Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2025eko maiatzaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1879

AGINDUA, 2025eko apirilaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2024-2025 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak Batxilergoko irakaskuntzen arauketa berri bat ezartzen du, prestakuntza, adimen- eta giza heldutasuna, ezagutzak eta trebetasunak emateko, ikasleek gizarte-funtzioak gara ditzaten eta bizitza aktiboari erantzukizunez eta gaitasunez ekin diezaioten.

Hauek dira arau-oinarriak ikastetxeek beren hezkuntza eta curriculum-proiektuak egiteko: 23/2022 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoa, Batxilergoko gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen dituena, eta 76/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.

Batxilergoan oinarrizko batasuna dauka prestakuntza orokorrak, jakintzagai komunak lantzen direlako, baina nolabaiteko berezitasuna eskuratzeko aukera ere ematen du, gustuko modalitateak aukeratuz hezkuntza-etapa honen egituratik. Gainera, ondorengo ikasketetarako berariazko prestakuntza ematen du, izan unibertsitate-ikasketak, goi-mailako lanbide-heziketako zikloak edo arte-ikasketetakoak, baita lan-munduan sartzeko aukera ere.

Batxilergoko ikasketak amaitzean, ikasleek goi-mailako ikasketak hasi aurreko prestakuntza-etapa itxi egin behar dute, eta Batxilergoko titulua lortu. Betidanik, Batxilergoko Sari Bereziak antolatu dira, ibilbide akademiko bikaina egin duten ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortzeko eta hurrengoentzako pizgarri izateko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako Batxilergoko Sari Nazionalak arautzen dituen maiatzaren 4ko ECD/482/2018 Aginduak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak badu eskumenik Batxilergoko Sari Bereziak emateko, deialdi-aginduak berak ezartzen dituen baldintzetan.

2024ko urtarrilaren 30eko Aginduak Batxilergoko Sari Bereziak arautzen ditu eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan emateko baldintzak ezartzen ditu. Beraz, egokia da agindu hau idaztea, 2024-2025 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietako deialdia egiteko.

Deialdi honen oinarri den dirulaguntza Hezkuntza Sailaren 2025rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago.

Bat etorriz dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenekin nahiz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an emandako Aginduarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta daudela egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruz), eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta, Hezkuntza Politiketako Sailburuordeak proposatuta, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– 2024-2025 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietako oinarriak deitzea eta onartzea, agindu honen I. eranskinean jasotako oinarriekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21ekoarekin, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok «sariak eta lehiaketak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Tratamendu-jarduera horren arduraduna Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza da. Datuak babesteko ordezkaria: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/ .

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

I ERANSKINA
2024-2025 IKASTURTEKO BATXILERGOKO SARI BEREZIEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua

2024-2025 ikasturterako Batxilergoko 16 Sari Berezitarako deia da hau, sariak deialdi honetan bertan ezarritako baldintzetan emateko. Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza da deialdi honen kudeaketaz eta izapidetzeaz arduratzen den organoa.

Bigarrena.– Ikasleek proba egiteko bete beharreko baldintzak

1.– Batxilergoko Sari Bereziak jasotzeko moduan izango dira ikasleak baldin ondo betetzen badituzte Hezkuntzako sailburuak Batxilergoko Sari Bereziak arautzeko eta sari horiek emateko baldintzak ezartzeko 2024ko urtarrilaren 30ean eman zuen Aginduaren 3. artikuluan ezarritako betekizunak (EHAA, 2024-02-14).

2.– Baldintza akademikoak ofizioz egiaztatuko dituzte ikastetxeek, ikasleak Hezkuntza Sailak horretarako duen aplikazio informatikoan inskribatu ahala.

Hirugarrena.– Izena emateko prozedura eta epea

1.– Deialdi honetan aurreikusitako datak eta jarduerak II. eranskineko egutegian datoz.

2.– Batxilergoko bigarren mailako amaierako ebaluazio-saioa egin eta ikasleei amaierako kalifikazioak jakinarazi ondoren, ikastetxeek Batxilergoko Sari Berezietara aurkezteko aukeraren berri emango diete agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten ikasleei.

3.– Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta sari horiek emateko baldintzak ezartzen dituen 2024ko urtarrilaren 30eko Aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleek, Batxilergoko Sari Bereziak eskuratu nahi badituzte, beraien ikastetxeko idazkaritzari helaraziko diote izena emateko eskabidea (III. eranskineko eredua), behar bezala sinatuta, honako hauek egiaztatzeko:

a) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako egoeretako batean, besteak beste:

○ Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea.

○ Zigor eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez izatea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere ez izatea.

○ Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

b) Onartzen dituela eskatutako dirulaguntzaren xede den deialdiaren oinarriak.

c) Egiazkoak direla eskabidean adierazitako datuak.

Prozedura hau kudeatzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du ikasleak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Hala ere, ikasleak badu berariaz uko egiterik baimen horri; hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Ikastetxeko idazkaritzak sarrera-erregistroa emango dio eskabideari, eta ikastetxeko zuzendariak digitalki sinatutako kopia bat emango dio ikasleari. Idazkaritza arduratuko da Hezkuntza Sailak horretarako ezarri duen aplikazioaren bidez izapidetzeaz.

5.– Eskatzaile bakoitzak sinatutako inskripzio-formularioa ikastetxeko idazkaritzan gordeko da, probako epaimahaiaren eskura. Epaimahaiak dokumentazio hori edozein unetan eska dezake, bai probak irauten duen bitartean bai proba amaitu ondoren. Era berean, ikastetxeak ziurtagiri akademikoa erantsiko dio eskabideari, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta.

6.– Desgaitasunen bat duten ikasleek, proba egiteko egokitzapen jakin bat behar badute, III. eranskinean aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.

7.– II. eranskinean zehazten den egunean argitaratuko da Hezkuntza Sailaren web orrian (https://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu/ helbidean), onartutakoen behin-behineko zerrenda, baztertutakoena (baztertzeko arrazoia zehaztuta), eta akatsak edo hutsak zuzentzeko epea adieraziz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera.

8.– Epaimahaiburuari zuzendutako akatsak edo hutsak zuzentzeko epea amaitu ondoren, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da onartutakoen behin-behineko zerrenda, bai eta, halakorik balego, baztertuen behin-behineko zerrenda ere, baztertzeko arrazoia adierazita.

Laugarrena.– Epaimahaia

1.– Funtzionamendu-arauak betetzeko eta probaren ebaluazioa egiteko, epaimahai bat eratuko da, kide hauek izango dituena:

○ Epaimahaiburu gisa jardungo duen ikuskari bat.

○ Epaimahaiko idazkari gisa jardungo duen ikuskari bat.

○ 19 irakasle funtzionario, proban ebaluatu beharreko gai guztietan jakitun direnak.

2.– Epaimahaiaren eraketa jendaurrean jarriko da Hezkuntza Sailaren (https://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu/) II. eranskinean agertzen den probaren eguna baino 15 egun lehenago.

3.– Ikasleek epaimahaiko kideak errefusatzeko eskubidea balia dezakete prozedura izapidetzen ari den edozein unetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bosgarrena.– Probaren edukia eta balorazioa

Proba, euskaraz edo gaztelaniaz egin daiteke, aukeran (eskabidean adierazita). Epaimahaiak prestatuko du proba, eta honela egituratuko dira:

a) Lehenengo ariketa: Modalitateari dagokion derrigorrezko jakintzagaia: idatziz ebaztea Batxilergoko bigarren mailako modalitateko derrigorrezko jakintzagaiaren edukiei buruzko galderak edo ariketa praktikoak (izena emateko eskabidearen III. eranskinekoak).

b) Bigarren ariketa:

1.– Gaztelania eta Literatura edo Euskara eta Literatura: testu orokor, zientifiko edo literario bati buruzko idazlana eta/edo iruzkina, Batxilergoko bigarren mailako gaztelaniakoa edo euskarakoa, parte-hartzaileak izena emateko eskabidean egindako aukeraren arabera.

2.– Atzerriko hizkuntza: Batxilergoko bigarren mailan derrigorrezkoa den atzerriko hizkuntzako testu orokor, zientifiko edo literario bati buruzko idazlana eta/edo iruzkina. Ariketa dagokion hizkuntzan egingo da. Ezin izango da hiztegirik erabili.

3.– Agindu honen 6.5 oinarrian ezarritakoari kalte ez egitekotan, ariketetan honako hauek baloratuko dira: erantzunak zuzenak izatea, azalpena eta/edo ekoizpena argia eta kalitatezkoa izatea, ondo egituratuta egotea, hiztegia menderatuta duen eta hizkuntza zuzena izatea.

4.– Ez da inolako aldaketarik onartuko hautagaiak izena emateko inprimakian aldez aurretik hautatu dituen probako jakintzagai edo aukeretan.

5.– Probako ariketa bakoitza 0 eta 10 puntu artean kalifikatuko da, bi dezimalekin gehienez ere. Probaren azken kalifikazioa honela kalkulatuko da: lehenengo zatiko ariketan (modalitateko nahitaezko jakintzagaia) lortutako kalifikazioa bider bi, gehi bigarren zatiko ariketa bakoitzean lortutako kalifikazioen batura.

6.– Saria eskuratuko badute, hautagaiek gutxienez 5 puntu lortu beharko dituzte ariketa bakoitzean, eta, orokorrean, 32 puntutik gorako kalifikazioa.

7.– Proban kalifikazio altuena lortu duten hautagaiei emango zaizkie sariak.

8.– Berdinketarik egonez gero, lehenengo, bigarren eta hirugarren ariketetan lortutako puntuaziorik onena hartuko da kontuan, hurrenkera horretan. Berdinketak bere horretan badirau, Batxilergoko batez besteko notaren bidez ebatziko da, eta, hala ere, berdinduta badago, zozketa bidez ebatziko da, eta epaimahaiburuak horren berri emango du.

9.– Ariketak anonimoak izango dira, eta epaimahaiburuak ere neurri egokiak hartu beharko ditu anonimotasuna ziurtatzeko.

10.– Deialdi honetan, hauxe izango da ariketen denbora-banaketa:

(Ikus .PDF)

Seigarrena.– Probak egitea.

1.– Proba bakarra izango da EAEn, eta II. eranskinean ageri den egoitzan, egunean eta orduan egingo da.

2.– Proba egiteko, izangaiek NAN, AIZ edo Pasaportea aurkeztu beharko dute, bai eta probako ariketak egiteko behar diren tresnak ere, IV. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3.– Epaimahaiak legezko gaitasuna du ariketetan jarraitu beharreko etika, errespetu eta ordena-arauak betetzen ez dituen ikaslea probatik kanpo uzteko. Baztertzeak, jakintzagai guztietan 0 puntu lortzea dakar.

4.– Hala ere, epaimahaiak komenigarri irizten badio, aurreko puntuetako edozein zehaztapen jakinaraziko du, behar besteko aurrerapenaz, jarraibide gehigarrien bidez, Hezkuntza Sailaren web-orrian.

5.– Proba egin aurretik, Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko dira ariketa bakoitzaren ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak.

6.– Deialdi honi buruzko informazioa Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da:

https://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu/

Zazpigarrena.– Kalifikazioak argitaratzea

1.– Parte-hartzaileek Ikasgunearen bidez kontsultatu ahal izango dituzte emaitzak: https://ikasgunea.euskadi.eus/eu/.

2.– Batxilergoko Sari Bereziak arautzen dituen eta horiek emateko baldintzak ezartzen dituen urtarrilaren 30eko Aginduak 7. artikuluan ezartzen duenez, behin-behineko kalifikazioei alegazioak egin dakizkieke kalifikazio horiek argitaratu eta bost egun balioduneko epean.

3.– Alegazioak eta/edo akatsak konpondu ondoren, saritutako izangaien proposamena argitaratuko da Hezkuntza Sailaren webgunean.

Zortzigarrena.– Ebazpena

1.– Deialdia Hezkuntza Politiketako Sailburuordeak ebatziko du, epaimahaiaren proposamena aintzat hartuta. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazi, eskabideak ezetsitzat joko dira, Dirulaguntzen Araubideari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera. Sarituei ebazpena jakinarazteaz gain, ebazpen hori eta behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira, denek horren berri izan dezaten.

2.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

II. ERANSKINA
JARDUEREN EGUTEGIA. 2024-2025 IKASTURTEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala