Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2025eko maiatzaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1858

AGINDUA, 2025eko apirilaren 8koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira, 2025eko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak (Erein programa).

Nekazaritza Politika Erkidea (NPE) sortu zenetik (1962. urtea), politika hori sektorearen erronketara eta herritarren behar berrietara egokitu da, ondoz ondoko erreformen bidez.

NPEaren azken erreforma 2021eko abenduan bukatu zen, hiru erregelamendu argitaratu baitziren, zeinek, erregelamendu eskuordetu eta betearazle egokiekin batera, 2023-2027 aldian NPEaren aplikazioaren oinarriak ezarri eta hura arautu baitzuten, izan zitezkeen luzapenak alde batera utzi gabe.

Alde batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena (NPEaren plan estrategikoak) –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta 1305/2013 (EB) Erregelamendua eta 1307/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen dituena.

Bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamendua, nekazaritza politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.

Eta, azkenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 Erregelamendua (EB), honako hauek aldatzen dituena: 1308/2013 Erregelamendua (EB), nekazaritza-produktuen merkatu antolakunde erkidea sortzen duena; 1151/2012 Erregelamendua (EB), nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa; 251/2014 Erregelamendua (EB), mahastizaintza eta ardogintzako produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizio, deskribapen, aurkezpen, etiketatu eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 Erregelamendua (EB), nekazaritza-sektorean Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri espezifikoak ezartzen dituena.

NPE berriak, 2023tik 2027ra aplikatuko denak, aurreko NPEaren funtsezko elementuei eutsiko die, baina laguntzen azken onuradunek bete beharreko betekizunen deskribapenean oinarritutako politika izatetik emaitza zehatzak lortzera bideratutako politika izatera igaroko da, emaitzok hiru helburu nagusiri lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea, eta Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, tartean, Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea. Helburu orokor horiek, era berean, bederatzi helburu espezifikotan banakatzen dira, jasangarritasunaren hiru zutabeetan oinarrituta, eta zeharkako helburu komun batekin osatuta: nekazaritza-sektorea modernizatzea landa-eremuetan, ezagutzaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.

2023-2027 NPEaren berrikuntza nagusietako bat da estatu kide guztiek plan estrategiko bakarra izan behar dutela, eta plan horretan, NPEaren helburuak lortzeko laguntzako esku-hartzeak ez ezik, Europako Itun Berdearen anbizioa ere jasoko da.

Ildo horretan, hiru urte inguruko lan-prozesu baten ondoren, 2022ko abuztuaren 31n, Europako Batzordeak Espainiako NPEaren Plan Estrategikoa (NPEPE) onartu zuen, C(2022) 6017 Erabakiaren bidez. Lan-prozesu hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak koordinatu zuen, eta autonomia-erkidegoek parte hartu zuten, bai beharren diagnostikoaren eta analisiaren hasierako fasean, bai estrategia artikulatzeko eta esku-hartzeak diseinatzeko ondorengo fasean.

Plana abian jarri zenetik, bi aldiz aldatu da: lehenengoa, Batzordearen 2023ko abuztuaren 30eko C(2023) 5746, azkena, Betearazpen Erabakiaren bidez, eta, bigarrena, Batzordearen 2024ko abuztuaren 30eko C(2024) 6133, azkena, Betearazpen Erabakiaren bidez.

NPEPE horretan jaso dira bai lehen oinarriaren esparruan programatutako laguntza-arloko esku-hartzeak (zuzeneko eta sektoreko laguntzak, NBEF funtsak finantzatutakoak), estatu mailan zuzenean aplikatuko direnak, bai bigarren oinarriko landa-garapeneko esku-hartzeak (LGENF funtsak batera finantzatutakoak), maila autonomikoan inplementatu eta garatzen direnak, kasuan-kasuan ezarritako eskualde-berezitasunekin eta autonomia-erkidego bakoitzak lurraldean programatu dituen esku-hartzeen eta aurrekontuen arabera.

Horren ondorioz, EAEren kasuan, 2024ko ekainaren 11n argitara eman zen 66/2024 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena. Era horretan, NBEF funtsaren esku-hartze sektorialez eta zuzeneko ordainketez gainera, landa-garapeneko 18 esku-hartze programatu dira (LGENF). Bigarren oinarriaren eremuan EAEn programatutako landa-garapeneko 18 esku-hartze horien artean dago diruz lagundu nahi den landa-eremuetako oinarrizko zerbitzuetako inbertsio ez-produktiboei buruzkoa.

Horregatik, NPEPEn xedatutakoaren babesean, eta maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren esparruan, egokia da esku-hartze horietarako laguntzen beste deialdi bat egitea Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, hauxe da Landa Ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legearen xedea: EAEko landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak gidatuko dituen arau-esparrua antolatu eta ezartzea, eta hori guztia landa-ingurunea lurraldeko gainerakoarekiko berdintasunean egon dadin, ingurune hori funtsezko eragilea baita herrialde osoaren garapen eta kohesiorako, ekonomiari, gizarteari eta lurraldeari dagokienez.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sail sortu berriak bere Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (DPE) egiten duen bitartean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sail desagertuari dagokion planean jasota daude deitu beharreko laguntzak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez (eta haren ondorengo eguneratzeen bidez) onartu zen plan hori (agindu horren bidez, sail horren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da). Laguntza hauek aipatutako planean ezarritako helburuak lortzen laguntzen dute. Plana helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/diru-laguntzen-plan-estrategikoa-ekonomiaren-garapen-jasangarritasun-eta-ingurumen-sailarena-2024-2025-eta-2026-urteetarako

Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Esku-hartze honen bidez finantzatzen diren operazioek ez dute estatu-laguntzen araudia bete behar; izan ere, inbertsio publikoak dira, interes orokorrekoak tokiko komunitateentzat, eta ez dute eragin nabarmenik sortzen EBko merkatuaren lehian, tokiko/eskualdeko irismena dutelako.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ezartzen du ezen, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak, sailburuek eskudantzia dutela administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko beren sailari dagozkion gaietan. Horrenbestez, hau

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2025. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko entitate publikoei zuzendutako laguntzen oinarriak (Erein programa), 2023-2027 aldiko NPEPEren «Inbertsioak landa-eremuko oinarrizko zerbitzuetan» esku-hartzearen barnean. Agindu honen I. eranskinean daude jasota laguntza horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 8a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala