Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2025eko maiatzaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1880

86/2025 DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, zeinaren bidez deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, ondasun eta eskubide hauek Mungia udalerrian: «Monteberriaga urbanizazioaren Iparraldeko HUA (Mungia) udaleko saneamendu-sareari lotzeko proiektu eguneratua» gauzatzeko beharrezkoak direnak.

«Monteberriaga urbanizazioaren Iparraldeko HUA (Mungia) udaleko saneamendu-sareari lotzeko proiektu eguneratua» deritzon proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2024ko martxoaren 26an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen, batetik, nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera ematea, eta, bestetik, jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, eraginpeko ondasunen eta eskubideen zerrenda, hala prentsan nola 2024ko apirilaren 26ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (81 zk.) iragarkiak jarrita. Geroago, 2024ko azaroaren 4an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuaren eraginpeko eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko behar adina datuekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako inguruabar hauengatik:

«Gaur egun, urbanizazioko hondakin-urak ez dira tratatzen, dauden HUAk zerbitzutik kanpo baitaude, eta, beraz, ur horiek zuzenean isurtzen ari dira erreketara (kasu honetan, Artebakarragaerrekara, hegoaldeko HUAren kasuan, Amentzakarretara).

Beraz, honako hauek dira lurrak urgentziaz okupatzea justifikatzen duten arrazoiak:

– Ibilgura zuzenean isurketarik ez egitea: gaur egun, urbanizazioak zuzeneko isurketak egiten ditu erreketara eta, are okerragoa dena, biztanle guztien isurketak 2 isurketa-puntutan biltzen ditu, aipatutako bi errekei dagozkienak, zeharka Butroe ibaira isurtzen direnak. Beraz, komeni da ibilgura zuzenean egiten diren isurketa horiek ahalik eta azkarren desagerraraztea, ingurune urtarrean eragin handia dutelako, ez baitute egokitzat har daitekeen tratamendurik.

– Ur-masen ingurumen-kalitateari buruzko arauak bete daitezen ahalbidetzea: isurketa horiek desagerrarazteak ur-masen ingurumen-kalitatea hobetzea ahalbidetuko luke, eta horri buruzko arauak betetzea erragoa litzateke; izan ere, Uraren Euskal Agentziak egindako analisietatik ondorioztatzen denez, isurketa horien tratamendurik eza da, neurri handi batean, Butroe unitate hidrologikoan baldintza fisiko-kimikoak ez betetzearen arrazoia».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2025eko apirilaren 15eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela «Monteberriaga urbanizazioaren Iparraldeko HUA (Mungia) udaleko saneamendu-sareari lotzeko proiektu eguneratua» proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan zehazten dira, banakatuta, ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 15ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala