
82. zk., 2025eko maiatzaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (301 KB - 18 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1885
EBAZPENA, 2025eko apirilaren 15ekoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2025erako «Hazinnova» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea agintzen duena.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Horrekin lotuta, SPRIk-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Euskadiko enpresetan berrikuntza txertatzea bultzatzeko hainbat ekintza garatzen du.
Hala, beste ekimen horien osagarri gisa, «Hazinnova» izeneko programa hau proposatu da. Horren helburua da enpresen lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza bultzatuz, enpresa-erronkei irtenbideak diseinatuz eta aholkularitza-zerbitzu espezializatu baten bidez ezarriz.
Ondorioz, enpresa industrialetan eta produktu-prozesu industrialaren, informazioaren eta komunikazioaren gizartearekin, logistikarekin eta handizkako merkataritzarekin lotutako zerbitzu-enpresetan berrikuntza bultzatzea da laguntza-programa honen helburua.
Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hori guztia dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2025. urterako «Hazinnova» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– 2025. urterako «Hazinnova» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2025eko apirilaren 15a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
2025. URTERAKO HAZINNOVA LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Oro har, Euskadiko enpresa-kolektiboak eta, zehatzago, bertako enpresa txikiek oraindik ere adierazle baxuak dituzte berrikuntzen aplikazioari dagokionez. Hori dela eta, beharrezkoa da enpresen artean laguntza presentziala eta indibidualizatua bultzatzea, lehiakortasuna eta jasangarritasuna areagotzea ahalbidetuko dieten tresnak erabiltzen laguntzeko.
Eta are gehiago ekonomia globalizatuaren testuinguruan, berrikuntza ekonomien garapenerako elementu estrategikoa dela eta gizartean eragin zabalak dituela kontuan hartuta. Horregatik, gaur egungo koiunturan, hazkunde ekonomikoa erdiesteko eta kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea lortzeko, ezinbestekoa da berrikuntzak aplikatzea.
Berrikuntza prozesu edo emaitza teknikoa baino zerbait gehiago da. Izan ere, pertsonen eta gizarte osoaren sormena erakusten duen fenomeno soziala dela esan dezakegu. Gizarte baten eta enpresen gaitasun berritzaileak pausoz pauso eraikitzen dira. Ez dira inprobisatzen eta, ondorioz, ez dira imitatzeko edo kopiatzeko errazak.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, besteak beste, Euskadiko enpresetan berrikuntza bultzatzera zuzendutako jarduerez arduratzen da.
Hala, beste ekimen horien osagarri gisa, enpresa-ehunari «Hazinnova» izeneko laguntza-programa hau eskaintzen zaio. Horren helburua da lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza bultzatuz, dituzten erronkei irtenbideak diseinatuz eta laguntza-zerbitzu espezializatu baten bidez ezarriz.
Amaitzeko, ekimenaren helburua da enpresen sustapenean barneratutako eragile ugarien (kasu honetan, erakunde laguntzaile gisa Innobasquerekin) arteko elkarlana helburu duen bidean aurrera jarraitzea, baliabideak optimizatzeko eta enpresen egiturarekiko gertutasun handiagoa lortzeko. Era berean, aipatu beharrekoa da programa erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela 2025-2028 aldirako. Aipatutako Plan Estrategikoa Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak 2025eko urtarrilaren 24an emandako Agindu bidez onartu zen eta Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: enpresa berritzaileen oinarria handitzea produktuaren eta/edo prozesuaren berrikuntza-proiektuen garapena sustatuta.
SPRIren Administrazio Kontseiluaren akordio bidez baimendu zen programari dagokion gastua.
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen araua da Euskadiko enpresan berrikuntza bultzatzera zuzendutako espezietan egindako laguntzak arautzea. Laguntza horiek produktuan eta negozio-prozesuetan berrikuntza txikiak sortuko dituzten mikroproiektuak eginda ematen dira, inpaktua eta emaitzak izaten dituzte eta enpresetan epe laburrera begirako emaitzak lortzen dituzte.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko esleipenaren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.
2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek garrantzi txikiagoko edo minimis laguntza izaera dute. Ondorioz, 2023ko abenduaren 13an Europako Batzordeak onartutako (EB) 2831/2023 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira («2831/2023 Erregelamendua»).
3.– Programa honen baitan emandako laguntzek espezietan eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izaera izango dute.
4.– Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.
3. artikulua.– Baldintzak eta definizioa.
Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:
1.– Mikroproiektua: elkarri lotuta eta koordinatuta dauden jardueren multzoa; aurrekontu batek ezarritako mugen, ezarritako kalitateen eta aurrez finkatutako denbora-tartearen barruan helburu espezifikoak lortzea da mikroproiektu baten arrazoia. Mikroproiektuen kudeaketak ezagutzak, gaitasunak, tresnak eta teknikak proiektuaren eskakizunak asebete ahal izateko proiektu bateko jardueretan aplikatzean datza.
2.– Aholkularitzako enpresa espezializatua: programaren enpresa onuradunean (SPRIk deitutako lehiaketa publikoan kontratista izan dena) Mikroproiektu bat ezartzeko beharrezko aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak eskaintzeaz arduratuko den kanpoko aholkularitza-enpresa edo -profesionala.
3.– Lankidetza-akordioa eta Proiektuaren Memoria: laguntza eskatu duen enpresak eta Aholkularitza Enpresa Espezializatuak batera betetako dokumentua, SPRIk emandako formatuaren arabera. Bertan, bi alderdiek garatu beharreko Mikroproiektuekin lotutako gaiak eta haien ezaugarri nagusiak zehaztuko dira.
4.– Itxiera-txostena: aholkularitza-enpresa espezializatuak egindako eta enpresa onuradunak balioztatutako deskargu-dokumentua da. Honako hauek zehaztu beharko dira bertan: identifikatutako erronka, hedatutako laneko plana (helburuak, kronograma, metodologia), bideratutako ekintzak, bilera-aktak eta ondorioak (lorpenak, gomendioak eta gorabeherak). SPRIk emandako formatuaren arabera.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Espezietako laguntzak emateko programa honen helburura bideratutako baliabideen kontratazioaren balio zenbatetsia 2.700.000 euro artekoa da, eta baliabideak 2025erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasota dauden SPRI - Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan helburu horietarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik eratorriko dira.
2.– Espezietan emandako baliabideak mugatuak direnez, laguntzak eskatzen diren unetik ematen diren unera arteko tartea ahalik eta laburrena izatea nahi du programak. Ondorioz, laguntzak modu ordenatuan esleituko dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
3.– Programara bideratutako espezietan emandako baliabideak agortuz gero, programa amaitu egingo da. Egoera horren berri emango du SPRIko Zuzendaritza Nagusiak ebazpenaren bidez eta bere webgunean (www.spri.eus). Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Espezietan emandako laguntzen kontrataziorako balio zenbatetsia agortzen denean, ezingo da laguntza gehiago eman eta, arrazoi hori dela eta, espresuki uko egingo zaie aurkeztutako eta ebatzi gabe dauden eskaerei. Eta ez dira onartuko baliabideak agortu direla iragarri ondoren aurkeztutako eskaerak.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.
1.– Onuradun izateko erakunde eskatzaileek bete beharko dituzten baldintzak hauek dira:
a) Pertsona juridiko bat izatea eta honako jarduerak egitea: industria-jarduerak edo industriari lotutako zerbitzuak, informazioaren gizarteko eta komunikabideetako jarduerak, logistikakoak edo handizkako merkataritzakoak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da mikroproiektua.
c) Zerga arloko betebeharrak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekin lotutakoak eta/edo erakunde laguntzaileekin adostutakoak betetzeari dagokionez egunean egotea.
d) Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergako dagokion epigrafean alta emanda egotea.
e) Dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez 5 eta gehienez 249 langileko batez besteko plantilla izatea.
Enplegu kopurua lanaldi osoko urte osoko baliokideen araberakoa da. Baldintza hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak igorritako «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla-txostena» izenekoaren bidez egiaztatuko da. Era berean, plantillako kidetzat hartuko dira enpresaren jarduerara atxikitako langile autonomoak, baldin eta, haien egoeragatik, ezin badira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon.
2.– Erakunde onuradunek ezingo dute egoera hauetakoren batean egon:
a) 2021etik 2024ra bitarteko deialdietan (biak barne), Hazzinova programaren baitan 8 proiektutan edo gehiagotan onuraduna izana. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko adierazitako deialdietan programaren aurreko proiektu pilotuan egindako zerbitzuak.
b) Hazitek programak 2022, 2023 edo 2024. urteetako deialdietan finantzatutako proiektuetan lider gisa parte hartu izana edo, lider gisa, Hazitek 2025 programari finantzaketa eskatu izana.
c) Honako deialdi hauetakoren batean Innobideak programaren onuraduna izana: 2022ko deialdia, 2023ko deialdiko Innobideak Innokonexio edo 2024ko deialdiko Fast Track Innobideak.
d) Ez egotea DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasun Kontseilariak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren aurkaratzea bertan behera uztea adostu bada.
e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende egotea.
f) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
g) Sektore publikoetako batekoa izatea, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren arauen arabera.
h) Aurreko hiru urteetan minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago jaso izana.
i) 2023/2831 Erregelamenduko 1.1 artikuluko sektoreren batean jarduerak garatzea.
j) Dirulaguntzaren helburu den mikroproiektuaren esparruetan zerbitzuak (oinarri hauetan aurrez ikusitakoak) eskaintzen dituzten aholkularitza-enpresekin zuzenean edo zeharka loturaren bat izatea (akzioen edo partaidetzen bidez) eta/edo haien gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna izatea.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntzaren likidaziora arte bete beharko dira laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.
– Oinarri hauetako 5.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta haien erakunde kolaboratzaileekiko betebeharrak betetzeari dagokionez egunean daudela.
Dena den, eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako baldintzak 8. artikuluan adierazitako informazioa aurkeztuz edo oinarri hauen eranskinean jasota dagoen normalizatutako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Bigarren kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako dokumentazioa egiaztatzeko betebeharra izango du eskatzaileak, SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Espezietan emandako laguntzaren baitan, aholkularitza espezializatua eta indibidualizatua emango zaio enpresa onuradunari, honako ezaugarriak betetzen dituzten mikroproiektuak egiteko:
1.– Negozioaren produktu eta/edo prozesuetan berrikuntza txikiak sortzea, inpaktua eta emaitzak dituztenak, eta horiek enpresaren epe laburreko emaitzetan islatzea.
2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektu moten artean egotea, gaiaren arabera multzokatuta, SPRIk deitutako lizitazioaren helburua osatzen duten sorten arabera; hau da, honako gai hauetan berrikuntzako soluzioak diseinatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuen barruan egotea:
– Kudeaketa arloko eraginkortasuna. Arlo ekonomiko-finantzarioan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, enpresaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa estrategikoa hobetuko dituztenak, enpresaren errentagarritasuna kontrolatze aldera.
– Kudeaketa arloko eraginkortasuna. Barneko Administrazio Prozesuen arloan berrikuntza soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, administrazio-zerbitzuak (eskarien kudeaketa, kobrantzak eta ordainketak, dokumentuen kudeaketa, bezeroen kudeaketa, erreklamazioen kudeaketa, berankortasuna eta abar) berriro diseinatzea ahalbidetuko dutenak, enpresaren eraginkortasuna hobetze aldera.
– Kudeaketa arloko eraginkortasuna. Talentuaren/Pertsonen arloko berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, enpresa baitan pertsonen konpromisoa eta motibazioa areagotzeko pertsonen kudeaketa hobetzea ahalbidetuko dutenak.
– Negozio-eragiketak. Produkzio arloko berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza zerbitzuak, produkzio-prozesuak hobetzea ahalbidetuko dutenak, hala, enpresaren produktibitatea, kalitatea, jasangarritasuna edo segurtasuna areagotzeko.
– Negozio-eragiketak. Logistika arloan berrikuntza-soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, hornidura- edo banaketa-katea hobetzea ahalbidetuko dutenak, hala, gastuak, ingurumenarekiko eragina eta entrega-epeak murrizteko, eta bezeroenganako zerbitzua hobetzeko.
– Merkatuaren garapena. Bezeroen arloko berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, merkatu-kuota areagotzeko, bezeroen ezagutza, harrera, kaptazioa edo leialtzea hobetzea ahalbidetuko dutenak.
– Merkatuaren garapena. Merkatu Berrien arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, enpresaren marketina egokitzea ahalbidetuko dutenak, hala, merkatu geografiko edo bezeroen segmentu berrietara iritsi ahal izateko.
– Merkatuaren garapena. Produktuaren arloan berrikuntza-soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, honakoak ahalbidetuko dituztenak: (1) negozioaren bolumena areagotuko duten produktuak eta lotutako zerbitzuak eskuratzea (2) aurrez zituzten produktuak edo lotutako zerbitzuak nabarmen hobetzea, haien ezaugarriak aldatuta, erabilera aldatuta, bezeroaren esperientzia aldatuta, materialak ordezkatuta, diseinua moldatuta, ekodiseinua erabilita eta/edo ontziratzea aldatuta, negozio-bolumena edo salmenta-marjinak handitzeko (3) babes industriala ahalbidetuko duten soluzioak identifikatzea.
3.– Eskatutako laguntza motari dagokion zerbitzu motarako SPRIk kontratatutako aholkularitza-enpresarekin lankidetzan ezartzea.
4.– Proiektua gauzatzeko baldintza hauetara egokitzea:
– Kanpoko aholkularitza-enpresa espezializatuak, gehienez, 90 egun naturaleko epea eta 50 lanorduko (in situ) arduraldia izango ditu proiektua gauzatzeko, ebazpena jakinarazten den unetik. Edozein kasutan ere, 2026ko martxoaren 31 baino lehen amaitu beharko du.
– Enpresa eskatzaileari Aholkularitza Enpresa Espezializatua esleitu zaiola jakinarazten zaion unetik zenbatzen hasi eta gehienez zazpi egun naturaleko epean, eta bi enpresa horien artean proiektuaren beharrak identifikatu ahal izateko lehen harremanak izan ostean, enpresa eskatzaileak egin beharreko lanaren proiektu-memoria eta Lankidetza-akordioa aurkeztu beharko dizkio SPRIri. Dokumentu hori bi aldeek sinatu beharko dute elektronikoki (enpresa eskatzaileak eta aholkularitza-enpresak).
– Enpresa eskatzaileak, esleitutako Aholkularitza Enpresa Espezializatuaren laguntzarekin, onartutako proiektua ezarri behar du ebazpena jaso eta gehienez 90 egun naturaleko epean.
Aholkularitza banaka eta enpresa onuradunaren egoitzan egingo da; edo, salbuespen gisa, modu telematikoan, gorabehera partikularrek justifikatzen badute.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
1.– Jarraian definituko ditugun zerbitzuek osatzen dute espezietan emandako laguntza.
Laguntzaren zenbatekoak, SPRIk egindako lizitazioaren arabera, diruz lagun daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren esleipeneko prezio hauek izango ditu:
– Kudeaketa-arloko eraginkortasuna. Arlo ekonomiko-finantzarioan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 3.000 euro.
– Kudeaketa-arloko eraginkortasuna. Barneko administrazio-prozesuen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.000 euro.
– Kudeaketa-arloko eraginkortasuna. Talentuaren/Pertsonen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 3.316 euro.
– Negozio-eragiketak. Logistika arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.400 euro.
– Negozio-eragiketak. Logistika arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.200 euro.
– Merkatuaren garapena. Bezeroen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 3.698 euro.
– Merkatuaren garapena. Merkatu berrien arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 3.696 euro.
– Merkatuaren garapena. Produktuaren arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 3.696 euro.
Enpresa bakoitza gehienez bi Hazinnova proiekturen onuraduna izan daiteke deialdi honetan, eta lehenengo biak baietsi ondoren aurkezten diren eskaera gehigarriak edo, hala badagokio, 5.2 a) artikuluan ezarritakoa gainditzen dutenak baztertu egingo dira.
2.– Programa honetan aurrez ikusitako laguntzak ezingo dira helburu berarekin emandako beste laguntza batzuekin edo komunitateko finantzaketako beste modu batzuekin pilatu.
3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo minimis izaera dute.
Minimis laguntzak emandakotzat hartuko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide legala ematen zaion unetik hasita.
Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis guztien kopurua ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan aurreko hiru urteetan.
Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzako estatuko beste edozein dirulaguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
4.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
8. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Aurrez ikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean gaitutako laguntza-eskaera formularioak bete beharko dituzte eta, horretarako, Innobasqueren laguntza jasoko dute.
2.– Likidazio-eskaera hori erakunde eskatzailea ordezkatzeko behar adina ahalmen duen pertsonak sinatu beharko du (onartutako sinadura elektroniko bidez). Aurkezte-data izango da SPRIren sistemetan dokumentazio osoa erregistratu deneko data.
3.– Laguntza-eskaerak barne hartu behar ditu erakunde eskatzailea eta haren ordezkari legala, erakundearen barruko harremanetarako pertsona eta ezartzea aukeratu duten Mikroproiektu mota identifikatzeko datuak, baita erantzukizunpeko adierazpena ere, oinarri hauen Eranskin gisa txertatu dugun eredu normalizatuko edukiaren arabera.
Zehazki, honako informazioa txertatu behar da:
– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
– Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta helbide soziala.
– Laguntza-eskaeran jasotako diruz lagundutako jarduerak egingo dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).
– Aurreko hiru urtetan jasotako minimis laguntzen zerrenda; bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Enpresaren neurria (langile kopuruaren arabera) zehazteko datuen zerrenda. Kopuru hori generoaren arabera banatuta zehaztu beharko da (gizonezkoak eta emakumezkoak).
4.– Espedientearen tramitazioan zehar, edozein unetan, Erantzukizunpeko Adierazpenean aipatutakoarekin lotutako edozein dokumentu edo egiaztagiri eskatu dezake SPRIk.
5.– Laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharko da laguntza-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopuruaren ziurtagiria (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Kooperatiba-entitateen kasuan, Gizarte Segurantzarekin kolaboratzaile den entitatearen ziurtagiria, entitate eskatzaileko bazkideei dagokien batez besteko enplegu kopurua ziurtatzeko.
6.– Laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharko da ordezkariaren notario-ahalordea, indarrean dagoena eta behar adina botere ematen diona, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du eta agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da.
Halaber, gehitu beharko da Identifikazio Fiskaleko Txartela, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da eta aukera eman beharko du IFZ zenbakiari eta eskatzailearen izen sozialari buruzko datua egiaztatu ahal izateko.
7.– SPRIk izapidetutako eskaerak ongi kudeatzeko eta jarraipen egokia egiteko egokitzat jotzen den informazioa programaren erakunde laguntzaileari emateko eskubidea ematen dio laguntza-eskaerak SPRIri.
8.– Enpresak laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidaliko dira dagozkion jakinarazpenen abisuak. Laguntzaren onuradun edo eskatzaile gisa agertzen den enpresaren titulartasuneko posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.
9.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza -euskara edo gaztelania- ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.
9. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Oinarri hauek EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2025eko urriaren 29an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2025eko urriaren 29ko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).
Laguntza-eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagun daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko dira.
10. artikulua.– Esleipenaren prozedura.
1.– Espedientea osatuta dagoen unearen arabera aztertuko dira laguntza-eskaerak. Laguntzen eskaerak organo kudeatzaileak kudeatuko ditu. SPRIk Innobasqueren laguntza izango du. Hark behar adina dokumentu eta/edo informazio osagarri eskatu diezaioke eskatzaileari, eskaera ongi ulertu eta aztertu ahal izateko.
2.– Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du prozedura, eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera eta dagozkion sortetan balio zenbatetsia dagoen bitartean, oinarri hauetan azaldutakoarekin bat etorriz.
3.– Ebazteko epea. Dokumentazio osoa aurkezten den datatik hasita, gehienez 30 egun natural izango dira ebazpena emateko. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
4.– Erakunde eskatzaileei ebazpenen berri ematean, emandako dirulaguntzaren balio ekonomikoa adieraziko da, baita hura garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere.
5.– Ebazpena egiten denetik 10 egun balioduneko gehieneko epean eman eta jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari. Onuradunari esleipenaren ebazpenaren berri ematean, minimis laguntza bat dela jakinarazi behar zaio.
6.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
11. artikulua.– Egiaztapeneko eta kontroleko jarduerak. Aurkezteko epea.
1.– Jarduketa amaitu ondoren (6.4 artikuluan ezarrita dagoen moduan, gehienez 1 hilabeteko epea dago horretarako), erakunde onuradunek jarduketa justifikatu behar dute erakunde laguntzailearekin elkarlanean, SPRIren webgunean eskuragarri dagoen likidazio-eskaeraren bidez.
2.– Erakunde eskatzailea ordezkatzeko adinako eskumena duen pertsona batek sinatu behar du likidazio-eskaera, sinadura elektroniko bidez. SPRIren sistemetan dokumentazio osoa erregistratzen den data hartuko da aurkezpen-datatzat.
3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak eta zerbitzu-prestazioaren balorazioa jaso beharko ditu.
4.– Likidazio-eskaerarekin batera, erakunde onuradunak eta zerbitzua eskaintzen espezializatutako aholkularitza-enpresak elektronikoki sinatutako itxiera-txostena aurkeztu beharko da.
5.– Likidazio-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopuruaren ziurtagiria (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria) Kooperatiba-entitateen kasuan, Gizarte Segurantzarekin kolaboratzaile den entitatearen ziurtagiria, entitate eskatzaileko bazkideei dagokien batez besteko enplegu kopurua ziurtatzeko.
12. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak zuzentzea.
Laguntza-eskaera edo likidazio-eskaera osorik beteta ez badago edo eskatutako gainerako dokumentuak aurkeztu ez badira, akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak aurkezteko eskatuko dio SPRIk erakunde onuradunaren ordezkariari. Hark, gehienez. 10 egun balioduneko epea izango zuzenketa egiteko edo falta diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, eskaera ukatuko da (eskaera bat den kasuetan), helburu horretarako agindutako ebazpen baten bidez.
13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– Oinarri hauetan jasotako arauen araberako laguntzak emateko, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia erakunde laguntzaile izendatzen dugu, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena; aurrerantzean, «698/1991 Dekretua») eta DEALen ezarritako baldintzetan.
2.– Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, honako funtzio hauez arduratuko da erakunde laguntzaile gisa:
a) Programaren dinamizazioa eta sustapena.
b) Eskaerak izapidetzeko prozesuan eskatzaileei laguntza ematea.
c) SPRIri laguntza ematea programako onuradun izan daitezkeenen baldintzak betetzen diren aurrez egiaztatzean.
d) Programaren sustapen- eta dinamizazio-jarduerari buruzko jarraipen- eta balorazio-txostenak egitea.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak izango dira DEALeko 14 eta 42 artikuluetan jasotakoak. Zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
a) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
b) SPRIren aurrean eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.
c) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondoren hiru egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
d) Emandako laguntza jarduera-plana garatzera bideratzea.
e) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
f) Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.
g) Laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera aldatu dela jakinaraztea SPRIri.
h) Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DEALen arabera:
– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
j) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
k) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
l) Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizazioan ez erortzea.
m) Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
15. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.
1.– Dirulaguntza ematen duen organoak, dagokion egoeraren balorazio zehatza egin ondoren, emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzeko aukera izango du, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko epea luzatu dezake, baldin eta onuradunek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 1 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (90 egun natural) eta inola ere ezingo du gainditu gauzatze-data (2026ko martxoaren 31).
16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Laguntza hau itzuli beharra adieraziz gero, emakidaren ebazpenean komunikatutako zerbitzuaren prezioaren baliokidea izango da itzuli beharreko zenbatekoa. Gainera, dirulaguntzen legeriak xedatutakoa betez, dagokion berandutze-interesa eskatu ahal izango da.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) Kanpoko enpresa espezializatuak aholkularitza-jarduera hasi izana eta erakunde onuradunari egotz dakizkiokeen kausak direla eta behar bezala ez garatzea.
b) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du.
c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
d) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, betiere epea aldatzeko edo luzatzeko baimenik eman ez bada.
e) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
f) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol-neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
g) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
h) DEALen aurrez ikusitako kausak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen ezarritakoaren arabera; edonola ere, dagozkion lege-ekintzak eta zigorrak jaso ditzake. SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko edo emango da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoaren zatiarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
6.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 7 artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
7.– Aldi boluntario horretan itzulketarik egiten ez bada, premiamendu-bideari ekin ahal izango zaio, aplikagarria den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– 2003ko abenduaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra eta, aplikagarria denean, 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta finkatzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko EB 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (DBLO-EDB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da:www.avpd.euskadi.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta adierazten du:
I. Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:
– Aurreko hiru urteetan minimis laguntza gisa 300.000 euro ez dituela jaso.
– Eskaera egin duen unean, gutxienez, 5 langile dituela eta ez duela gainditzen 249 langileko gehienekoa.
– Eskaera honi dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:
a) Aurreko hiru urtetan jasotako minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
c) Enpresaren neurria zehazteko datuak, enplegu kopuruaren arabera. Kopuru hori generoaren arabera banatuta zehaztu beharko da (gizonezkoak eta emakumezkoak).
– Programaren oinarrien 5. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako egoeraren batean ez dagoela, hau da:
a) Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte izatea, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.
b) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:
a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.
f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.
h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende egotea.
d) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
e) 2023/2831 Erregelamenduko 1.1 artikuluko sektoreren batean jarduerak garatzea.
f) Dirulaguntzaren helburu den mikroproiektuaren esparruetan zerbitzuak (oinarri hauetan aurrez ikusitakoak) eskaintzen dituzten aholkularitza-enpresekin zuzenean edo zeharka loturaren bat izatea (akzioen edo partaidetzen bidez) eta/edo haien gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna izatea.
– Adierazpen honek barne hartzen duela eskatzailearen konpromisoa enpresa ez deslokalizatzeko (DEALen 49. artikuluan jasotako baldintzen arabera) eta gehiegizko finantzaketarik ez egiteko (DEALen 9.4.h) artikuluaren arabera).
II.– Indarrean dagoen araudian jasotako eskakizunak betetzen ditut.
– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, dagokion erantzukizuna hartuko dut neure gain (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikulua).
III.– Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batean gehitutako edozein datu edo informazio guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez badira, ezingo da eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. atalean ezarritakoaren arabera.
[...] Goian jasotako adierazpenen edukiaren onarpena.