
81. zk., 2025eko maiatzaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (210 KB - 12 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1855
EBAZPENA, 2025eko martxoaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gordexolako (Bizkaia) Zubiete zubia ordezteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Proiektu hori Uraren Euskal Agentziak sustatu du.
AURREKARIAK
2024ko azaroaren 26an, Uraren Euskal Agentziak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza zenaren aurrean, Gordexolako Zubiete zubia ordezteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura abiarazita (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko urtarrilaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmena izan dezaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, horrela ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako (ibilguan eramateko obrak, ibilguak eta ertzak babesteko proiektuak eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak ur-masa horren edo beheragoko beste ur batzuen egoera edo potentzial ekologikoa honda dezakeenean, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen dituztenean).
Proiektuak Herrerias ibaiaren gaineko Zubiete zubia ordezteko obrak zehazten ditu. Ibai zati hori bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremu gisa dago sailkatuta. Proiektuak Zubiete eremuaren uholde-arriskua hobetzea du helburu.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Gordexolako (Bizkaia) Zubiete zubia ordezteko Uraren Euskal Agentziak sustatutako proiekturako, honela:
A) Proiektuaren xedea egungo Zubiete zubia ordezteko behar diren obra guztiak diseinatzea eta zehaztea da, Zubiete eremuaren uholde-arriskua hobetzeko helburuarekin.
B) Gordexolako (Bizkaia) Zubiete zubia ordezteko proiektuaren (aurrerantzean, Proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideen arabera:
Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren helburua da Herrerias ibaiaren gaineko Zubiete zubiaren ordez argi handiagoko zubi bat jartzea, bao bakarrekoa eta zabalagoa. Ordezkatzeko arrazoia da Zubiete eremuaren uholde-arriskua hobetzea (T10, T100 eta T500 errepikatze-denboretarako uholde-arriskua duen landa-auzoa); izan ere, egungo zubiak, ibaiaren ibilguan izanik erdiko zutabea, uraren igaroa oztopatzen du, eta, uraldi handietan, ura ibaian gora metatzen da.
Proiektatutako zubiak ez du tarteko pilare edo euskarririk, ibai-goraldietan ur-fluxuari okerrik ez eragiteko; gainera, distantzia handiagoa du estribuen artean, eta, ondorioz, eremu erabilgarri handiagoa eskaintzen dio ibaiaren ur-fluxuari.
Zubi berria egiteko, lehendik dagoena eraisteaz gain, honako jarduketa hauek egin behar dira: sastrakak kentzea eta lurrak mugitzea, lehendik dauden zerbitzuak desbideratzea, zubi berriaren ondoko eremuak egokitzea eta ingurumen-integrazioko neurriak hartzea.
Saneamendu- eta hornidura-hodiak ibilgua gurutzatuz desbideratuko dira, egungo zubitik ibaian behera kokatutako behin-behineko egitura metaliko baten bidez. Egitura hori instalazio osagarrien eremuan muntatu ahal izango da, zehazki, «egiturak metatzeko eta muntatzeko eremu» gisa izendatutako eremuan; muntatu eta gero, garabi batekin eramango da ibilguaren gainera, bere posiziora.
Sarbide eta plataforma bana egingo da ertz bakoitzean, eta, horietatik, lehendik dagoen zubia eraitsiko da, lur-mugimenduak egingo dira eta zubi berria eraikiko da, zimendua eta hormigoia jartzeko lanak barne.
Proiektuaren 9. eranskinaren arabera («Eraikuntza-prozedurak»), zubiaren eraikuntza 14 fasetan banatu da, jarduketa hauek barnean hartuta: mikropilotezko pantailak, zepoz segurtatutako mikropiloteak, taula eraistea, hondeaketak, euste-hormak, etab.
Proiektua gauzatzearekin, soberako lurrak sortuko dira zerbitzu-zangak, estribuak eta sarbideak egiteko indusketa-lanetan.
Proiektuaren dokumentuen arabera, estribuak, sarbideak eta zangak egitean hondeatutako lur-bolumena 1.154,32 m3 da, eta hondeaketako materialekin egindako betelanena 158,41 m3; hondeatutako landare-lurraren bolumena 227,62 m3 da, eta obran bertan 90,45 m3 berrerabili dira. Horrek guztiak 1.133,08 m3-ko soberakin-balantzea sortzen du, eta hori, harrotze-faktorearekin biderkatuta (1,4), 1.586,31 m3-ko soberakin-bolumena da.
Soberako lurrak eta arrokak Gueñesko La Jara zabortegira bidaliko dira (Maderas Portillo, SAk kudeatua); gainerako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (hormigoia, metalak, plastikoa, zurak, beira, etab.), berriz, Zallako Las Lagunas zabortegira, Prezero Gestión de Residuos SAk kudeatzen duenera.
Proiektuak lehengoratze-lanak aurreikusten ditu obrak amaitu ondorenerako.
Proiektuaren kokapena.
Bisoi europarraren Kudeaketa Planaren arabera (118/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Lineo, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik), proiektuaren eremua bisoi europarraren interes bereziko eremuaren barruan dago. Ez du ukitzen ezein naturagune babesturik, ez eta katalogoan jasotako flora-espezieen eremu kritikorik ere. Halaber, ez dago geologia-intereseko lekurik (GIL). Akuiferoen kalteberatasunari dagokionez, kalteberatasun txikiko eremu batean dago.
Eremua Herrerias ibaiaren gainean dago, ES073MAR002890 Herrerias ur-masan, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Ibaizabal erkidego arteko arroan. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroak (EBE) «Hornidura-bilketak dituen masa» eta «Espezie mehatxatuen interes bereziko eremua. Ugaztunen babesa (bisoi europarra)» izendapenaz jasotzen du masa hori. LAGen azpiegitura berdeak Herrerias «bilbe urdinean» sartzen du.
Zubitik ibaian behera eginda, ibilgua egoera naturalean dago, ertzak eta ohantzea aldatu gabe. Ibaian gora eginda, horma bat dago eskuineko ertzean, eta, ezkerreko ertzean, eraikin bat, jabari publiko hidraulikoaren muga-mugan (gainditu ere gainditzen du punturen batean).
Ibilguko landaredia Batasunaren intereseko 91E0* (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior dituzten alubioi-basoak) lehentasunezko habitat gisa dago jasota geoeuskadin; haatik, eremuko ortoargazkietan (2023, 2024) ikus daiteke zubiaren inguruneko landaredia ez datorrela guztiz bat habitat mota horrekin, ez eta haren egiturarekin ere, batez ere ibaian gora. Jarduketa-eremuetan masa jarraitua osatzen ez duten zuhaitz-aleak daude: lizarra (Fraxinus excelsior), sahatsa (Salix alba) eta sasiakazia (Robinia pseudoacacia), azken espezie aloktono hori inbaditzailea da; era berean, hurritza (Corylus avellana) eta makala (Populus sp.) daude. Zuhaitzak falta diren lekuetan, zuhaixka-espezieak daude, eta, batez ere, belar-landaredia.
Ibilgutik urrunxeago, ezkerreko ertzeko landaredia nagusiki belarkara da bideak eta etxebizitzak ez dauden eremuetan, eta nabarmentzekoa da lurzatiaren mugan hurritzen zerrenda bat dagoela, obran zehar instalazio osagarrien eremu gisa erabiliko dena. Eskuineko ertzean, egoera antzekoa da: belar-landaredia dago eremu urbanizatuetatik at; kasu honetan, 6510 altitude baxuko sega–belardi elkorrak BIH gisa jotzen da.
Kultura-ondareari dagokionez, eskuinaldean dagoen eraikina, Zubiete dorrea, Kulturako sailburuaren 2002ko urtarrilaren 14ko Aginduaren arabera inbentarioan jasotako monumentua da. Agindu horren bidez, Bizkaiko dorretxe bakoitza monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa inskribatu zen Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean; 2002ko otsailaren 5eko 2081. EHAAren I. eranskinean zerrendatuta daude. Horrez gain, A motako (eraikinaren hormez barruko esparrua) babesa duen balizko arkeologia gunea ere badago (Erabakia, 1997ko maiatzaren 5ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Gordexolako (Bizkaia) Balizko Arkeologia Guneen Izendapena egiten duena. 1997ko ekainaren 4ko EHAA, 9535. zk.).
Enkarterriko Lurralde Plan Partzialak (LPP) «Gordexola haran-hondoa» izendatzen du eremua, eta paisaia-interes bereziko eremu gisa katalogatzen du; zehazki, «kultura-balioa duen eremu» gisa.
Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak ezkerraldeko zerrenda «Balio Estrategiko Handia» kategorian sartzen du, baina zerrenda hori ur-bazterreko landaredia da.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, uholde-arriskua da garrantzitsuena, hori baita proiektua gauzatzea eragiten duen arrazoia.
Balizko eraginaren ezaugarriak.
Aztertutako dokumentazioa ikusita, inpaktu nagusiak obra fasean gertatuko dira, honako hauek tarteko: ibilguaren zati bat lanak egiteko okupatzea, geologian eta geomorfologian eragitea, uren eta airearen kalitatean eragitea, bertako landaredia moztea eta sastrakak kentzea, fauna-habitatari eragitea eta hondakinak sortzea. Ustiapen fasean, aurreikus daitekeen inpaktu nagusia uholde-arriskuaren gainekoa izango da, zeina positibotzat jotzen baita, eta, halaber, eragin positiboa izango du uren kalitatean, prezipitazio handiko aldietan haiek kutsatzeko arriskua murrizten duelako.
Obrek ibilguari eta ertzei eragingo diete makinak sartzeko bideak egiteagatik, eraispenak egiteko plataformak egiteagatik eta zerbitzuetarako aldi baterako hoditeria jartzeagatik ibaia zeharkatzeko. Proiektuak obra egiten hasteko baldintzak ezartzen ditu, lur-mugimenduen ondoriozko ezegonkortasuna eta arrisku geologikoak saihesteko.
Uren kalitateari dagokionez, afekzio-arrisku handienak honako hauetatik etorriko dira: bi ertzetan aurreikusitako mikropilotatuetatik, eta bereziki ezkerraldean dagoen etxeari eusteko egiten direnetatik, ibilgutik hurbilen daudenak direlako; bi ertzetan harri-lubetazko hormak egiteagatik; zubiaren taula hariz ebakitzeagatik; eta lur-mugimenduak egiteagatik. Horregatik guztiagatik, zuzenketa-neurriak ezarri beharko dira uren kalitatearen gaineko eragina minimizatzen dela bermatzeko.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, ezkerraldean Robinia pseudoacacia espeziearen zenbait aleri eragingo zaie, eta, sarbidea egiteko, zenbait hurritz eta haltzi. Kontuan izan behar da, gainera, behin-behineko egitura metalikoa egiteak ur-bazterreko landarediari eragingo diola (sahatsak nagusitzen dira). Ingurumen-dokumentuak proiektuaren eragin-eremuak lehengoratzea proposatzen du, eta behin-behineko pasabideak eragindako eremura hedatu beharko da. Bestalde, espezie inbaditzaileak ez barreiatzeko eta ez birsortzeko neurriak hartu beharko dira.
Bisoi europarraren interes bereziko eremuaren eta bertako faunaren gaineko eraginari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera, obra-planak kontuan hartu du espeziearen ugalketa-aldia (martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartekoa), eta aldi horretan ez da lanik egingo ibilguan eta haren inguruan. Ustiapen faserako ez da identifikatu bisoi europarraren interes bereziko eremuaren gaineko eraginik; izan ere, proiektuak estribuei eusteko harri-lubetak igarobide lehor gisa funtzionatzea aurreikusten du, eta eskuinaldeko mikropilotezko pantaila harri-lubeta batez estalita egongo da, behealdean hormigoitu gabe, eta sahatsen aldaxkekin landareztatuko da.
Airearen kalitateari erasango zaio, eta inpaktu nagusiak mikropilotatuetarako zulaketetan sortutakoak izango dira.
Zarata-mailei dagokienez, ingurumen-dokumentuaren arabera, obrak egitean 65 dB(A)-etik gorako puntetara irits daiteke, noizean behin, makinen inguruan, baina, ez direnez jarraituak puntu finko bakar batean ere, «maila jarraitu baliokidea» (Leq) ez da 65 dB(A) baino handiagoa izaten 40 metrotik gorako distantzietan, makinek etenik gabe lan egiten dutenean, eta hori ez da gertatzen normalean. Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera, 6 hilabete baino gehiago irauten duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterketa, zuzenketa-neurri egokiak zehazteko.
Kultura-ondareari dagokionez, jarduketak Zubiete dorretik behar bezain urrun egin dira, eta, ondorioz, ez da identifikatzen balizko arkeologia gunearen gaineko inpakturik A motako babes-eremuarekin (eraikinaren hormez barruko esparrua). Dena den, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera, obrek 32. Zubiete-Oribay dorrea elementuaren babes-inguruneari eragiten diote (Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean inskribatuta dago, monumentu kategoriarekin). Hori dela eta, beharrezkoa izango da, udal-lizentzia eman aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldez aurreko baimena lortzea.
Aurrekoez gain, obra fasearekin lotutako beste inpaktu batzuk egongo dira, baina guztiak arintzat, bateragarritzat edo moderatutzat jotzen dira.
Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Gordexolako (Bizkaia) Zubiete zubia ordezteko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.
Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenak xedatuko dituenak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira: natura-ondarea babesteko neurriak.
Aplikazio-araudian xedatutakoa gorabehera, honako prebentzio- eta zuzenketa-neurri hauek erantsiko zaizkio proiektuari ondare naturala babeste aldera:
– Bisoi europarraren gaineko eraginari dagokionez, ibilguan eta haren ertzetan edozein ekintza egin aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren nahitaezko txostena beharko da, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduraduna den aldetik.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak nahitaezko txostenean xedatzen duena alde batera utzi gabe, ibilguari eta ibaiertzei zuzenean eragiten dieten eraispen- eta eraikuntza-jarduketa guztiak, ibaiertzak soiltzea eta belar-sastrakak garbitzea, mikropilotezko pantailak egitea eta zepak jartzea barne, espeziearentzako kritikoa den alditik kanpo egingo dira (martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean ez, alegia). Muga hori behar bezala jaso behar da proiektuaren obra-planean.
– Proiektuan aurreikusitakoaren arabera, pasabide lehorrak egingo dira bi ertzetako estribuen inguruan, ibaiari eta ibaiertzei lotutako faunaren zirkulazioaren mesedetan.
– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da inongo eremurik eragin, ezta sarbideak egin, materialak pilatu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko ere, obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez badute oniritzia eman; bestalde, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
Eremu horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
– Orokorrean, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko. Obrak mugakide dituzten natura-interes handiko eremuetan (91E0* «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior dituzten alubioi-basoak» eta 6510 «Altitude baxuko sega–belardi elkorrak (Alpecurus pratensis, Sanguisorba officinalis)» lehentasunezko BIHetan) kontu handiz ibiliko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.
Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Aipatutako eremu sentikorren zuinketa fasean eta lanak egitean, ingurumen-aholkularitzak bertan egon beharko du.
– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da. Mozketak egin ondoren eremuan Robinia pseudoacacia motzondoak geratzen badira, geotestil batekin estaliko dira, berriro hazi ez daitezen, eta, hala, ibilguaren inguruan herbizidak erabiltzea saihestuko da.
Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren landaretzarik gabeko eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Helburu horrekin, landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, gainazalak horretarako prest daudenean; gainera, landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, eta espezie inbaditzaileen haziekin edo propaguluekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira jabari publiko hidraulikoan eta haren zortasun- eta zaintza-guneetan eragina duten obretarako:
– Obrak ibilguaren okupazioa eta okupazio horrek sortutako uhertasuna ahalik eta gehien murrizteko moduan egingo dira.
– Makinek, lan-plataformara (ur-hesia) sartzeko, proiektatutako sarbidearen gainetik zirkulatuko dute une oro. Sarbide horretarako materialak izan beharko dira eraikitzean, erabiltzean eta eraistean ingurune hidrikora ahalik eta material xehe gutxien jausteko modukoak. Ildo horretatik, plataformaren oinarria material lodiarekin egitea gomendatzen da, geotestil batez estalita, eta horren gainean betelana lurrez edo dena bat egitea.
– Eraikuntza fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak atxikitzeko, dekantatzeko eta iragazteko gailuak gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horiek solidoak ahalik eta modu optimoenean eusten direla bermatzeko beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen arabera dimentsionatuko dira, eta, isuri bat gertatzen bada, isurketa-baimenaren arabera egin beharko da.
Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, edukiera erabilgarria nahikoa izateko beti eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izateko. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiak dituzten urak lur gaineko ur-ibilguetara iritsi ez daitezen.
Dekantatzen diren sedimentuak aldian-aldian jasoko dira, eta txosten honen arabera kudeatuko dira.
Ibaian uhertasuna hautematen bada, ezarritako dekantazio- eta iragazketa-sistemak eraginkorrak diren aztertuko da, eta horiek indartu edo sistema efizienteagoekin ordeztu behar den aztertuko da. Mikropiloteak egitean, arreta berezia jarriko zaio alderdi horri.
Nolanahi ere, ibilguan eta haren habitatetan ingurumen-eragin txikiena duten eta teknikoki bideragarriak diren konponbideak aukeratuko dira.
– Ur-hesiak kentzearen ondoriozko materiala bereziki horretarako diseinatutako eremuetan utziko da, aldi baterako, garraiatzeko eta helmugan onartua izateko eskatutako hezetasun-mailetara iristen den arte.
– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.
– Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa (biribilki modukoa, material pikortatua, etab.) jarri beharko da eskura, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Hormigoi-esnea inola ere ezin izango da isuri ibilgura. Hormigoi-makinetako kanaletak garbitzeko, geotestilez estalitako putzu edo edukiontzi espezifikoak jarriko dira, horietan metatutako hormigoi-hondarrak erraz kentzeko. Hondakin hauek kudeatzeko, txosten honetan ezartzen diren baldintzak beteko dira. Gailu horien pH-a kontrolatu beharko da urak isuri aurretik.
– Obren eraginez soildutako lurren landare-berritze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-dokumentuan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.
– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak ibilguetatik urrun eta uholde-arriskuko eremuetatik kanpo kokatuko dira.
– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen gainean sor ditzaketen eraginak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisikokimikoari buruzko egoera zehaztuko da obra-eremutik ibaian gora eta ibaian behera. Parametro hauek aztertuko dira gutxienez: pHa, eroankortasuna, material esekiak, olio eta koipeen kontzentrazioa eta hidrokarburoen kontzentrazioa.
– Obrak egin bitartean, hamabostean behin, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira, eta eragiketa aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira. Kontrol horietan lortutako emaitzen arabera, obran instalatutako urak iragazteko eta dekantatzeko sistemak indartu beharko dira.
Kutsatutako lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
– Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Gordexolako Udalari eta Ingurumeneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eragindako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko jariatze-urak sortzea saihesteko.
– Obra-guneen irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, ahal dela zirkuitu itxikoak, solido esekien karga handia duten urak ibaira ez isurtzeko. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra fase osoan zehar.
– Mikropiloteak egiteko makinek partikula esekien emisioak murrizteko sistemak izango dituzte.
– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.
– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak; betiere Dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe. Ildo horretan, 6 hilabete baino gehiagoko iraupena izango dutela aurreikusten den lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, beharrezko diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da –amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoa da errege-dekretu hori–, bai eta martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duena ere –amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen ditu errege-dekretu horrek–.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, proiektuaren obrek iraun bitartean sortutako lur-mugimenduen balantzeak 1.163,28 m3-ko lur- eta harri- soberakina ematen du (horietatik 221,40 m3 balorizatzea eta 941,84 m3 ezabatzea aurreikusten da), eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu denez, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, aplikatzekoa izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan xedatutakoa –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa–.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zail badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera, obrek 32. Zubiete-Oribay dorrea elementuaren babes-inguruneari eragiten diote (Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean inskribatuta dago, monumentu kategoriarekin). Hori dela eta, beharrezkoa izango da, udal-lizentzia eman aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko baimena lortzea.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraikiz egingo dira lehengoratze-lanak (proposatutako espezieak, landareztatze-metodologia, dentsitateak, landarearen tamaina, mantentze-lanak, etab.).
– Landareztatzeak, bertako espezieak sartuta (haltzadi kantauriarrak), landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman beharko du; habitat naturalak sortu beharko dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredi naturalarekin lotu.
– Obraren paisaia-integrazioko lanak obrek eragindako eremu guztietan egingo dira, bai eta aurkeztutako lehengoratze-proiektuan ez agertu arren obra fasearen amaieran aldaketak jasan dituzten eremuetan ere, aldi baterako desbideraketak egiteko behin-behineko egitura gauzatzeak eragindako ingurunea eta kaltetuta egon daitezkeen aurreikusi gabeko beste eremu batzuk barne.
Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.
– Eraginpeko eremu guztiak lehengoratzeko neurriak obrekin batera gauzatuko dira; horrela, obra egin ahala ingurumen-dokumentuan adierazitako birmoldatze- eta landareztatze-lanak gauzatuko dira.
– Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, eragindako eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.
– Obra kontratatzeko baldintzen agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala betetzen direla, beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak bermatzeko.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.
Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren okupazio-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
– Batasunaren intereseko eta eskualde-intereseko habitatetako flora- eta fauna-espezie mehatxatuen aleetan duen eragina kontrolatzea.
– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Garbiketa eta obra bukatzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, Obra Zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten proiektua egikaritzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Uraren Euskal Agentziak sustatutako Gordexolako (Bizkaia) Zubiete zubia ordezteko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoak 31.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS