulu horietan eta 26. artikuluko lehen apartatuan xedatutakoari jarraituz, edo ondasun horiek artikulu horietan ere salbuesten diren entregen edo zerbitzu prestazioen xede izan badira.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren salbuespen gisa, foru dekretu arauemaile honen 23. artikuluan aipatutako egoerak amaitzea edo 24. artikuluan jasotako araubidea azkentzea ez dira hartuko inportazioekin parekatutako eragiketatzat, ondasunak honako hauek direnean: eztainua (8001 NC kodea), kobrea (7402, 7403, 7405 eta 7408 NC kodeak), zinka (7901 NC kodea), nikela (7502 NC kodea), aluminioa (7601 NC kodea), beruna (7801 NC kodea), indioa (ex 811292 eta ex 811299 NC kodeak), zilarra (7106 NC kodea) eta platinoa, paladioa eta rodioa (71101100, 71102100 eta 71103100 NC kodeak). Kasu horietan, aipatutako egoerak amaitzeak edo esandako araubideak azkentzeak berekin ekarriko du zerga likidatzea foru dekretu arauemaile honen eranskineko seigarren apartatuan xedatutakoaren arabera.
Erregai gisa erabiltzekoak diren gasolinen, gasolioen eta bioerregaien kasuan –Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50.1 artikuluko 1. tarifaren 1.1, 1.2.1, 1.2.2, 1.3, 1.13 eta 1.14 epigrafeetan aipatzen dira horiek–, ulertuko da foru dekretu arauemaile honen 24.Bat.1. f) artikuluan aipatzen den aduanaz bestelako gordailu araubidea honako hauek azkentzen dutela: gordailu fiskaletik ateratzen den produktuaren azken gordailugileak, eta kasu horretan, hari jasanaraziko zaio hidrokarburoaren gaineko zerga eta hark likidatu beharko du balio erantsiaren gaineko zerga inportazioarekin parekatutako eragiketarengatik, edo, bestela, gordailu fiskalaren titularra, produktuaren jabea izanez gero. Era berean, ateratzen den produktuaren azken gordailugilea edo, produktuaren jabea izanez gero, gordailu fiskalaren titularra, behartuta egongo dira bermatzera gordailu fiskaletik ateratako ondasunaren geroko entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen balio erantsiaren gaineko zerga ordaindu egingo dela. Ordainketa hori foru dekretu arauemaile honen eranskineko hamaikagarren apartatuan aurreikusitako moduan bermatuko da.
Hala ere, 23. artikuluan aipatzen diren egoerak amaitzea edo 24. artikuluan jasotako araubideak azkentzea ez da inportazioekin parekatutako eragiketatzat hartuko, eragiketa horrek foru dekretu arauemaile honen 21., 22. edo 25. artikuluetan ezarritako salbuespenak aplikatzeko moduko ondasun entrega bat egitea dakarrenean.»
Bi.– 91.Bi.1 artikuluko 1. ordinala honela geratzen da idatzita:
«Bi.– Ehuneko 4ko tasa aplikatuko da honako eragiketak egiten direnean:
1.– Ondoren aipatzen diren ondasunak entregatu, batasunaren barruan eskuratu edo inportatzen direnean:
1.a Produktu hauek:
a) Ogi arrunta, bai eta ogi arrunteko ore izoztua eta ogi arrunt izoztua, ogi arrunta egiteko bakarrik erabiliak.
b) Ogia egiteko irinak.
c) Edozein animalia espeziek emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua, esne hautsa eta esne hartzitua.
d) Gaztak.
e) Arrautzak.
f) Elikadura Kodearen eta hura garatzeko onartutako xedapenen arabera, produktu naturaltzat hartzen diren frutak, berdurak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak.
g) Oliba olioak.»
Hiru.– Hamaikagarren apartatu bat gehitzen zaio eranskinari honela dioena:
«Hamaikagarrena. Foru dekretu arauemaile honen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatutako aduanaz bestelako gordailu araubidea uzten duten erregai jakin batzuei dagokien balio erantsiaren gaineko zerga ordainduko dela bermatzea.
1.a Foru dekretu arauemaile honen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatutako produktuak gordailu fiskaletik ateratzen direnean, produktu horien azken gordailugileak edo, produktuen jabea izanez gero, gordailu fiskalaren titularrak, berme bat eratu eta mantendu beharko dute, ondasun horien geroko entrega lotuen eta salbuetsi gabeen balio erantsiaren gaineko zerga ordainduko dela bermatzeko.
2.a Aurreko zenbakian adierazitakoa ez da aplikatuko azken gordailugileak edo, kasua bada, gordailu fiskalaren titularrak baldintza hauetako bat betetzen duenean:
a) Operadore ekonomiko baimenduaren izaera izatea aitortua, Europar Batasuneko aduana kodea ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
b) Operadore fidagarriaren izaera izatea aitortua baldintza hauek betetzeagatik:
a´) produktuak ateratzen dituztenen erregistroan inskribatuta egotea,
b´) aurreko urte naturalean, gutxienez 1.000 milioi litro gasolina, gasolio eta bioerregai ateratzea foru dekretu arauemaile honen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen den erregai gisa erabiltzeko.
c´) aurreko 3 urteetan handizkako operadore gisa jardutea, eta
d´) 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 39. artikuluan eta Batzordearen 2015eko azaroaren 24ko 2015/2447 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 26. artikuluan kaudimen finantzarioari buruz ezarrita dauden baldintzak betetzea.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren foru agindu bidez zehaztuko da zer prozedurari jarraituko zaion operadore fidagarriaren izaera aitortzeko, eta operadore fidagarrien erregistro baten sorrera eta mantenimendua arautuko dira.
3.a 1. zenbakian aipatutako bermeak forma hauetakoren bat hartu beharko du:
a) Europar Batasunean akreditatuta dagoen kreditu entitate, finantza entitate edo aseguru etxe baten abala, gerora egiten diren entrega lotuen eta salbuetsi gabeen balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketa modu globalean bermatu behar duena. Abal horrek baldintza hauek bete behar ditu:
– Bermearen gutxieneko zenbatekoa honako hau izango da: foru dekretu arauemaile honen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen diren eragiketengatik (inportazioarekin parekatutakoengatik) aurreko lehen bi hilabeteetan egindakoei dagokionez ordaindu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren ehuneko 110.
– Aurreko bi hilabeteetan ez bada egin foru dekretu arauemaile honen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatutako eragiketarik (inportazioarekin parekatutako eragiketarik), bermearen gutxieneko zenbatekoa ezarriko da aurreikusitako jarduera modu arrazoituan justifikatuta, eta gutxieneko zenbatekoa 3 milioi eurokoa izango da.
– Bermearen zenbatekoa hilero eguneratuko da, eta, bereziki, haren zenbatekoa ez bada nahikoa inportazioarekin parekatutako eragiketari dagokion balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 110era iristeko, betiere egindako ateraldi bermatuei dagozkien zenbatekoak kendu ondoren.
– Bermatutako zerga ordainarazteko eskumena zein zerga administraziok duen, eta haren alde eratuko da bermea.
– Administrazio eskudunak bermea exekutatu ahal izango du, baldin eta, ondasunak gordailu fiskaletik atera direnetik eta aduanaz bestelako gordailu araubidea utzi denetik hiru hilabete igaro ondoren, ez bada justifikatu produktuak gordailu fiskaletik atera ondoren subjektu pasiboak egin duen entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen balio erantsiaren gaineko zerga ordainduta dagoela, edo, bestela, subjektu pasibo horrek entrega hori ez den beste erabilera baterako erabili dituela ondasun horiek.
– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuaren foru agindu bidez garatuko dira berme horien beharkizunak eta kudeaketa prozesuak.
b) Ondasun horien geroko entrega lotu eta salbuetsi gabeari dagokion balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa. Konturako ordainketa foru dekretu arauemaile honen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen den eragiketagatik (inportazioarekin parekatutako eragiketagatik) ordaindu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren 110eko izango da, eta aurreko a) letran aipatu diren zerga administrazio eskudunek erabakitako lekuan, moduan eta inprimakian egingo da. Subjektu pasiboak zilegi izango du konturako ordainketa hori balio erantsiaren gaineko zerga kontsignatu (edo aitortu den) likidazio aldiko autolikidaziotik kentzea, produktuaren geroko entrega bat egiten duenean edo subjektu pasibo horrek gordailu fiskaletik ateratako produktua entrega hori ez den beste erabilera baterako erabili duela justifikatzen denean.
4.a Azken gordailugileak, produktuak gordailu fiskaletik atera aurretik, zirkunstantzia hauetako bat justifikatu beharko dio gordailu fiskalaren titularrari:
– Operadore ekonomiko baimendua edo fidagarria dela. Horretarako, dagozkion baldintzak betetzen direla egiaztatu eta berrikusteko eskumena duen Zerga Administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
– Berme nahikoa badagoela. Abala izanez gero, aurreko 3. zenbakiko a) letran aipatzen den Zerga Administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta, konturako ordainketa bada, beharrezkoa izango da diru-sarrera egin izanaren frogagiria aurkeztea, bertan erreferentzia zenbaki osoa (EZO), bolumena eta produktu mota adierazita.
Zerga Administrazio eskudunak bermea edo diru-sarrera nahikoak direla behin egiaztatuta, produktua gordailu fiskaletik ateratzeko baimena emango du.
Produktua gordailu fiskaletik ateratzea baimentzeko prozedura Zerga Administrazio eskudunaren ebazpen espresuarekin amaituko da, non produktua gordailu fiskaletik irtetea onartu edo ukatu baitaiteke. Irteteko baimena kode elektroniko baten bidez eman ahal izango da.
Gordailu fiskalaren titularrak ahalbidetzen badu erregaiak gordailutik ateratzea aipatutako zirkunstantziak aurrez egiaztatu gabe, erantzule solidarioa izango da aurreko 1. zenbakian aipatutako entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen balio erantsiaren gaineko zergagatik ordaindu beharreko zerga kuotari dagokionez. Kontrako frogarik ezean, presuntzio egingo da erantzule solidarioari balio erantsiaren gaineko zergarengatik exijitu dakiokeen zerga zorra foru dekretu arauemaile honen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen den eragiketagatik (inportazioarekin parekatutako eragiketagatik) ordaindu behar den balio erantsiaren gaineko zergaren kuotaren 100eko 110 dela.
5.a 1.– Aurreko 2. zenbakiko b) letran aipatutako foru agindua indarrean jarri eta hurrengo hilabetean zehar, produktuen azken gordailugileak, edo, produktuen jabea izanez gero, gordailuaren titularrak, ez du zertan bermatu beharko ondasun horiekin gerora egiten duen entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen balio erantsiaren gaineko zerga ordainduko dela.
2.– Hilabete horretan zehar ere, gordailugileak edo, hala badagokio, gordailu fiskalaren titularrak, operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskatu ahal izango du, foru agindu horretan ezarritako terminoetan.
3.– Araubide iragankorra aplikatzeari utziko zaio operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskaera ebazten denean eta, nolanahi ere, eranskinaren apartatu hau indarrean jarri eta hurrengo hilabetea igarotakoan.
Aurreko epea igaro eta operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskaera ebatzi gabe badago, produktuen azken gordailugilea, edo produktuen jabea izanez gero, gordailuaren titularra, behartuta egongo dira produktu horiekin geroago egiten duten entrega lotuaren eta salbuetsi gabearen balio erantsiaren gaineko zergaren diru-sarrera bermatzera aurreko 3. zenbakian aurreikusitako terminoetan.
4.– Zerga Administrazioak beharrezkoak diren sistema teknikoak jarriko ditu gordailu fiskalen titularren esku, araubide iragankor hau aplikatzen dela egiaztatzeko.»
2. artikulua.– Aldatzea uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Zerga Bereziei buruzkoa.
2024ko abenduaren 22tik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Zerga bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailean:
Bat.– 7. artikuluko 15. apartatua honela geratzen da idatzita:
«7.– Fabrikazio zerga bereziei lotutako produktuen zirkulazioa eta edukitza merkataritza helburuekin egiten bada, erregelamenduz ezarriko diren dokumentuek babestuta egin beharko da, eta dokumentu horiek frogatu beharko dute zerga Espainian ordaindu dela edo produktuak etendura araubidean daudela salbuespenen bat aplikatzeagatik edo zerga sortua duen Batasun barruko zein Espainiako zirkulazio sistema baten babespean egoteagatik, betiere foru dekretu arauemaile honen 44. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa eragotzi gabe.
Zerga Espainian ordaindu izanaren justifikazioari dagokionez, aurreko baldintza ez da betetzat joko Zerga Administrazioak egiaztatzen badu zerga ez dela Ogasun Publikoan ingresatu.»
Bi.– 53. artikuluari 7. apartatua gehitzen zaio, eduki honekin:
«7.– Foru dekretu arauemaile honen 8.2 artikuluko h) letraren ondorioetarako, hidrokarburoen edukitzak xede baldin badu haien banaketa egitea edo bidaiari zein salgaiak garraiatzeko ibilgailuak erregaiz hornitzea, zergaren jasanarazpena jasotzen duen faktura edo dokumentu baliokidea edo dagokion zirkulazio agiria ez da nahikoa izango hidrokarburoen gaineko zerga ordaindu dela frogatzeko, honako kasuotan:
a) Hidrokarburo horietan detektatzen denean behar bezala baimendutako markatzaile edo trazatzaileak eta zehaztapen teknikoetan onartutako osagaiak ez diren beste produktu batzuk ageri direla.
b) Energiaren Batzorde Nazionalak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 42.2 artikuluan xedatutakoaren arabera argitaratutako zerrendan agertzen ez diren operadoreei erosi zaizkienean.»
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta bere artikuluetan adierazitako eran sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2025eko apirilaren 8a.
Diputatu nagusia.
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua.
MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.
RSS