
82. zk., 2025eko maiatzaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (230 KB - 11 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1884
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 27koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2025ean literatura-itzulpenetarako dirulaguntzak emateko Zuzendaritza Kontseiluak onartutako deialdia argitaratzen duena.
Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.b) letrak helburu hau xedatzen du, besteak beste, aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta bermatuz».
Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumena dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek 19.2.g) artikuluan aipatzen du institutuaren jarduera-arloen artean dagoela euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora ateraz. Bestalde, artikulu horren f) letran Institutuaren eginkizunen artean aipatzen da euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, Etxepare Euskal Institutuari jarduera-arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, egokitzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko dirulaguntzak emateko prozedura arautzea.
Dirulaguntza hauek eta horiek emateko oinarrizko irizpideak Zuzendaritza Kontseiluak onartu zituen 2025eko martxoaren 19an, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta 2025erako Dirulaguntzen Urteko Planean sartuta daude, zeinak Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu baitziren (aipatutako sailaren webgunean argitaratua daude: PES 2025-2028: Dirulaguntzen Plan Estrategikoa. // PAS 2025, 2026, 2027, 2028: Dirulaguntzen Urteko Planak.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila – Euskadi.eus) eta EAEtik kanpo euskara eta euskal kultura sustatzeko helburu estrategikoaren barruan daude.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2025ean itzulpen jarduera hauek diruz laguntzeko baldintzak arautzen dituen Zuzendaritza Kontseiluak onartutako deialdia argitaratzea:
a) Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
Hizkuntza jakin bateko lehen itzulpenak baino ez dira lagunduko bi kasuetan. Bigarren itzulpenak edo ondorengoak badira, edizio eta sustapen gastuak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honetarako gehieneko zenbateko osoa hirurogeita hiru mila (63.000) eurokoa izango da, honela banatuta: berrogeita hiru mila (43.000) euro itzulpen lanetarako eta hogei mila (20.000) euro edizio eta sustapen lanetarako.
2.– Deialdi honetako kontzeptu bakoitzerako adierazitako zuzkidura dena dela ere, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, kontzeptu batean soberan geratzen den zenbatekoa erabili ahal izango da beste kontzeptuko dirulaguntzen zenbatekoa handitzeko.
3.– Bi kontzeptu lagunduko dira diruz: itzulpen lanak eta horien edizio eta sustapen lanak, hemen zehaztutakoaren arabera:
Itzulpen lanen kasuan:
a) Itzulgaiaren zailtasun maila oinarrizkoa denean, 0,018 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
b) Itzulgaiaren zailtasun maila apartekoa denean, 0,032 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
Balorazio-batzordeak erabakiko du zein testuk duen aparteko zailtasuna hizkuntzaren aldetik.
Edizio eta sustapen lanen kasuan:
Edizio eta sustapen lanetarako emango den gehieneko zenbatekoa mila (1.000) eurokoa izango da. Zenbateko hori 11. artikuluko d) eta e) letretan lortutako puntuazioaren proportzioan kalkulatuko da. Edizio eta sustapen lantzat hartuko dira testuen zuzenketa, maketazioa, inprimatzea eta sustapen ekintzak.
Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, pertsona edo erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.
4.– Hori guztia gorabehera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan jasotakoa aplikatu beharko da.
3. artikulua.– Dirulaguntzen esleipena.
1.– Deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskaerak erkatuko dira, 11. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkeran ezartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskaeretatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere % 50eko gutxieneko puntuazioa lortu badute.
2.– Obra batek ezin izango ditu jaso hiru hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko dirulaguntzak urte bereko deialdian. Hiru eskaera baino gehiago izanez gero, puntuazio handiena duten hiru eskaerek jasoko dute dirulaguntza.
3.– Honela kalkulatuko da aurkeztutako proiektu bakoitzak jaso dezakeen zenbatekoa: balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio deialdi honetan finkatutako tarifen arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekoari edo kontratuan ageri den kopuruari (deialdiaren arabera legokiokeena baino txikiagoa bada kontratuan ageri den kopuru hori), eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.
4.– Eskaera bakoitzak lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa zortzi mila (8.000) eurokoa izango da. Eskatzaile bakoitzak deialdi honetan lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa, aldiz, hamabi mila eta bostehun (12.500) eurokoa izango da.
5.– Koedizioan kasuan, argitaletxe bakoitzak egin beharko du dagokion zatiaren eskaera, eta zati horren araberakoak izango dira ebazpena, ordainketa eta justifikazioak.
6.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
4. artikulua.– Onuradunak.
Pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izan nahi badute, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, eta bere lanbide edo xedeen artean argitalpen eta itzulpen lanak izan.
b) Gaztelaniarako itzulpenei dagokienez, pertsona juridikoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea egoitza. Pertsona fisikoak EAEn egon daitezke erroldatuta, baina egoitza EAEtik kanpo duen argitaletxe batekin argitaratu beharko dute itzulpena.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren baitan jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean, dagokion herrialdean beharrezkoa balitz.
Salbuespen gisa, betekizun hori ez dute bete beharko beraiek idatzitako lanaren itzulpena egingo duten itzultzaileek.
d) Ezingo dute dirulaguntzarik eskatu nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuek, fundazioek eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteek.
5. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
Eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak (edo horien baliokideak) egunean izatea.
– Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, eskatzaileek ez dute izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondorioz ezarritakoak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23. artikuluarekin (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
Eskatzaileek edo onuradunek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela joko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein erakunderekin zorrik ez badute epe exekutiboan dirulaguntzak itzultzearekin loturik.
Era berean, pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean dituztela joko da, baldin eta zorrak zatituta edo geroratuta eta bermatuta badaude edo zorra etetea erabaki bada itzulketaren ebazpena aurkaratu izanaren ondorioz.
– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan eta 13. artikuluaren 1, 2, 3, 4 eta 5 ataletan aurreikusitakoa aplikatuko da.
– Betekizun horiek guztiak, onuradun izateko ez ezik, jasotako dirulaguntzaren likidazioa egin arte ere bete beharko dira.
6. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak ez daude beharturik administrazio jardulearen esku dauden edo beste administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera. Horrela, Administrazioak kontsultatu eta atera ahal izango ditu, interesdunak kontrakoa adierazten ez badu; kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Pertsona edo erakunde eskatzaileak atzerrikoak direnean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak, edo horien baliokideak, aurkeztu beharko dituzte, baita, hala badagokio, eskatutako beste edozein agiri ere.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera, eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira betebehar hauek:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Azken hiru urteetan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu izatea.
– Eskatzaileak eskaeran eta agirietan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, egiaztagirien bidez egiaztatuko beharko dira legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza-ahalordea.
7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta epeak.
1.– Pertsona fisikoek aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak:
– Aurrez aurre, helbide honetan aurkez daitezke eskaerak: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia (08:30etik 14:00etara). Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
– Elektronikoki, euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztu ahal izango dira eskaerak, artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako helbidean.
Eskaera egiteko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabili (aurrez aurre zein elektronikoki), eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.
2.– Pertsona juridikoek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte eskaerak, artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako helbidean.
3.– Salbuespenez, atzerriko pertsona juridikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.
4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan egongo dira eskuragarri:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032411
Eskaera egin osteko izapideak gune honetan egingo dira elektronikoki:
https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
5.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskaeran eta gainerako agirietan. Halaber, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da eskaeraren ondoriozko jardunetan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Elektronikoki identifikatzeko, onartuta eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du pertsona edo erakunde eskatzaileak.
7.– Eskaerak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
8.– Eskaera bat aurkeztuko da jarduera bakoitzeko. Pertsona edo erakunde eskatzaile batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da eskatzaileari dagozkion administrazio-agiriak behin aurkeztea.
9.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
10.– Diruz lagundutako itzulpenak argitaratzeko epea 2026ko abenduaren 30ean amaituko da.
11.– Agiri hauek ere aurkeztu beharko dira eskaerarekin batera:
a) Itzuli nahi den liburu edo testua, euskarri informatikoan (Word formatua).
b) Itzulpen-lagina: 15.000 karakterekoa (zuriunerik gabe zenbatuta), euskarri informatikoan.
Salbuespen gisa, 25.000 karaktere baino gutxiagoko lanen kasuan, ez da laginik aurkeztu beharko.
c) Itzultzailearen curriculuma.
d) Argitaletxearen azken katalogoa.
e) Obra itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.
f) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta. Ordainduko den zenbatekoa adierazi beharko da kontratuan. Kontraturik ezean, itzultzailearen faktura aurkeztu ahal izango da.
g) Argitaletxearen konpromiso sinatua.
h) Jatorrizko lana gaztelaniaz bada, egilearen errolda-agiria.
9. artikulua.– Eskaeran egindako akatsak zuzentzea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez 2 hilabeteko epean, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan. Ikusten bada eskaera onartzeko eskatzen den agiriren bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren agirietan akatsak daudela, eskatzaileak 10 egun balioduneko epea izango du akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, jakinaraziko zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko aukera galduko duela.
Epe hori amaituta, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.
2.– Eskabidea elektronikoki aurkeztera behartuta dagoen eskatzaile batek aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkezteko zuzenketa eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidea aurkeztu duen eguntzat.
10. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da. Hauek izango dira kideak:
a) Batzordeburua: Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria.
b) Bokalak: 3-5 kide, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak izendatuta, adituen eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: Etxepare Euskal Institutuko teknikari batek egingo ditu batzordearen idazkari-lanak; zuzendariak izendatuko du, eta hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Balorazio-batzordearen osaera Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira ez parte hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak, eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia dutenen artean. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza duenean.
11. artikulua.– Eskaerak aztertzeko ebaluazio-irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebaluazioaren emaitza jasotzen duen txosten bat egitea, bai eta txosten hori organo kudeatzaileari bidaltzea ere, esleipen-proposamena egin dezan.
2.– Hauek izango dira aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide nagusiak:
a) Jatorrizko obraren literatura-arloko interesa nazioartekotzekoari begira: puntuazioaren % 30 arte.
b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25 arte.
25.000 karaktere baino gutxiagoko lanen kasuan, gainerako atalen artean hainbanatuko da atal honi dagokion ehunekoa.
c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 15 arte.
d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko dituen irizpideak, planak, proiektuak, etab. % 15 arte. Bereziki hartuko dira kontuan aurreko lanak zabaltzeko atzerrian egin dituen ekintzak.
e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den ale-kopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5 arte.
f) Lana jatorriz euskaraz idatzitakoa bada, itzulpena zuzenean jatorrizkotik abiatuta egindakoa izatea: % 10.
3.– Dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da gutxienez % 50eko puntuazioa lortzea. Alabaina, itzulpen-laginaren kalitatearen atalean nahiz argitaletxearen ibilbidearen atalean puntuazioa erdira iristen ez bada, ezin izango da dirulaguntzarik lortu, nahiz eta % 50 horretara iritsi.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari dagokio organo kudeatzaileak aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu eta ebazpena ematea.
2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat.
3.– Gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, deialdia argitaratzeko ebazpenak ondorioak dituen egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta jakinarazpenik ez egiteak legitimatzen ditu interesdunak eskaerak administrazio-isiltasunez ezetsi direla ulertzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
13. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Deialdiaren xede diren dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, besteak beste:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren ebazpena argitaratu eta ondorengo hamabost egun balioduneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.
2.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea eta diruz lagundutako itzulpena 2026ko abenduaren 30a baino lehen argitaratuko dela bermatzea.
3.– Etxepare Euskal Institutuak egingo dituen egiaztatze-jarduketei men egitea, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei ere, jasotako dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitako jarduketak eta jasotako finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak onartzea.
4.– Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea edo aurkezpena egiterakoan Etxepare Euskal Institutuaren logoa jartzea (web orrian egongo dena eskuragai) eta bi kasuetan zehatz adieraztea itzulpenerako dirulaguntza jaso duela, esaldi honen bidez: Liburu honen itzulpenak eta edizioak Etxepare Euskal Institutuaren dirulaguntza izan du. «La traducción y edición de este libro ha sido subvencionada por el Instituto Vasco Etxepare», edo dagokion hizkuntzako itzulpena.
5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, idatziz emango zaio horren berri Etxepare Euskal Institutuari, edo «Nire kudeaketak» helbidearen bitartez jakinaraziko da, eskaera elektronikoen kasuan. Jakinarazpen hori jasotzen duenetik, Etxepare Euskal Institutuak 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ematen ez badu, aldaketa onartutzat joko da, baldin eta dirulaguntzaren onuradun izateko arauak ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.
6.– Diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudia eta materialak erabili ahal izateko baimena bermatu beharko dio onuradunak Etxepare Euskal Institutuari, hainbat euskarritan zabal dezan informazioa.
14. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.
1.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da, prozedura honi jarraituz:
% 75 ordainduko da esleipen-ebazpena onartutzat eman eta, gehienez, hilabeteko epean.
% 25 ordainduko da jarduera amaitu, justifikazioa egin eta, gehienez, sei hilabeteko epean.
Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio indarrean dagoen zerga araudia aplikatuz bidezko diren atxikipen eta konturako ordainketak, halakorik badagokio.
Hala badagokio, onuradunak eskatu beharko du jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena. Deialdi honetako 13.1 artikuluak dirulaguntza onartzeko ezartzen duen 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko da eskaera hori.
2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak:
– Aurrez aurre, helbide honetan aurkez daitezke justifikazioak: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia (08:30etik 14:00etara). Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean ere aurkeztu ahal izango dira justifikazioak.
– Elektronikoki, helbide honetan aurkez daitezke justifikazioak:
https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
3.– Pertsona juridikoek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, adierazi den helbide elektronikoan.
4.– Salbuespenez, atzerriko pertsona juridikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.
5.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, ebazpen honetako 8.4 artikuluan adierazitako helbidean.
6.– Bi hilabeteko epea izango da jasotako dirulaguntzaren justifikazioa egiteko, argitalpena kaleratzen denetik hasita. Argitalpena 2026ko abenduan kaleratzen bada, epe hori hilabetekoa izango da.
7.– Justifikazioa egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean.
b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen agiria, eskatzailea argitaletxea edo editorea bada.
c) Edizio eta sustapen lana ordaindu dela egiaztatzen duten agiriak.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera aurkeztu ondoren helburu berbererako jaso diren dirulaguntzen zerrenda zehaztuz edo, Etxepare Euskal Institutuak emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adieraziz, eta eskaeran jasotako datuak (itzultzaileak, ale-kopuruak eta abar) aldatu ez direla azalduz.
e) Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 32. artikuluan aurreikusitakoa.
15. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delakoagatik laguntzaren zenbatekoa gutxitu edo kendu behar bada, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean, proportzionaltasun printzipioaren arabera.
16. artikulua.– Ez betetzeak eta itzulketak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat deialdi honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoak.
2.– Horrelako kasuren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Etxepare Euskal Institutuari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta Etxepare Euskal Institutuaren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Sortutako premien estaldura % 100ekoa izango da, baina ehunekoa gainerako deialdietako soberakinen zenbateko erabilgarriaren araberakoa izango da. Hala badagokio, aldaketa hori EEIko zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko da, eta ebazpena EHAA-n argitaratuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honetan aurreikusitako laguntza edo dirulaguntzak Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2381 Erregelamenduan adierazitakoaren arabera arautuko dira; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (EBAO, 2381. zk., 2023-12-15). Dirulaguntza hauek «minimis» izaera dute, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez baita izango 300.000 euro baino gehiagokoa, aurreko hiru urteetan. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
Dirulaguntzaren onuradunak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskaeran jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Euskara eta euskal kultura zabaltzeko eta hedatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute.
Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak eskatzen eta jasotzen dituzten pertsona fisikoen eta pertsona juridikoen legezko ordezkarien zerrenda bat izatea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.
– Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
– 3/2007 Legea, apirilaren 20koa, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoa (EHAA, 2007-05-10, 89. zk.).
Hartzaileak: ez da datuen komunikaziorik aurreikusten.
Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea izango du eskatzaileak, baita informazio osagarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: hurrengo web orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehaztua:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
(www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa:
(www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
ID: 0573
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete administrazioarekiko auzien Donostiako epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2025eko martxoaren 27a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.
RSS