Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2025eko maiatzaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1857

AGINDUA, 2025eko apirilaren 16koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Oinarrizko Laguntza Materialerako 2021-2027 EGF Plus Programa kudeatzen laguntzeko entitate laguntzaileak hautatzeko prozedura egiteko.

Oinarrizko Laguntza Materialerako 2021-2027 EGF+ Programak (aurrerantzean, Oinarrizko Programa) FEAD 2014-2020 Programa Operatiboa ordezkatu du, zeinaren bidez gauzazko elikagaiak banatu baitira, banaketa-entitateen eta dituzten entitate laguntzaileen bidez. Programa honen berrikuntza nagusietako bat da elikagaiak eta higiene-produktuak eskuratzeko sistemaren ordez erosketa-txartelak edo bale trukagarriak emateko sistema bat ezartzea, familia onuradunek elikagai freskoak eta beren egoera partikularrean beharrezkotzat jotzen dituzten produktuak eros ditzaten.

Oinarrizko Programaren bidez erantzuna eman nahi zaio adingabeak beren kargura dituzten eta pobrezia larrian bizi diren familiek duten oinarrizko laguntza materialaren beharrari. Laguntza zeharka ematen da, txartelen edo baleen sistema komun baten bidez, elikagaiekin eta higienerako oinarrizko beste artikulu batzuekin trukatu daitezkeenak. EGF+ Programaren konfigurazioak, gainera, hartzaileei laguntzeko zenbait neurri emateko beharra aurreikusten du, oinarrizko laguntza materialaren onuradun diren pertsona eta familia horien gizarteratzea errazteko jarduketak osatzeko.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen (aurrerantzean, Hirugarren Sektorearen Legea) 11. artikuluak ezartzen duenez, esku-hartze sozialaren eremuan erantzukizuna duten euskal administrazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek prestazio eta zerbitzu esperimentalak diseinatzen, gauzatzen, ebaluatzen eta hobetzen parte hartzeko bideak sortzeko.

Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) kudeatzeko, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak ezinbestekotzat jotzen du entitate laguntzaileek parte-hartzea EGF+ Programa honen kudeaketan laguntzeko, laguntza kudeatzen, txartelak eta baleak ematen eta banatzen, elikagaiak ematen dituzten entitateak hautatzen eta akonpainamendu-neurriak ezartzen, ematen eta haien jarraipena egiten lagunduz.

Aurreikuspen horrek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.2 artikuluaren (aurrerantzean, DAEL) lege-babesa du. Artikulu horrek, besteak beste, aurreikusten du entitate laguntzaileen parte-hartzea, zeinak dirulaguntza-jardueraren printzipio orokorrei jarraikiz hautatu beharko baitira (publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, eraginkortasuna eta efizientzia), lege beraren 7. artikuluan jasota baitaude.

Horretarako, agindu honen bidez, entitate laguntzaileak hautatzeko prozeduraren oinarriak ezarri eta deialdia argitaratzen da, aipatutako legearen 7. artikuluan araututako printzipio orokorren arabera.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia, oinarriak eta argitalpena.

1.– Deialdia egitea eta zuzenbide pribatuaren mendeko entitate laguntzaileak hautatzeko oinarri arautzaileak onartzea, EAEn Oinarrizko Laguntza Materialerako EGF+ Programako (aurrerantzean, Oinarrizko Programa) laguntzak emateko prozedura kudeatzen laguntzeko, norgehiagoka-prozedura baten arabera, zeinak ebazpen honen eranskin gisa agertzen baitira.

2.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Administrazio-errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, alderdi interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa ezarri ahal izango diote organo berberari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak sortzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 16a.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala