
79. zk., 2025eko apirilaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (183 KB - 10 orri.)
- EPUB (129 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1814
EBAZPENA, 2025eko apirilaren 8koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baitira EIOren (Euskadiko Ikasleen Orkestra) funtzionamendu-arauak, eta arautzen baita 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetarako proiektuak aurkezteko eta hautatzeko prozesua.
Musikako instrumentu-espezialitateen irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak izaera indibiduala du, nahitaez. Hori dela eta, irakaskuntza horien curriculumean musika-jardunaren pertsona bakarreko osaera horretatik baino harago doazen irakasgaiak sartu behar dira. Oro har, praktika indibidual horrek teknika konplexu bat eskuratzea eta musika-ezagutzei buruzko prestakuntza mailakatua izatea esan nahi du. Baina, horrez gain, prestakuntzak, nolabait, musikaren esparruko gizarte-harremana eta elkartrukea barne hartu behar ditu.
Ildo horretan, orkestra musika-adierazpenaren eta ikasleen giza harremanen gune nagusia da. Bertan, prestakuntza-gaitasunak, funtsezkoa izanik, musikaz harago doa, eta lehen mailako hezkuntza-elementu bihurtzen da.
Sailaren titulartasuneko kontserbatorioetarako ikasturte hasierako urteko ebazpenean zehazten denez, EIOk osatzen du Hezkuntza Sailaren hezkuntza-proiektu bat, orkestra sinfonikoaren formatua duen talde instrumental bat dena eta Euskal Autonomia Erkidegoko 19 urte arteko musika-irakaskuntzako ikastetxeetako ikasleek osatzen dutena.
Hezkuntza-proiektu honen bidez, ikaslea musika-prestakuntzan estimulatu nahi da eta haren prestakuntza pertsonala osatzen lagundu nahi zaie; halaber, musika-irakaskuntzetako ikasleek egindako ahalegina zabaldu nahi da eta Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioetan, EAEko baimendutako ikastetxeetan eta musika- eta dantza-eskoletan ematen den kalitatezko irakaskuntza balioetsi nahi da (64/2024 Dekretua, maiatzaren 21ekoa).
Proiektu hori honela betetzen da: EAEko aurrekontu orokorretan urteko partida espezifiko bat esleituz eta lau irakasleren ordutegi-liberazio partzialaren bidez, koordinatzaile nagusiaren, koordinatzaile ondokoaren (2) eta musika-zuzendariaren lanpostuak bere gain hartzen dituztenak.
Beraz, bidezkoa da EIOren helburuak eta funtzionamendua arautzea, eta Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru Musika Kontserbatorio profesionalei dei egitea 2025-2026 eta 2026-2027 biurtekorako proiektuak aurkez ditzaten, EIOri jarraipena ematea eta sendotzea ahalbidetzeko.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– EIO proiektuaren helburuak.
EAEko ikastetxe ofizialetan matrikulatutako musika-ikasle gazteek ez dute beti aukera izaten plantilla sinfonikoa lortzen duten taldeetan parte hartzeko, eta, beraz, ezin dute horrelako errepertorioa landu benetako egoera batean. Are gehiago, zabalak eta oso ondo hornitutako orkestrak dituzten zentroek ere batzuetan gabeziak izaten dituzte orkestraren atalen batean.
Hori dela eta, ikastetxe ofizialetako irakaskuntzak osatzeko asmoz, 2005ean abian jarri zenetik EIO proiektuaren lan-ildo nagusiak honako hauek izan dira:
– Erreferentziazko orkestra bat sortzea EAEko musika-irakaskuntzako ikastetxeentzat.
– Ikasleentzat eta, oro har, publikoarentzat erakargarria eta hezigarria izango den kontzertu-programa bat egitea.
– EAEko musika-irakaskuntzako ikastetxeetan egindako lanaren erakusleiho izatea, sinergia positiboa sortzen baitu ikasleak erakartzeko eta musika-talentu gazteak sustatzeko.
– Motibazio-elementu izatea bai EAEn musika-ikasketak egiten dituzten ikasleentzat, bai Hezkuntza Sailaren titulartasuneko Bilboko Juan Crisóstomo Arriaga, Vitoria-Gasteizko Jesús Guridi eta Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioetako irakasleentzat.
– Goi-mailako ikaskuntza-esparrua eskaintzea, ikasleek orkestra batek eskaintzen dituen estilo- eta interpretazio-ezagutzetan sakondu ahal izan dezaten.
– Parte hartzen duten ikasleak egungo problematika ulertzen duen eta hura partekatzen duen kolektibo batean integratzen laguntzea, problematika hori berea delako. Hori, berez, pizgarria da ikasketetan. Horrek orkestra-talde bateko bizikidetzak eskatzen dituen arauak baloratzen lagunduko die ikasleei, beste kide bat bezala integratuz eta esleitzen zaizkien erantzukizunak hartuz.
– Orkestra praktikaren errespetua sustatzea, etorkizuneko jarduera profesionalerako ezinbesteko ikaskuntza-prozesu gisa.
– Praktika instrumental horren emaitzak jendaurrean erakustea, eta beste talde gazte batzuekin trukeak egitea sustatzea.
Bigarrena.– Proiektuaren antolamendua.
Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzaren menpeko hiru kontserbatorioetako zuzendaritzen laguntzarekin, orkestraren antolaketaren arduraduna da. Horregatik, kontserbatorioetako irakasleen artean orkestraren koordinatzaile nagusi bat izendatuko du –eta, hala badagokio, bere laguntzaileak–, EIO eta EIO txiki orkestren jarduera planifikatu eta gauzatzeko ardura izan dezan.
A) Jardueren programa.
Urriaren lehen hamabostaldian, koordinatzaile nagusiak, kudeaketaz arduratzen den Kontserbatorioko Zuzendaritzaren bidez, hurrengo ikasturterako jardueren programaren proposamen bat bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari, honako atal hauek barne hartuta:
1.– Proiektuaren helburu zehatzak eta parte-hartzaileengan eta inplikatutako beste kolektibo batzuengan (besteak beste, ikasleak, irakasleak eta hezkuntza-komunitatea) espero den eragina.
2.– Proiektuaren integrazioa ikasleen ohiko jardueretan eta ikastetxeen hezkuntza-ekintzan, eta horren lotura curriculumeko arloetan.
3.– Proposatutako jarduerak eta denboralizazioa.
4.– Egin beharreko lanaren metodologia (lan-plana).
5.– Parte-hartzaileak: Proiektuan zuzenean edo zeharka parte hartuko duten irakasleak eta departamentuak, eta instrumentu bakoitzeko plaza-kopurua.
6.– Gutxi gorabeherako aurrekontua eta finantzatu daitezkeen kontzeptuak (garraioa, otorduak, aseguru-polizak, proiektua egin, ebaluatu eta zabaltzearen ondoriozko gastuak, eta abar).
7.– Proiektua ebaluatzeko plana, baita inplikatutako kolektiboetan izango duen eragina ere.
8.– Proiektua zabaltzeko plana, etapa guztietan, inplikatutako erakundeen eta tokiko komunitatearen artean.
Jardueren programak beste orkestra gazte batekin trukea barne hartzen badu, beste orkestra horri buruzko informazioa, bai eta proiektuan parte hartzen duten ikasleen jarduera-programa ere, trukea egin aurretik, bitartean eta ondoren.
Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioetako zuzendaritzek konpromisoa hartuko dute aurreko memorian azaldutako jardueretan parte hartzeko eta laguntzeko, eta proiektuaren berri emango diete klaustroari eta OOGari.
B) Proiektuaren aldiak.
1. fasea: Ikasleak aukeratzea. Parte hartzeko betekizunak.
EIOko kide izan ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasleak:
– EAEko musika-irakaskuntzako ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleak (Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioak, behar bezala baimendutako zentro arautuak, eta maiatzaren 21eko 64/2024 Dekretuaren bidez araututako EAEko musika- eta dantza-eskolak).
– Gehienez 19 urte izatea deialdia argitaratzen den egunean. Plazak bete ezean, salbuespenak egin ahal izango dira adinari dagokionez, baina 19 urtetik beherakoek izango dute lehentasuna.
– Izena ematea online, Ikasgunea atariaren bidez, Hezkuntza Sailak horretarako ezarritako formularioa betez eta dagokion deialdian ezarritako epean.
– Zehaztuko den onarpen-proba gainditzea. Onarpen-proba presentziala izango da eta hautagaiek egin beharko dute esleitu zaien lekuan, egunean eta orduan.
– Sartzeko probetan berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emango zaie Hezkuntza Sailaren mendeko kontserbatorioetako batean ikasketak egiten ari diren ikasleei.
Salbuespen gisa, plazaren bat hutsik geratuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko hautagaiak onartu ahal izanen dira, baldin eta egiaztatzen badute Komunitate horretako behar bezala baimendutako zentroetan musika ikasketak egiten ari direla.
Ezingo da inolako kontraturik egin EIOko kide gisa postuak betetzeko.
Parte-hartzaileek ezarritako epean aurkeztu beharko dute eskabidea, eta onarpen-proba esleitu zaien lekuan, egunean eta orduan egin beharko dute.
– Onarpen-probak presentzialak izango dira, eta hautagaiek honako hauek interpretatu beharko dituzte:
• Norberak aukeratutako obra edo obra-zati bat (gehienez 10 minutu).
• Programatutako orkestra-errepertorioaren zatiak.
– Probak 15 minutu iraungo du gehienez.
– Ez da entsegurik izango entzunaldiaren aurretik, ez pianistarekin, ez bakarkakoak, baina beroketa-gela bat izango da parte-hartzaileentzat.
– Parte-hartzaile bakoitzak esleitu zaizkion leku, egun eta ordura joan beharko du. Parte-hartzaileren batek esleitutako egunean eta orduan ezin badu bere entzunaldia egin gerora sortutako eta modu frogagarrian justifikatutako arrazoiengatik (gaixotasuna, istripua edo beste batzuk), epaimahaiak beste egun eta ordu bat esleitu ahal izango die proba horiek egiteko, baldin eta horrek hirugarren bati kalterik eragiten ez badio eta dagokion epaimahaia berriz eratu badaiteke.
– Entzunaldiak publikoak izango dira, instalazioen edukierak ahalbidetzen duen neurrian. Ezin izango da entzunaldien grabaziorik egin inolako euskarritan.
– Sarbide-proba ebaluatzeko, espezialitate bakoitzerako epaimahai kalifikatzaileak eratuko dira. Epaimahai horiek, gutxienez, hiru irakaslek eta haien ordezkoek osatuko dituzte.
– Ikasturteko lehen hiruhilekoan da EIOren webgunean onarpen-probak baloratuko dituzten epaimahaien osaeraren berri emango da, bai eta plazen eta instrumentuen eskaintzaren berri ere, eta eskabideak aurkezteko epea irekiko da.
– Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean, eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari jakinaraziko diote. Era berean, hautagaiek hautaketa-epaimahaietako kideak errefusatu ahal izango dituzte, lege horren 24. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean.
– Epaimahai kalifikatzaileak ebaluazio-irizpideak jasoko ditu dagokion aktan, bai eta parte-hartzaile bakoitzari emandako puntuazioa ere.
– Onarpen-probak abendutik martxora bitartean egingo dira, eta onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda osatuko da. Parte-hartzaileek erreklamazioa aurkezteko eskubidea izango dute eta, ondoren, behin betiko zerrenda ezarriko da. Gainera, erreserbako plazen zerrenda bat egongo da. Zerrenda horiek ikasgunearen bidez kontsultatu ahal izango dira, baita EIOren webgunean ere.
– Plazaren bat bete gabe geratuko balitz, erreserba-zerrendako parte-hartzaileei zerrendaren hurrenkera zorrotzean deituko zaie, proposatutako errepertorioko instrumentu bakoitzeko kopuru-premien arabera.
– Programazioaren beharren arabera, ezohiko probak deitu ahal izango dira plaza hutsak betetzeko.
– EIOren entzunaldiak gainditzen dituen ikasleak dagokion edizioaren ikasturtean zehar EIOko partaideak izango dira, eta errepertorioaren beharren arabera zehazten diren lanaldi guztietara joateko konpromisoa hartuko du.
– Nahitaez joan behar da deitutako topaketa guztietara. Betebehar hori justifikaziorik gabe betetzen ez bada, plaza galduko da.
– EIOko kide baten egonaldia urtebetekoa izango da, eta gehieneko adinera arte luzatu ahal izango da, urteko entzunaldien bidez.
2. fasea: Proiektuaren garapena. Topaketak.
– Topaketak prestakuntza-jarduera arrunten aldiak izango dira, hau da, EIO osatzen duen taldea bilduko den laneko aldiak errepertorio espezifiko sinfoniko bat prestatzeko, bakarka edo batera, jardueren programan ezarritako programa betez. Inplikatutako kideak nahitaez bertaratu behar dira topaketa hauetara.
– Ahal dela, topaketak eskola-garaikoak ez diren aldietan egingo dira, azterketa akademikoen aldiak errespetatuz; nolanahi ere, noizbait egin ahal izango dira, interes musikal edo artistiko bereziko programa bat prestigio handiko musika-zuzendariren batekin interpretatzeko aukera sortzen bada, edo beste aldi batzuetan gertatzen den eta garrantzi berezia duen jaialdi, ziklo edo espazio eszenikoren baten esparruan.
– Topaketen kopurua eta iraupena jardueren programan jaso beharko dira. Nolanahi ere, topaketak amaitzeko, kontzertu bat edo batzuk egin beharko dira, jarduera-programan ezarritakoaren arabera.
– Topaketak, errepertorioaren beharren arabera, honako hauek izan daitezke:
• Entsegu partzialak edo atalka egindakoak, irakasle espezialisten eskutik.
• Entsegu orokorrak.
• Kontzertu publikoak.
C) Giza baliabideak.
EIO proiektua irekita dago Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorio profesionaletako irakasleentzat, eta irakastorduetatik liberatzeko 18 ordu ditu guztira, honela banatuta:
EIOren koordinatzaile nagusia:
– EIOren koordinatzaile nagusia Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioetako bateko irakaslea izango da.
– Bi ikasturterako izendatuko dute karguan, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorioek aurkeztutako proposamenak entzun ondoren. Irakasleak ez badu behin betiko plazarik hiru kontserbatorioetako batean, izendapenak ikasturte bakar bateko indarraldia izango du.
– 9 orduko liberazioa izango du. Erakunde osoaren arduraduna izango da, eta gai guztiei buruzko erabakiak hartzeko ahalmena izango du, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria onartu ondoren.
– Honako eginkizun hauek izango ditu:
• EIOren Jardueren Programa diseinatzea, bere lantaldearekin koordinatuta; ospe eta ibilbide handiko zuzendariak proposatzea, koordinatzaileak zuzentzen ez dituen kontzertuak zuzentzeko; kontzertuak egiteko datak eta espazio eszenikoak negoziatzea; eta egin beharreko joan-etorriak eta ostatuak koordinatzea.
• Ikasleen irakaskuntza-jarraipenean laguntzea.
• Hautaketa-entzunaldien diseinuan parte hartzea.
• Bere lantaldea osatuko duten irakasleak proposatzea.
• Egindako jarduerak baloratzeko txostenak egitea, eta egokitzat jotzen dituen hobekuntzak proposatzea.
EIOren bi koordinatzaile ondoko:
– EIOren koordinatzaile ondokoak Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioetako bateko irakasleak izango dira.
– Bi ikasturterako izendatuko dira karguan, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorioek aurkeztutako proposamenak entzun ondoren. Irakasleak ez badu behin betiko plazarik hiru kontserbatorioetako batean, izendapenak ikasturte bakar bateko indarraldia izango du.
– 3 orduko liberazioa izango du bakoitzak.
– EIOko koordinatzaile nagusiak agintzen dizkien eginkizunak hartuko dituzte beren gain.
EIOko musika-zuzendaria:
– Bi ikasturterako izendatuko dute karguan, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorioek aurkeztutako proposamenak entzun ondoren. Irakasleak ez badu behin betiko plazarik hiru kontserbatorioetako batean, izendapenak ikasturte bakar bateko indarraldia izango du.
– 3 orduko liberazioa izango du.
– Beren lanak proiektuaren arlo artistikoarekin lotutako zereginetan oinarrituko dira, hala nola errepertorioa aukeratzea eta entseguak eta kontzertuak zuzentzea.
Kargu horiek izendatzeak ez du inolako berariazko osagarririk jasotzeko eskubiderik ekarriko.
Musika-zuzendaria Eusko Jaurlaritzaren mendeko hiru kontserbatorioetako bateko irakaslea ez bada, ordutegi-liberazioko hiru orduak kontserbatorioek koordinatutako beste bi proiektuetara bidera daitezke: Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra eta Musikari Gazteen Lehiaketa.
Gainera, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren aldez aurreko baimenarekin, ospe handiko zuzendariak kontratatu ahal izango dira, bai eta atalkako lanerako errefortzuko irakasleak ere. Horretarako, EIOren koordinatzaile nagusiak proposamen arrazoitu bat helaraziko dio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari. Nolanahi ere, Hezkuntza Sailaren mendeko hiru kontserbatorio profesionaletako irakasleen parte-hartzea lehenetsiko da, eta dedikazio horretarako beren lanaldiko ordu libreak erabili ahal izango dira, dedikazioa osatzeko.
D) Aurrekontu-zuzkidura.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren II. kapituluko aurrekontu-partidan EIOri esleitutako kredituak erreferentziatzat hartuta, Euskadiko Ikasleen Orkestra «EIO» kontzeptupean, EIOren funtzionamendu-gastuetarako zenbatekoa 75.000 eurokoa izango da 2026ko eta 2027ko ekitaldi ekonomiko bakoitzerako.
EIOren kudeaketa ekonomikoa koordinatzaile nagusiak parte hartzen duen klaustroko kontserbatorioko zuzendaritzak hartuko du bere gain.
Proiektu honen barruan garatutako jarduera-programa urtekoa izango da, eta Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak baimendu beharko du. Ondoren, bere titulartasuneko kontserbatorioetako bati funtsen igorpena egingo dio, eta edizio horretan partidaren organo kudeatzaile bihurtuko da.
Edizio bakoitzaren amaieran, kudeaketaz arduratzen den kontserbatorioak egindako gastuak agiri bidez justifikatu beharko dizkio Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari.
Hirugarrena.– EIOren funtzionamendu-arauak.
– EIO Hezkuntza Sailaren mendeko hezkuntza-proiektua da, eta, beraz, babes horrek argi eta lehentasunez agertu beharko du erabiltzen den kartel guztietan (kartelak, esku-programak). Koordinatzaile nagusiak kartelen ale bat bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, bi hizkuntzetan behin betiko inprimatu aurretik.
– Era berean, kontzertuen hasieran, Sailak emandako laguntza hori aipatuko da, eta, aldi berean, hezkuntza-proiektu horri buruzko azalpena emango da.
– Ikasturte bakoitzeko irailaren lehen hamabostaldian, koordinatzaile nagusiak honako dokumentazio hau bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari:
• Aurreko ikasturteko proiektuari dagokionez, hala badagokio, garatutako jardueraren memoria, emaitzen balorazioa barne, eta gastuen eta frogagirien zerrenda jasotzen duen memoria ekonomikoa.
• Jarduera-memorian errefortzuko irakasle bakoitzaren txostena jasoko da, bere ardurapeko atal bakoitzak egindako lan partziala baloratuz, ikasleen balorazioen laburpena eta hobetzeko proposamenak.
• Hurrengo ikasturterako proiektua, proiektura bideratutako aurrekontu-partidaren zenbatekora egokitu beharreko aurrekontuarekin batera.
• Hurrengo ikasturterako lan-egutegia, sarbide-proben, kontzentrazioen, entseguen eta kontzertuen datak jasoko dituena, bai eta beharrezko errefortzuko irakasleen zerrenda eta, hala badagokio, kanpoko zuzendarien proposamena ere.
– Ikasturtearen hasieran, koordinatzaileak, EIOko zuzendariarekin batera, bere proiektua aurkeztuko die hiru kontserbatorioetako klaustroei, kide guztiak jakinaren gainean egon daitezen eta irakasleen laguntza eskatu ahal izan dadin, proiektuaren jarraipena bermatzeko.
– Sarbide-probak egin ondoren, koordinatzaile nagusiak aurkeztutako eta onartutako ikasleen zerrenda bidaliko dio Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari, bai eta eskatzen diren datu estatistikoak ere, horrek balora ditzan.
– Nazioko zein atzerriko lekualdaketetan eta bidaietan, EIO proiektuaren koordinatzaileak eta proiektuan parte hartzen duten ikasleak istripu- eta erantzukizun zibileko poliza baten onuradun izango dira, Eusko Jaurlaritzak izenpetuta, proiektua garatzen eta irauten duen bitartean.
– Bidaia horietan, eta ikasleei dagokienez, ikastetxetik kanpoko jarduera osagarrietarako ikasturte hasierako ebazpenean zerrendatutako arau berak mantenduko dira, betiere kontuan hartuta ikasleen segurtasuna eta ongizatea direla bete beharreko lehen helburua.
– Koordinatzaile nagusiak, bere administrazio-lana egiteko, Hezkuntza Sailaren mendeko edozein kontserbatoriotako administrazio-langileen laguntza eskatu ahal izango du. Era berean, irakasle ez diren gainerako langileen laguntza eskatu ahal izango du. Kontserbatorioetako zuzendariek horren berri emango diete langile horiei.
– Gastuak ez handitzeko, eta kontuan hartuta proiektu hori hezkuntza-eremuan mantendu behar dela, ahal den neurrian, kontzertu eta entsegu guztiak kontserbatorioetako aretoetan edo hezkuntza-administrazioaren beste eraikin batzuetakoetan saiatuko dira egiten.
– Lokal horiek erabiltzen direnean, kontu handiz ibili beharko da horiek ez zikintzeko, ez hondatzeko edo haien segurtasuna arriskuan ez jartzeko. Kontserbatorioei materiala maileguan uzteko eskatzea beharrezkoa bada, berdin jokatuko da.
– Koordinatzaile nagusiak kontserbatorioetako zuzendaritzei behar besteko aurrerapenaz jakinarazi beharko die zentroei eragiten dieten jardueren programako ekitaldien plangintza.
– Kontserbatorioetako zuzendaritzek dokumentu bat bidaliko diote Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari; dokumentu horretan, edizio bakoitzean egindako jarduerari buruz nabarmentzea egokitzat jotzen duten alderdi guztiak bilduko dituzte, eta, batez ere, ikastetxeekin harreman zuzena duten alderdiak baloratuko dituzte.
– Halaber, programatutako jarduera erabat amaitu ondoren, ikasleek galdetegi bat beteko dute anonimoki, beren iritzi pertsonala adierazteko, adierazi nahi dituzten oharrak eginez.
– Euskal folklorea zabaltzea sustatuko da; horretarako, ospe handiko musikariei musika-konponketak egitea eskatuko zaie. Kasu horretan, EAEko Administrazio Orokorrari lagako zaizkio jabetza intelektualaren eskubideak eta, bereziki, obra edo produktua erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak, bai eta ekonomikoki ustiatu daitezkeenak ere.
Laugarrena.– Jabetza intelektuala.
Hezkuntza Sailak eskubidea izango du EIOn parte hartzen duten irakasleak eta ikasleak agertzen diren ikus-entzunezko materiala erabiltzeko (estatuan zein nazioartean) EIOren sustapenerako eta/edo publizitaterako, bai eta sailak egokitzat jotzen duen edozein kanpo-erabilera edo hedapenerako ere.
Ikasleak, edo haren legezko ordezkariak, dagokion baimen informatua sinatuko du, eta datuen tratamenduari buruzko adostasun esplizitua emango du, baldintza hauetan:
– EIOrekin lotutako ikaslearen irudia edo hari buruzko beste informazio batzuk argitaratzea, egindakoa zabaltzeko.
– EIOk antolatzen dituen jarduerei eta ekitaldiei buruzko informazioa bidaltzea.
– EIOren irudiak edo bideoak, non ikaslea agertzen den, argitaratzea prentsako, irratiko eta telebistako komunikazio-kanalen bidez.
– Bideoak eta irudiak argitaratzea sare sozialetan eta EIOren webgunean, eta haiek ezabatzeko eskatzen ez bada, gordeko dira.
Bosgarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Sarbide-probak eta izen-emateak.
– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: kirol irakaskuntzatarako (heziketa zikloak), irakaskuntza artistiko profesionaletarako eta goi mailako irakaskuntza artistikotarako sarbide-probak. Izen-emateak eta lehiaketak.
– Legitimazioa:
• Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.
– Hartzaileak:
• Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.
• Musika kontserbatorioak, Dantzerti, Idarte.
– Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/145000-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
Seigarrena.– Proiektuak aurkeztea.
Bi urte igaro dira koordinatzaile nagusia EIO orkestraren antolaketaz arduratzeko izendatu zutenetik. Hori dela eta, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak lantaldea berritzeko proposamen berriak aztertuko ditu. Hori dela eta, Zuzendaritza honek deialdi hau sustatzen du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1256801) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontserbatorioei jakinarazteaz gain, honako baldintza hauetan:
1.– Hezkuntza Sailaren titulartasuneko hiru kontzerbatorioetako bateko irakasleek sostengatu beharko dute proiektu bakoitzaren aurkezpena, eta haietako kide batek bere gain hartuko du lantaldearen koordinazio orokorra.
2.– Proiektuek bi ikasturteko iraupena izango dute (2025-2026 eta 2026-2027).
3.– Interesdunek elektronikoki aurkeztu ahal izango dute proiektua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1256801).
4.– Proiektu bakoitzak jarduera-programa bat garatu beharko du EIOrako, ebazpen honen 2. puntuan adierazitako edukiaren arabera, eta aurreikusitako aurrekontuari egokitu beharko zaio.
5.– Proiektuak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Aurkeztutako proiektuek ez badituzte ebazpen honetan eskatzen diren baldintzak betetzen, hamar eguneko epea emango zaie interesdunei akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituzten nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, ebazpena eman ondoren.
Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie errekerimendua, bide elektronikoz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Interesdunei egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango zaizkie eskabidean adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.
Zazpigarrena.– Proiektua hautatzea.
Aurkeztutako proiektuak baloratzeko ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eta honako osaera hau izango du:
– Eugenio Jiménez Ibáñez, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria, buru izango dena, edo hark eskuordetzen duena.
– Puy Asurmendi Telleria, CPM Jesús Guridi MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.
– Jorge Pacheco García, CPM Francisco Escudero MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.
– Itziar Basagoiti Azpitarte, CPM Juan Crisóstomo de Arriaga MKPko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen ikastetxeko irakaslea.
Garatu beharreko hezkuntza-proiektua baloratzeko aurkeztutako proposamenak alderatuko dira, honako balorazio-irizpide hauen eta dagokien kuantifikazioaren arabera:
(Ikus .PDF)
Proiektuak gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu, ebaluazio-batzordeak ez baztertzeko.
Proiektua Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez hautatuko da.
Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena, bide elektronikoz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Interesdunei egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango zaizkie eskabidean adierazitako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Zortzigarrena.– Errekurtsoa.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 8a.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,
EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.
RSS