
79. zk., 2025eko apirilaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
1818
AGINDUA, 2025eko apirilaren 3koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko deialdiaren epea.
Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren III. tituluak ikasketen antolamendua arautzen du. Zehazki, unibertsitate-tituluei dagokienez, ezartzen du unibertsitateek unibertsitate-titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketak emango dituztela, Estatu osoan baliozkoak eta eraginkorrak izango direnak. Ikasketak irakatsi ahal izateko, nahitaezkoak dira hauek: autonomia-erkidegoko eskudunak unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko behar eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz egindako nahitaezko eta aldeko txostena, dagokion kalitate-agentziak ikasketa-planaren memoriaren kalitatea egiaztatzeko egindako aldeko txostena, Unibertsitate Kontseiluak ikasketa-plana egiaztatzea eta adierazitako autonomia-erkidegoak hura ezartzeko baimena ematea.
Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak –zeinak unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen baititu– eta urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak, bai eta haren ondorengo aldaketak ere –uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuaren bidez onartua–, kasu bakoitzean titulu ofizialak egiaztatzeko, akreditatzeko, jarraipena egiteko eta berritzeko prozedurak arautzen dituzte.
822/2021 Errege Dekretuaren 34. artikuluko lehenengo apartatuan ezartzen denez, instituzioek akreditatu gabe dauden unibertsitate-zentroek beren unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritu beharko dute, autonomia-erkidego bakoitzak bere eskumen-eremuko unibertsitateekin lotuta ezartzen duen prozeduraren arabera.
Halaber, artikulu horretan ezartzen dira gradu, master eta doktoregoen akreditazioa berritzeko gehieneko epeak, zeinak titulua ematen hasten denetik edo aurreko akreditazioa berritzen denetik hasiko baitira zenbatzen.
Arau horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak ebatziko du berritze-prozedura, dagokion kalitate-agentziaren (kasu honetan, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia) nahitaezko txosten loteslea oinarri hartuta.
Horregatik guztiagatik, eta gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 17.1 artikuluak esleitutako eskumenez baliatuz, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– 2025eko deialdiaren epea ezartzea, titulu ofizialen akreditazioa berritzea eska dezaten Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko unibertsitateek. Epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Prozedura abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 17. artikuluan arautzen da, artikulu horrek ezartzen baititu gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak.
Hirugarrena.– Prozedura hori ofiziala izango da, eta araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu, hau da, akreditazio-ebazpena aldekoa bada, titulazioa ofizialki akreditatua geldituko da. Aitzitik, prozedura amaituta, ebazpena kontrakoa bada, ikasketa-plana iraungitzat joko da, eta ikasketa horietan diharduten ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartuko dira.
Laugarrena.– Ebaluazio-prozesua egiteko, dokumentu hauetan ezarritakoa beteko da: Unibasqen «Gradu eta masterreko titulazio ofizialak egiaztatzeko-baimentzeko, jarraipena egiteko, aldatzeko eta akreditatzeko gida» eta Unibertsitate Kalitatearen Agentzien Espainiako Sarearen (REACU) «Doktore-titulu ofiziala lortzera bideratutako doktorego-programen akreditazioa berritzeko eta haren jarraipena egiteko ebaluazio-protokoloa».
Bosgarrena.– Titulazio bakoitzari dagokion eskabidea unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren 34. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz egingo da.
Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 3a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
RSS